2025.11.11

Ezagut ezazu Nafarroako monasterio nagusien historia

Historia, tradizioa eta arkitektura batzen dituen plan baten bila? Nafarroak iraganaren eta orainaren arteko benetako konexioa bizitzeko parada ematen dizu, Nafarroako monasterioen eskutik. Gida honetan, Nafarroako monasterio enblematikoenak ezagutuko dituzu: ezaugarriak, kokapena eta familian zein erromes bisitatzeko gomendioak. Bazatoz?

Blog

Nafarroako monasterioak: Bidaia monasterioen espiritualtasun eta artean barna

Monasterioen eragina oso bizia izan zen Nafarroan. Hartara, hamaika monasterio bisitatu daitezke gaur lurralde osoan. Atera papera eta boligrafoa, eta idatzi. Honatx ezinbestez bisitatu beharreko Nafarroako monasterioak: 

  • Leireko monasterioa
  • Olibako monasterioa
  • Irantzuko monasterioa
  • Fiteroko monasterioa
  • Tulebrasko monasterioa
  • Iratxeko monasterioa
  • San Migel in Excelsis
  • Martzillako monasterioa
  • Azueloko San Jurgi monasterioa

Nafarroako monasterioek argi eta garbi erakusten dute erromanikotik gotikorako trantsizio arkitektonikoa. Batez ere XII. mendeko azken herenetik XIII. mendeko lehen hamarkadetara gertatu zen hori. Carlos J. Martínez de Álavak egindako ikerlanek (“Del románico al gótico en la arquitectura navarra (c. 1130-c.1230)”), 2019an Nafarroako Gobernuak argitaratuta argi eta garbi deskribatzen dute trantsizio hori. Hona hemen adibide arbi batzuk:

  • Leireko monasterioa, erromaniko betekoa —kripta eta eliza—, nahiz eta gero gehikuntza batzuk egin zituzten. 
  • Olibako monasterioa, eliza zistertarrarekin, gotikorako trantsizioaren adibide garbia da.
  • Iruñeko katedrala XII. mendearen amaieraren eta XIII.aren hasieraren artean eraiki zuten, eta ezin hobe erakusten du gotiko goiztiarra. 
exterior del monasterio de Leyre

Dena den, Nafarroako monasterioei darien energia bereziaz blaitu eta beren espiritualtasunarekin konektatu nahi baduzu, zein lau monasterio nafarrek ematen duten ostatu eta erretiro esango dizugu jarraian. Bisitatzea eta haietan ostatu hartzea kontenplaziorako eta bizipen espiritual integralerako modu ezin hobea da. 

  • Leireko monasterioa, Esan. Monasterioan eskaintzen den ostatatzea gizonentzat baino ez da. Han bizi diren beneditarrek kudeatzen dute. Kanpoan dagoen hotelak, ordea, bikote ezkonduentzat, familientzat eta emakumeentzat eskaintzen du. 
  • Olibako monasterioa  , Zarrakaztelun. Ostatuak erretiroa eta otoitza ditu xede. 
  • Allozko monasterioa, Deierrin. Beren grina espirituala esploratu nahi dutenentzat da egokia han ostatu hartzea. 
  • Tulebrasko monasterioa Han ere ostatu ematen dute, otorduak barne, biziz gaindiko ingurune natural batean. 

Aholku praktiko bat Nafarroako monasterioetarako bidaiarako: Nafarroako monasterioetako asko paraje naturaletan daude; beraz, jantzi arropa eta oinetako egokiak.

Monja andando por el claustro del monasterio de Tulebras

Esploratu beharreko harribitxi arkitektoniko eta espiritualak

Nafarroak makina bat erlijio-etxe ditu, haietako batzuk aurriak egun: ermitak, komentuak, bigarren mailako monasterio-etxeak, eta abar. Honezkero, argi duzu zer egin? Bada, denbora baldin baduzu, presta ezazu ibilbide bat Nafarroa osoan barna, iparretik hegora, eta bisitatu goiko monasterio guztiak. Baina, denboraz larri bazabiltza, jarraian zehazten ditugun nafar monasterioak ezinbestean bisitatzea gomendatzen dizugu. Irakurri arretaz, leku enblematiko hauetako xehetasunik gal ez dezazun. 

pareja con dos niños en el claustro del monasterio de Irantzu

Leireko monasterioa: kantu gregorianoa, errege-erreginen hilobia eta bista zoragarriak

Leirekoa Nafarroako monasterio garrantzitsuenetako bat da, zalantza-izpirik gabe. Leireko mendilerroaren oinetan, kripta eta hilobia ditu erakargarri nagusi. Hilobiak Nafarroako lehen errege-erreginak gordetzen ditu. 

Kripta, bestetik, erromanikoaren antzinakoenetako bat da penintsulan, eta horregatik da berezi-berezia, abadia-elizarekin batera. Honatx Leireko monasterioaren beste ezin galduko bat: Porta Speciosa, elizate erromanikoa, interes handikoa dekorazioari dagokionez. Ez galdu zehaztasun bat ere tailla eta erliebe bakoitzean! 

Leireko San Salbatore (horixe baita monasterioren izen ofiziala) Europako monasterio-multzo zaharrenetako bat da eta, zalantzarik gabe, Nafarroako monasterio bikainetako bat. IX. mendekoak dira monasterioan bizi zireneko lehen erreferentziak. X.-XI. mendeetan, Antso III.a Nagusiaren erreinaldian, garrantzi handia lortu zuen monasterioak, bai espirituala, bai politikoa. 

Ba al zenekien 1954an berriro jarri zirela monjeak bizitzen monasterioan, beneditarrak, zehazki? Eta hantxe jarraitzen du bizitzen komunitateak, liturgia emateneta gregorianoa kantatzen. Izan ere, Leireko San Salbatore monasterioa izan zen kantu lau, soil eta monodiko hori kantatzen hasi ziren monasterio hispanikoetako bat. Une musikal hori, ohiz kanpokoa eta espiritualtasunez betea, ez baduzu galdu nahi, Leireko monasterioaren web ofiziala duzu modurik onena kultu-ordutegien berri izateko. 

Toki pribilegiatu batean dago, gainera, Pirinioetako gailur garaienak ikus baitaitezke oskarbi dagoenean. Zinez bista ederrak, zalantzarik gabe. Haurrekin bazoaz, bildu San Virilaren legendari buruzko informazioa. Oso gustatuko zaie, eta abade ospetsuaren ibilbidea egin nahi izango dute. 

Hasiera-hasieratik, otoitza, bizitza komunitarioa, abegikortasuna eta kultura izan dira Leireko monasterioaren elementu nagusiak. Gaur egun ere erretiro espiritualak egiteko toki aparta da. Badakizu, beraz, ez galdu aukera Leirera joan eta, Antso III.aren esanetan, “Nafarroako erresumaren erdigunea eta bihotza” sentitzeko. 

cripta del monasterio de Leyre

Olibako monasterioa Zisterraren soiltasuna eta egungo bizimodua

Olibako Andre Maria monasterioa Zarrakaztelun dago, Iruñetik 70 kilometrora. Zisterraren estetika eta praktikaren adibide paradigmatiko bat da Nafarroako monasterio hori: soiltasuna, lana eta otoitza. Gaur egun, Olibako monasterioak bigarren funtzio bat betetzen du, kontenplaziozko bizitzaz gain: ondarezkoa (bisitak, proiektu kulturalak eta ostatu-jatetxea hartzen ditu). 

XII. mendean sortu zen monasterioa. Soiltasunak monasterioaren arkitektura funtzional eta xumean du isla, baita espazioen antolamenduan ere. Nafarroako Gartzea Ramirezen erregealdian, monasterioak garrantzia eta eragina bereganatu zituen noble eta ongileen dohaintzei esker, baita erregeak lurrak eman zizkiolako ere. 1984an, abadia-mailara igo zuten Olibako monasterioa.

Abadia-eliza monasterioaren bihotza da, eta hiru nabe, gurutzadura eta hiru zatiko burualdea ditu. Estilo erromanikokoa da, gotikorako trantsiziokoa. Klaustroa gotiko goiztiarrekoa da, eta elizaren hegoaldean dago, beneditarren arauak agindu bezala. Kapitulu-gela multzoaren harribitxietako bat da: oin karratua du, eta gurutzeria-gangek estaltzen dute, erdiko lau zutaberen gainean. 

Monasterioko elementu berezienetako batzuk, ordea, geroago gehitu zituzten, hala nola San Jesu Kristoren kapera, erretaula nagusia, upategia eta nekazaritza-aretoak, eta abade-jauregia. Ezinbestekoak bisita honetan, zalantzarik gabe. 

Dendari, produktu zistertarrei, upategiari, kultu-ordutegiei eta ostatu-zerbitzuei buruzko informazio erabilgarria nahi baduzu, Olibako monasterioaren webgunea duzu. 

interior de la iglesia del monasterio de la Oliva

Iratxeko monasterioa: Donejakue bideari lotutako historia, erromesentzako ospitalea eta iturri famatua

Frantziako Donejakue bidearen toki zinez gogoangarria da Iratxeko monasterioa, Iruñearen, Naiararen (Errioxa) eta Lizarraren artean baitago. Donejakue bidea egitekoa bazara, edo bidea atsegin baduzu, ez galdu monasterio hori ezagutzeko aukera. 

958koak dira haren gaineko estreinako albisteak. Erdi Aroan, erlijio- eta ospitale-gune gisa sendotu zen Donejakue bidean. Funtzio espiritual eta administratiboak betetzen zituen, nafar lurraldeari lotuak. 

San Veremundo abadea (XI. mendea) estuki lotuta egon zen hala donejakueko legendari nola Iratxeko monasterioari. Beneditarrena izan zen hasieran monasterioa, baina zistertarren eragina nabaria da ondoren egindako berritze-lanetan. Bi estilo antzeman daitezke monasterio osoan: erromanikoa eta gotikoa

  • Estilo erromanikoa: abade-eliza eta klaustroaren zati bat, portada nagusia, oina eta estalkiak. 
  • Estilo gotikoa: klaustroa, kapitulu-gela, alboko kaperak, absidearen berritzea eta dekorazio-elementuak. 

Iratxeko monasterioa Donejakue bidearen lehen ospitale nafarra izan zen. Errege-erreginen ekimenez sortu zuten, eta XI. mendetik dago jardunean. Bere eginkizun nagusia zen erromesei oinarrizko zerbitzuak ematea: aterpea eta atsedena, janaria eta sendaketak, eta laguntza espirituala.

Tokiaren tradizio bitxienetako bat ardoarekin lotuta dago: Iratxeko monjeek baso bat ardo ematen zieten monasteriora iritsitako erromesei. Hori gogoan, Santesteban familiak, Irache Upategiaren eta Ardoaren Museoaren kudeatzaileak, iturri berezi bat jarri zuten 1990eko hamarkadaren amaieran. Izan ere, bi txorrota ditu: batak, ura ematen du, eta besteak, ardoa (upategiaren eskaintza, mugatua). Zerbaitengatik deitzen diote Ardoaren Iturria! Beraz, iturritik igarotzen bazara, ez ahaztu kantinplora betetzea! Zer txorrotetatik? Hori, zure kontu. 

Vista aérea del monasterio de Irache

Donejakue bidea: ardatz nagusia monasterio artean

Donejakue bideak Nafarroan lurralde osoa lotzen du, monasterioen artea eta espiritualtasuna lotzen dituela. Baina, berez, Donejakue bideari lotutako nafar monasterioen ibilbidea egin nahi baduzu, hauxe da: Leireko monasterioa eta Iratxeko monasterioa (Frantziako bidea), Urdazubiko monasterioa eta Belateko monasterioa (Baztango bidea), Tulebrasko monasterioa (Ebroko bidea) eta Zamartzeko monasterioa (Sakanako bidea).

Ez bi aldiz pentsatu: planifikatu zure bidaia Nafarroara eta bizi ezazu esperientzia espiritual paregabea Nafarroan dauden monasterioen milurteko ondarearen eskutik.

Exterior del monasterio de Urdax

Tag-en hodeia: