2025.12.04
Patxarana, ezagutu beharreko likore nafarra
Likore bat baino, historia, nortasuna eta paisaia da patxarana. Ezagutu Zoco destilategian Nafarroako ikur hori nola egiten den: paseatu elorri beltzen artean, sortu zeure patxarana eta gozatu bere esentzia berrasmatzen duten uztartze eta koktelez.
BlogPatxarana maitatzeko hamaika arrazoi ditugu Nafarroan! Batik bat, betiko kalitatea eta benetako zaporea dituelako maite dugu; Nafarroako sukaldeetan jaio zen eta, egun, gure nortasunaren ikur bilakatu da. Gainera, hemen Lurrak agintzen du, eta horren beste froga bat da patxarana.
Bideetatik jasotako basaranekin egiten da. Gero, anisetan astiro-astiro beratzen uzten dira, kolore gorri kartsua hartu arte. Dastatzea Nafarroako paisaiari leiho bat irekitzea da, gozotasunaren eta nortasunaren arteko oreka sentitzea, eta deskubritzea kopa bakoitzaren atzean mendetako tradizioa dagoela.
Premium esperientzia Zocon
Ez da inongo sekretua patxarana Nafarroako gastronomiako produkturik ezagunenetako bat dela, baina ba al dakizu nola egiten duten? Patxaranaren inguruko esperientzia betea proposatu nahi dizugu, hain zuzen, Nafarroako Zoco destilategira (Deikaztelu) eramango gaituena. Bertan, patxaranaren historia zoragarrian murgilduko gara, likorearen esentzia gordetzen duten basaranen artean paseatuz eta Vega del Pozo-ko kondesaren jauregiko lorategi historikoak zeharkatuz. Destilategiak ateak zabalduko dizkigu artisau-elaborazioa erakusteko: anis naturalean beratutako basaran % 100 nafarrekin egiten dute, koloratzaile eta aroma gehigarririk gabe.
Une horretan deskubrituko duzu ikusteko baino, ukitzeko, usaintzeko eta dastatzeko dela bisita. Gainera, guk geuk egin dezakegu patxarana! Eta txokolate ezberdinekin dastatuko dugu, bere zaporea nabarmentzeko. Amaitzeko, koktelgintza-tailer bat izango dugu, nahasketa harrigarrien bidez likore magikoa berrasmatzeko. Presta zaitez patxaran-koktelik onenak egiteko!
Konturatu ere egin gabe, ordu eta erdian tradizio bizi bat ezagutuko dugu, historia, natura eta jakituria darion ingurunean.
Gainera, esperientzia berriro bizitzeko, botila bat Zoco anis edo patxaran aukeratu ahal izango duzu, prezioan barne. Plan ezin hobea!
Basarana: patxaranaren arima
Arantzen artean ezkutaturik, basarana txiki azaltzen da, urdin iluna eta sekretuz beterik. Hasieran, zakar agertzen da, nolabait desafiatzaile. Agian, horregatik, baten batek pattar anisatuarekin heztea erabaki zuen aspaldi-aspaldian. Eta hala jaio zen patxarana.
Egia esan, elorri beltzaren (Prunus spinosa) baia hori beti izan da biziraulea. Izan ere, haizeak eta izotzaldiek zigortutako bazter eta lur pobreetan dago erosoen. Eta, bere jatorria Europan eta Asian zabaltzen den arren, Nafarroan topatzen du nortasunik ezagunena, Estellerrian nabarmen.
Anisarekin beratzean sortzen da magia: likidoa gorri biziz tindatu, eta gozotasun atsegina zein ukitu mikatza loratzen da, baita hain propio duen bukaerako berotasun hori ere.
Mendetako historia duen jatorria
Patxarana ez da asmakizun modernoa, eta horrek, zalantzarik gabe, are bereziago egiten du. Zaporeagatik eta digestioari laguntzen dioten propietateengatik da miresgarria; izan ere Erdi Aroan ere hartzen zuten!
Pattar eta aran euskal hitzetatik omen datorkio izena. Xumea da jatorriz, ez baitzuten asmatu ez destilatzaile maisuek ezta alkimista handiek ere, nekazariek baizik, eguneroko bizitzari zaporea emateko. Mendeetan zehar, etxeko edaria izan zen: belaunaldiz belaunaldi transmititutako errezetei esker prestatzen zuten Nafarroako etxeetan. Ez zegoen gehigarririk ezta artifiziorik ere, basaranak, anisa eta pattarra baino ez.
1956an hasi zen haren industria-ekoizpena Nafarroan, baina esentzia artisaua galdu gabe. Denborarekin, tradizio gisa hasi zena Nafarroako gastronomiaren ikur bilakatu zen. 1980ko hamarkadan, nafar sukaldeetatik upategietara igaro zen patxarana, eta jatorri-deitura eskuratu zuen. Bere egiazkotasuna bermatzen duten Nafarroako Patxarana Adierazpen geografiko babestuari (AGB) eta Kontseilu Arautzaileari esker, esentziari eusten dio egun: umila eta zintzoa, kontrasteekin jolasean.
Izaera paregabea aparteko uztartzerako
Fruta-gustuko izaerari eta ukitu anisatuari esker, patxarana oso ongi uztartzen da tradizioa eta autentikotasuna partekatzen duten Nafarroako plater tipikoekin. Nafarroako gaztak dira horren adibide. Horietako bat Idiazabal da, bere intentsitateak ezin hobeto kontrastatzen baitu patxaranaren gozotasuna. Baita izaera handiko Erronkaribar gazta ondua ere, likorearen fruta-gustuko freskotasunarekin orekatzeko ezin hobea.
Eta hestebete eta haragiekin konbinatzeko ere bikaina da! Nafarroako txistor batekin lagundu, eta ikusiko duzu zeinen ongi doan, patxaranak txistorraren ukitu espeziatu eta koipetsua leuntzen baitu. Edo txerri-urdaiazpikoarekin, bere puntu gazia eta umamia primeran doaz basaranaren azidotasunarekin.
Postrea hartzeko ere oso preziatua da patxarana. Izan ere, izugarri ona da Nafarroako gozoki tradizionalak laguntzeko: gazta-tarta krematsu eta pixka bat garratza, goxua esne-gain, bizkotxo eta kremarekin, edo erroskillak, ezin hobeak txupito hotz batekin. Almendrak ere bikote ona egiten du nafar likorearekin, bere zapore txigortua basaranarekin uztartzen baita. Eta ezin ahaztu txokolatea, patxaranak beste ezerk ez bezala nabarmentzen baitizkio ñabardurak.
Azkenik, Nafarroako gastronomiako sormenezko plateretan ere topatuko dugu, besteak beste, miniaturazko gourmet pintxoetan, hala nola ahate-foiea patxaran erredukzioarekin, edo likore horrekin egindako izozkian, fruitu gorriekin edo intxaurrekin uztartuta. Konbinazio horiek, tradizioa errespetatzeaz gain, patxaranaren esperientzia sentsoriala indartu, eta beste maila berri batera igotzen dute.
Hala, gorrimin-koloreko harribitxia gure lurreko enbaxadorerik onenetariko bat bihurtzen da, beti izan baita Nafarroako edari tipikoa baino askoz gehiago. Zurrupada bakoitzak landara garamatza, baita, udazkenean heltzean, basaranak pazientziaz biltzen dituztenen historiara ere. Eta gainera, zurrupada bakoitzean, % 100 lokala den produktuaren apaltasunaren, tradizioaren eta jasangarritasunaren balioa aldarrikatzen dugu, berezi egiten duen ukitu anisatua lagun. Zatoz dastatzera!



