2023.05.24

4 kondaira-ibilbide Nafarroan

Nafarroako paisaiak hain dira harrigarriak ezen ezinbestean magiak sortu dituela pentsatuko baituzu. Izan ere, ugari dira izaki mitologikoak, baita magiak eraikin ederrak egiteko edo gure natura-guneak zaintzeko jokatutako papera erakusten duten istorioak ere. Gaur, Nafarroako lau ibilbide dakarzkigu, kondaira liluragarriak gordetzen dituztenak. Jakinaren gainean egon: ez dituzu begi berberekin ikusiko leku horiek hurrengoan!

Blog

1. “Mairuaren kobazuloa”, Fiteron

Leku magiko bat dago Erriberan, Gustavo Adolfo Bécquer bera liluratu zuena. Badakizu zein den? Fitero da. Hango monasterio zistertarrak eta bainuetxe ezagunek ospea eman diote herriari. Diotenez, ur horien sendatzeko propietateen bila iritsi zen herrira poeta, eta ingurunearen magiak Rimas y leyendas izenburuko bere antologia ezagunaren lanetako bat egiteko inspiratu zuen. “La Cueva de la Mora” da, zehazki, musulmanek lekua okupatu bitartean gertatutako maitasun-istorio tragikoa. 

Kondairak dio Erdi Aroan musulmanek inguru hartan zegoen gaztelua eskuratu zutela. Kristau asko hil ziren borrokan, eta beren kapitaina zauritu eta preso hartu zuten musulmanek. Handik denbora batera, soldaduek haren bahitzaileek askatzea lortu zuten, sari handi baten truke. Zauriak sendatu zituenean, armada berriro elkartu eta errekonkista prestatu zuen. Batzuek uste zuten aiherkundeak, mendekuak bultzatu zuela horretara, baina benetako arrazoia zen komandantea erabat maitemindu zela alkaide musulmanaren alabaz, eta alabak ere hura maite zuen. Borroka latz baten ondoren, gaztelua berreskuratu zuten. 

Baina zoriontasunak gutxi iraun zuen: atzera egindako musulmanek indar berriak bilatu zituzten inguruko kokalekuen artean eta berriro egin zuten eraso. Bataila odoltsua izan zen, eta kapitaina larri zauritu zuten. Ikustean, alkaidearen alaba laguntzera joan zen; horma baten gainean bermatu, eta pasabide sekretu bat ireki zuen hura salbatzeko. Zauri larri eta sakonak zituen kapitainak, eta ura eskatu besterik ezin zuen egin.

Neskatxa haitzulo batetik atera zen pasabidetik, eta inguruko erreka batera joan zen ura hartzera. Itzultzean, soldadu batek zauri larriak egin, eta zerraldo erori zen maitalearen ondoan. Zaurien larritasuna ikusita, zera galdetu zion kapitainak: Nirekin elkartu nahi duzu beste bizitzan?”. Baietz erantzun zuen, eta kapitainak txanbila ur hartu eta burua busti zion bataioarena eginez. 

Gaur egun, hango jendeak dio bien arimak oraindik leizean bizi direla eta, gauez hurbiltzen bazara, alkaidearen alaba ikusi ahal izango duzula errekara ur-txanbila batekin jaisten. Bisita egunez egin nahiago baduzu, eta ustekabeko topaketak saihestu, izan itzazu kontuan plan hauek:

Ezagutu Fitero esperientzia hauen bidez:

2. “Deabruaren zubia”, Irunberriko arroilan

Nafarroako Erdialderantz gora, Irunberriko arroila topatuko dugu, gure lurraldeko paisaia harrigarrienetako bat. Nafarroako ekialdean dago, Iruñetik 35 bat kilometrora.

Ezin hobea da familia edo koadrilarekin joateko, eder-ederra eta irisgarria delako. Irati ibaiak milaka urtetan zizelkatu ditu pareta arrokatsu horiek, pazientziaz zizelkatu ere, ekin eta ekin. Zinez harrigarria! Eta ez da harritzekoa, beraz, haren zoko-mokoek narrazio fantastikoak sortu izana. 

Bere enklabe misteriotsuenetako bat “Deabruaren zubia” da, “Jesusen zubia” ere deitua, paradoxikoki. 15 metroko altuerako arku handi bat baino ez da gertatzen, eraitsia; horixe ikusiko duzu lehenen arroilara hegoaldetik bazoaz. Dokumentaziorik ez dagoen arren, hainbat iturrik diote XIX. mendearen hasieran suntsitu zutela, Independentzia Gerran. Hain da misteriotsua, ezen gizagaindiko indarrek eraiki zutela uste baita.

Istorio zabalenetako batek kontatzen du neskatxa batek deabruarekin adostu zuela zubia eraikitzen lagun ziezaiola. Bi bertsio daude

Lehenengoak dio nekazari bat zela. Liskarko iturritik ura hartu nahi zuen amaren gaixotasuna sendatzeko.

Eta bigarrenak dio neskame bat zela, Clisantela. Zerbitzatzen zuen dama aberatsa sendatu nahi zuen ur horiekin. Nolanahi ere, neskatxak ur sendagarrien iturburu horretaraino iritsi nahi zuen, eta, horretarako, Irunberriko arroila zeharkatu behar zuen. Irati ibaiaren ertzera iritsi zenean, ikusi zuen haize-bolada bortitz batek alde batetik bestera joateko lotuta zegoen txalupa eraman zuela. Neskatxak, etsita, ez zuen beste aldera iristeko modurik aurkitzen. Orduan, deabrua agertu, eta eskaintza bat egin zion: zubi bat egingo zion egun bat baino gutxiagoan, arimaren truke. Neskatxak onartu, eta deabrua lanean hasi zen buru-belarri hitzarmena betetzeko. Goizeko zazpiak ziren eguzki-erlojuan deabruak azken harria jarri zuenean, agindutako baino ordubete geroago. Lotsak jota, handik desagertu zen. Neskatxa salbu utzi zuen, eta eraikuntza bat utzi zuen bisitariek urte askoan arroila zeharkatu ahal izan zezaten. 

Nola aurkitu gaur egun Irunberriko arroila harrigarria?

3. Eunate eta portada bikiak

Nafarroako mendebalderantz, Iruñerritik atera gabe, Donejakue bideak Nafarroan dituen lekurik paradigmatikoenetako bat dago. Somportetik datorren bideak eta Orreagatik datorrenak bat egiten duten tokian, Eunateko Andre Maria eliza erromanikoa dago. Izan ere, espekulazio-iturri handia izan da oinplano oktogonaleko eraikin bitxi hori, magiari eta superstizioari lotuak. Bere elizpea eta hurbileko eliza batena (Olkozko San Migel) oso antzekoak dira, eta horrek galdera asko ekarri ditu.

Kondairak dioenez, maisu hargin bat Eunateko Andre Mariako elizpea lantzen ari zen; baina, egun batean, siestatik esnatu, eta erraldoi batek lan guztia egina zuela ikusi zuen. Haserre, abadearengana jo zuen, eta hark, ulertu beharrean, lo hartu izana leporatu zion, eta 3 eguneko epean tenplu berdin bat eraikitzeko lan itzela agindu zion.

Hargina etsita zegoen: Nola demontre egingo dut? Ez al da ezinezkoa? Orduan, Lamia sorginak basoan aurkitu eta arazoa konpontzeko gakoa eman zion: San Joan gauean ibaira joan eta ibaiertzean ilargi-harri bat sartu. 

Harginak Lamia maltzurrak agindutakoa bete zuen, baina zerbaitek huts egin, eta portada alderantziz atera zen. Hala ere, herria txundituta geratu zen, eta erraldoiak, haserreak eta inbidiak eraginda, ostikada jo, eta inguruko herri bateraino bidali zuen eliza. Horregatik, gaur egun, Olkozko San Migel eliza eta portada berdina ikus ditzakegu, baina alderantziz, Eunateko Andre Maria elizan.

Zer? Leku magiko hori ezagutzeko harra sartu zaizu? 

Eunateko Andre Maria eliza eta haren ingurua ezagutzeko planak:

4. Xorroxingo ur-jauzia

Eta, gaur, iparraldean bukatuko dugu ibilbidea, Nafarroako eskualde magikoenetako batean: Baztan. Ez badakizu ere, Basajaunek zaintzen du beti bailara berde hori. Tokiko natura babesteaz arduratzen da mitologiako izaki hori. Hala ere, ez da bailaran bizi den kondairazko pertsonaia bakarra. Lamiak ere, erdiak emakumeak eta erdiak arrainak, hango tradizioaren protagonista handiak dira.

Hamaika istoriok kontatzen dute sirena horiek ibaietan zehar ibiltzen direla abestuz eta ileak orrazten dituztela urrezko orraziekin. Eta, noski, Lamiputzu izeneko parajean agertzen dira maizen. Hantxe erortzen dira gaur egun Xorroxingo ur-jauzi ezagunaren urak

Kondairak dioenez, lamia horietako bat Erratzuko artzain gazte batez maitemindu zen. Artzainak inguruan bazkatzera eramaten zuen artaldea. Mutikoarekiko lilura hain zen sakona ezen, mutilak ezetz esan zionean, ur garden-gardeneko jauzi bat sortu zuen lamiaren negarrak. Diotenez, lamiak ez dio oraindik negar egiteari utzi, eta haren malkorrek jarraitzen dute elikatzen ur-jauzia. 

Jakin nahi al duzu zergatik esaten den izaki liluragarrien etxea dela tokia? Prestatu txangoa, eta naturaz gozatuko duzu paseo irisgarri horretan. Ezin hobea da ume eta helduentzat! Ikusi ibilbide osoa gure wikiloc profilean. Bide batez, gogoratu aparkalekua erreserbatu behar duzula, doan, Erratzuko parkingean. Motxila prestatu eta botak jantzi besterik ez duzu. Nork ikusiko du lehenen lamia bat uretan murgiltzen?

Kontsultatu hemen Xorroxingo ur-jauziaren inguruko beste plan batzuk:

Tag-en hodeia: