2023.09.01

Gozatu Iruñeko jai Erdi Arokoenaz

Datorren irailaren 8an, 600 urte beteko dira hiru burguen Batasunaren Pribilegioa ezarri zenetik, eta Nafarroako hiriburua zain duzu handitasunez ospatzeko.

Blog

Zer da Batasunaren Pribilegioa?

Irail oro, Iruñak bere historiako une garrantzitsu bat ekartzen du gogora: hiru burgu tradizionalen (Navarrería, San Zernin eta San Nikolas) batasuna, mendeetan zehar beren artean gatazkak izan ondoren. 

Plano de la Pamplona medieval con los 3 burgos en 1423

Dokumentua 1423ko irailaren 8an sinatu zuen Karlos III.a Noblea erregeak, Erriberriko Errege Jauregia eraikitzea agindu zuen berak. Itun horrekin, harresiak eraitsi zituzten, eta erresuma zaharraren hiriburua defendatzen zuten kanpoko harresiak baino ez ziren gorde. Burgu bakoitzak bere errejidorea eta bandera zituen, eta burguen batasunak haien arteko desadostasunak alde batera uztea zuen helburu. Horrela, burguek bat egiten zuten tokian, handik aurrera hiria gobernatuko zuen eraikina altxatu zuten: udaletxea.

1752an, jatorrizko eraikina eraitsi eta berri bat eraiki zen. Berriro egin ziren lanak 1952an, eta elementu bakarra mantendu da: fatxada barroko ospetsua, uztailaren 6an, sanferminak hasteko txupinazoaren botatzea dela eta, ia mundu-erdiko telebistetan agertzen den hura.

Zer ekitaldi eta jarduera egingo dira ospatzeko?

Urtero bezala, jarduera ugari egingo ditu Iruñeak Batasunaren Pribilegioa ospatzeko, hala nola Erdi Aroko azoka tradizionala –ez du inoiz huts egiten–, musika-ekitaldiak, kale-animazioa, bisita gidatuak udaletxera eta Cuerpo de Ciudad delakoaren desfilea. Iruñeko ordezkaritza-sistema tradizionala da, Batasunaren Pribilegioaz geroztik (1423) eboluzionatu dena. 2023an Interes Kulturaleko Ondasun (BIC) izendatu dute, ondasun immaterial gisa. Udalbatza gala-jantziak soinean ateratzen da hiriko kaleetan barna, Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin, dantzariekin, txistulariekin, tinbal- eta klarin-jotzaileekin… eta La Pamplonesa musika-bandarekin.

Itunaren 6. mendeurrenak ospakizun handia merezi du, bai horixe! Hori dela eta, Iruñeko Udalak programa berezi bat prestatu du ospakizunerako. Besteak beste, Felipe VI.a erregearen eta Letizia erreginaren bisita izango da, une historiko honen ospakizuna aprobetxatu nahi izan baitute Iruña bisitatzeko.

Hiru burguen Erdi Aroko azoka

​​​​​​​Ohikoa denez, irailaren 8tik hurbilen dagoen asteburuan, Erdi Aroko azoka egiten da hiriko alde zaharrean, ostiral arratsaldetik. Saltzaileek beren generorik onena eskaintzen dute, garai hartako arropaz jantzita. Ehun postu baino gehiago dituzu zain lurraldeko produktu zoragarriekin eta eskulangintzarik onenarekin. Seguru aurkituko duzula zerbait etxera eramateko!

Jarduerak kalean

Iruñeko hirigune historikoko kaleak bizitzaz betetzen dira musika-emanaldien, ibilbide antzeztuen, haurrentzako jolasen, erakusketen eta antzinako ogibideen erakustaldien eskutik, baita antzezpen historikoen eskutik ere (itunaren sinadura, koroatze bat..., barka spoilerra). Interesgarria eta dibertigarria txikientzat eta ez hain txikientzat!

​​​​​​​Eta, jarraian, aho zabalik utziko zaituen ekitaldi benetan berritzaile baten berri emango dizugu: 200 dronek Iruñeko zerua argiztatu eta koreografia ikusgarria egingo dute, musikak eta efektu bisualek lagunduta. Ikuskizun berezi hori irailaren 8an eta 9an izango da, gauean, 22:00etatik aurrera, Ziudadelan. Ez galdu!

Tailerrak, jarduerak eta erakustaldiak Erdi Arora bidaiatzeko

 

Itsu-itsuan jarraitzen dugu itunaren 600 urteak ospatzeko! Irailaren 8aren aurreko astetik aurrera:

 

  • Txikientzat:

o    ipuin-kontalariak (euskaraz eta gaztelaniaz) eta ipuin-kantariak,
o    haurrentzako tailerrak (zeure ezkutua sortzea laser-inprimaketaz, Hiru Burguen escape room-a, zeinaren helburua baita Karlos III.a Noblea erregeak parte hartzen duten hiru burguak elkartzea, haiek berek eskuz idatzitako dokumentu bat sinatuta).

  • Helduentzako tailerrak (eskrima historikoko erakustaldiak eta tailerrak, duelu baten antzezpena…).
  • Musika-ikuskizunak (hilaren 7an, Suakai; hilaren 9an, Uqbarnagh Ensemble).
  • Bisita gidatuak hiru burguetara (euskaraz eta gaztelaniaz).

Kontsultatu hemen Batasunaren Pribilegioaren kultura-programazioa.

Bisita gidatuak Iruñeko udaletxera

Urtero, Batasunaren Pribilegioaren ospakizuna dela eta, doako bisita gidatuak antolatzen dira hiru burguen arteko loturaren sinbolo handia ez ezik hiriko leku fotografiatuenetako den tokira, hau da, udaletxera.

​​​​​​​Atarian hasten da ibilbidea. Zilarrezko mazoak, udal-boterearen sinbolo direnak, hiriko giltzak eta Batasunaren Pribilegioaren itunaren erreprodukzioa daude han.

​​​​​​​Bisitan, hiriaren historia argazkien eta artelanen bidez kontatzen da. Beste espazio batzuk ere erakusten dira, hala nola bilkura-aretoa, Alkatetzako bulegoa edo harrera-aretoa, non Batasunaren Pribilegioaren jatorrizko agiria ikusgai jarriko baita. Udaletxea egun hauetan bisitatzen dutenek prentsa-aretoa eta San Fermin jaiak hasteko txupinazoa botatzen den balkoia ezagutzeko aukera izango dute, gainera. Argazki bat egin behar da han bai ala bai!

Aurten berandu iritsi eta plazarik gabe gertatu bazara, bisita gidatu birtuala Iruñeko udaletxera egin dezakezu. Datorren urtean izango duzu izena emateko beste aukera bat, abuztuaren amaieran, 948 420 100 telefonoaren bidez.

Non jan eta non lo egin

Asteburuko eskapada Iruñean egitea erabaki baduzu, hona hemen behar bezala atseden hartzeko eta gastronomiaz bete-betean gozatzeko pista batzuk:

​​​​​​​Lo egiteko, edozein hiriburutan bezala, aukera asko dituzu, poltsiko guztietara egokituak. Aukera ona da hiriko Alde Zaharrean edo Zabalgunean ostatu hartzea, ospakizunetik hurbil egoteko. Baina inguruko auzoetako edozeinetan ostatu hartzea ere ondo legoke. Iruña tamaina ertaineko hiria da, eta ez dago distantzia handirik. Eta, ibili nahi ez baduzu, hiriko garraio-sareak oso erraz jartzen dizu.

Jateko, bestetik, ez egin zalantzarik, eta probatu pintxo ospetsuak, gozo-gozoak. Haietako batzuk miniaturazko benetako goi-sukaldaritza dira! Kaleetan barna zoazela ostatuetako barretan distira egiten ikusiko dituzu, eta hamaika zaporetako gutizia txiki horiek probatzeko tentaldian eroriko zara ezinbestean. Ahoa garbitzeko izango da hori, ez besterik. Hasi, beraz, jatetxe on bat aukeratzen, eseri eta behar bezala jateko.

Aprobetxatu bertako gastronomia dastatzeko eta plater tipikoak probatzeko: amuarraina nafar erara, arkumea txilindron erara, bakailaoa ajoarrieroarekin, zainzuriak, zinez samurrak, alkatxofak, txistorra, Lodosako pikillo-piper beteak, gaztak (Idiazabal eta Erronkari J.D.),… Eta wineloverra bazara, edan itzazu Nafarroa J.D.-ko ardoak laguntzeko. Izugarri gustatuko zaizkizu!
​​​​​​​

Amaitzeko, eskatu etxeko postre tipikoak, hala nola pantxineta, mamia, gazta-tarta edo kremaz betetako tututxoak. Eta ez ahaztu txupito bat nafar patxaran eskatzea! Digestio-laguntzaile bikaina, mendeetako tradizioa duena gure lurraldean.

Horra hor, beraz, irail honetan Nafarroako hiriburuan asteburu handia pasatzeko osagai guztiak. Eta beste planen bat egin nahi baduzu eskapadan, honatx turismo jarduera interesgarri zenbait Iruñean.

​​​​​​​Zure zain gaude!

* Fotografías de cabecera y mercado cedidas por el Ayuntamiento de Pamplona

Tag-en hodeia: