2025.01.20
7 leku zoragarri Nafarroan bisitatzeko
Lurralde anitza da Nafarroa paisaia, kultura eta gastronomian, hain anitza ezen pentsaezina baitirudi hain lurralde txikiak hainbeste eskaintzea. Horregatik, bisitatzen duzunean, etengabe utziko zaitu zur eta lur. Egun batzuk pasatzera datorrena itzultzeko gogoz geratzen da. Bisitatu beharreko tokien zerrendan baduzu oraindik Nafarroa, ezinbesteko 7 leku aukeratu ditugu, milaka urteko historia, tradizio sakona eta benetako sustraiak dituen lurralde honen mendean erortzen hasteko.
1. Urederra ibaiaren iturburuak hitzik gabe utziko zaitu
Ur turkesen ibai baten lilura sentitu nahi baduzu, Nafarroara etorri behar duzu! Izena, izana. Edertasun handi-handiko leku horretara iristeko, Bakedao herrira joan behar da. Handik, 6 kilometro inguruko bidezidor erraz bat, joan eta etorri, abiatzen da. 90 metroko desnibela du.
Hori bai, erreserba egin beharko duzu lehenik haren webgune ofizialean, mugatuta baitago bisitari-kopurua.
- Informazio gehiago Urederraren iturburuari buruz.
- Kontsultatu hemen Urederratik hurbil, hau da, Estellerrian, ikus eta egin dezakezun guztia.

2. Iratiko oihana, Nafarroako Pirinioetako baso itzela
Baso-bainu bat hartu behar baduzu, aldiz, ezin aproposagoa da leku hau zu murgildu eta berritzeko. Pagadi-izeidi itzela da, 17.000 hektareatik gorakoa, Europako handienetako eta ongien kontserbatuenetako bat. Mendi-ibiliak egiteko aukera ugari ere eskaintzen ditu, zailtasun-maila guztietakoak.
- Dena Iratiko oihanari buruz: haranak eta herriak, sarbideak, bidexkak, non jan eta lo egin, eta antolatutako jarduerarik onenak.
- Eta egin klik hemen Nafarroako Pirinioetako beste eskualde batzuk esploratzen jarraitu nahi baduzu.

3. Errege Bardea, edertasun handiko paisaia desertikoa
Ba al zenekien Nafarroan basamortu bat dagoela Pirinioetatik 70 kilometrora baino ez? Bai, horixe. Gainera, telesail, film edo publizitate-iragarkiren batean ikusi duzu, ziur. Errege Bardea da, Parke Naturala eta Biosfera Erreserba, forma geologiko magikoz beteriko tokia. Beste mundu batean sentituko zara han. Isiltasuna —edo haizearen txistua— baino ez dagoen txokoak aurkituko dituzu.
- Hona hemen desertu hori aurkitzeko jakin behar duzun guztia.
- Kontsultatu hemen Errege Bardean antolatutako jarduerak.
- Eta begiratu hemen eskualde honetan ikus eta egin dezakezun guztia, hau da, Nafarroako Erriberan.

4. Erriberrik ipuin bat merezi du
Jarraitzeko, Nafarroako Erresuma zaharreko toki garrantzitsuenetako bat aurkeztuko dugu: Erriberri.
Hango gaztelu-jauregia Nafarroako errege-erreginen bizilekua izan zen. Gaur egun, kontinenteko alkazar gotiko interesgarrienetako bat da, eta Nafarroan bisitatu daitekeen lekurik erakargarrienetako bat. Egin argazkia, eta erakutsi harro-harro sare sozialetan.
Ardoaren munduarekin duen lotura historikoak ere ospea eman dio Erriberriri. Beraz, ez egin zalantzarik, eta bisitatu bertako upategiren bat.
- Dena Erriberriri buruz.
- Enoturismoko planak Erriberrin eta inguruetan.
- Kontsultatu hemen Nafarroako Erdialdean ikus eta egin dezakezun guztia.

5. Zugarramurdi eta sorginak
Paisaia idiliko batean, non behiak larre belartsuetan bazkatzen baitira, Frantziatik oso hurbil, Baztan bailararen iparraldean, Zugarramurdi dago: «sorginen herri» ospetsua. Nafarroako iparraldeko arkitektura tradizionaleko etxetzar ederrek osatzen dute herria. Hiri-egitura, bestetik, Pirinioei berezkoa zaiona da, Jasokundea elizak babesten duela. Dena den, leizeek, zinez hunkigarriak, ematen diote ospea tokiari. Garaiko akelarreak nolakoak ziren irudikatu ahalko dituzu haietan. Hango jendearen iraganari buruz gehiago jakin nahi baduzu, zatoz Sorginen Museora.
- Dena Zugarramurdiko eta Nafarroako beste kobazulo batzuei buruz.
- Begiratu hemen Zugarramurditik hurbil ikus eta egin dezakezun guztia, hau da, Baztan-Bidasoan.

6. Irunberriko arroila itzela, bide berde batetik irisgarri
Irati ibaiak eta denboraren joanak labar ikusgarriak zizelkatu dituzte: arranoen, sai arreen eta beste hegazti askoren bizilekua dira gaur egun. Hartu prismatikoak, so egin eta gozatu. Oso erraza da erreserba natural hori zeharkatzea. Antzinako trenbidearen trazadurari jarraitu besterik ez duzu. Bide berdea da egun. Horregatik, jende guztiek egin dezakete bidea, eta ezin hobea da txikiekin ere egiteko.
- Informazio gehiago Irunberriko arroilari buruz.
- Kontsultatu web-orri hau Irunberriko arroilatik hurbil ikus eta egin dezakezun guztia, hau da, Zangozerrian eta Pirinioaurrean.

7. Baztan, berdea protagonista
Imajinatu hemen zaudela: landa-ingurune lasaia, muino berde leunak, behiak larre belartsuetan bazkatzen, ur gardeneko errekak eta harrizko baserriak, mendeetako historia dutenak, balkoiak eta leihoak lore koloretsuz beteak. Bada, leku hori existitzen da, eta urteko edozein garaitan goza dezakezu. Baztan da, non herri kutunak, leku historikoak, hala nola Amaiurko gaztelua, eta ur-jauzi ikusgarriak, Xorroxingoa kasu, ikusi ahalko baitituzu.
- Ezagu ezazu dena kondairazko bailara horri buruz.
- Azter itzazu plan guztiak Baztanen eta inguruetan.
- Eta egin klik hemen Baztan eta Bidasoa esploratzen jarraitu nahi baduzu.

Nafarroako hainbat lekuren bilduma baino ez da hau. Zur eta lur utziko zaituzte guztiek, eta oroitzapen atseginak utziko dituzte zuengan. Beraz, atseden-egun batzuk badituzu, kontuan hartu eskaintzeko asko duen lurralde anitz batean barna bidaiatzeko aukera hau. Zure zain gaude!