2022.06.07
Naturan txertatutako ostatu bereziak
Zuhaitz gaineko etxolak, koba-etxeak, burbuilak basamortuan, yurtak edo ijitoen gurdiak dira Nafarroak eskaintzen dizkizun ostatu bitxietako batzuk.
BlogNafarroak zerbait badu, ingurune aberatsa eta askotarikoa da. Babestutako lurralde natural bat, turistek mila modutan goza dezaketena. Nafarroa bisitatzen dutenek mendi-ibiliak, bizikleta-ibilbideak, bisita gidatuak edo kirol-jarduerak egiten dituzte egunez; baina, ilunabarrean, gorputzak atseden hartzeko eskatzen du, eta naturan txertatutako hainbat ostatu berezi iradoki nahi dizkizuegu gaur.
Zuhaitz gaineko etxolak
Imajina ezazu goizean txorien soinuarekin esnatzen zarela, terrazara irteten zarela eta sakon arnasten duzula, gainetik paisaia sinestezin bat ikusten duzun bitartean. Zeruan bezala sentituko zara, benetan, zuhaitz baten adaburuan eraikitako etxola batean zaudelako eta, esperientzia are gehiago hobetzeko, inguruko produktu naturalez beteriko otzara bat ekartzen dizute zuhaitzen artean gosal dezazun. Amets hori posible da:
- Agroturismo Maricruz-en (Hiriberri)
- Casa Maitenea-n (Gares)
- Basoa Suites-en (Lizaso)
- Iratiko Kabiak-en (Orbaitzeta - Iratiko ohiana)

Haitzulo batean lo egitea
Zuhaitz baten adaburutik haitzulo baten sakonerara goaz. Valtierran Bardeako basamortuan, ohiko haitzulo baten barnean lo egiteko esperientzia paregabeaz goza dezakezu. Haitzulo hori egokitzean, bere egitura eta tradizioa errespetatu dira, baina behar dituzun erosotasun guztiak ere baditu. Bardeako haitzuloak ezin hobeak dira bikote, familia edo taldeendako. Benetako oasi bat basamortuan.

Burbuila bat ilargi itxurako paisaia batean
Bardeako basamortutik irten gabe, Aire de Bardenas dugu. Ostatu berezi honek burbuila gardenak eskaintzen ditu, gauez Parke Natural eta Biosfera Erreserba horretako zeru garbia argiztatzen duten milioika izarrez gozatzeko.

Etxola bereziak naturan
Nafarroak ostatu asko ditu landa-ingurunean, etxe bikainak, etxolak eta bungalowak kanpinetan; baina gaur hiru proposamen berezi ekartzen dizkizuegu natura betean.
Lehenengoa Artaza-Urederra Kanpina da. Ingurune natural paregabea da, eta hainbat ostatu mota eskaintzen ditu, laritz zurez eta eskuz eraikitakoak. Etxolak ez ezik, beste ostatu bitxi batzuk ere baditu, hala nola gurdi koloretsuak. Gainera, naturan antolatzen dituen jardueretan parte hartzen ahalko duzu, edo, besterik gabe, Finlandiako spa espazioaz gozatzen.

Irati barnean
Urbasa-Andia Parke Naturaletik Iratira goaz Orbaizetako beste ostatu berezi bat ezagutzeko: “Irati Barnean”, zeinak argi adierazten baitu oihanaren baitan dagoela. Izan ere, ostatu horrek eta bere zurezko iglu dotoreek ahalbidetzen dizute Europako oihan handi eta politenetako baten parte sentitzea.

Basajaun Basoa
Eta luxu handiagoko zerbait bilatzen baduzu, begiratu Irisarri Landeko Basajaun Basoa-ko “Deluxe” etxolei. Egonaldi zoragarria izanen duzu harriz eta zurez egindako 20 etxoletako batean; gainera, etxolek terraza pribatua eta haranaren ikuspegi liluragarriak dituzte. Bestelako ostatua da, abentura-parke oso baten barruan. Parkea ezin hobea da familientzat eta adrenalina askatu eta kirola egin nahi dutenentzat.

Yurta mongoliarra
Bai, bai, ongi irakurri duzu. Ez da beharrezkoa urrutiko Mongoliara bidaiatzea, natura betean bestelako esperientzia batez gozatzeko. Campo de Reyes-en eskaintzen dute ostatu berezi hori Tafallan, ibaira eta mendira begira, baita izarrak kontatzeko sabai ireki bat ere.
Orain badaukazu ideia original pila bat hurrengo txangorako. Aukeratu data, eta bilatu “Planak” atalean Nafarroan egin dezakezun guztia.
