2024.03.25
Ezagutu Nafarroa Overtrails Adventure erronkaren eskutik!
Kirola aire zabalean egin eta erronkak zure familia edo lagunekin batera egitea gustuko baduzu, derrigorrezko hitzordua duzu zain Nafarroan: Overtrails Adventure erronka
BlogZER ESKAINTZEN DIZU OVERTRAILS ADVENTURE ERRONKAK?
Kirola eta turismoa batzen dituen ekitaldi zirraragarri honek Nafarroako paisaien aniztasun izugarria ezagutzera gonbidatzen zaitu urte osoan zehar programatutako sei lasterketatan parte hartzen duzun bitartean.
Baina lehiaketa hutsa baino askoz gehiago da, bidaiatzeko eta zure kirol gogokoena praktikatzen duzun bitartean leku bat ezagutzeko bestelako modu bat da. Ongi pasatzea du helburu, eta maila eta adin guztietarako egokia da, parte hartzeko bi aukera baititu:
1. Cross country-ko lasterketak, 24 km ingurukoak. Ezin hobeak bakarka, bikoteka edo hiruzpalau laguneko taldetan egiteko.
2. Herri-ibilketak, 12 km-koak, bikainak familian eta lagunekin gozatzeko.

UZTARTZE PERFEKTUA: PAISAIAK, HISTORIA ETA TRADIZIOAK
Overtrails Adventure erronka bakoitzak propio hautatutako lekuetan barrena eramango zaitu. Haietan, berezko edertasunak bat egingo du kirol-erronkarekin zein eskualdeko erreferentzia historiko eta tradizionalekin. Aukera paregabea Nafarroako Pirinioetatik Errege Bardeako basamortura artean dauden bazter famatuenak ezagutzeko: Baztan ibarra, Xabierko gaztelua edo Donejakue bidea. Ibilbide bakoitzak esperientzia zirraragarri eta paregabea eskainiko du.

KIROLAREN JAIA
Baina dibertsioa ez da lasterketa-egunera mugatzen, izan ere, propio antolatutako planez betetako asteburua baita:
- Larunbatean, erronkaren aurreko egunean: ingurua esploratu ahalko duzu propio diseinatutako jarduera eta esperientziekin. Arratsaldean, probari buruzko informazio-hitzaldia izango da, eta ongietorriko programa zabala izango da. Gainera, artisau-produktuak eta produktu gastronomikoak eros ditzakezu saltokietan.
- Igandean, lasterketaren eta herri-ibilketaren egunean: kirol-probez gain, tokiko produktuen azoka, zozketak, animazioa, musika eta haurrentzako jolasak izango dira.
Benetako kirol-jaia naturaren erdian!
Bidaia errazteko, erronkaren antolakuntzak ostatu eta jatetxe onenei eta zona bakoitzeko eskaintza turistikoari buruzko informazioa ematen dizu. Horrela, eroso-eroso prestatu ahal izango duzu lasterketa dagoen asteburu bakoitza.
Gehiago jakin nahi duzu? Harira! Aztertu lasterketen egoitzak, eta erosi dortsala lehenbailehen, eskura dituzun eskaintzez baliatzeko:

1. Overtrails Adventure erronka Ezkabako ihesa - Erroibar: apirilak 13 eta 14
Erronkaren lehen geldialdiak Aurizberrira (Erroibar) eramango zaitu. Orreagatik oso gertu dago, Nafarroako Pirinioen bihotzean. Eremu horretan barna, Ezkabako ihesa GR 225aren zati bat igarotzen da. Europan izandako preso-ihes handiena ekartzen du gogora. San Kristobal gotorlekuan izan zen, Iruñearen ondoan, 1938an. Ia 800 presok ihes egin zuten. Frantziara joaten saiatu ziren, baina 200 bat ihes egin bezain laster exekutatu zituzten, eta beste 14 geroago fusilatu, ihes egiteko planaren buruzagitzat hartuta. Hiruk baino ez zuten lortu Frantziaraino iristea. Merezi du gertakaria ingurune pribilegiatu batean gogoratzea.
- Info gehiago hemen probaren ibilbideari buruz.
- Kontsultatu hemen eremuko eskaintza turistikoa

2. Overtrails Adventure erronka Upeltegien ibilbidea eta Donejakue bidea: maiatzak 25 eta 26
Erronkaren bigarren kirol-hitzorduak Estellerrira eramango zaitu. Kalitate handiko helmuga enologikoa da, non Donejakue bidearen arrastoak ondare historiko eta monumental paregabea utzi baitu. Villatuertatik, Lizarratik 5 kilometrora, abiatzen da ibilbidea. Mahastien artean kirola egiteaz gain, Irantzuko Lurrak izeneko eskualdea eta bisitariei eskaintzen dizkien ekoesperientzia guztiak bizi ahal izango dituzu.
- Kontsultatu hemen eremuko eskaintza turistikoa

3. Overtrails Adventure erronka Patroiaren itzulia: uztailak 20 eta 21
Hirugarren kirol-hitzorduaren abiapuntuak Xabierko gaztelura eramango zaitu, Nafarroako patroia eta haren noblezia-familia omentzeko. Izan ere, oso paper garrantzitsua jokatu zuen Nafarroako Erresuman Gaztelako tropen inbasioa gertatu zenean. Ibilbideak hurbileko beste paraje historiko eta natural batzuk ezagutaraziko dizkizu: Leireko monasterioa, Zangoza herria edo Irunberriko arroila dotorea.
- Kontsultatu hemen eremuko eskaintza turistikoa
-

4. Overtrails Adventure erronka Erronkaribarreko ainarak: abuztuak 31 eta irailak 1
Oraingo honetan, Larra-Belagua eski nordikoko zentroaren inguruan egingo dugu zirkuitua. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Erronkaribarko ehunka neskatilak Pirinioak zeharkatzen zituzten Frantziako alpargata-fabrika batean lan egiteko, eta haiei egin nahi die omenaldia probak. Udazkenean joaten ziren, eta udaberrian itzuli, oinez, 3/5 egunean. Ainaren migrazio-mugimenduen aldi berean egiten zuten bidaia, eta horrexegatik deitzen zieten “ainarak”, horregatik eta jantzi beltzak janzten zituztelako. Guztia Pirinioetako paisaia izugarriaren barruan, historia eta kirola bateratzeko.
- Kontsultatu hemen eremuko eskaintza turistikoa
-

5. Overtrails Adventure erronka Baztango trilogia: urriak 26 eta 27
Nafarroan mitologiaz eta misterioz betetako haran bat badago, Baztan da. Dolores Redondoren trilogia literario ezagunaren —zineraino ere iritsi zen— eszenatokia da Arizkundik abiatuko den kirol-erronka honen bosgarren proba hori. Ibilbidea mendi leun, baso eta larreen artean doa, abereak lasai bazkatzen ari direla. Aitzakia ezin hobea bailarako eta inguruetako beste paraje zoragarri batzuk ezagutzeko: Xorroxin ur-jauzia, Zugarramurdiko leizea, Bertizko Parke Naturala edo herri xarmangarriak, hala nola Amaiur, Ziga, Irurita eta Elizondo.
- Kontsultatu hemen eremuko eskaintza turistikoa

6. Overtrails Adventure erronka La Ribera Baratzea eta Bardea: azaroak 23 eta 24Zer iruditzen erronka ilargi-itxurako basamortu batean amaitzea? Ibar beti berdeak, Pirinioak eta mahastiak ezagututa, basamortu bat ezagutuko duzu orain, Tuterako baratze emankorraren ondoan. Modurik onena, ezbairik gabe, Nafarroako paisaien aniztasuna barneratzeko. Ez duzu uste? Ibilbidea Fustiñanatik abiatuko da, hau da, Bardea Beltzera sartzeko atetik. Bardea Beltza da, hain zuzen, UNESCOk Biosferaren Erreserba Natural izendatutako parke natural honetako ezezagun handia.

Eta, handik oso gertu, Tutera, non katedrala bisitatu, barazki maitagarriak dastatu edo arratsaldean alde zaharrean herriko jendearekin bat pintxo batzuk hartu ahal izango baitituzu. Asteburu ezin hobea esperientzia honi amaiera emateko. Bizitza osoan gogoratuko duzu, bai horixe!
- Kontsultatu hemen eremuko eskaintza turistikoa

Ez itxaron gehiago Overtrails Adventure erronkarekin bat egiteko, eta esploratu Nafarroa modu aktibo eta zirraragarrian, zure familiakoen ondoan!