2025.01.31
Zer ikusi eta zer egin Nafarroako Pintxoaren Astera bazatoz
Nafarroako egutegian bada data bat ongi jatea atsegin dutenek jakin beharrekoa. Pintxoaren Astea da, martxoaren 21etik 30era aurten. Hamaika plan izango dituzu Nafarroa ahosabaiaren bidez ezagutzeko.
BlogUrtero bezala, udaberria hurbiltzen denean, Nafarroa osoko ehun bat taberna lehiatzen dira Pintxoaren Astean miniaturazko artelanik onena egiteko. Etorri Nafarroara probatzeko nola uztartzen diren sukaldaritzako azken nobedadeak mokadu tradizional hauekin, eta aprobetxatu aukera gure lurraldea sakonago ezagutzeko. Horregatik, turismo eta gastronomia nahasten dituzten hainbat iradokizun egin nahi dizkizugu, ahalik eta etekin handiena atera diezaiozun bidaiari.
Iruña: txoko xarmangarriak eta slow food jatetxeak
Ibilaldia hiriko harresietan barrena, selfie bat udaletxearen fatxadan, bermut bat Gazteluko plazako terraza batean, erosketak saltoki txikietan, pintxo goxo-goxoak… Erakargarria, ezta? Eta leku eder eta ezezagunenetara eraman eta hiriko historia, bitxikeriak eta kondairak kontatuko dizkizuten gidariekin paseatzen bazara..., askoz erakargarriagoa! Eta amaiera bikaina emateko, pintxoak eta ardo- eta garagardo-dastaketa Alde Zaharreko ardotegi batean.

Hona hemen hainbat aukera: izardun jatetxeak, foodieentzako jatetxeak, erretegiak eta sagardotegiak. Hori bai, denek eskaintzen dituzte 0 kilometroko produktuekin egindako platerak, hau da, 100 km baino gutxiagoko erradioan tokiko ekoizleengandik zuzenean lortutako lehengaiekin. Benetako kalitatezko menuak, jasangarriak eta hatzak miazkatzeko modukoak dastatuko dituzu!

Iparraldera, perretxiko eta sagardo bila
Iparralderago, leku ezin hobea dago perretxikozaleentzat. Ultzamako pagadiek “elur ezkoa” ezkutatzen dute egun hauetan (horregatik deitzen zaie “martxoko ezko” ere). Jakin nahi dituzu zer sekretu dituen produktu iheskor horrek mikologian adituak diren gidarien eskutik? Jantzi botak eta hartu saskia! Basoarekin bat egiteko garaia da irteera mikologiko honen eskutik. Gainera, naturaren berezko lasaitasun itzelak ongizatez blaituko zaitu.

Eta plana osatzeko, zer iruditzen zaizu sagardoaren munduan barneratzen bagara? Ibarraren bihotzean, familia batek bere sagarrak hazten ditu zukua eta sagardoa egiteko. Nekazaritza eta turismoa batzen dituen bisita honetan, haien soroak eta sagardoa egiteko prozesuak ezagutuko dituzu, eta hainbat produktu dastatuko dituzu zentzumenen bidez preziatzen ikasteko. Eta sagardoa menu tradizional batekin uztartzeko gogoarekin geratu bazara, irakurri arretaz gure sagardotegi-posta.

Estellerria, delicatessen-lurraldea
Nafarroako mendebaldera jotzen baduzu, berdin asmatuko duzu. Izan ere, era guztietako planak ditu zure bisitan ezer falta ez dakizun!
Hainbat upategi bisitatu ahal izango dituzu (Quaderna Via, Alore, Alconde, Emilio Valerio, Irache, Lezaun, Larrainzar eta Fernández de Arcaya), baita dastatzeak egin ere. Adi! Esperientzia horietako batzuetan, picnikak, bisitak e-scooterrez, paseoak mahastietan barna zaldi-gurdian... egiteko aukera izango duzu. Eta, beste batzuetan, ardo-dastatzeak garagardoarekin edo olioarekin konbinatu ahalko dituzu. Inork baino aukera gehiago eskaintzen ditugu!
Horrez gain, eztitegiak, gatzagak, hainbat gaztandegi, olibadiak eta ardo-upelak berrerabiltzen dituen ekodiseinu-tailerra ere bisitatu ahal izango dituzu; gainera, bisitaren amaieran, tokiko produktuak dastatzeko aukera izango duzu. Ba al dago gehiago eskatzerik?

Delicatessen-produktuak oso gustuko dituzunez, ziur gaude boilur-esperientzia zure neurrira egina dagoela. Iruñetik 50 bat kilometrora, Metauten dago, non berez ekoizten baita boilurra. Haren jatorria, nola aurki dezakezun eta zergatik den hain gutiziatua jakin ahal izango duzu. Gainera, benetako boilur-txakur baten erakustaldiaz gozatuko duzu, eta boilurrean oinarritutako hainbat gourmet-produktu probatuko dituzu. Plan zinez erakargarria!

Ados, eta orain esango bagenizu gazta eta artisau-garagardoa konbinatzen dituen plan perfektu bat ere badugula Urabasa-Andia Parke Naturalaren oinetan? Ongi irakurri duzu, bai.. Urederra ibaiaren iturburua ezagutzen egunpasa egiteko plan aparta da, eta bisitaren sasoiaren arabera, gaztandegiko artaldea mendian bertan ikusteko aukera izango duzu! Osatu plana Eraulen: zatoz Nafarroako begiratoki ikusgarrienetako batera, Lazkuako begiratokira, eta bazkaldu La Panpinelan, bertako eta eko-produktuak lantzen dituen artisau-pizzerian.
- Kontsultatu hemen plan itzel honen informazio guztia
- Kontsultatu hemen Estellerria izeneko inguruan zain dituzun toki turistikoak

Erriberri, ardoaren hiriburua
Badakizu Erriberriko gaztelua bisitatzea ezinbestekoa dela ... eta Erriberrin barnako bisita kultural batekin konbinatzen baduzu, kopa bat ardo gorri eskuan duzula?
Bestetik, Erriberriko gaztelua bisitatzea ezinbesteko hitzordua da, eta herriko upeltegi batera joatea eguna biribiltzeko modu ona da. Adibidez, Bodegas Ochoa upeltegiak “Ardoa bizi dugu” esperientzia eskaintzen du. Ardoa, ogia olioarekin, gazta eta txokolatea dastatzen dira, giro abegitsu batean dastatu ere. Eta eguraldia lagun, gozatu ederra hartuko duzu terrazan ardoak edanez eta errazioak janez. Erdi Aroko herriaren kanpoaldean, Pagos de Araiz upeltegia dago. Ardogintzaren prozesua ez ezik, hango arte-erakusketa ere ikusiko duzu.

Erriberritik 5 kilometrora, Tafallako Mencoen Jauregia duzu zain. Zinez bisita bitxia egingo duzu han, 600 urteko jauregi bateko solairu noblea eta upeltegi historiko bat ezagutuko baitituzu. Azkenik, San Martin Unx herri ederrean, Bodegas Máximo Abete upeltegiak era askotako esperientziak eskaintzen ditu: hala haurrentzako entretenimendua nola terraza eta winebar atsegin-atseginak.

Erribera: ardoa, olioa eta barazkiak
Nafarroako hegoaldean ere ekoizten da ardoa; izan ere, herri askok ekoizten dituzte ardo propioak. Tuteratik oso gertu, Cascanteko Bodegas Malón de Echaide upeltegiak bisita tradizional bat eskaintzen dizu, batetik, eta bestetik, mahastiak buggy edo 4x4 batean ibiltzeko aukera. Halaber, Castejónen, Bodega Montecierzo upeltegiak ekoizpen-prozesua, barrika-aretoa eta hartzidura-aretoa ere erakusten ditu, eta, azkenik, bere ardo zoragarriak dastatzeko aukera ematen du.
Tuteratik 12 kilometrora baino ez, bestelako dastaketa bat aurkituko duzu, bestea bezain gozoa: oliba-olioarena. Aceite Artajok bere olio-errota erakutsiko dizu bisita batean. Hango langile espezializatuek finkak eta landaketak erakutsiko dizkizute naturaz inguru paregabe batean gozatzen duzun bitartean. Den-dena ikasiko duzu oliba-olio birjina estrari buruz. Modu ekologikoan egiten dute, gainera. Eta aurreratu dizugunez… produktu bikain hori dastatu ahal izango duzu!

Eta, amaiera bikainerako, Nafarroako hegoaldeko barazki ezagun-ezagunak: borraja, kardua, orburuak, pikillo-piperrak, zainzuriak... Ebroko ibarrean hazten dira, eta beti dute ezaugarri komun bat: zapore bikaina eta kalitate handia. Probatu plater tradizionalak, hala nola barazki-menestra, edo inguruko jatetxeetan aurkituko dituzun proposamen berritzaileak, ahosabai gourmetenak ere aseko baitituzte.

Honaino Nafarroa ahosabaiaren bidez ezagutuz dibertitzeko zuretzat ditugun proposamenetako batzuk. Aukera asko eta askotarikoak; beraz, aukeratu zure gogokoena… eta gozatu!