2025.10.09

Nola iritsi Xorroxingo purrustara: bide erraza baso eta kondairen artean

Mendiek Baztan besarkatzen dute, eta ibarra haiei begira dago, malko gozo eta betierekoa dariolarik pagadi-gaztainadi hostotsu batean barna. Xorroxingo purrusta da. Izenak xuxurla iradokitzen du, eta kondairak dio lamina maitemindu baten negarra dela, Erratzu gertuko herriko artzain batek maite ez zuelako zeriona. Han, hain zuzen, hasi eta amaitzen da bi orduan, oinez, Xoxorrin ezagutaraziko digun bide zirkularra. Paseo erraza da, familia osoarentzat, paradisu natural eder-eder batean. Laminak, kobazuloetan bizi eta ibaiertzetan orrazten ziren izaki mitologiko horiek, bezain ederra. Haren magia deskubritu nahi duzu?

Blog

Xorroxin: Baztango ur-bihotza

Ura baliabide baliotsua da, eta Baztango jendeak halakotzat jotzen du. Ibar berdeak euri ugariak jasotzen ditu, bere baso atlantikoaren natura-oparotasuna gorde eta inguruko erabilera tradizionalak bermatzen dituztenak, hala nola artzaintza. Eta lurrak, bere aldetik, urak ponpatzen ditu, Baztango herri askotatik igarotzen diren ibaien sorburu direnak.

Bizia jauzi: Bidasoaren sorburua eta bere ingurune magikoa


Xorroxingo purrusta Iñarbegi errekako ur-jauzi bat da. Bere ur gardenak eskualdeko ibai nagusiaren sorreraren lekuko dira: Baztan. Eta bere ibilgua, Monumentu Naturala, kontserbazio bereziko habitata da. Ibarra atzean uzten duenean, Bidasoa izena hartzen du itsasoratu arte, Hondarribian, Gipuzkoan.

Ingurune heze batek inguratzen du Xorroxin, liken, iratze eta goroldioen sorleku. Lau metroko jauzia gonbitea da so egitera, aditzera. Bere magiak blai zaitzala uzten baduzu, Basajauni eta tokiko beste pertsonaia mitologiko batzuei buruz hitz egingo dizu. Bere presentziak bizirik irauten du, ahozko tradizioa lagun, neguko gauetan lainoak estalitako baserrietako sutondoan kontatu ohi diren istorioen eskutik.

Dos personas cerca de la cascada de Xorroxin

Bidea ur-jauziraino: paseo bat naturarekin konektatzeko

Ahalik eta gehiena gozatu nahi duzu Xorroxingo purrustarainoko bidea? Bada, ibil zaitez begi-belarri. Helmuga ederra da jauzia, baina basoaren xarmak bide osoa hartzen du.

Erratzu, abiagunea: distantzia, iraupena eta desnibela


Bidea Erratzun hasi eta amaitzen da. 7,4 kilometro dira, eta bi ordu inguru behar dira. Bide erraza da: 150 metroko desnibela eta seinaleak ditu. Beraz, plana ezin hobea familian egiteko.

Pareja andando por Erratzu

Bidexka: zubi, erreka eta basoko magiaren artean


Joan: Utzi autoa Erratzuko sarreran dagoen aparkalekuan. Ibili herriko kale estuetan barna eta joan Aranea errekaren gaineko harrizko zubiraino. Hantxe hasten da bidea. Larreak bidaide, basoan sartzen da (pagoak, gaztainondoak, haritzak eta hurritzak). Iñarbegi errekari jarraitzen dio bidegurutze bateraino. Jo ezkerretara orduan. Gero, gurutzatu errekaren gaineko egurrezko zubia, eta Xoxorrineraino iritsiko zara.

Etorri: Itzuli bidezidor beretik bidegurutzeraino. Han, segitu Gorostapolo auzorantz, non Baztango etxe tipikoak eta kale harriztatuak izango baitituzu gustagarri. Orduan, hartu errepidea, Erratzuko erdiraino. 

Familia andando por el camino a Xorroxin

Prestatu bisita: funtsezko aholkuak Xoxorrin gozatzeko

Hiru gauza behar dira dena jario onekoa izan dadin Xoxorringo purrustan: erreserba, bizkar-zorroa eta naturarekiko maitasun handia.

Aparkatzea eta erreserbatzea: iritsi ezustekorik gabe


Erreserba. Xorroxin bisitatzeko, beharrezkoa da Erratzuko sarrerako aparkalekuan plaza erreserbatzea. Online egiten da, eta doakoa da urteko sasoi batzuetan.


Garai onena eta funtseko ekipamendua


Udaberriaren amaieran dago ederren Xoxorringo purrusta, ur gehien dakarren aldia baita, baina edozein urtaro da ona Nafarroako Pirinioek lilura zaitzaten. Udan, beroak itotzen duenean, basoak freskura ematen du. Udazkenean, pinudien kolore anitzek koadro ederra margotzen dute hostoak erortzear daudela. Neguan, baretasuna ematen du basoak, landareak berriro kimatu aurretik.

Bizkar-zorroa. Mendira eraman ohi dituzunak sartu beharko dituzu bizkar-zorroan: oinetako erosoak, arropa egokia (txaketa bat hotzetik eta euritik babesteko), ura eta mokaduren bat (fruitu lehorrak bikian dira horretarako).

Aholkua. Euria ari badu edo euria egin badu arestian, lokatza topatuko duzu zati batzuetan. Kontuz harriekin eta zuhaitzen sustraiekin, irrist egin baitezakezu. Ez ahaztu eremua hezea dela.

Familia andando por un camino al lado de un prado con vacas

Turismo arduratsua: zaindu paradisu natural hau


Naturarekiko maitasun handia. Nafarroan, mendira joatea kirol-jarduera baino gehiago da. Kalitatezko denbora partekatzea da, senideekin, lagunekin edo bikotekidearekin. Eguneroko kezkak uxatu eta naturaren baretasunarekin bat egiteko modua da.  Landa-ingurunea lagundu, ingurunea babestu eta gure lurraldeko paisaiak zaintzea da. Hala Xorroxin bisitatu nola naturako bestelako paraje zoragarriak ezagutu nahi badituzu, zaintzea eta errespetatzea eskatzen dizugu arren.

Ur-jauzitik harago: Baztango kondairak eta xarmak

Ezinbesteko tokiak:

  • Elizondo: ibili noraezean ibarreko hiriburuan barna eta jan artisau-txokolate ospetsua, hurrekin egina.
  • Bertizko Jaurerriaren Parke Naturala: paseatu baso babestu batean barna eta ezagutu lorategi historiko-artistikoa.
  • Zugarramurdi eta iparreko kobazuloak: ezagutu hurbiletik sorgintza eta kondairak paraje mitiko batean.

Informazio gehiago Baztani buruz

Elizondo y río Baztan

Tokiko esperientziak:

  • Gastronomia: probatu produktu tipikoak, kalitate handi-handikoak (latxa-ardiaren gazta, mamia, amuarrainak, txahala, sagardoa, likoreak, mermeladak...) eskualdeko jatetxe edo sagardotegietan, edo jan talo bat errota batean.
  • Jarduerak: ezagutu zona tokiko enpresa baten eskutik eta egin bisita gidatuak herri, museo, gaztandegietara… ibilbideak (oinez, bizikletaz edo zaldiz)... eta bestelako esperientziak (aisia, abentura eta ongizatea).

Tokiko esperientzia bat bizi nahi dut

grupo de adolescentes en el río con chalecos y casco

Tag-en hodeia: