2026.05.05
Nafarroako begiratokiak moto gainean zoazenerako: 5 ezinbesteko geldialdi bista zorabiagarriekin
Naturaz moto gainean gozatzea gustuko baduzu, ezin galduzko helmuga da Nafarroa Errepide orok bihurgune kitzikagarriak eta ipuin batetik atereak diruditen paisaiak eskaintzen ditu: Iratiko oihana, Bardeako ilargi-paisaia, Aralar mendia eta Irunberriko arroila ikusgarria, besteak beste. Begiratoki bakoitza gelditu, arnastu eta Nafarroaren esentzia hautemateko une paregabea da. Gida honek moto gaineko ibilbidea planifikatzen lagunduko dizu: aholku erabilgarriak, geldialdi estrategikoak eta esteka ofizialak, bidaia ezusterik gabe antolatzeko.
BlogTop 5: Ezinbesteko begiratokiak Nafarroan barna moto gainean zoazenerako
Nafarroako ezinbesteko begiratokietako batzuk ezagutuko ditugu erreportajean. Bista ikusgarriak dituzte guztiek, eta plazer hutsa da haietaraino motoz iristea.
Presta zaitez abenturarako, motorrak piztu ditugu eta:
1. Zamariaingo begiratokia: Iratiko oihanaren atea
Aezkoan baitago, Zamariaingo begiratokia Iratiko oihana bisitatzeko atea da, hau da, Europako baso zabal eta hobekien kontserbatuenetako bat bisitatzeko atea. Bidea Garaioatik abiatzen da. 3 kilometro inguru dago handik begiratokiraino (6 km joan eta etorri). 770 metroko altitudetik 1.070 metrokora iritsiko gara, hau da, 300 metroko desnibel positiboa egingo dugu. Zailtasun gutxi-ertainekoa, 2 ordu eta 30 minutu behar dira Iruñetik.
Plataformatik, Irati ibaia ikusten da, sigi-saga harizti eta pagadien artean. Unerik onena ilunabarra da. Urre-kolorekoa da argia orduan, ezin hobea oroitzapenak berdingabeak izan daitezen. Hobe motoa Garaioan utzi eta oinez bazoaz begiratokiraino.
2. Etxauriko begiratokia: Iruñearen gaineko balkoi perfektua
Etxauriko mendatean kokaturik, 840 metroko altitudean, Iruña, Sarbil mendilerroa eta Erreniegako mendilerroa ikusten dira handik. Iruñetik igoz gero, gozamen hutsa da motorzaleentzat: bihurgune irekiak, bista zabalak eta nahikoa toki gelditu eta aire garbia arnasteko.
Ilunabarrean ikusgarriak dira bistak. Hiria tonu epelez blai eta ibarrak lausoturik urrutian, tarte batez eseri eta uneaz gozatzeko gonbita.
3. Bardeako begiratokia: ilargi-paisaia eta ilunabar epikoak
Bardea ingurune erdibasamortukoa da, Europan parerik ez duena. 247 metrotik 660 metrora bitarteko altitudean dago. Buztin eta harrizko formazioak ditu, ordutik ordura aldatzen den argi-ikuskizun bat sortzen dutenak. Paisaiek beste planeta batekoak dirudite.
Begiratoki bat baino gehiago dituzu bistez gozatzeko, hala nola Juan Obisporena izenekoa eta Yugoko Birjinarena, baina Informazio Zentrotik hurbil dagoena da onena moto gaineko eskapadarako: Aguilaresko begiratokia. Iristen erraza, aparkaleku erosoa eta bista eder-ederrak ditu. Gunerik onena, beraz, gelditu, paisaiari so egin eta argazkiak egiteko.
4. Aralarko begiratokia: mendilerroak eta San Migel santutegia ikusgai
Handik, Aralar mendia, San Migel santutegia eta inguruko bailarak ikusten dira. Bikaina bihurguneak, altitudea eta mendiko errepideak bilatzen dituzten motorzaleentzat. Asfaltoa eta bigarren mailako bideak ere eskaintzen ditu.
Bi tokitatik igo daiteke: Uharte Arakildik, goranzko pista batean barna, estua zenbait tartetan, bikaina bide autentikoagoak maite dituztenentzat; eta Lekunberritik, errepidez, igoera erosoagoa, zoru onekoa, bista panoramiko ederrak eskaintzen dituena.
Pagadi eta larreen artean, zer ordu den, oreinak ikus zenitzake. Zur eta lur utziko zaitu tokiko faunarekin topatuz gero.
5. Irunberriko arroilako begiratokia: arroilen gaineko panoramika
Irunberriko arroila Irati ibaiak zulatutako zintzur bat da. Pareta bertikal-bertikalak ditu, 150 metroko altuerakoak. NA-178 errepidearen ondoan dago begiratokia. Arroila ez ezik, Ledeako villa erromatarraren aurriak ere ikus daitezke propio jarritako egurrezko plataformetatik. Bista zinez paregabeak.
Moto gainean joanez gero, ilunabarrean joatea gomendatzen dugu. Argi horrekin, ikuskizun paregabea eragiten dute arroken urre-koloreko tonuek. Bisitaren osagarri, Iratiko Bide Berdean barrena paseatu dezakegu. Trenbide bat zen antzina, ibiaren ibilguari jarraitzen diona, zenbait tunel zeharkatzen dituelarik ere.
Badago beste aukera bat ere kilometro bakar batzuetara: Arbaiungo arroila, Irunberrikoa baino interesgarriagoa berez. Izan ere, Nafarroako zintzur hunkigarrietako bat da, sai arreen kolonia baten habia, Europako handienetako bat. Handik, Isuko mendatearen errepide zaharra hartzea merezi du. Mendiko tarte horrek bata bestearen atzetik kateatutako bihurguneak eskaintzen ditu, paisaia nagusi duen trazatu batean. Zirkulazio gutxi dago puntako orduetatik kanpo. Bikaina patxadaz ibiltzeko, basoak bidaide eta ibarraren gaineko bista ederrak lagun.
360º-ko panoramikadun begiratokiak eta motorzaleentzako aholkuak
Nafarroak, paisaia natural eder-ederrak ez ezik, estrategikoki kokatutako begiratokiak ere eskaintzen ditu, 360º-ko bista panoramikoak gozagarri. Aipatutako bost nagusiez gain, beste interesgune batzuk ere baditu Nafarroak, bereziki erakargarriak gurean barna moto gainean dabiltzanentzat. Hona hemen nabarmenenak:
- Ubaba / Pilatosen balkoia (Urbasa-Andia mendia): Urbasa-Andia Parke Naturalean, ibarraren zein bere pagadi eta hariztien gaineko bista ederrak ditu. Bikaina Nafarroan barna moto gainean bidaiatzen dutenak gelditu, naturaz gozatu eta argazkiak egin ditzaten.
- Galipentzuko begiratokia: Aragoi ibaiaren eta Mendialde Beherearen gainean, eta, egun argitsuetan, Pirinioak ere ikusgai. Atseden hartzeko, paisaiei argazkiak egiteko eta hegaztiei so egiteko gune perfektua.
- Pirinioetako balkoia (Abaurregaina): Aezkoan kokaturik, hala larreen nola Pirinioetako gailurren gaineko bista zabal-zabalak eskaintzen ditu. Ezin hobea mototik jaisteko eta mendiei argazkiak egiteko, egun garbietan.
Motorzaleentzako aholkuak: kontuz ibili bihurgune eta pendizetan, egokitu errepidearen egoerara eta planifikatu bidea atera aurretik.
Oinezkoentzako eta senderistentzako aukerak
Eskapada motorzaleentzako prestatu badugu ere, Nafarroak aukera asko eskaintzen ditu paisaiez oinez gozatu nahiago dutenentzat. Mototik jaitsi eta ibiliz gozatu nahi baduzu naturaz, beste ikuspegi batetik biziko duzu abentura, inguru berdinak hurbilagorik ezagututa.
- Urederraren iturburua: zirkularra da, 5-6 kilometroko joan-etorria, zailtasun ertainekoa, Urederra ibaiaren ur-jauziak, putzu naturalak eta begiratokiak bidaide. Aparkaleku bat dago hasieran. Onena, beraz, motoa han utzi eta bidea oinez egitea da. Bikaina naturako argazkiak egiteko, hegaztiei so egiteko eta uraren soinuaz gozatzeko, ingurune lasai batean.
- Urbasa mendiko bideak eta begiratokiak: mendiak zenbait bide zirkular eskaintzen ditu, 5-8 kilometrokoak, zailtasun gutxi-ertainekoak, ibiltari gehien-gehienentzat egokiak (begiratokiak ere). Ongi seinaleztatuta daude. Atseden hartzeko eta pik-nika jateko tokiak dituzte. Urederran bezala, motoak sarreran aparkatu daitezke. Hala, moto gaineko bidaia eta oinezkoa uztartu daitezke natura betean.