2023.03.21

Instagramen arrakasta gehien duten Nafarroako lekuak

Nafarroara inoiz etorri bazara, jabetuko zinen aniztasuna dela gure ezaugarri nagusia. Izan ere, iparraldetik hegoaldera zeharkatzen gaituzten paisaiak ikusgarriak bezain askotarikoak dira. Oraingoan, argazkiak bai ala bai egiteko bost leku erakutsiko dizkizugu A, eta argazkia sareetan partekatzen baduzu, ez ahaztu kokapena jartzea... zure jarraitzaile guztiek jakin nahiko baitute non zauden!

Blog

1. Bista ikusgarriak eta abentura-ukitu bat

Estellerrira joango gara, Ollobarrengo elizara, hain zuzen. Abiapuntu hau izanda Lokiz mendilerroko haitzarte ikusgarrira iritsiko gara eta hango ikuspegi zoragarriaz disfrutatzeaz gain Iragarki batean ateratzeko moduko argazkia egin ahalko duzu! Ibilbide zirkularra da, zailtasun ertainekoa, baina malda handiko tarte bat igo behar da eta zorua harritsua da. Ia 7 kilometro dira guztira. Horregatik, mendiko botak sarri janzten ez badituzu, gogor samarra egingo zaizu.

Cavidad en la sierra de Lokiz

Baliza zuri eta horiei jarraituz, Ollobarrengo zuloraino iritsiko zara. 30 metroko pasadizo-leize bat da. Bere forma kurbatuak, zinez apetatsua, iluntasunak, landaredi hostotsuak eta sakontasunak misterio- eta abentura-ukitua ematen diote ibilbideari. Santa Eulalia ermitak, bestetik, kultur zertzelada jarriko du. Ganuzako mendatea jaistean topo egingo duzu harekin. Eta hori guztia Lokizko mendilerro ikusgarriaz eta bere panoramika harrigarriaz gozatzen ari zarela. Plan ezin hobea mendia eta argazkigintza maite dutenentzat, zalantzarik gabe.

iglesia con vista de la sierra

2. Paseoa ur-jauzien eta putzu garden-gardenen artean

Beste aukera bat, askoz irisgarriagoa, gure ezinbestekoetako bat bisitatzea da: Urederraren iturburua. Jende guztiarentzat da, Estellerritik atera gabe, gainera. Basoan barnako bidexka batek ur-jauzi eder batera eramango zaitu. Urak kolore urdin turkesa bizikoak dira han. Leku horretako lasaitasunak eta edertasunak inguratzen zaituztela sentituko duzu.

Maitagarrien ipuin batetik aterata dirudien leku horretara daraman bidea Bakedaotik abiatzen da. Ameskoako herri txiki bat da, Lizarratik ordu-erdira baino ez. Iristen zarenean, aparkaleku bat aurkituko duzu sarrerako etxolaren ondoan. Eta ez kezkatu, dena seinaleztatuta dago! Hori bai, plan hau ezin da inprobisatu. Izan ere, beharko duzu aldez aurretik sarrera erreserbatu, toki ederra bezain preziatua baita.

Naturak oparitzen digun benetako altxor bat da, eta halaxe tratatzen dugu Nafarroan: eguneko 500 pertsonak baino ezin dute bisitatu, ingurunea behar bezala zaindu ahal izateko. Horrela, leku magiko hori zaindu, eta etorkizuneko belaunaldiek hartaz gozatzen jarraitu ahal izango dutela ziurtatzen dugu. Urederraren iturburua bisitatzea beti da aukera ona. Zoazen urtaroan zoazela, urak beti ederrak.

Cascadas del Urederra en primavera

3. Denboran zeharreko bidaia eta erreportaje oso bat

Berriro ere martxan jarriko gara, Erdialdeko norabidean oraingoan. Iruñetik 40 minutura baino gutxiagora, Erriberri aurkituko dugu. Urrutitik bere gotorleku ederraren silueta ikusi eta berehala, Erdi Arora bidaliko zaituztete herriko kale harriztatuek. Jauregi bat da, Nafarroako errege-erreginen egoitza izana. Luxuzko aretoak ikusi, lorategi ederrez gozatu eta dorreetako eskailerak igo ahal izango dituzu. Gazteluaren beraren eta inguruen bista zinez ederrak izango dituzu handik. Bisitaren ondoren, makina bat bitxikeria, pasadizo... eramango dituzu etxera, eta irudi harrigarriak ere!

Castillo de Olite

4. Ibili noraezean Erdi Aroko kale labirintikoetan barna

Eta argazki-saioa amaitzeko, Espainiako herri politenetako bat. Uxue da, muino baten gainean. Kokapen berezia duenez, jaiotza baten irudia etorriko zaio burura bisitariari. Haren siluetaren goialdean Uxueko Andre Maria gotorleku-eliza dago. Bitxi arkitektoniko bat da, zoragarria, eta primeran ikusten dira handik bai Pirinioak, bai Erribera. A, eta inguru horretan bazkaltzea erabakitzen baduzu, proba itzazu artzain erako ogi-apurrak eta almendra garrapiñatuak. Bikainak!

Vista de Ujué de noche

5. Lurraz haraindiko paisaia

“Instagramatu” daitezkeen helmugen ibilbide honi amaiera biribila emateko, joan gaitezen hegoaldera. Bardea. Entzun al duzu inoiz hari buruz? Tuteratik oso hurbil dago, hots, barazkien hiriburutik oso hurbil. Zur eta lur utziko zaitu ikusteak Ebroko baratzeetako berdeak bizilagun hau duela: basamortu bat!

Batzuek diote ilargi-itxura duela. Izan ere, isiltasunak, hutsak eta haien formazio harritsu bitxiek bisitaria hunkitzen dute. “Eskultura” geologiko horiek naturaren ikuskizuna dira, baina bada bat besteen gainetik nabarmentzen dena, parke natural horren sinbolo bihurtu baita. Castildetierrako tontorra deiturikoa da. Baietz argazkia egingo! Horregatik, zure irudia biral bihurtzeko gakoa emango dizugu: aurkitu ezkutuko kobazuloak.

Castildetierra con dos ciclistas

Beste leku zoragarri bat Piskerra da. Agian ezaguna egingo zaizu, filmen batetik edo. Bisitatu nahi baduzu, ordea, abuztutik aurrera egin beharko duzu. Urtero, otsailaren erdialdean, pasabidea hilabete batzuez ixten da, tokiko fauna garatzen laguntzeko. Hala ere, eskatu informazioa alde egin aurretik, bisita egin ahal duzun ala ez ziurtatzeko. Aukera onena da enpresa espezializatu bat kontratatzea, ikuspegi onenak dituzten parajeak ezagutu eta zure gustuko ibilbide bat egiteko. Plan antolatu ugari daude, paraje horiek bizikletaz, quadez, autoz, segwayz, oinez edo zaldiz aurkitzeko.

Vista de Pisquerra

Gustatu zaizkizu gure proposamenak? Ziur gaude jadanik aukeratu duzula zure hurrengo helmuga Nafarroan. Beraz, gogoratu gu mentzionatzea eta #visitnavarra hashtag-a erabiltzea; horrela, zure argazkiak eta bideoak ikusiko ditugu sareetan partekatzen dituzunean.

Eta oraindik ase geratu ez bazara, ikusi gure ezinbestekoen webgunea. Nafarroa leku ikusgarriz beteta dago. Beraz, ongi fokatu eta kliska egin.

Tag-en hodeia: