Berdin da nolakoa den zure familia, zenbat pertsona zareten eta zer adinetakoak: Nafarroako naturak eta instalazioek denetariko aukerak eskaintzen dituzte.
Jarduerak naturan, haize freskoa hartzeko eta aparteko animaliak eta landareak ezagutzeko; bisita kulturalak, ikuspegiak zabaltzeko; aisialdi alternatiboa, nork bere buruari erronka botatzeko eta Erresumako enigma ilunenak argitzeko…
Zenbat gauza deskubritzeko!
Ez dezagula denbora gal: segi irakurtzen eta Nafarroan familia osoarekin esperientzia gogoangarriak nola izan azalduko dizugu.
Hara zer duzuen zain Nafarroan
-
Kirola eta jarduerak naturan
Kirola eta jarduerak naturan
-
Esperientzia kultural ugari, noiznahi txundituta gelditzeko modukoak.
Esperientzia kultural ugari, noiznahi txundituta gelditzeko modukoak.
-
Abentura-parkeak, haurrak beren kaxa jolastu daitezen.
Abentura-parkeak, haurrak beren kaxa jolastu daitezen.
Nafarroako abentura-parkeak
Ezin amaituzko irriak naturaren soinu leunen gainetik: horixe entzunen duzu umeteria Erresumako abentura-parkeetako batera eramaten baduzu.
Parke horietan ongi uztartzen dira familia eta natura. Ezagunena Sendaviva da, baina ez da bakarra. Hona gure proposamenak:
-
Sendaviva
Errege Bardean dago. Hogeita hamar abentura-jarduera baino gehiago eskaintzen ditu familia osoarentzat.
Gainera, aukera paregabea ematen du 200 animalia-espezie baino gehiago ikusteko: tigreak, hartzak eta kanguruak, besteak beste. Horrez gainera, ikuskizunak ere eskaintzen ditu: antzerkia, hegazti harraparien erakustaldiak eta zirkutxoa.
Beraz, ez zarete geldirik egonen.
Sendavivaren web orria -
Irrisarri Land
Abentura eta opor zentro hau Igantzin dago. Denetarik du.
Hiru ostatu-mota daude: aterpetxea, hotela eta, zerbait berezia nahi izatera, luxuzko etxolak. Gosea berdindu behar denerako, bi jatetxe daude: bata autore-sukaldaritzakoa da eta bestea informalagoa. Jardueretara etorrita, ezin ditugu denak aipatu; beraz, batzuk hautatu ditugu: ibilbide tematikoa, arborismoa, tirolina erraldoiak, zubi tibetarra, pendulua, laser tag-a eta pump track zirkuitua. Esan bezala, denetarik dago.
Irrisarri Land-en web orria -
Bertiz Abentura Park
Parke honek bi jarduera oso desberdin eskaintzen ditu.
Bata arborismoa da, hau da, zuhaitzen artean ibiltzea gurpilez, sokez eta tirolinez baliatuz.
Bestea paintballa da, hots, elkarri koloreak jaurtiz borrokatzea, minik egin gabe. Ekipamenduak eta margoak direla eta, ez duzue ezagutuko zuen burua!
Web Bertiz Abentura Park -
Baztan Abentura Park
Elizondo inguruan dago.
Bi tirolina-zirkuitu daude —bata nagusiendako eta bestea haurrendako— eta ur-parke naturala. Gainera, zenbait jarduera egin daitezke: eskalada via ferratetan eta megapendulua, mutil eta neska koskor ausartentzat.
Web Baztan Abentura Park
Familientzako ostatuak
Zure familia halakoa edo holakoa izan, Erresuman badago gogoan duzunarekin bat datorren ostatua. Hara:
-
Landetxeak
Talde txikiak zein handiak hartzen dituzte; batzuetan nekazaritza-turismoko jarduerak eskaintzen dituzte.
-
Aterpetxeak
Egokiak abentura pitin bat nahi duten familia aktiboentzat.
-
Kanpinak
Etxetik kanpo bizitzea atsegin dutenentzako aukerarik gogokoena.
-
Apartamentu turistikoak
Hotelen xarmaren eta etxeko erosotasunen arteko konbinazio perfektua.
-
Ostatu bereziak
Zuhaitzen adaburuetan, leizeetan edo mortuaren erdian lo egin nahi dutenentzat.
Kultura familia osoarendako
Familiako haurrek asko dute ikasteko Nafarroan. Zer egon liteke hoberik denok batera ongi pasatu bitartean ikastea baino? Hona hemen plan batzuk aukeran:
-
Erresumako gazteluen ibilbidea Artaxoako harresia, Xabierko gaztelua eta Erriberriko gaztelua nahitaez ikusi behar dira Nafarroara etorriz gero. Utzi haurrei lasai ibiltzen gora eta behera; sar daitezela gela guztietan eta igo daitezela dorreetara.
-
Bisita antzeztuak: urtean zehar hainbat monumentutan zenbait enpresak bisitak eskaintzen dituzte pertsonaia historikoen eskutik; Nafarroako historia josteta-giroan ikasteko modu atsegina da. Haurrek arreta handiarekin eginen diote kasu!
-
Mende luzez iraun duten herri politen karriketan zehar ibil zaitezkete: Otsagabia, Amaiur, Lizarra, Erriberri, Gares edo Uxue. Haurrentzat zirraragarriak izanen dira ezagutuko dituzten landa-herrietako sekretuak.
-
Eta bisitatu itzazue museoak, asko baitaude Nafarroa osoan: Sorginen Museoa (Zugarramurdi), Harriaren Museoa (Leitza) edo Eztiaren Museoa (Ultzama), batzuk aipatzearren.
-
Bestela, Donejakue Bideko tarteren bat egin dezakezue; horrela Nafarroan —eta Nafarroatik kanpo— dagoen ondarearen berri ikasiko dute.
-
Halaber, nafarren nortasuna eta tradizioak ezagutzen ahal dituzue, esaterako nor den Olentzero, zer diren herri kirolak edo nola funtzionatzen zuten errotek.
Natura harrigarria
Nafarroako naturaguneak kontu handiz zaintzen dira. Badakigu ongi babestu behar direla gure altxorrik handienak izan litezkeen ingurune horiek.
Hain dira ugariak haurrendako ditugun planak, non oso zaila baita hain toki txikian denen berri ematea, labur-labur bada ere.
Alabaina, saiatuko gara.
-
Sorgin-leizeak
Leizeetan gizateriaren historiaren aldi batzuen berri ikas dezakegu eta haurrek eskuarki ezin hobeki pasatzen dute bisitetan.
Are gehiago Nafarroan, leize batzuk alegiekin lotuta daude eta.
Ezin zarete joan Nafarroatik honako hauek bisitatu gabe: Zugarramurdiko leizea, Urdazubiko leizeak eta Mendukiloko leizea.
Ezagutu Nafarroako leizeak -
Arroila txundigarriak
Ibaiek arroila ikaragarriak sortu dituzte Nafarroako lurraldean milaka urteko zulatze-lanaren ondorioz.
Bisita ezazue ardura gabe Irunberriko arroila, Iratiko bide berdeak zeharkatzen duena, eta zoazte Isuko mendatera Arbaiungo arroilaren ikuspegi ederra gozatzera. Oso hurbil daude eta erreserba naturalak dira biak.
Burgikoa, Benasakoa eta Mintxatekoa ere ikusteko modukoak dira.
Informazio gehiago Nafarroako arroilez -
Denentzako moduko bidezidorrak
Bide berdeak hauta ditzakezue eta trenbide zahar batetik ibili edo, bestela, haritz handiko oihan sarriak zeharkatu, esaterako Orgiko oihana, Jauntsarasko oihana edo Etxarri Aranazko harizti zaharra.
Beste bidezidor batzuek ura protagonista den tokietara eramanen zaituztete, esatera baterako Urederraren iturburura, Xorroxingo ur-jauzira edo Leurtzako urtegietara. Gainera, bidezidor tematikoak daude: Artaxoako trikuharrien bidea, Pottokaren bidea, Burgiko lanbideen bidea edo Aurizko gerrako bunkerren bidea.
Hautatzen duzuena hautatzen duzuela, natura oparoa izanen duzue bidelagun: Nafarroako animalia eta landare autoktonoak.
-
Izaki mitologikoak bazter zoragarrietan
Pagadi batean zehar ibili, errekastoen gainetik jauzi egin, makilak, harri eta orri politak bildu... eta hori guztia egiten duzuen artean inguruko animalien hotsak entzun. Itxura ona du, ezta?
Bada, hori guztia egin dezakezu familian honako toki hauetan: Iratiko oihana, Bertizko Jaurerriko parke naturala, Urbasa-Andia parke naturala, Kintoko oihana eta Aralarko mendilerroa.
Baduzu non hauta.
Eta ingurune horiek hobeki ezagutu nahi badituzu, aldi berean dibertsioa baztertu gabe, zoaz Bertizko, Otsagabiko, Erronkariko eta Irunberriko interpretazio-zentroetara.
-
Ilargi-azalaren eiteko mortuak
Errege Bardea ezusteko harrigarria da. Batez ere kontuan hartuta Penintsularen iparrean dagoela, ematen baitu Afrikako mortua dela edo ilargia bera.
Ikusi beharrekoak dira Castildetierra eta Piskerrako formazioak; gainera, astirik baduzue, luzatu bisita eta gozatu ilunabarreko koloreak eta isiltasuna. Ingurune berezi hau gogoan iltzatuta geldituko zaie haurrei, Nafarroako bazter ikusgarrienetakoa baita.
Dena Bardeari buruz
Egun bat baserrian
Imajinatzen dituzu haurrak pittika bati biberoia ematen edo oiloei artoa eskutik mokoka hartzen uzten? Badakizu nolako poza hartuko duten beren kabuz gazta egiten badute edo letxugak baratzetik batzen badituzte?
Beti esan izan da jakiteak ez duela kalterik egiten. Bada, Nafarroako baserri-eskoletan zuk eta zure familiak liburuetan ageri ez diren gauza asko ikasiko dituzue.
Erabat murgilduko zarete baserri-munduan.
-
Ultzamako baserri-eskola orrialdera joan (leiho berria ireki)
Ultzamako baserri-eskola
-
Basabere baserri-eskola orrialdera joan (leiho berria ireki)
Basabere baserri-eskola
-
Xuberoa baserri-eskola orrialdera joan (leiho berria ireki)
Xuberoa baserri-eskola
-
Haritz Berri baserri-eskola orrialdera joan (leiho berria ireki)
Haritz Berri baserri-eskola
Hiriko turismoa familian
Inolako zalantzarik gabe esan diezazukegu Nafarroa oso segurua dela familia-bisitak egiteko.
Eta oso dibertigarria ere bai, jakina!
Izan ere, Nafarroako herriguneak txikiak dira, ez da sortzen hiri handietako zalaparta eta haurrentzako plan ugari egoten dira.
-
Iruña haurrekin
Zer da ezinbestekoa?
Lehenbizi, entzierroaren ibilbidea egitea eta zezen-plaza bisitatzea. Gero, Argako pasealekua eta ibilbidea harresietatik eta lorategietatik; lorategietan oreinak, antzarak eta paumak bizi dira, besteak beste. Eta kuxkuxeroenentzat Planetarioa, Yamaguchi lorategi japoniarrean dagoena. Seguru gustatuko zaizuela.
Beste plan ona bat Haurrendako Katedrala ezagutzea izan daiteke edo ikuskizun bat gozatzea hiriko agertoki kulturaletako batean (urte osoan eskaintzen dute programazioa).
-
Tutera haurrekin
Harritu eginen zaituzte...
Lehenbizi, zergatik ez duzue zerbait hartzen Foruen Plaza koloretsuan bertako giroan sartzeko? Handik Avant Garde ibilbideak egiten ahal dituzue, hau da, hirigune historikoan zehar ibili ahala hormetan jarrita dauden artelan handiak ikus ditzakezue.
Horren ondoren pasealdia eginez Santa Barbara muinoko begiratokira joan zaitezkete (historia luzea du eta ikuspegiak izugarriak dira), Monreal dorrea bisitatu dezakezue, bertako Ganbera Iluna ahaztu gabe, eta azkenik hiriko harribitxia bisitatu dezakezue, katedrala.
Gastronomia
Nafarroan haurrek ez dizute botako zorioneko hau ez zait gustatzen esamolde ezaguna. Kasu plater hauei, asko gustatuko zaizkie eta: txistor pintxoak eta fritoak, txuletoiak —neurrikoak, noski— eta artzainen-apurrak. Eta postrerako, ezinbestean dastatu behar dira gatzatua eta kremazko tututxoak... mmmmmm
Familiarekin egin dezakezun guztia
Interesekoartikuluak
Txikiekin egiteko 9 bidexka ezin hobe Nafarroan
Ezagutu Nafarroa Overtrails Adventure erronkaren eskutik!
5 IDEIA NAFARROAN ASTE SANTURAKO
Bisitatu beharreko 10 gaztelu eta gotorleku, Erdi Aroko Nafarroa ezagutzeko
5 ideia Bardeaz udaberrian gozatzeko
Txangoa Nafarroan: Ubagua ibaiaren arroila
Bidexka tematiko ederra Iratiko oihanean, Kuboko ur-jauzitik igarota
10 plan bereziki original udazken ikusgarri bat igarotzeko Nafarroan
Nafarroako ur-jauzirik politenak
Gozatu Iruñeko jai Erdi Arokoenaz
MAHATS-BILKETAREN FESTA ZAIN DUZU ERRIBERRIN
Halloweneko enigmak eta misterioa Nafarroan
UDA HONETARAKO PLANAK ERRONKARIBARREN
IGERILEKU NATURALAK NAFARROAN
Ezagutu Portupekolezeko arkua Urbasa-Andia parke naturalean
Noiz etorriko zarete?
Hara zer egin dezakezun urtaro bakoitzean
-
Negua orrialdera joan
Negua
Neguko egun hotzetan, etxean gozo-gozo gelditzeko gogoa nagusitzen denean, ez dago hoberik eltzekaria baino.
-
Udaberria orrialdera joan
Udaberria
Urtaro koloretsu hau ibilbideen, gastronomiaren eta naturaren garaia da.
-
Uda orrialdera joan
Uda
Urteko hilabete beroenetan amalurra eta aire zabaleko jarduerak izaten dira nagusi.
-
Larrazkena orrialdera joan
Larrazkena
Nafarroako naturagune batzuetan ñabardura bereziak izaten dira urtaro atsegin honetan.