2023.09.29

Eskapada Nafarroara 2023ko Pilareko Zubian

Begi aitzin dugu Pilareko zubia. Lau egun horiek biziki ongi etorriko zaizkigu erronkaz beteriko iraileko esfortzutik suspertzeko... Eta noiz udazkenaren hasieran baino hobe? Izan ere, tenperaturak oso atseginak dira oraindik eta paisaia oraindik berdea okre beroz blaitzen hasi da. Ikuskizun zoragarria. Oraindik Nafarroa ezagutzen ez baduzu, edo aspaldi bisitatu bazenuen, Iruñetik has zaitezke, eta Nafarroako onena ezagutu handik. Egin begiratua gure proposamenei, eta gozatu eskapadaz.

Blog

Iruña, hiri xarmangarria

Beti da atsegina hiriburu bat bisitatzea, are gehiago tamaina ertainekoa bada eta lorategi zabal eta dotoreak, antzinako eliza-gotorlekuak, katedral erakargarria –Europan erreferentzia den klaustro gotiko bat eta guzti–, harresi-barruti errenazentista zoragarria eta dendaz beteriko alde zahar koloretsua baditu. Eta primeran jaten bada! Eta zer esanik ez han-hemenka mokaduak jateko aukera eskaintzen badu. Zer iruditzen Iruñeko pintxo gozo-gozoak probatzea?

murallas de Pamplona al anochecer

Zubi horretan, egun bat edo bi eman dezakezu Iruñean, noraino ezagutu nahi duzun, eta beste bat edo bi, Nafarroako altxorren bat bisitatzeko, udazkeneko gastronomia dastatzen duzun bitartean. Hona hemen hiritik 20 eta 50 kilometro bitarteko erradioan dauden aukera batzuk, gehien gustatzen zaizuna aukera dezazun.

postre con recreación de setas

IPARRALDEAN: ESKAPADA BERDEA ULTZAMA EDO BAZTAN IBARRETARA

Ibar zoragarria da Ultzama, noraezean ibiltzeko herriak eta baserri ikusgarriak dituena. Orgiko hariztian barna pasea dezakezu, perretxiko bila joan Parke Mikologikora, 2 orduko golf- bataioa egin Lizasoko Pitch & Putt-en edo txuletak, mami famatua edo kremazko tututxoak probatu...  Ziur gaude izugarri gustatuko zaizula, eta Iruñetik oso gertu dago.

fachada de caserío con flores

Beste aukera bat Baztan ibarrera joatea da. Kapare-lurraldea da, jauregi eta dorretxeak dituena, baita baserri ederrak dituzten herri pintoreskoak ere, lorez beteak zurezko balkoietan. Ziga, Amaiur, Erratzu… Hainbeste dira herri politak, ezen astebete geratuko zinateke. Elizondo, ibarreko hiriburua, ezinbesteko bisita da. Zubia, plaza, kale tipikoak topatuko dituzu han, eta txokolatea ere...  Eta, hurbil-hurbil, Bertizko jaurerria. Lorategi botaniko eder-ederra du, eta hainbat bidexka ere, parke naturalean barneratu eta kolpe batez amalurrarekin lotuko zaituztenak. Erreparatu zuhaitzen tamainari, entzun han bizi diren txoriak, arnastu basoaren hezetasuna eta eman amian zure buruari.

personas en un pasarela en Bertiz

MENDEBALDEAN: BIDEKO ARTEA LIZARRARAINO

Iruñetik abiatuta, Donejakue bideko zati bat egin dezakezu autoz. Lehenengo geldialdia Eunateko Andre Maria da, eliza erromaniko oktogonal oso originala. Hurrengoa, Gares, non bat egiten baitute Frantziako Donejakue bidearen bi adarrek. Erdi Aroko kale-herri baten adibide ona da. Zubi erromaniko handiak ematen dio, dena den, ospe handia, hainbeste ezen hortik baitatorkio herriaren beste izena: Puente la Reina. Bidean jarraitzea erabakitzen baduzu, Erdi Aroko beste herri txiki bat bisita dezakezu, zur eta lur uzten dituena bisitariak: Zirauki. Lokiz mendiaren bista ikusgarriak, herria inguratzen zuen harresi zaharraren hondakinak, zubi erromatarra, antzinako galtzada erromatarra eta gotorleku-eliza dira haren erakargarrienetako batzuk.

Ermita de Eunate

Eta Donejakue bideko “Erdi Aroko izarra” ezagutu nahi baduzu, Lizarra bisitatu behar duzu. Erromes-giroa dario. Ibili noraezean alde zaharrean barna, interes artistiko handiko jauregi eta elizak baitaude, Erdi Arokoak. Aprobetxa ezazu hirian bazkaltzeko (txerrikumea gustuko baduzu, zorionekoa zu, janari tipikoetako bat baita). Gero, ekin ibilbideari. Handik gertu, Urbasa mendian, Irantzuko monasterio zistertarra dago. Polita monasterioa eta ikusgarria ingurua. Handik bertatik xenda erraz bat abiatzen da, bikaina familiarekin egiteko. Aukera ezin hobea paisaiaz gozatuz ibiltzeko.

Monasterio de Irantzu tras unas ramas otoñales

HEGOALDEAN: ERRIBERRIKO ERREGE JAUREGIA ETA HERRI POLITENETAKO BAT

Erriberrin, errege-erreginaren jauregia dago. Karlos III.a Noblea erregeak eraiki zuen, eta Nafarroan gehien bisitatzen den monumentua da. Aho bete hortz utziko zaitu estilo gotikoko gotorleku horrek: logelek, patioek, pasabideek eta almenadun dorreek labirinto bat eratzen dute, txikiak eta ez hain txikiak txundituko dituena. Gidari batekin bisitatu nahi? Seguru askoz ere zuku gehiago aterako diozula bisitari.

niños castillo de Olite

Erriberrin ibili ondoren, aprobetxatu Espainiako Herri Politenetako bat ezagutzeko: Uxue. Harrizko herrixka bat da, muino baten gainean eraikia, Andre Maria Erdi Aroko eliza-gotorlekua buru duela. Probatu itzazu garrapiñatuak, artzain-eran egindako ogi-apur tipikoak eta arkume-saiheskiak.

​​​​​​​Nafarroako eskualde honen ezaugarri nagusia ardoak dira. Izan ere, Nafarroako ardoaren hiriburua da Erriberri. Eta, Erriberri eta Uxue artean, San Martin Unx dago, inguruko ardo gorri onenaren kokalekua. Beraz, bazkaltzeko geratzen bazara, ez ahaztu janari gozoa Nafarroa jatorri-deitura duen ardoren batekin uztartzea. Enologia interesatzen bazaizu, begiratu jarduera hauei.

Vista de Ujué

EKIALDIAN: XABIERKO GAZTELUA ETA LEIREKO MONASTERIOA

Xabierko gaztelua San Frantzisko Xabierkoaren sorlekua da, 1506an, zeina Nafarroako, Misioetako eta Turismoko zaindaria baita. Eta hantxe jarraitzen du zutik gotorleku hunkigarriak, bere lubanarroarekin, zubi altxagarriarekin eta dorreekin. Kristoren dorrean, Kristo irribarretsuaren tailu gotikoa dagoen kapera dago. Pintura barroko batzuen azpian zeuden pintura gotiko batzuez inguratuta dago, eta zinez enigmatikoa da. Heriotzaren dantza adierazten dute pinturek, eta haren eszena bakarra de Espainian. Gainera, santuaren bizitza azaltzen duten dioramen erakusketa ikusi ahal izango duzu, baita arte-lanak eta gazteluaren maketa dituen museo interesgarria ere.

vista del Castillo de Javier

Leireko monasterioa, Xabierretik 8 kilometrora, izen bereko mendilerroan dago, eta, goitik, Esako urtegiaren ikuspegi zoragarriak daude. Nafarroako errege-erreginen hondakinak daude Erdi Aroko zenobio beneditar eder horretan. Ikusi eliza, Speciosa atea, kripta erromanikoa...  Eta gozatu bertan bizi diren monjeen kantu gregoriano harrigarriez. Esperientzia paregabea!


​​​​​​​Ingurua ezagutzen jarraitu aurretik, monasterioko kafetegian indarberritu zaitezke, leihate handietatik urtegiaren ikuspegiez gozatu bitartean.

Vista del monasterio de Leyre

Ondoren, Zangozara joatea proposatzen dizugu. Andre Maria Erregina elizaren portada erromaniko bikaina ezagutuko duzu. Harritzekoa da ikustea nola moldatzen ziren garai hartan irakaskuntza biblikoak eta elezaharrak eskulturaren bidez azaltzeko.

Familia observando la fachada de la iglesia

Eta, kontrapuntu natural gisa, miretsi Irunberriko eta Arbaiungo arroilen edertasuna. Arbaiungoak 400 metrotik gorako altuerako pareta bertikalak ditu, eta Isuko begiratokitik hauteman ahalko duzu hobekien, bete-betean ikusten baita handik ebakidura. Irunberrikoa ezagutzeko, aldiz, egizu arroila zeharkatzen duen bide berdea: ibilbide laburra, erraza eta irisgarria da. Txundituta geratuko zara bi arroiletan habia duten putreen tamainarekin. Hamaika argazki eder egiteko parada ezin hobea da! Egunak asko eman du baina...

Vista de la foz de Lumbier

Bukatzeko

Iruñerako bisita osatzeko kontuan har ditzakezun aukera batzuk kontatu dizkizugu. Edo Nafarroa pixka bat gehiago ezagutzeko ere, hiriburuan egona bazara jada. Baina lurralde honek abentura eta toki gehiago eskaintzen ditu bizitzeko eta ezagutzeko.

Bisitatu ezinbestekoen orria, Nafarroa osoan zehar egin daitezkeen mendi-ibiliak eta zikloturismoa egiteko aukerak, eta hautatu Pilareko zubirako ostatua.

​​​​​​​Espero dugu irribarre-irribarretsu itzuliko zarela Nafarroan emango dituzun egun hauetatik!

Tag-en hodeia: