2026.02.03

Nafarroako agotak: Baztango baztertuen misterioa

Herri madarikatua? Kasta baztertua? Belarri-gingil gabeak? Agotak ez ziren talde erlijioso edo etniko jakin bat, eta ez zuten ezaugarri fisiko bereizgarririk ere. Jende marjinatuak ziren, eta egungo Pirinio Atlantikoetan, Iparraldean zein Bearnon, eta Aragoiko eta Nafarroako Pirinioetan, Erronkaribarren eta, batez ere, Baztanen bizi izan ziren, XII. mendetik XX.era. Agoten historia liluragarria bezain misteriotsua da. Ezagutu nahi?

Blog

Nortzuk ziren agotak? Mendetako bazterkeria baten jatorria eta historia

Erabat ezezaguna da herri misteriotsu horren inguruko guztia: jatorria, betidanik pairatutako diskriminazioaren zergatia eta izena bera.  Gaztelaniaz “agotes” esaten zieten, eta okzitaniera bearnesez, “cagots” (zakur godoak).  “Godoen ehiztariak” edo “ahoko eritasun batengatik konfinatuak” esanahia ere hartu zuen hitzak. Argi dago, beraz, irain gisa erabiltzen zela agot hitza.

Jatorriaren misterioa: atzerritarrak, legenardunak edo heretikoen ondorengoak?

Okzitaniarrak jatorriz, teoria batzuek diote armadaren batetik desertatu eta mendebaldeko Pirinioetan babesa hartutako godoen ondorengoak izan zirela. Halaber, dinastia karolingioak Frantziako hegoaldean garaitutako talde musulmanekin lotzen dituzte (kristautasunera aldatu zirelako irten ziren bizirik). Iturri batzuek uste dute gaizkile iheslariak izan zirela, muga gurutzatu aurretik legenardunentzako ospitaleetan ezkutatu zirenak justiziatik ihes egiteko, eta beste batzuek, aldiz, erlijio minoritarioekin lotu eta hieratiko izatea leporatzen diete.

Vista aérea del pueblo de Arizkun

Oztopo sozial eta arkitektonikoak: noiz eta zergatik baztertu zituzten

Izan jatorriz atzerritarrak zirelako, izan legenar beldurgarriarekin izan zuten harremanagatik, izan disidente erlijiosoak zirelako, haiekiko bazterkeria sortu zen, agot ez zirenen artean ere betikotu zena mota guztietako debekuen bidez. Helburua zen ustezko desberdintasun bikoitza agerian uztea: zibila (legenar fisikoa) eta erlijiosoa (legenar espirituala).

Ikuspuntu sozialetik, kapareen lurraldea zen Baztan. Noblezia eta bere eskubideak heredatu egiten ziren.  Era berean, agot zenak “ez berdin” izatearen eta “eskubideak ez” izatearen egoera heredatzen zuen. Agot nafarrak ghettotan bizi ziren, herri nagusietatik kanpo.  Agotak zirela erraz antzemateko moduan jantzi behar zuten (antzara edo ahate baten oinatz gorri baten bordatua bizkarrean), eta jendeak kanpaitxo bat jotzen zuen igarotzen zirenean, jendea alden zedin.    Gizon agot bat emakume agot batekin baino ezin zen ezkondu, eta endogamia horrek haien isolamendua indartzen zuen. Debeku zuten jaietan dantzatu, iturri publikoetan edan eta oinutsik ibiltzea, zapaltzen zuten tokian ez omen baitzen belarra berriro hazten.

Ikuspuntu erlijiosotik, agotek ate berezi batetik sartu behar zuten Nafarroako elizetan. Agoten Athea zen, nagusia baino estuagoa eta baxuagoa, hain baxua ezen makurtuta sartu behar baitzuten.   Mezan, hondoan jarri behar zuten, aldaretik urruti. Arizkungo elizan burdin sare eta guzti jarri zuten, beren eremua mugatzeko. Beren ofrendak aparte jasotzen ziren, eta makil batean iltzatuta zegoela hartzen zuten komunioa.  Beste pote batean bataiatzen zituzten, gainera, eta ezin zituzten apaiz ordenatu. Hiltzen zirenean, hilerriko bedeinkatu gabeko eremu txiki batean lurperatzen zituzten. “Agot, ijito, judu, aberrigabe eta bizimodu alaiko andereñoentzat” zegoen erreserbatuta eremu hori.

Calle de un pueblo con casas típicas del Baztan

Baztango agoten egunerokoa eta ogibideak

Nafarroako agotek ez zuten lursailak izateko eskubiderik, ez eta abereak hazi edo baratza landu ere.   Merkatuetan, debeku zuten fruta ukitzea, usteldu omen baitzen ukitzen zutenean. Beren eskuek, ordea, bai lan zezaketen harria, burdina eta zura, materia horiek ez baitzuten gaixotasunik kutsatzen.  Hartara, emakume asko ehule eta iruleak izan ziren, eta gizonak, igeltseroak, harginak, arotzak eta zurgin apartak.  Artisau-lanetan gailendu ziren, baita eraikuntza-lanetan ere (Donejakue Bideak gorakada handia eragin zuen eraikuntzan). Izan ere,  Nafarroan dauden bost bideetako bat Baztanen barna doa… Halabeharrak ekarriko zituen haraino?

Musika eta poesiarako arima zutela zioten, eta serio lan egiten zutela.  Aise irudika ditzakegu, zokoratuta, beren zereginetan buru-belarri, zehatz-mehatz, beren abilezia garatuz eta sorkuntza erakutsiz.  Ogibide horiek ospe handia eman zieten Erdi Aroko gremioetan.   Lana, eta duintasuna.

Bozateko agot baten semea, Eleuterio Tadeo Amorena artisautza arduratsu horren erreferentea da. 1860an,  Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako errege-erreginen lau bikoteak sortu zituen, baita, ziur aski, bi zaldiko eta Barbas eta Coletas kilikiak ere. Badakizu nortzuk diren, ez? Ba, bai, sanferminetan segizioan ateratzen diren haiek, hiriko tradizio eta ekitaldi kutunetako bat.

peregrina miranda un pueblo de Baztan

Agoten bidea: non dagoen beren legatua Nafarroan

Nafarroako hogeita hamar herritan baino gehiagotan bizi izan ziren agotak, batez ere Baztanen:  Arizkun, Elizondo, Irurita, Elbete … Pagadi, gaztainadi eta harizti hostotsuz inguraturik, tradizio eta kondairen lurraldea da Baztan. Haietako batek dio agotek, zuhaitz bat zuretarako moztu aurretik, barkamena eskatu eta besarkatu egiten zutela bere energia jasotzeko.  Legenda, edo ez.  Baztanera bazatoz, utzi magiak blai zaitzan!

Plaza del pueblo de Irurita

Arizkun: agoten kokaleku nagusia

Nafarroako agoten eremu nagusia Bozate auzoa da, Arizkunen. Jasota dago XIII. mendeko erdialdetik zeudela han agotak. Eliza katolikotik ihesi iritsi ziren. Izan ere, heretiko jotzen zituen, Katarismoa besarkatu baitzuten, hots, Okzitanian hedatzen ari zen mugimendu erlijiosoa.   

Urtsuako jaunaren babesean ezarri ziren agotak Arizkunen. Noble feudal horrek botere handia zuen eskualdean.  Berarentzat lan egien zuten, eta bere babesa jaso zuten. XVII. mendean, Baztango “pertsona normaltzat jo behar zituztela agotak” aldarrikatu zuen Gaztelako eta Aragoiko Gorteen aurrean.

Nola eta noiz amaitu zen agotekiko bereizkeria?

Teorian, XVI. mendean, aita santuaren bulda batek murrizketa erlijiosoetatik aske utzi zituen agotak. Praktikan, aldiz, Urtsuako jaunaren aldarrikapena gorabehera, XIX. mendera arte itxaron behar izan zen Nafarroako Gorteek agoten bereizkeria amaitzeko legeak onartu arte. Eta Bozaten are gehiago itxaro behar izan zen. Arizkungo elizaren Agoten Athea 1954an hormatu zuten, eta hilerria tokiz aldatu zen.  Bi gertakari horiek dira mendetako bereizkeria horren eta agotak desberdintzeko beharraren amaiera Nafarroan.

Agoten historia eta kolektiboak pairatu zituen aurreiritzi historikoak gure lurraldeko harrigarrienetako bat dira, baina askoz gehiago ditugu.  Ezagutu nahi?

Tag-en hodeia: