Zaldi Zuriaren txokoko terrazako giroa

Iruña, Erresumaren hiriburua eta zure txangorik ederrena

Donejakue bideko hiria, harresiz inguratua, berdea eta gourmeta

Txango bat ari zara prestatzen? Bada, hauxe duzu lekurik hoberena! Bururatzen zaigun informazio guztia emanen dizugu hemen, Iruñera etortzea esperientzia BIKAINA izan dadin zuretako!

Bisita kulturalak, aberasgarri baita jakintzari tarte bat ematea. Hirigune historiko ikusgarria, ederki zaindua. Berdegune eta lorategi ederrak, margolan inpresionistetan jasotzeko modukoak. Pintxoen ostatuak, maisuki prestatutako gutiziekin. Kultura-giroa, Donejakue bideko bizitasuna, betiko dendak...

Eta, gainera, harresi-multzo bat, gotorlekuen artean gailentzen den Berpizkundeko gotorleku batekin; sanferminak, mundu osoan ezagunak; eta bizi-kalitate aparta, hirira iritsi bezain laster atzemanen duzuna.

Ikusten duzunez, Iruña egun bakarrean ezagutzea ez da erraza: segur aski 24 orduko tartea laburregia izanen da zuretako. Iruña helmuga bikaina da asteburu baterako; onena duzu bi egun edo zubi bat hartzea hona etortzeko.

Izan ere, Iruñearen arima hagitz erakargarria da, eta zaila da harekin ez liluratzea. Eta oraintxe jakinen duzu zergatik.

Gora San Fermín!

Gora San Fermín!

Nafarroan eta mundu osoan zenbat egun falta diren ari gara kontatzen gure besta maiteak inoiz baino emozio, poz eta abegi handiagoz bizitzeko.

Hitz gutxitan, zeintzuk dira Iruñera etortzeko arrazoiak?

  • Ondare historiko bikaina eta berdegune ederrak

  • Gastronomia eta pintxo zoragarriak

  • Ekitaldi kultural ugari, zure egonaldiaren gozagarri

Hiriburuko gune turistikoak

Andre Maria katedralaren atariko xehetasuna

Nondik hasi? Alde Zaharra

Eman dezagun jada bertan zaudela. Eroso zaude hiriko hotel edo apartamentu batean, eta karrikara atera nahi duzu.

Hasteko, Alde Zaharrean bisita gidatu bat egin nahi? Primeran! Alde zaharra, halaxe deitzen diogu hirigune historikoari.

Zorroztu ikusmen-entzumenak, eta ibili gustura gidariaren ondoan... Sentitu ezazu Iruñearen dardara, hiriaren sekretu guztien berri ikasi bitartean. Itxura ona du, ezta?

Eta, gainera, Pamplona Iruña Card turismo-txartela eskatzen baduzu, beherapenak izanen dituzu monumentu, museo, bisita gidatu, ikuskizun, ekitaldi eta ostatu nahiz jatetxeetan.

Eska ezazu Pamplona Iruña Card turismo-txartela

Erdi Aroko hiriaren toki interesgarriak

Iruñeko Alde Zaharrak Erdi Aroko egiturari eutsi dio. Orduan hiru burgu zeuden (Nabarreria, San Zernin eta San Nikolas) eta horiek, gudu bortitzak izan ondoan, 1423an elkartu ziren, Karlos III.ak Batasunaren Pribilegioa emandakoan. Iruñeko udaletxea erdian dago gutxi gorabehera, eta auzo horien lotunea izan zen.

Udaletxeko plazan berean turismo-bulegoa dago, eta bertatik minutu gutxitan iristen ahal zara leku interesgarrietara: eliza gotikoak, Nafarroako museoa, errege-erreginen jauregia, Ultreia-Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa, Pablo Sarasate biolin-jotzailearen museoa edo San Domingo azoka.

A! Eta ez dezagun katedrala ahaztu, oso hurbil baitago; baina horretaz aurrerago mintzatuko gara.

Iruñeko ikuspegia
  • Argazki gehien egiten dioten monumentua

    Iruñeko udaletxea

    Seguruenik Iruñeko eraikin zibil ezagunena. Hiriaren erdian dago, eta haren fatxada barroko koloretsua hagitz ezaguna da bertatik jaurtitzen delako urtero “txupinazoa”, sanferminei hasiera emateko.

    Udaletxeko plaza bera ere oso atsegina da. Iruñeko Alde Zaharraren bihotza dugu, leku bizi-bizia, denda eta terrazak dituena, azoka ere bertan dagoela. Hemendik etengabe igarotzen dira bertakoak eta turistak.

  • Nafarroako Museoa

    Lau solairuko eraikin honetan, Erresumaren historia osoa dago jasoa.  Museoaren bildumak garai historiko orotako obrak ditu: arkitektura erromatarraren aztarnak, Iruñeko katedral zaharraren kapitel erromanikoak, Erdi Aroko eskulturak eta urregintza, eta Leireko kutxatila, arte islamiarreko maisulana.

    Pinturaren sailean Francisco Goyaren eta beste margolari handi batzuen lanak miresten ahalko dituzu; baita Jorge Oteizaren obrak ere. Beraz, artea gustatzen bazaizu, museo hau ezinbestekoa duzu. 

    Argibide gehiago museoari buruz
  • San Zernin burgua

    San Zernin burgua San Saturnino eliza

    Eraikin gotiko honetan, portada eta nabearen espazio zabala nabarmentzen dira. Haren bereizgarriak dira arkupedun ataria eta San Zerningo oilartxoa esaten dioten haize-orratza (hiriaren ikurretako bat). Saturninori dagokionez, hura Nafarroako lurralde paganoak ebanjelizatzen aritu zen eta egun Iruñearen zaindaria dugu. Diotenez, 50.000 pertsona inguru bataiatu zituen; horien artean San Fermin bera, ate ondoan zegoen putzu bateko urarekin. Horregatik, lurrean dagoen plaka batek putzutxo hura omentzen du. 

    Argibide gehiago elizari buruz
  • San Nikolas burgua

    San Nikolas eliza

    XII. mendeko eliza hau San Nikolas burgu zaharreko biztanleek gotorleku gisa zerabilten, erasoetatik babesteko. Haren horma sendoak eta zaintza-dorreak ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko. Baina ez zaitezela kanpoko itxurarekin nahasi: barrualdea arkitektura gotikoaren erakusgarri fin-fina da. Elizara etortzen bazara, konturako zara alboko plaza eta pasealeku jendetsuak establezimenduz beteta daudela.

    Argibide gehiago elizari buruz
  • Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa

    Ultreia

    Iruñeko Alde Zaharreko leku interesgarrietako bat.

    Interpretazio zentro hau Karrika Nagusian dago, Donejakue bidean berean, eta aukera paregabea da bidearen historian murgiltzeko. Ikus-entzunezko proiekzioekin eta audiogidekin primeran ulertuko duzu Donejakue bideak zer eragin eskerga izan duen Nafarroan.

    Ultreia Zentroari buruzko informazio gehiago
  • Beti-betikoa

    San Domingo azoka

    Eman bueltatxo bat Iruñeko azokarik zaharrenean eta erreparatu zenbat barazki, haragi, goxoki eta esneki mota saltzen diren bertan. Eta ez ditzagun bakailao eta barruki saltokiak ahantzi, oso ohikoak baitira.

    Beeeno, eta hemen zaudela, zergatik ez oroigarriak erosi? Zainzuri latatxoa, pikillo piperren potoa, txandrio kaxa, patxaran botila...

    Ai ene, ederki gogoratuko zara Iruñeaz zure etxeko sukaldean zaudela!

  • Iragana eta oraina elkarrekin

    Errege-erreginen jauregia eta Nafarroako Artxibo Nagusia

    Errege-erreginen egoitza zahar honen egungo itxura Rafael Moneo arkitektoak egindako birmoldaketari zor zaio.  Jatorrizko fatxadaren eta arkitektura modernoko elementuen uztardura orekatua egin zuen.

    A! Eta ikusi 1900eko Iruñearen maketa, eraisketaren aitzinetik multzo harresitua nolakoa zen jakiteko. 

    Argibide gehiago errege-erreginen jauregiari buruz
  • Pablo Sarasate biolin-jotzailearen museoa

    Museo hau Kondestablearen jauregian dago –hirian geratzen den XVI. mendeko eraikin zibil bakarrean–, San Saturnino elizatik oso hurbil. Ezinbestekoa zen, egiaz, biolin-jotzaile eta konpositore iruindarrak museo hau izatea.

    Eraikina gizarte-etxe gisa antolatu da, eta jarduera kultural ugariren egoitza dugu.

    Bertan dago, orobat, musikariaren objektu pertsonalen erakusketa; baita ikus-entzunezko baliabide batzuk ere, maisu handi horren bizitza ezagutu ahal izateko.

     

    Argibide gehiago Sarasatearen museoari buruz

Andre Maria Erreginaren katedrala

Ez zaitezela nahasi estilo neoklasikoko fatxada soil horrekin, zeren barruan Espainiako gotikoaren erakusgarri bikainak baitaude. Barnealdean, erdiko nabe handiak artelan garrantzitsuak ditu, hala nola Karlos III.aren eta haren emazte Gaztelako Leonor I.aren mausoleoa, alabastroz egina.

Hoberena bisita gidatua egitea duzu, baina zure gisa ibili nahi baduzu, ez galdu honako ikusgarri eder hauek:

  • Klaustro gotikoa: monumentu honetako klaustroa erabat distiratsua da, Europako onenetako bat estilo gotikoaren barruan. Erreparatu bertako arkuteria finari eta bi ate zoragarriei: Ate Ederrari eta Babesaren Ateari.

  • Dorrera igo eta kanpaia ikustea:  dorrean hiriaren ikuspegirik ederrenak dituzu.

  • Occidens erakusketa: munduko erakusketa onenaren saria jaso zuen New Yorken; mendebaldeko kulturaren historia eta garapena azaltzen ditu, hausnarketa eta topaketa sustatzeko asmoz. Pieza bikainak hautatu direnez eta “Zer da Mendebaldea?” ardatz tematikoa egokia denez, erakusketa hau ezinbestekoa da kultura maite dutenendako.

  • Haurren katedrala: umeen altueran jarritako hamar panelen bidez, katedraleko elementu artistiko eta liturgiko batzuk erakusten zaizkie txikitxoei. Haietako bakoitzean kanpaitxo bat dago ezkutatua, haurrek aurkitu beharrekoa. Beraz, erabat entretenituta izanen dituzu.

Katedrala bisitatu nahi dut
Andre Maria katedralaren fatxada
Katedraleko atrioa

Nondik mugitzen zaren eta zer antolatzen den jakiteko

Egin aurrera Iruñean, hiriko planoari jarraituz, eta deskargatu bisita ordutegi guztiak dituen liburuxka.

Sanferminetako entzierroa

Sanferminetako ibilbidea

Entzierroaren ibilbidea

Zezenek San Domingo aldapako eskortan igarotzen dute gaua, eta horixe da entzierroaren abiapuntua. Handik metro gutxira santuaren irudia dago, nitxo baten barruan, eta han kantatzen zaio “Entzun arren, San Fermin…” abestia. Behin baino gehiagotan entzunen zenuen, noski, eta seguru gogoan duzula korrikalariek lasterka hasi aurretik izaten duten urduritasuna.

Hurrengo puntua udaletxeko plaza da, non udalaren eraikin ezagun hori baitago. Ondoren, karrika bat hartu eta Mercaderesko bihurgunera goaz. Bertan, makina bat estualdi sortzen da zezenek irrist egitean.

Gero Estafeta karrika mitikoa dator, betiko ostatu eta denda ugariei esker urte osoan giro bizia izaten duena. Eta, azkenean, kailejoia, non batzuetan korrikalariak pilatzen diren zezen-plazan sartu aitzin.

Sanferminetako ibilbidea osatu nahi baduzu, honatx gure gomendioak:

  • Zezen-plazaren bisita gidatua (info+)

  • Argazkia ateratzea entzierroaren monumentu handian, non ederki baitago islatuta korrikaldiaren tentsioa

  • San Lorentzo eliza bisitatzea, San Fermin kapera ikusteko (info+)

Ikusi sanferminetako ibilbidea

Bisita gidatua Iruñean barna

Bisita gidatua da modurik hoberena denbora ongi aprobetxatu eta hirian murgiltzeko; beraz, ibil zaitez gidari batekin, Iruña goitik behera ezagutuko baitu.

Alde batetik, bisita orokorrak daude, hirigune historikoa eta bertako monumentuak ikus ditzazun. Beste bisita batzuk, aldiz, gai zehatz batzuen ingurukoak dira: harresiak, sanferminak, pilota, Donejakue bidea edo gastronomia. Batzuek oso ukitu dibertigarria dute, eta beste batzuk haurrendako dira.

​​​​​​​Erabaki ezazu Iruñearen zer alderdi interesatzen zaizun eta bilatu horren araberako bisita bat.

Ikusi bisita guztiak

Pintxoak jatera etorri nahi?

Jateko ordua

Goiz edo arratsalde osoa oinez ibili ondoren, normala da urdailak janaria eskatzea. Iruñeko Alde Zaharrean bazaude, a zer gozamena! Izan ere, jatetxe sail bikaina duzu hemen, eta bertako produktuak San Fermin bera bezainbeste gurtzen dituzte.

Jateko beste modu bat –edo mahaian eseri aurreko aukera bat– Iruñeko Alde Zaharrean pintxoak jaten ibiltzea da. Egia esateko, ia ezinbestekoa duzu hori egitea. Pintxoak betikoak dira Nafarroan eta moda-modan segitzen dute. Tradizioko mokadu goxoak edo goi-mailako sukaldaritza plater txiki batean gauzatua. Zerorrek aukeratu.

Eta ez ditzagun frijituak ahantzi, horiek ere betikoak baitira, pintxoen antzera. Arrakasta handia dute arrautza dutenek, piper-bolatxoek eta txibiek. Ez da bizio bat, nahitaezkoa duzu horiek jatea.

Eta nora joan? Erdialdean bazaude, zoaz Iruñeko karrika mitikoetara, Estafeta, San Nikolas, Comedias eta Mercaderes karriketara, non giro eta aukera bikainak izanen dituzun. Gazteluko plaza ere toki aparta da, pintxoez gain menu zoragarriak aurkituko baitituzu.

Pintxoak jatera noa
Taberna bateko errazioak
Andre Maria katedralaren pareko taberna bateko terraza

Iruñean lo egin

Badakigu egun osoa harat-honat eman duzula hiri honek zeharo erakartzen zaituelako. Baina deskantsatu beharra dago, bihar hiria esploratzen jarraitzeko edo Erresumako beste toki batzuetara joateko.

Gazteluko plaza

Hiriaren gune garrantzitsu hau leku kutuna da iruindar gehienendako; Alde Zaharretik alde modernorako trantsizioa egiten da plaza honetan. Esan dezakegu etxeko egongela dugula, familiarekin edo lagunekin elkartu eta zerbait edan edo jatera joateko tokia.

Arkupeduna da, koloretsua, erdian kioskoa duena eta eraikin dotorez inguratua; bertan daude La Perla hotela eta Iruña kafetegi mitikoak, 100 urte baino gehiagokoak, biak ere Hemingwayk maiz bisitatu zituenak. Bertan kontzertuak, azoka txikiak eta askotariko ikuskizun kulturalak egiten dira.

Ostatu eta jatetxeek eskaintza zabala dute, eta bertako terrazetan pintxoak edo menu bat jatea oso tentagarria da. Ohartarazten dizugu ezen, haietako batean eseriz gero, tarte luze batean ez altxatzeko arriskua duzula. Izanez ere, oso atsegina da bertan eseri eta hiria nola bizi den ikustea.

Hortaz, badakizu, plaza honetan geldialditxo bat egin beharra dago. Gustatuko zaizu, seguru!

 

Gazteluko plaza gauez

Iruñeko harresiak, Berpizkundeko obra bikaina

Hiri batek harresien hondarren bat izatea ez da hain berezia. Baina besterik da harresiak 5 kilometrotan barrena ederki kontserbatuak edukitzea. Irudika ezazu zenbat gudu eta setio ikusiko zituzten XVI. mendetik hona; mende horretan Iruñea Gaztelako Koroaren postu aurreratu bihurtu zen Frantziari begira.

Beraz, ez da harritzekoa monumentu nazional izendatu izana, eta egun, interes kulturaleko ondasun.

Gainera, posible da harresietan paseatzea eta toki eder nahiz ikuspegi zabalez gozatzea, Alde Zaharra eta Taconerako lorategiak mugatzen dituen ibilbidean. Paseoa Gotorlekuraino iristen da, zeina hiriaren ikur bat baita. Baina harresi guztietan barrena ibiltzea agian ezinezko denez denbora faltagatik, proposamena eginen dizugu gutxienez espazio ederrenetako batzuk ikus ditzazun.

Ikusi harresien ibilbide osoa
Iruñeko teilatuen eta dorreen ikuspegia
  • San Bartolome gotorlekua

    Harresien interpretazio zentroa

    Abiapuntu ona da modu egoki, didaktiko eta interaktibo batean ulertzeko bai harresiak bai haietako defentsa-elementu guztien egitekoak. Hortik hasita, oinez joan zaitezke Labriteko bastioiraino, eta ondoren, Barbazan Apezpikuaren ingurabidetik segitu hiriko txoko politenetako batera iritsi arte.

    Argibide gehiago harresiaren interpretazio zentroari buruz
  • Redingo bastioia

    Zaldi Zuriaren txokoa

    Iruñeko leku berezienetako bat da, eta hiri honetan ezinbestean ikusi beharrekoa. Ez bakarrik multzo arkitektonikoa ikusgarria delako –pasadizo goratua duen etxeak zoratuko zaitu–, baita begiratokitik behatzea zoragarria delako ere. Segur aski erromesak ikusiko dituzu, motxilak bizkarrean, Frantziako Ataria igaro eta Alde Zaharrean sartzen.

    A! Eta gainera terraza atsegin bat dago, non tragoren bat hartzen ahalko duzun giroaz eta paisaiaz gozatuz.

  • Erronda-bidea Taconerako parkeraino eta Gotorlekuraino

    Harresietako bideak aurrera egiten du, Frantziako Atariaren ondotik igaro eta Errege-erreginen jauregi eta Nafarroako Artxibo Nagusiraino. Aurrerago, San Domingo aldapa zeharkatu ondoren, berriro ere harresien bidea hartuko duzu Nafarroako museoaren ondoan. Segituan Portale Berrira iritsiko zara, Iruñeko ate miresgarrienetako bat baita, eta hortik Taconera parkera igaroko zara, zeinak aire frantsesa baitu. Aurreraxeago, ibilbidea bukatzeko, Iruñeko beste ezinbesteko bat: Berpizkundeko Gotorlekua.

Iruñeko parke eta lorategiak

Iruña hiri berdea dela diote: Egiaztatu nahi duzu berdegunez beteta dagoela? Denetarik dugu hemen, lorez beteriko gotorlekuak, zoo txiki bat, lorategi erromantiko bat eta are japoniar bat. Eta landa-eremua ere bai hirian berean... Jarraitu irakurtzen eta ohartuko zara inork baino berdegune gehiago ditugula.

Harresietako zuhaitzen adarretako xehetasuna
  • Gotorlekua, arnasgune berdea

    Kirolariak, familiak, bikoteak... mota askotako jendea ikusiko duzu paseatzen, jolasten, banku batean eserita hitz egiten edo barnealdeko erakusketak bisitatzen. Eguraldi onarekin kultura-ekitaldiak ugaritu egiten dira eta lorategia biziberritzen. Babes-hobiak, rebellinak, fortifikazioak eta 280.000 metro koadrotik gora berdegune. Horrekin guztiarekin lorategia –hasieran izar forma baitzuen– defentsako multzo erraldoi bihurtu zen eta Europar Batasuneko kultur ondare izendatu dute.

    Argibide gehiago Ziudadelako parkeari buruz
  • Taconerako lorategiak

    Lorategi erromantiko honek Versaillesko airea du, eta bertara etortzen ahal zara bai harresietako ibilbidetik, bai Alde Zaharretik, horren alboan baitago. Zenbait lorategi daude, zuhaitzez, loreez eta eskultura-elementuez beteak. Bertako gauzarik bereziena zoo txikia da, babes hobietan dagoena. Hantxe bizi dira, hein batean aske, orein, ahate, faisai, beltxarga eta paumak.

    Ibilalditxoa egin dezakezu barnealdean, eta bat-batean gozokiak jateko gutizia sortzen bazaizu, zoaz Café Vienés izeneko ostatu dotorera.

  • Yamaguchi parkea

    Ekialdeko lorategi handi honek lau urtaroak omentzen ditu, baita Yamaguchi hiri japoniarra ere, Iruñearekin senidetuta baitago. Ikusiko duzu zer ederki antolatuta dauden landare, zuhaitz, etxola, zubi eta ur-jauziak. Eta zer giro ederra dagoen plazako terrazetan. Baina zaude pixka bat. Astirik baduzu, hemen berean plan ona dago jakin-nahia dutenendako: Iruñeko Planetarioa, bere kupula handiarekin, eta Galaxiaren Lorategia, Esne Bidearen erreplika bat landareekin eskalan egina; mendeetan zehar Santiagora zihoazen erromesak gidatu zituen izar-bidearen erreplika, beraz. 

    Planetarioaren web-orria
  • Media Luna parkea, edertasun malenkoniatsua

    Parke honek ilargi-erdiaren forma du eta hortik datorkio izena. Zezen plazaren ondoan dago eta giro erromantiko eta bukolikoa du.

    Arrainekiko urmaelak, iturriak, eskulturak, haur-parkeak eta kafetegi polit bat. Eta ez ahaztu ikuspegiak, zeren Argaren eta Iruñeko baratzearen gaineko begiratokia zoragarria baita.

Landa-eremua hirian berean

Argaren ibai-parkea

Ibai-parkea bikaina da hiri honetara etorritakoan naturan murgildu nahi baduzu, oinez, lasterka edo bizikletan ibili bitartean.

12 kilometroko ibilbidea duzu hor, ibaiaren alboan, inguru hagitz berezietatik igarotzen dena: Erdi Aroko zubiak, presak, errotak, ontziralekuak, askaldegiak, baratzeak... Eta, gainera, Alde Zaharraren ondo-ondoan. Udaletxetik 5 minutura.

Iruñeko tartea laburregi geratzen bazaizu, beste 10 kilometro egin ditzakezu hiriaren ipar-ekialderantz, Sorauren aldera, edo hego-ekialderantz, Zizur Txiki aldera.

Ikusi ibilbide osoa
Argaren ibai-parkea
Musikariak eta ikus-entzuleak

Agenda eta aisia

Hiriko eskaintza handia eta zabala dugu. Beraz, aisialdirako zer nahi duzun, mila aukera dituzu hemen. Antzezlan eta ikuskizunak gustatzen zaizkizu? Edo nahiago dituzu aire zabaleko proposamenak?

Antzerki klasikoa zein alternatiboa maite badituzu, eta dantza, pop-rock musikako kontzertu handiak, gaikako jaialdiak, edo are haur-ikuskizunak ere, ikus ezazu espazio handietako ekitaldi kulturalen programazioa:

Ikusi Iruñeko agenda osoa
Nafarroako Artxiboa eta San Fermin Aldapakoaren eliza

MUN eta Jorge Oteiza museoa

Kulturazalea bazara, bi museo horietara joan beharra duzu, nahiz eta erdigunetik urrun samar dauden. Arte modernoaren jarraitzailea bazara, bi horiekin liluratuta geratuko zara, zalantzarik gabe.

  • Nafarroako Unibertsitatea museoa (MUN): aire sotileko eraikin hori Rafael Moneoren lana da. Bertako erakusketa finkoan Picasso, Kandinsky eta Chillidaren obrak daude, besteak beste. Jatetxe zerbitzu esklusiboa du, eta auditorium txiki bat, ikuskizun onak eskaintzen dituena.

  • Jorge Oteiza museoa: Altzuzako herri txikian dago, Iruñetik 8 kilometrora. Herriko paisaia, eraikin berezia eta arte bilduma ikusgarria: horra hirukote indartsua.

Gustu eta prezio guztietako salgaiak

Iruñean erosketak egiten

Zeure buruari edo familiakoei oparitzeko oroigarri baten bila zabiltza? Bada, bi alderdi dituzu:

  • Alde Zaharrean, zaharki saltzaileak, liburu dendak, diseinuko saltokiak eta vintage dendak aurkituko dituzu, baita betiko oroigarriak saltzen dituzten tokiak ere, hau da, Nafarroako produktu tipikoak eta eskuz egindakoak, hala nola txapelak, lepo-zapiak edo zahatoak. Eta ezin ditugu ahantzi gourmet dendak edo elikagai azokak, non eros ditzakegun bertako merkataritzaren jan-edaririk salduenak: gaztak, hestebeteak –Iruñeko txistorra eta tripot zuria– eta ardoa. Berriz ere maitatuko zaituzte familiakoek eta adiskideek halako gutiziak eramaten badizkiezu!

  •  Hiri-zabalgunea: merkataritza-alderdi nagusia.   Dendetan ibiltzea gustatzen bazaizu, zoaz Iruñearen ardatz nagusira: Karlos III.a Noblearen etorbidera. Gazteluko plazan abiatzen da, eta Askatasun Plazaraino iristen. Oinezkoendako karrika horrek kilometro bat du, eraikin dotoreekin eta beste etxe apalago batzuekin. Inguruko kaleetakoak kontuan izanik, 800 denda baino gehiago daude, hiria zalapartaz eta bizitzaz betetzen dutenak.

Tokiko produktuen gourmet-denda bateko bezeroa

Interesekoartikuluak

6 IDEIA ASTEBURUKO ESKAPADA BAT IRUÑEAN EGITEKO

6 IDEIA ASTEBURUKO ESKAPADA BAT IRUÑEAN EGITEKO

Jakin nahi duzu zein diren Nafarroako ezinbesteko leku turistikoak?

Zaila aukeratzen, ezta?