2023.09.07

6 IDEIA ASTEBURUKO ESKAPADA BAT IRUÑEAN EGITEKO

Merezi du bisitatzea San Fermin jaiengatik eta Frantziako Donejakue bideko hiri nagusietako bat izateagatik nazioarteko ospea duen hiri hau. Hasi aukeratzen gustuko bidaidea, Nafarroako hiriburuan egingo duzun eskapadari ahalik eta zuku gehiena ateratzeko zenbait ideia aurkituko dituzulako hemen.

Blog

Bisitarien gustukoa izan ohi da Iruña, xarmangarria iruditzen baitzaie. Harresiek, lorategiek eta hirigune historikoko kale koloretsuek presarik gabe paseatzera eta mendeetako historia duten txokoak ezagutzera gonbidatzen dute. Ez du axola urtaroak, urteko edozein sasoi bikaina baita Nafarroako hiriburua ezagutzeko.

​​​​​​​Hona hemen eskapadan hiri honetan bisitatzeko lekurik gomendagarrienen hautaketa bat:

1. Udaletxe plaza

Udaletxe plazara iristen zaren lehen aldian, kostatuko zaizu sinestea San Fermin festei hasiera ematen dien txupinazoaren egunean telebistan ikusten duzun bera dela. Uste baino txikiagoa dela, baietz!


Han aurkituko duzu Turismo Bulegoa. Bertan, besteak beste, monumentuak bisitatzeko ordutegiak eta bisita gidatuak egiteko aukerak kontsulta ditzakezu. Aukera polita dira bisita horiek Iruña deskubritzeko, hango txokoak, kondairak eta pasadizoak ondo baino hobeto ezagutzen dituzten gidarien eskutik.

​​​​​​​Aprobetxa ezazu Iruñeko udaletxearen fatxadaren aurrean argazkia egiteko eta bere terrazatxoren batean zerbait hartzeko, udaletxeko erlojuak orduak markatzen dituen bitartean San Zernin elizako kanpaien hotsarekin batera. A! Eta oso hemengo oroigarri bat eraman nahi baduzu, erosi Las Tres Z.Z.Z markako zahatoren bat ehun urtetik gorako saltoki batean, plaza berean.

2. Sanferminetako ibilbidea

ENTZIERROAREN IBILBIDEA

Egin beharrekoa, zalantzarik gabe. 875 metro ditu, eta alde zaharraren erdi-erditik doa. Hiriaren muina deskubrituko duzu.

​​​​​​​Santo Domingo aldapako ukuiluetan hasten da. Zezen-saldo bat irudikatzen duen metalezko eskultura bat eta jatorrizko hesiaren zati bat topatuko dituzu han. Jarri ondoan, eta egin argazkiak. Metro batzuk gorago, San Ferminen horma-hobia dago. Zezenen aurrean korrika egin behar dutenek entzierroa hasi baino lehen zaindariaren babesa eskatzeko abesten duten kantika hori abestu ahalko duzu zuk ere.

escultura encierro corrales santo domingo

Goraxeago, ezkerretara, plazatxo bat ikusiko duzu, eta handik Santo Domingoko Udal Merkatuan sar zaitezke. Era guztietako barazkiak (zainzuriak, orburuak, piperrak, etab.), hestebeteak, txistorra, gaztarik onenak erosi ahal izango dituzu han, besteak beste, Iruñeko “relleno”a ahaztu gabe. Gozozalea bazara, aldiz, gozoki tipikoak erosi ahalko dituzu, hala nola txantxigorri-opilak. Eta, oroitzapen gastronomiko on bat eraman nahi baduzu, eros ezazu gure digestio-laguntzaile ezagunena: botila bat patxaran nafar!

​​​​​​​Bideari jarraituz gero, Udaletxe plazara iritsiko zara. Hesiaren beste zati bat topatuko duzu han. Toki bikaina da beste argazki bat egiteko, udaletxea atzean duzula.

Gero, Mercaderes kaletik jarraitzen du bideak, Iruñeko kale ezagunenetako batera iritsi arte: Estafeta kalea. Aurrera egitean, gosetzen hasi zarela sentituko duzu: gozoki-dendak eta gourmet produktuenak, hasieran, eta tabernak, amaieran, pintxo zoragarriekin energia berritzeko parada emango dizutenak.


​​​​​​​Ibilbidea zezen-plazan amaitzen da. Bisita gidatua egin ahal izango duzu, zinez bitxia eta entretenigarria.

ENTZIERROAREN MONUMENTUA

Zezen-plazatik metro gutxira, oso eskultura errealista bat dago. Izan ere, entzierroaren bat-bateko argazki bat izan nahi du Estafeta kalean barna doala. Hurbil zaitez. Hunkitu egingo zara zezenak hain hurbil eta lasterkarien aurpegien larritasuna sentituta. Beste argazkitzar bat!

SAN FERMIN KAPERA

Benetako San Fermin ezagutu nahi baduzu, San Lorentzo elizara joan besterik ez duzu. Han zaudela, kapotearekin zu babesteko eskatu ahal diozu Nafarroako zaindarikide beltzaranari.

​​​​​​​Baietz galdera asko mihi-puntan? Beste San Fermin bat dagoela? Beltzarana? San Fermin ez dela Iruñeko zaindaria?” Lasai egon. Ez dugu dena kontatuko hemen nahi dugulako zuk bisita gidatua egitea Iruñera zatozenean. Orduan ezagutuko dituzu erantzun guztiak eta beste hainbat bitxikeria.

3. Gazteluko plaza

Hiriaren bihotza da plaza eder hori. Haurrak jolasean aritzen dira han, eta edadetuek egunerokoa igarotzen ikusten dute bankuetan eserita. Bestetik, leku aproposa da aperitibo bat hartzeko, hala nola Café Iruña mitikoan (XIX. mendekoa da), edo hango edozein jatetxetako terraza girotsuetan bazkaltzeko.

Hasieran ez zen plaza bat izateko proiektatu, baizik eta pixkanaka osatuz eta eratuz joan da, eta horregatik du forma irregular hori. Orain, sekretu bat kontatuko dizugu, kulturaz ongi jantzia zarela harro erakuts dezazun bisita gidatuan. Ba al zenekien zezenketak egiten zirela plazan 1844ra arte, hau da, lehen zezen-plaza inauguratu zen arte? Harrezkero, topaleku eta hiriaren erdigune nagusia bihurtu zen.

​​​​​​​Beste galdera bat mihi-puntan, ez? “Lehen” zezen-plaza? Hirira etortzen zarenean jakingo duzu erantzuna.

4. Historiaz eta artez betetako eraikinak

Andre Maria Erregina katedrala hiriko ezinbesteko beste leku bat da. Kontinenteko klaustro gotiko onenetako bat ikusiko duzu. Goizean bisitatzea gomendatzen dizugu, 11:15ean dorreetako batera igo eta hiria eta inguruko mendiak ikusi ahal izango baitituzu goitik. Merezi du eskailera kiribilak gora igotzea, panoramika benetan polita delako. Han, Maria kanpai ikusgarria topatuko duzu. Estatuko bigarren kanpai handiena da, baina handiena zerbitzua ematen dutenen artean.

Historiaz eta arteaz gozatzen duten horietakoa bazara, hartu denbora San Saturnino (San Zernin ere deitzen diogu) eta San Nikolas elizak, Erdi Arokoak biak, bisitatzeko, hiriko enblematikoenak baitira. Nafarroako Museoa ere ezagutu behar duzu, Nafarroako ondare aberatsaren erakusgarri interesgarriak baitu.

5. Paseoa Iruña Gotortuan barna

GOTORLEKUEN INTERPRETAZIO ZENTROA


​​​​​​​Estrategia militarra interesatzen zaizu eta, gainera, Iruñeko historia eta bilakaera ondo ulertu nahi dituzu? Orduan, nahitaez bisitatu behar duzu zentro hori. Hurrengo proposamenari ekiteko puntu onena da, gainera!

Fortín

PASEOA HARRESIETAN BARNA

Ibilbide polit horrek alde zaharraren inguruan eramango zaitu harresien gainaldetik. Bista eder-ederrez gozatu ahal izango duzu handik. Errenazimentukoa da multzoa, Europako onenetakoa, eta Monumentu Nazional izendatu zuten. San Bartolome gotorlekutik abia zaitezke. Zubia gurutzatuta, Barbazan apezpikuaren ingurabide liluragarritik jarraituko duzu –katedralaren atzealdea ikusiko duzu– eta Redingo bastioiraino iritsiko zara.

​​​​​​​Zaldi Zuriaren Txokoa deitzen zaio eremu horri. Hango ostatuak, haren terrazak eta etxe esekiak xarma handia ematen diote lekuari, Iruñeko xarmagarrienetako bat izateraino. Noraezean ibili, eta hurbildu San Jose plazara. Herrietako berezko baretasuna sentituko duzu han, zuhaitzen itzala, iturritik erortzen den uraren soinua eta katedralaren presentzia isila lagun dituzula.

Zaldi Zuriaren Txokora itzulita, Frantziako portaleraino (Zumalakarregiren portalea ere esaten diogu) jaitsiko gara. Hiriak izan zituen seietatik hobekien kontserbatu dena da, eta erromesak Santiagorako bidean jarraitu aurretik hirian ostatu hartzeko sartzeko atea da egun.

Ondoren, harresian barna jarri dezakezu, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren atzetik. Nafarroako Errege-erreginen Jauregia izan zen beste garaietan.

​​​​​​​Jarraian, Santo Domingo kaletik, joan eskaileretan gora, eta erronda-bidea aurkituko duzu. Taconera parkera eramango zaitu paseo eder horrek, artea eta natura bidaide. Oso gustatuko zaizu.

TACONERAKO LORATEGIAK

​​​​​​​Iruñeko lorategi zaharrenak dira, 1830ean diseinatu baitziren. Versaillesen daudenen eran egin ziren. Pago hostotsuak, lizarrak, magnolioak eta ginkgo biloba ederrak, zeinek kolore horiko alfonbra ikusgarria sortzen baitute udazkenean hostoak galtzean. Toki aparta pilak kargatzeko. Baita ibilaldi erromantiko bat egiteko ere, edota umeekin joan eta lubanarroetan bizi diren animaliez gozatzeko ere.

ZIUDADELA

​​​​​​​Taconeratik oso gertu dago. Gotorleku handia da, errenazentista, pentagono-formakoa. XVI. mendean hasi zen eraikitzen, hiria Frantziako armadaren erasoetatik defendatzeko. Hiriko birika berdea dela diote. Leku oso atsegina paseatzeko, kirola egiteko edo barruan dituen erakusketez gozatzeko.

6. Yamaguchi parkea eta planetarioa

YAMAGUCHI PARKEA

​​​​​​​Iruñearekin senidetutako japoniar hiriaren izena darama. Nafarroako zaindarietako baten historiak lotzen gaitu hiri horrekin: San Frantzisko Xabierkoa (beste zaindaria San Fermin da). Hurbil ostatu hartu bazaude, ez galdu bisitatzeko aukera. Estilo japoniarrekoa, deskonektatu eta erlaxatzera gonbidatzen du. Lakuaren ertzean dagoen egurrezko begiratokia, ekialdeko estilokoa, da txokorik kutunetako bat.

PLANETARIOA


​​​​​​​Yamaguchi parkera hurbildu bazara, astirik baduzu eta zeruko izarrak ikustea gustuko duten horietakoa bazara, Planetarioa bisita dezakezu. Parkearen mutur batean dago. Eseri besaulki batean, eta gozatu, eroso-eroso, izarrek berek narratutako historiaz, kupula ikusgarri bat gainean duzula, Espainiako handienetako bat. Familian egiteko jarduera interesgarri-interesgarria.

Iruñean aurki dezakezunaren ideia batzuk baino ez dira hauek, askoz proposamen interesgarri gehiago baitaude, noski. Ezagut itzazu!

Zer jan Iruñean

Gastronomiari dagokionez, pintxoak jan behar dituzu, derrigorrean. Miniaturazko benetako goi-sukaldaritzatzat hartzeko modukoak dira batzuk. Hamaika zaporetako gutizia txikiez betetako barra koloretsuetan iltzatuko zaizkizu begiak, eta haiek probatu beste erremediorik ez duzu izango. Ahobizarra kentzeko modutik onena. Gero, aukeratu jatetxe on bat eta erreserbatu mahaia behar bezala jateko.

Gozatu bertako gastronomiaz, eta probatu plater tipikoak: amuarraina nafar erara, arkumea txilindron erara, bakailaoa ajoarriero erara, potxak, zainzuri samur-samurrak, alkatxofak, txistorra, Lodosako pikillo-piper beteak, gaztak (Idiazabal eta Erronkaribar J.D.-ak)... Plater horietako batzuk ez dira edozein jatetxetan aurkitzen. Horregatik, jan nahi badituzu, erreserbatu aurretik menuak eta kartak kontsultatzea gomendatzen dizugu.


Eta wineloverra bazara, eska itzazu Nafarroa J.D.-ko ardoak. Izugarri gustatuko zaizkizu!

​​​​​​​Otorduari amaiera emateko, eskatu etxeko postre tipikoak, hala nola pantxineta, mamia, gazta-tarta edo kremaz betetako tututxoak. A, eta ez ahaztu txupito bat Nafarroako patxaran eskatzea! Gure lurraldean mendeetako tradizioa duen digestio-laguntzailea.

Lo egiteko aholkuak

Zer ikusi eta zer egin badakizunez, ostatua bilatu besterik ez duzu Nafarroako hiriburuan emango duzun asteburu zirraragarrirako.


Aukera ugari eta poltsiko guztietara egokituak dituzu lo egiteko, edozein hiriburutan bezala.

​​​​​​​Alde Zaharrean edo Zabalgunean ostatu hartuz gero, hirigune historikotik hurbil egongo zara. Iruña tamaina ertaineko hiria denez eta distantzia handirik ez dagoenez, beste auzo batzuetara ere joan zaitezke lotara. Hiriko garraio-sareak oso erraz jarriko dizu hirian mugitzeko aukera.

Espero dezagun artikulu hau lagungarria izango zaizula Iruñera egingo duzun hurrengo eskapadarako.
Informazio gehiago nahi baduzu:

​​​​​​​Deskargatu Iruñeko ordutegi-bisitak, jarduerak eta agenda dituen pdf-a.

Jarri harremanetan turismo-bulegoarekin:

Laster arte!

Tag-en hodeia: