2026.06.30
Zaldi-ibilaldiak Nafarroan: 8 zaldi-ibilbide, mendi, haran eta basamortuetan barna
Nafarroan zaldiz ibiliz, beste modu batera ezagutzen ahal da lurraldearen berezko izaera. Pagadi amaigabe, berde biziko haran eta basamortu harrigarri batean barna zabaltzen dira bideak. Urrats bakoitzak soroen erritmo lasaiarekin, haizearen soinuarekin eta lur hezearen usainarekin konektatzen zaitu. Presta zaitez Nafarroa zaldi gainean ezagutzeko. Paisaia bakoitza abentura bihurtuko zaizu.
BlogZaldiz ibiltzen badakizu, edo bikotearekin, taldean nahiz familian esperientzia berezi bat bizi nahi baduzu, aukera duzu Nafarroako paisaia liluragarriak zaldiz ezagutzeko. Ezustekoz eta sentsazioz beteriko ibilbideak dira, etxera itzultzen zarenean denbora luzez oroituko dituzunak.
Hemen dituzu Nafarroan zaldiz ibiltzeko eta kontrastez beteriko lur hau ezagutzeko 8 ibilbide:
1. Zaldi-ibilaldiak Iratin, film bateko eszenatokian
Imajinatu film baten protagonista zarela, eta itxuraz amaierarik ez duen oihan batean barna zaldi gainean zoazela. Eguzki-izpiak herabeki igarotzen dira ehunka urteko pagoen eta zerurainokoak diruditen izeien artetik. Oihan zabalean barna bihurka doazen lau ibaietako urek jartzen dute soinu-banda. Bat-batean, oreinen marrualdiak eteten du naturaren lasaitasuna. Horixe sentituko duzu Iratin zaldi baten gainean sartzen zarenean.
Irati milaka urteko oihana da, Europako pagadi eta izeidi handienetako bat, eta ezin aproposagoa zaldiz ibilbide bat egiteko, naturaren zirrara sentituz.
Urtean bi aldiz, Arbaiun zalditegiak (“Club Hípico Arbayún”) egun batzuetako ibilbidea antolatzen du, Iratiren bihotzera barneratzeko. Kluba arduratzen da beharrizan guztiez: otorduak, ostatua eta abar. Zaldiz ibiltzen esperientzia izatea baino ez da behar; izan ere, maila handiko ibilbideak egin behar dira. Artzain-bideak, errekastoak eta zelai ezkutuak igaroko dituzu. Deskonektatu nahi baduzu, galoparen askatasuna sentitu eta izarrez betetako zeru baten azpian lotaratu, abentura hau zuretzat da. Iratiko zaldi-ibilaldiei buruzko informazio gehiago duzu Arbaiun zalditegiaren webgunean.
2. Zaldi-ibilaldiak Errege Bardean eta Erriberan
Iparraldeko baso hostotsuetatik hegoaldeko Errege Bardeako basamortura igarotzea da Nafarroak eskaintzen duen esperientzia harrigarrienetako bat. Hain da handia paisaien arteko kontrastea, ezen, Nafarroatik irten gabe, bi mundu desberdinetan zamalkatzen zarela sentituko baituzu.
- Añezkarko zalditegiak (“Centro Hípico Añezcar”) asteburuetako edo egun batzuetako ibilbideak eskaintzen ditu Errege Bardean –hareaz, arroilaz eta egitura apetatsuz beteriko paisaian– barneratzeko. Bizi abentura bat western batekoa dirudien eszenatoki batean, eta ikasi transhumantziari eta erronkariarren altxonbideei buruz. Zure zaldiaren bizkarrean, Espainiako herririk politenetako batera iritsiko zara: Uxue Ibilaldiaz gain, ostatua eta otorduak eskaintzen dituzte, bete-betean goza dezazun paregabeko esperientzia honekin.
- Activa Experience-k maila guztietako zaldi-ibilaldiak eskaintzen ditu Nafarroako Erriberan. Ezin egokiagoak dira zaldien mundua presarik gabe ezagutzen hasi nahi dutenentzat, Nafarroa eta Aragoi arteko bideen lasaitasunaz gozatuz.
3. Zaldi-ibilaldiak Irunberriko eta Arbaiungo arroilan
Nafarroako arroila ikusgarrienetako bi –Irunberrikoa eta Arbaiungoa– modu desberdin batean ezagutzen ahal dira: zaldiz.
Arbaiun zalditegiak ibilaldiak antolatzen ditu haitzarte ikusgarri horietan barna, 300 metroko altuerarainoko harkaitzen azpian, zeruan sai arreak hegaldatzen direla. Hasiberrientzako txango laburrak edo ibilbide luzeagoak aukeratzen ahal dituzu, edo pertsonalizatuak, zaldiz ibiltzen esperientzia izan eta inguruko natura basatia sentitu nahi baduzu.
Arroiletako bidezidorretan zaldiz ibiltzea esperientzia ahaztezina da: apatxek harriaren gainean egiten duten hotsak, ibaiaren freskotasunak eta arroilen handitasunak lagun eginen dizute bide osoan.
4. Zaldi-ibilaldiak Baztan ederrean
Arroiletako uraren zurrumurrutik Baztango zelaien berde bizira joanen gara, Nafarroako inguru ederrenetako batera. Baztango belardiek, baserri zuriek eta lainotan bildutako mendiek eszenatoki ezin hobea osatzen dute ametsetako zaldi-ibilbide bat egiteko.
Arizkungo Ordoki Zalditegiak ordu bete eta hiru ordu arteko ibilaldiak eskaintzen ditu. Ez da beharrezkoa aurretik esperientzia izatea. Leku enblematikoetatik igarotzen dira ibilbideak; besteak beste, Amaiurko monolitoa, Xorroxingo ur-jauzia edo Gorramendiko saitegia.
Anima zaitez Ordoki eta Amaiurko gaztelua –Nafarroako Erresumaren azken gotorlekua– lotzen dituen ibilbidea egitera.
Eta haran honekin maitemintzen bazara –litekeena baita hori gertatzea–, Ordoki Zalditegiak egun batzuetako zeharkaldiak ere antolatzen ditu.
5. Zaldi-ibilaldia Ultzamako paisaia berdeetan
Nafarroako bihotz berdearen erdian, Ultzaman, ibilbide lasaiak egiten ahal dituzu, zelaien eta ehunka urteko haritzen artean.
Ultzamako zalditegiak (“Hípica Ulzama”) zaldi-ibilaldiak antolatzen ditu Orgiko hariztian. Hango bide leun eta milaka urteko baso barean ibiltzea plan ezin hobea da erlaxatu eta ingurunearekin konektatu nahi dutenentzat.
Ibilbideari ekin aurretik, laburki azaltzen dute zaldiarekin nola komunikatu eta haren erritmoa nola ulertu. Ibilbidean zehar, zaldiaren erritmo pausatuak eraman zaitzan utzi besterik ez duzu egin behar, haritzen itzalak eta txorien kantuek lagunduta. Talde txikiak izaten dira –2-4 lagunekoak–, arreta pertsonalizatua eskaintzeko. Ez da beharrezkoa aurretiazko esperientziarik izatea; naturaz lasai gozatzeko gogoa besterik ez.
6. Zaldi-ibilaldiak Urbasa-Andia mendilerroan
Urbasa-Andia mendilerroan, basoak, larreak eta altuera handiko ikuspegiak dituzu, bihotz-begietan geratzen diren horietakoak. Inguru horietan zaldiz ibiliz, Nafarroa basatiago eta askeago bat aurkituko duzu.
Nafarroaren bihotzean, Urbasa-Andia eta Aizkorri mendilerroak gurutzatzen diren lekuan, Urdiaingo Errotain zalditegiak zaldiz ibiltzeko ibilbideak eskaintzen ditu. Errotaingo zaldiak aske bizi dira, eta, beraz, lasaiak eta ezin hobeak dira hasiberrientzat nahiz esperientzia duten zaldizkoentzat.
Bi aukera dituzu: ordu bat edo biko ibilbideak —adibidez, milaka urteko harizti batean barna edo inguruko herriak bisitatuz — edo ibilbide luzeagoak, Urbasa-Andiako pagadi eta larreak zeharkatuz.
Halaber, egun osoko irteerak eta egun batzuetako zeharkaldiak antolatzen dituzte, baita ilargi beteko gauetako txangoak ere, barbakoa eta guzti.
Acedo zalditegiak ere egun osoko txangoak eta 2-3 ordukoak eskaintzen ditu, haurrentzat eta nahi duen ororentzat. Horrez gain, ibilaldiak antolatzen dituzte Lokiz mendilerroan eta Vasco Navarro trenbidearen bide berdean. Udan, esperientzia paregabe bat eskaintzen dute: ibaian bainatzea, zaldiekin.
7. Kondairetako ibilaldiak zaldiz, Zugarramurdi inguruan
Nafarroako iparraldean, Frantziako mugatik gertu, Zugarramurdiko paisaiek kondaira batetik ateratakoak dirudite. Eta ez da kasualitatea, hemen sorturikoak baitira sorginez, magiaz eta misterioz beteriko hainbat istorio. Urrats bakoitzak naturen muinean eta leku liluragarri baten historian murgilaraziko zaitu.
Ordoki Zalditegiak ibilaldiak antolatzen ditu Baztanen eta Zugarramurdi, Urdazubi eta Sara inguruetan, Xareta eskualdeari bira ematen dion Pottokaren ibilbidearen zati bati jarraituz.
Ordu bete eta hiru ordu arteko ibilbideak izaten dira, eta egun batzuetako zeharkaldiak ere eskaintzen dituzte, Etxalarko usategiak, Zugarramurdiko kobazuloak edo Auritz eta Orreagako belardiak zeharkatuz.
8. Donejakue bidea zaldiz, Nafarroatik
Donejakue bidea zaldiz egitea Nafarroan bizitzen ahal duzun esperientzia berezienetako bat da.
Añezkarko zalditegiak hainbat egunetako ibilbidea antolatzen du Orreagatik –Frantses Bidearen Espainiako sarreretako batetik– abiatuta. Bi modalitate eskaintzen dituzte:
- Bide osoa, Santiagoraino, 24 egun ingurutan.
- 12 eguneko ibilbide laburragoa, Donejakue bidearen esentzia bizi nahi dutenentzat, osorik egin gabe.
Halaber, Acedo zalditegian, aukera ematen dute Donejakue bidea pixkanaka egiteko. Urtean bederatzi-hamar eguneko zaldi-erromesaldia egitea eskaintzen dute; beraz, erromesaldi osoa egiten ahal da bi urtetan. Bidaian, basoak, abelbideak eta historiaz beteriko herriak zeharkatzen dira. Bidaiariek aterpetxeetan edo landa-hoteletan hartzen dute ostatu. Egunero, aukera izanen duzu zaldi gainean lasaitasunez ibiltzeko eta inguruko monumentuak, gastronomia eta tradizioak ezagutzeko.
Donejakue bidea ibilbide bat baino gehiago da: esperientzia espiritual bat, geure baitan biltzeko eta naturarekin konektatzeko bidaia.
Zaldizko batzuk Orreagatik irteten, eta Santiagoraino dagoen km kopurua adierazten duen seinalea
Nafarroan zaldi-ibilaldiak egiteko aholkuak
- Egin erreserba aurrez: batez ere, goi-denboraldian, ibilbideek plaza mugatuak izaten baitituzte.
- Erreserbatu aurretik, informa zaitez jardueraren iraupenari, zailtasun-mailari eta gutxieneko adinari buruz. Erabili arropa erosoa (urtaro bakoitzerako egokia), galtza luzeak, bota egokiak edo zola lauko oinetakoak.
- Errespetatu beti ingurune naturala eta naturgune babestuetako arauak.
- Eta, batez ere, gozatu ibilbideko urrats bakoitza: zaldiarekiko lotura, paisaia eta isiltasuna bidaiaren parte dira.