2026.04.14

Nafarroako jaki tipikoak: gutxienez behin probatu beharreko platerak

Nafarroako gastronomia tradizio, lan zintzo eta benetako zaporeekiko begirunearen isla fidela da. Horregatik, menestrak, ajoarrieroak, arkumeak txilindron erara eta mamiak, besteak beste, oraindik ere hunkitzen dituzte probatzen dituztenak, baserri, baratze eta familien sukaldeetan sortu zireneko indar berdinarekin hunkitu ere.

Blog

Nafarroa ahosabaiaren bidez deskubritzen dela esan ohi da. Izan ere, mokadu bakoitzak tradizio bizi bat, paisaia bat islatzen du, baita sukaldaritza ulertzeko modu bat, jatorriari oso lotua.  Mendiak eta ibar berdeak, baratzeak eta harrizko herriak, zaporeek berezko nortasuna gorde dute, produktua eta oroitzapena oinarri.  Hemen, gastronomia mahaitik harago da gozagarri: kultura, topaketa da, egunerokoaren funtsezko zatia. Hartara, ezin utzizko eskapada bat proposatuko dizugu lurralde honetako sukaldaritzaren esentzia ezaugarritzen duten plateretan barrena.  “Hastapen-bidaia” bat gure gastronomiara, lurralde eskuzabal honen nortasuna presarik gabe deskubritu dezazun.  Presta zaitez listua jariatzeko, lurralde honetako altxor kutunetako batzuk ezagutuko dituzu eta: Nafarroako jaki tipikoak, bizitzan gutxienez behin probatu beharrekoak.

Menestra: Nafarroako harrotasun berdea

Menestra Nafarroako gastronomiaren plater ikonikoenetako bat da.  Ez dago parekorik: barazki bakoitza, freskoa eta sasoikoa, bere aldetik prestatzen da, ardura handiz, bakoitzaren nortasunari eusteko, eta, gero, batu egiten dira guztiak, kolore- eta zapore-leherketa bizian, tokiko baratzearen omenaldi. Zainzuriak, orburuak, babak, ilarrak... denak elkarrekin tradizioaren, sasoikotasunaren eta jatorrizko zaporearekiko debozioaren arteko oreka ezin hobea irudikatzen duen errezeta batean. 

Tuteran, barazkiak ikur nagusi dituen Erriberako hiriburuan, ia erlijio bat da menestra jada. Eta handitasunez goraipatzen dute, hemen lurra ondratu egiten dela argi eta garbi erakusten duten jai eta jardunaldien bidez.

fuente de barro con menestra

Ajoarrieroa: antzinako zaporea, oraingo indarra

Nafarroan barna bakailaoa, olioa eta barazkiak eramaten zituzten mandazainak (arrieroak) dira ajoarrieroaren jatorria. Egun, bidaia-izaera hori bere horretan dago. Soila eta oso tradizionala, jakin ahaltsua da, jan aurretik ere sentitzen dena: bakailaoa egun bat baino gehiagoz gezatu, baratxuria, tipula eta piperrak txinpartaka aritu meleka geratzeraino, eta arraina batu. Patata edo arrautza galdarraztatu bat gehituz gero, bankete gozagarri bilakatuko da buztin-kazola batean zerbitzatutako plater xume hori.

Herri bakoitzak bere era badu ere, ajoarrieroak beti eutsi dio esentzia komun bati. Eta Nafarroak harro erakusten du bere pintxoetan edo bere lehiaketa gastronomikoetan, hala nola Lesakako feria tradizionaletan. Nortasun handiko sukaldaritza atsegin baduzu, ezin galduzko bat duzu hemen.

planto de ajoarriero y detrás una copa de vino

Arkumea txilindron erara: denbora eteteko jaki bat

Arkumea emeki-emeki prestatzen denean, txilindronaren magia sortzen da: gisatu abegikorra, nafar peto-petoa. Etxea, negu komuna eta bazkalondo luzea, horiexek ditu platerak zapore nagusi.

Arkume samurra osagai nagusi, piper, tomate, tipula eta baratxuriz egindako nahasketa zukutsu batean egosten uzten da. Sekretu bakarra dago: presarik gabe egitea, haragiak barazkien izaera gozoa eta pixka bat ketua osorik xurga dezan. 

Koilarakada bakoitza bidaia bat da Nafarroaren bihotzera, neguko menuen protagonista. Betiko sukaldaritzarekin berriz elkartzea da, osagai onak baino behar ez dituen artifiziorik gabeko sukaldaritzarekin.

plato de cordero al chilindrón con pimientos rojos

Mamia: baserri-usaindun postrea

Mamia Nafarroako gastronomiaren postre berezienetako bat da. Jetzi berriko ardi-esnearekin egina, landa-arima petokoa da postrea, mahaikidea baserri baten barrura, larreen usainera eta artalde baten joarearen soinura garraiatzeko indarra duena.  Berezitasuna antzina-antzinako keinu batetik datorkio: kaikuan harri goriak sartzea. Horrela, barruan berotzen ari den esneak erre-zaporea (kizkilurrin) hartzen du, zinez berezia.

Kalitateko esnea eta gatzagia dira osagai bakarrak, eta jan, ezti edo azukre pixka batekin jaten da askotan. Esperientzia naturala, suabea, beste klasiko batzuekin partekatzen dena mahaian, hala nola gaztarekin edo krema-tututxoekin.

kaiku con cuajada, nueces y miel

Txistorra: xumetasuna, tradizioa eta landa-ondarea

Hasiera-hasieratik harrapatzen zaitu Nafarroako plater tipiko bezain xume honek. Baserrietan sortua, neguko txerri-hilketari lotuta, funtsezko osagaiak ere, hala nola txerrikia, baratxuria, piperrautsa eta gatza, gutizia bilaka daitezkeen adibide garbia da.  Bere sekretua: ez galtzea inoiz elaborazio tradizionalaren esentzia, behinola-behinolakoa.  Ez da harritzekoa, beraz, bere Adierazpen Geografiko Babestua izatea. Eta ez da harritzekoa Nafarroako ikur gastronomiko bilakatu izana ere. Are gehiago, jai propioa du: Arbizuko Txistorraren Eguna. Txistorra betiko legez egin, dastatu eta ospatzeko jaia.

pinchos de txistorra con pimiento verde

Tuterako kukuluak: baratzeko mokadu samurra

Nafarroan, kukuluek badute izen propioa: Tutera.  Txikiak, berdeak eta kurruskariak, testura bigunekoak eta samur-samurrak izateak ematen die ospea.
Erriberako baratze historikoaren fruitu, hots, klimaren, ureztatze tradizionalaren eta baratzezainen egiten jakitearen fruitu, produktu paregabea, zinez estimatua dira, “urrezko hirukote” apartaren zati. Zein diren beste biak? Orburua eta borraja.  

Plantxan eginda baratxuri eta antxoekin probatzen badituzu, edota entsaladan nafar olio on batekin, orduan ulertuko duzu zergatik diren benetako altxorrak, Tutera estatu osoan ospetsu egin duen baratze-oparotasun horren funtsezko zati.

cogollo en un plato al que le cae un chorro de aceite

Tuterako orburuak: baratzearen erreginak

Tuterako orburua nafar baratzearen harribitxietako bat da: samurra eta kurruskaria, eta berezi-berezia egiten duen garraztasun-puntu dotore horrekin. Tuterako Zuria barietatea da, metodo tradizionalekin bat landua. Bere Adierazpen Geografiko Babestua du, gainera, bere jatorri eta kalitatearen berme. 

Onena bere sasoian jatea da, fresko-freskoak, hau da, azarotik urtarrilera eta otsailetik ekainera. Kontserba naturalean, azidifikatu gabe, ere jan ditzakezu, Nafarroako etxeetan egin ohi zen bezalaxe.  Egosita, salteatuta, almejekin edo irekita lore baten antzera, bertako olioarekin eta Nafarroa jatorri-deiturako ardo on batekin, delicatessen hutsa dira.  Era horietan topa ditzakezu Cabanillasko Orburu eta Zainzuriaren Eguna aukeratzen baduzu guri bisita egiteko, edo baratzeko erregina hori ohoratzeko Tuterako edozein jardunaldi gastronomiko. 

alcachofas frescas

Nafarroako zainzuriak: “urre zuria”

Nafarroako zainzuriek ez dute aurkezpenik behar, ospetsu-ospetsuak baitira.  Adierazpen Geografiko Babestua dute, 1986tik, beren kalitatearen berme. Eguna argitu aurretik hartzen dira, eskuz eta prozesu zehatz bati jarraiki. Hari esker, testura leunekoak eta zapore pixka bat mikatzekoak dira, adiktiboa. 

Baratzeko “urre zuria” direla diote, eta Estellerriko, Nafarroako Erdialdeko eta Erriberako harrotasun gastronomiko handienetako bat dira. Epelak nafar olio on batekin edo udaberriko menestra batean jan daitezke, adibidez. Edonola ere, Nafarroaren esentziarekin, lur emankorrarekin eta produktu on baten protagonismoarekin konektatuko duzu. 

Ez da harritzekoa, beraz, haien omenezko ospakizunak egitea, hala nola Mendabiako Zainzuriaren Eguna zein Deikazteluko Zainzuriaren Azoka, non lehiaketa eta herri-dastatzea (ehunka kilo batzuk banatzen dira) egiten baitira.

plato de espárragos

Pikillo-piperrak: gorriak, gozoak eta nafar peto-petoak

Udazkenarekin bat, gorriz blaitzen dira Estelleria eta Nafarroako Erdialdea: izan ere, Lodosako pikillo-piperraren sasoia da, hots, Jatorri Deitura duten nafar produktu maitatuenetako baten sasoia. Gozoak, ke-ukituarekin eta zeta-antzeko testurakoak, mokadu paregabea dira. Eta eskuz erre eta eskuz zuritu egin behar dira horretarako. 

Lodosan, Pikillo-piperra Goresteko Jardunaldia egiten dute, non ekoizleek eta bizilagunek erre berria eskaintzen baitute, tradizioak agindu bezala.
Dastatze hutsak haien ospea azaltzen du: artifiziorik gabeko produktua, Nafarroa bere gorenean islatzen duena.

pimientos en plato

Tag-en hodeia: