2022.10.18

Petilla Aragoi, Ramón y Cajalen sorterria den uhartetxo nafarra

Nafarroan erraza duzu Medikuntzako Nobel saridun hori ezagutzea, hark ikertutako arloa –neurozientzia– praktikan jartzea, eta zure ongizatea hobetzea.

Blog

Petilla Aragoi, Ramón y Cajalen sorterria den uhartetxo nafarra

Petilla Aragoi, Ramón y Cajalen sorterria den uhartetxo nafarra
Agian ez dakizu oso ongi non dagoen Petilla Aragoi, baina Santiago Ramón y Cajal ezaguna eginen zaizu, ezta? Medikuntzako Nobel sariduna izan zen, neurozientziaren aita (bai, gaur egun hain modan dagoen neurozientzia); ba Nafarroako herri txiki horretan sortu zen, Pirinioetako bidearen erdian eta Zangozatik oso hurbil. 1852an jaio zen, Kale Nagusiko harrizko etxe batean; gaur egun museoa da.

Haren sorterria Nafarroako eta Aragoiko erresumen arteko gatazka eta gertaera bitxien lekuko izan zen, eta merezi du bisitatzea. Beraz, gonbidatzen zaitugu jenio honek bere lehen urteak igaro zituen herri bitxi horren ondare natural eta historikoa deskubritzera.

Petilla Aragoiren historia

Bazenekien Aragoiko lurrez inguratutako lurralde txiki hori (Nafarroatik 12 kilometrora besterik ez badago ere) Nafarroakoa izatearen arrazoia mailegu bat dela?

XIII. mendearen hasieran, Nafarroako Antso VII.a Azkarrak dirua utzi zion Aragoiko Pedro II.ari, guduak finantzatzeko dirua behar baitzuen hark. Aragoiko erregea hil egin zen ordea gudu horietako batean, mailegua itzuli aurretik. Orduan, Antso Azkarrak zorraren bermea betearazi zuen eta, besteak beste, Petillako gaztelua beretzat gelditu zuen; gaur egun ez dago ia gaztelu haren arrastorik. Aragoiko koroaren oinordekoak 20 urteko epea zuen zor hura kitatzeko, baina ezin izan zuen dirua bildu. Hala, Petilla behin betiko sartu zen Nafarroako Erresuman.

Programa ezazu zure burua Nafarroan, neurozientziaren sekretuei esker

Neuronak oso ezezagunak ziren garai hartan, baina gaur egun badakigu konexio berriak sor ditzaketela, eta ugaldu ere egin daitezkeela. Hala esan zuen Ramón y Cajalek: “Gizaki oro izan daiteke, hala nahi badu, bere garunaren eskultore”. Gai txundigarria da, ez duzu uste?

Pentsatuz, pentsatuz... zergatik ez jarri neurozientziaren gako batzuk zure ongizatearen eta zoriontasunaren zerbitzura Nafarroan?

Hona hemen ideia batzuk:

1. Saihestu etenak: itzali mugikorra, deskonektatu zaitez eta konektatu berriz beste garai batekin.

Arreta zeregin bakar batean jarri, murgildu horretan eta gozatu. Zoaz beste garai batera Petillako kaleetatik paseatzen ari zaren bitartean; ikusi harrizko garbitokia eta bisitatu gure mediku nazioartekoenetako baten museo-etxea. Bertan, haren bizitza eta lana azaltzen dituen erakusketa bat duzu, hobeki ulertzeko egin zituen ikerketen garrantzia, eta, gainera, garai hartako etxe bat barrendik nolakoa zen ikusteko aukera emanen dizu.

Jarrai ezazu kalean aurrera eta bisitatu Donemiliagako eliza; jatorri erromanikoa du, baina barrena gotikoa da. Karitateko Andre Mariaren baselizarekin batera, Erdi Arora eramanen zaituzte.

2.  Egin mendi-ibiliak; egurastu zaitez eta jabetu zure arnasketaz


Badirudi Petilla harkaitzen eta landarediaren artetik sortzen dela, naturaz inguratua. Toki aproposa da ibilbide bat egiteko, pauso lasaiean, natura behatuz, haren xehetasunak hautemanez, eta esploratzaile sentitzeko, denboraren poderioz ahaztuak gelditu diren gazteluak aurkitzen dituzunean.

Baliatu ezazu aukera hori Selva mendiaren gailurrak eskaintzen dituen panoramika apartak ikusteko, eta, naturaren edertasunaz gozatzen jarraitu nahi baduzu, handik 30 km ingurura duzu Irunberriko arroila zoragarria: 400 metro luze diren horma ikusgarriak ditu, eta Irati ibaiak zeharkatzen du. Hara sartzeko lehengo Irati trenaren bide berde zoragarria har dezakezu; hura izan zen bidaiarien lehen tren elektrikoa estatuan. Behatu saiak eta naturaren magia. Arnastu aire freskoa eta garbia, bete birikak oxigenoz eta energiaz... Sentitzen duzu?​​​​​​​
 

3. Estimulatu zure burmuina kultura apur batekin eta esperientzia berriekin.

Zer iruditzen gure jakin-mina berraktibatzea, batzuetan ahaztua izaten baitugu, deskubritzeko erromanikoaren altxorrak, edo kantu gregorianoaren xarma, edo Nafarroako patroi den San Frantzisko Xabierkoaren bizitza gorabeheratsua?

Petilla Aragoitik 25 kilometro eskasera, kulturaz gainezka dagoen eremu bat duzu zain. Segi Erdi Aroan murgildua, eta bisitatu Leireko monasterio beneditar ederra; ikusgarriak dira estilo erromanikoko kripta, eliza eta Speciosa (ederra) deituriko portada. Han, aukera izanen duzu begiak itxi eta monje beneditarren kantu gregoriano ederrak entzuteko.

Leiretik 8 kilometro besterik ez daude Xabierko gaztelura; bere almena bereziekin, Nafarroako tokirik bisitatuenetako bat da. X. mendeko gotorleku hori, kultura-intereseko ondasuna izateaz gain, San Frantzisko Xabierkoaren sortetxea da. Gaur egun, martxoko lehen bi asteburuetan, Xabierraldiak deiturikoak egiten dira: santua gurtzeko erromesaldiak, XIX. mendearen bukaeratik egiten direnak. Handik oso hurbil dago Zangoza, eta bisitatzera animatzen zaitugu, besteak beste 1889an monumentu nazional izendatu zuten Andre Maria Erreginaren portada erromaniko aparta ikusteko.

Eta denboran bidaiatzearen sentsazioak erakartzen bazaitu, Peñako mendilerrora txango bat egitea gomendatzen dizugu. Han, topo eginen duzu Peña herri hustu bitxiarekin. Herri txiki hori abandonatua eta denboran izoztua dago, eta hango kale hutsetan barna ibiltzean, irudikatzen ahal izanen duzu nolakoa zen hango herritarren bizitza.​​

​​​​​​​4. Hobe da mikro-helburu bat super-asmo bat baino

Hartuko dugu, mikro-helburu gisa, inguru horretan ohikoa den plater bat gutxienez probatzea? Bidaiatzea aitzakia ezin hobea da zapore berriak aurkitzeko, tokiko sasoiko produktuak dastatzeko eta bertako ardo hoberenak edateko, kasu honetan Nafarroa Jatorri Deiturakoak.

Inguru hori bisitatzen duzunean, gomendatzen dizugu mahaia gordetzea sukaldaritza tradizionala egiten duen jatetxe on batean, eta Zangozako potxa platerkada bat eskatzea; energia emanen dizute ibilbidean aurrera jarraitzeko. Potxak bertako banabar zurien barietatea dira, eta bildu berritan jaten dira. Horregatik, Nafarroako sukaldaritzan hainbeste estimatzen den testura lodi eta krematsu hori izaten dute. Bikainak benetan!

Ardoa gustuko baduzu, jakin ezazu hemen aurkituko dituzula mendialde behereko mahasti bereziak. Animatzen zaitugu Bodegas Sadaren garnatxak edo Leireko mendilerroaren oinean dagoen Bodega de Liédena txikia deskubritzera. Azken horretan kudeaketa adimenduneko sistema berritzaile bat ezarri dute, Nafarroako ardoaren sektorearen ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-jasangarritasuna hobetzeko.

Petilla Aragoiri etekina ateratzea erabaki baduzu eta, gainera, eguna inguruan mendi-ibiliak egiten igaro baduzu, gero indarrak bildu beharko dituzu. Han bertan jateko eta lo egiteko aukera duzu, hango jatetxe eta ostatuan.

Egutegiari begiratu bat eman, eta prestatu jada zure joan-etorria, Nafarroako herri txiki polit hori eta haren ingurunea deskubritzeko. Zure zain izanen gara!

Tag-en hodeia: