Estella-Lizarra

Estella-Lizarra

Leku zoragarri balio kultural handiarekin.

Estella en blanco y negro desde el cielo

Lizarra, Donejakue bidearen Erdi Aroko izarra

Lizarrak, armarrian, zortzi puntako izarra du. Nork jakin erromesak gidatzen zituen Esne Bideko izar hura bera ote den.

Izan ere, Donejakueren giroa sentitzen da edonon; erromesak, ikurrak, zubiak, elizak eta jauregiak alde guztietatik. Beharbada horregatik esaten diote "Iparraldeko Toledo". Gainera, hango juderiak hiri osoa inguratzen du eta, garrantziari dagokionez, hirugarrena izan zen Tuterako eta Iruñeko aljamen atzetik. Hori dela eta, Lizarra ere Espainiako Juderien Sarean (hau da, Sefaradeko Bidean) dago.

Gogoan izan erromanikoaren hiru maisulan hauek: Nafarroako errege-erreginen jauregia, Ruako San Pedroko klaustroa eta San Migel elizako portada.

  • Ruako San Pedro eliza

    Hiria azpian duen gainalde batean kokaturik, tenplu horrek XIII. mendeko elizpe eder bat du, arabiarren eraginpeko hirusta-arkuak dituena, baita  apaingarri ugari eta egundoko dorre bat ere. Barnealdean, besteak beste, hiriaren zaindaria den San Andresen kapera eta XII. mendeko klaustro bat daude. Klaustro hori Nafarroako erromanikoaren aberastasun eskultoriko handiena agertzen duten multzoetako bat da.

    Eta jarri arreta handia klaustro horretako hormarteetako bateko kapritxo apartan, zeina El Burgo de Osman eta Santo Domingo de Silosen ere agertzen baita: elkarri lotzen zaizkion lau zutabe bihurrikatuak, erdiguneko arkuteria sostengatzen dutenak.

    Zatoz Ruako San Pedro elizara
  • Nafarroako errege-erreginen jauregia

    San Martin plaza politean, Nafarroako errege-erreginen jauregia dago. Nafarroako erromaniko zibilaren erakusgarri bakanetako bat da, eta monumentu nazional deklaratu zuten 1931n.

    XII. mendekoa da, eta fatxada ederra eta orekatua du, hiru ataletan egituratzen dena. Behealdean arku erdizirkular sendoen galeria dago; goialdean, aldiz, leihate handiak, lau arkupe txikik, kapiteldun zutabe meheetan sostengatzen direnek, banatuak. Horrez gain, bi dorre ikusiko dituzu, eta muturretako zutabeetan historiaren berri ematen duten bi kapitel daude; horietako batek Erroldanen eta Ferragut erraldoiaren arteko borroka kontatzen digu. Altxor horrek bidean geldialdi bat egitea merezi du.

    1975ean zaharberritu ondoren, jauregia Gustavo de Maeztu margolariaren museoaren egoitza bihurtu zen.

    Jauregia eta museoa ezagutu nahi ditut
  • San Migel eliza

    Ega ibaiaren ezkerraldean dago, San Migel auzoan, hain zuzen. Auzo hori XII. mendearen bigarren erdian sortu zen, eta, bertan, frankoak eta nafarrak bizi izan ziren elkarrekin.

    Nabarmentzen da bere iparraldeko portada, erromaniko berantiarraren multzo eskultoriko adierazgarrienetako bat du eta. Tinpanoan Kristo maiestatikoa dago, eta inguruan lau ebanjelarien ikurrak, Andre Maria eta San Joan, azken judizioaren unean bitartekari arituko direnak. 

    Eraikinaren kanpoko itxura ikaragarria da: bolumen kontrajarriak ditu, adibidez, buruko dorre barrokokoak eta nabearen behealdean dagoen harri izugarria.

    San Migel elizaren gaineko informazio gehiago
  • Eta eliza guzti-guztiak ikusi nahi badituzu,

    Ez utzi hauek guztiak ikusi gabe: Hilobi Santuaren elizako XIV. mendeko portada, San Joan Bataiatzailea elizako ateak, Santa María Jus del Castillo eliza, Erromanikoaren eta Donejakue Bidearen interpretazio-zentroa dena egun, eta Puyko Andre Maria basilika, zeina hiriaren zaindaria baita.

    Lizarrak artea du erruz.

  • Karlismoaren Museoa bisitatu nahi dut

    Ibili karriketan barna lasai, eta hamaika jauregitxo eder eta etxetzar topatuko dituzu: Egiatarren jauregia (XVI) –egungo liburutegiaren egoitza–, Ruiz de Aldatarren etxe dotorea (XVII), Fray Diego etxea –hiriko kultur etxea–, Gobernadorearen jauregia (XVII) –Karlismoaren egungo Museoa–, eta Donejakue bideko dendetara eta ostatuetara sartzeko hainbat arku gotiko zahar.

    Kale Nagusira hurbiltzean, armarridun eraikinak eta XVIII. mendeko jauregi barrokoa (kaleko 41 zenbakian)  bisitatu behar dituzu.  Halaber, Geltokiaren eraikina (1927) ikusi behar duzu: zabalera estuko trenbidearen geltokia izan zen, eta gaur egun, berriz, autobus geltokia.

    Karlismoaren Museoa bisitatu nahi dut
  • Hiriko berdeguneak.

    Los Llanos parkea, Ega ibaiak eratzen duen meandroan kokatua, hiriaren birika da. Luxua da hango zuhaitzen eta berdeguneen artean paseatzea.

    Zumakeen Bideak ekialdetik iritsi zen zuhaixka horren izena du; udazkenean, aste batzuz, haren kolore gorri bizia ikus daiteke. Ibilbide horrek hiria eta mendia konbinatzen ditu, eta historia handia du. A! Eta ez zaitez joan artisauen eran egindako Rhus garagardoa probatu gabe, zumakea baitu osagai nagusia.

    Eta, azkenik, Vasco Navarro trenaren bide berdea: Lizarra eta Bergara lotzen ditu 123,5 kilometroan zehar. Aukera paregabea da Estellerria eta hango kultura-ondare aberatsa ezagutzeko, bai eta trenaren inguruko ondarea ere.

Ezinbesteko geldialdia Donejakue bidean

Ezinbesteko geldialdia Donejakue bidean

Lizarra "Bideko Hiri” baten adibide bikaina da. Izan ere, bideak sortzen zuen bor-bor komertzialaren eskutik fundatu zen. Horregatik, ez da harritzekoa San Pedro auzoa, hirira sartzean lehena erromesentzat, artisauz, ostatuz eta monumentu zibil eta erlijiosoz bete izana.

Beraz, bidea egiten ari bazara, gure gomendioa da egun bat baino gehiago geratzea. Atseden hartu ez ezik, hiriko gastronomia, kultura eta historia oparoa patxadaz ezagutu ahalko dituzu geldialdi luze horretan.

​​​​​​​Eta laster antzemango duzu oraindik kaleak blaitzen dituen giro onak kutsatu zaizula

Donejakue bidea egin nahi dut

Eta gastronomiak zer eskaintzen digu?

Menua kantatuko dizugu: sasoiko barazkiak, potxak, garbantzuak, boilurra, ajoarrieroa, arkumea txilindron erara eta txerrikume errea. Eta ohiko postreak aukeran: alpargatak (hostorezko pastelak), Puyko arrokak (hur eta txokolatezkoak), Santiago tarta, santxikoak (bonboi beteak) eta, amaitzeko, Idiazabal jatorri-deitura duen gazta gozo bat. 

Eta ez ahaztu ardo bikainen lurraldean gaudela. Hori dela eta, nahi baduzu, hurbileko upeltegietako bat bisitatzen ahalko duzu.

Txerrikumea entsaladarekin

Ikusi nahi duzu Lizarrak eskaintzen dizun guztia?

Mugitu hirian barna planoa ikusiz.

Agenda Lizarran

Planak Lizarran

Beste zenbait proposamen Lizarrako bidaia osatzeko