2023.06.02

UDA HONETARAKO PLANAK ERRONKARIBARREN

Mendiko kirolak maite dituzu? Izugarri gustatzen zaizu astronomia? Lasaitasunaren, aire garbiaren eta gastronomia onaren bila? Erantzuna “bai” bada, jarraitu irakurtzen, Erronkaribar zure helmuga baita. Pirinioetan, Nafarroako ekialdean dago Erronkaribar ederra, hain ekialdean ezen Frantziarekin eta Aragoirekin muga egiten baitu. Lasaitasuna eta aire garbi-garbia arnasten dira ibarreko herrietan. Gauez izar urruneneraino ere ikus daitekeela horren adierazgarri da. Natura basatiaz gozatzera animatzen gaitu ibarrak, eta bere historia ezagutzera eta tradizioetan parte hartzera ere gonbidatzen gaitu.

Blog

ERRONKARIBAR: KONTAKTATU NATURAREKIN

Aire zabaleko kirolak egiteko eremu aproposa da Erronkaribar, baita ondoko Ibarra ere: Belagua. Xendazalea eta mendizalea bazara, ibilbide balizatu ugari aurkituko dituzu www.senderosvallederoncal.com webgunean. Bizikleta gustokoa baduzu, Larra Belagua BIKE eremu berrian, mota eta zailtasun ezberdineko BTT eta Enduro ibilbideak aurkituko dituzu.
Baina adrenalina gehiago behar duten horietakoa bazara, eskalada egin ahal izango duzu Bidankozeko eta Belaguako harkaitz ikaragarrietan. 

Ibarrean antolatutako jarduerak

Non berritu indarrak menditik hurbil

ERRONKARIBAR: LEKU EZKUTUAK

Hona hemen hain ezaguna ez den ibilbide bat, ibarreko lekurik politenetako (eta fotografiatuenetako) batera eramango gaituena. 
Azanzoreako kobazuloa eta ur-jauzia da. Burgi eta Bidankoze lotzen dituen errepideko 6. Kilometrotik abiatzen da bidea. Errepidean, laugune txiki bat dago aparkatzeko. Bi informazio-panelek, eskuinean, ibilbidearen hasierako puntua adierazten dute. Bidexka pixkanaka-pixkanaka igotzen da, errepidea gero eta atzerago utzita, ezpelen eta pinu gorrien artean. Bidea aise ikusten da beti. Ordu-erdia baino ez da behar kobazulora iristeko. Harrizko babesleku bat da, kareharrizko formazio politak dituena.

Han zaudela, leku magiko batean zaudela sinetsiko duzu, ikuspegiez eta atsedenaz gozatzen duzun bitartean. Urtea euritsua izan bada, gainera, ur-jauzia ere ikusiko duzu. Freskatzeko aukera ederra. Unea gogoratzeko aterako dituzun argazkiak hain politak izango dira ezen ez baituzu zalantzarik egingo sare sozialetara igotzeko. Unea iristen denean, gogoratu gu mentzionatzea (@visitnavarra) eta #visitnavarra hashtag-arekin partekatzea. 

Ur-jauzi gehiago dago inguruan. Plazera baduzu, egizu Belabartzeko ur-jauzira doan bidezidorra, edo Arrakoko ur-jauzira doana.

ERRONKARIBAR: PARADISU GASTRONOMIKOA

Ibarreko (baita Nafarroa osokoa ere!) produktu famatuenetako bat Erronkaribar JD-ko ardi-gazta purua da. 
Metodo tradizionalari jarraituz egiten da, eta testura, zaporea eta aroma ditu ezaugarri. Eta harro-harro esan dezakete Espainian gazten Jatorrizko Deitura jaso zuen lehena izan zela, 1981ean 
Ibarrean barna, hainbat gaztandegi daude, eta zabalik dituzte ateak jaki tradizional hori nola egiten duten erakusteko. Zatoz, parte hartu antolatzen dituzten bisita gidatuetan eta partekatu zure denbora beren lana sutsuki maite duten artisau horiekin. Izan ere, lehen egiten zen bezala prestatzen dituzte produktuak gaur egun ere, artisau-erara, gehigarririk gabe eta behar den denborarekin. 
Galdetu Erronkariko Turismo Bulegoan non dagoen Gaztaren Museoa, Uztarrozen, eta, ekaina bada, aprobetxatu aukera Gaztaren Eguna ezagutzeko. Azokak eta dastatzeak izango dituzu gozagarri egun eder horretan. 

Eta zer iruditzen gazta artisau-garagardo on batekin uztartzen badugu? 
Burgin, artisau-garagardotegi bat bisitatu ahal duzu. Haren fabrikazio-prozesua ezagutuko duzu, errezeta tradizionaletan oinarritua. Gero, garagardoak dastatuko dituzu, noski, taproom delakoan. Kontzertuak ere antolatzen dituzte han tokiko musika taldeekin. Txoko ezin hobea, beraz, gustura egoteko.
Garagardo gozo hori ibarreko taberna eta jatetxeetan ere dastatu ahal izango duzu.

ERRONKARIBAR: STARLIGHT HELMUGA

Ikusi al duzu inoiz zerua benetan nolakoa den? Hala izarrak ikustea gustatzen bazaizu nola inoiz ikusi ez badituzu, Erronkaribarko zeru izartsuak ez zaitu epel utziko. 
Turismo jasangarri eta arduratsuko jarduera bat da astroturismoa, eta Erronkaribarren praktikatu ahal izango duzu. Zeru izartsuari behatzeko dituen baldintza bikainei esker, "Starlight Helmuga Turistikoa" ziurtagiria du.

ERRONKARIBAR: 2023KO UDAKO EKITALDI NAGUSIAK

Esan dugun bezala, ekainaren 10ean Gaztaren Eguna egiten da Erronkarin. Jaiaren erakustaldiek artzaintzaren mundua sakonago ezagutzeko aukera emango dizute: ile-moztea, artzain-txakurrak eta artisau-gaztagintza. Erosi tokiko produktuak azokan eta dastatu gazta desberdinak. 

Ibarreko ekitaldi ezagun eta antzinakoenetako bat Hiru Behien Zerga da. Uztailaren 13an egiten da, urtero, Ernazko lepoan (Izaba), San Martin harriaren ondoan, Nafarroako Erronkaribarraren eta Baretous ibar frantsesaren artean. Europako nazioarteko trataturik zaharrena da, eta interes kulturaleko ondasun ez-material izendatu dute. XIV. mendekoa da, eta Erronkaribarraren eta Baretous ibarraren artean larreen aprobetxamendua tarteko zeuden borrokak amaitu zituen. Hitzarmena gogora ekartzeko, Erronkaribarko eta Baretouseko alkateek, tokiko janzkera tradizionala soinean dutela, eskuak harriaren gainean jarri eta “pax avant” (aurrerantzean, bakea) aldarrikatzen dute, konkordia eta lankidetza adierazteko. Etorri eta eseri. Ekitaldiaren kokapen hutsak aho bete hortz utziko zaitu! Aukera ona da, zalantzarik gabe, ibarreko historiaren zati bat ezagutzeko eta haren zati sentitzeko.  

Eta ibarreko historiari buruz gehiago jakin nahi baduzu, bisitatu Izabako Oroimenaren Museo-Etxea, edo ibarreko pertsonaia ezagunenetako baten etxea, hau da, Julián Gayarre tenorearen etxea, Erronkarin. Ez alde egin Erronkaritik bere mausoleoa ikusi gabe. Mariano Benlliurek, mendearteko aldiko eskultore ezagunenetako batek, egin zuen, brontzez eta Carrarako marmolez. 

Ekainaren hasieran, Ingurumenaren Mundu Eguna ospatzen da, eta Erronkariko Naturaren Interpretazio Zentroak hainbat jarduera antolatzen ditu inguruko natura-ondarea balioesteko eta etorkizuneko belaunaldientzat babestu eta kontserbatzeko beharraz kontzientziatzeko. 

Eta bizikleta maite baduzu, irailean duzu egutegian izena emateko kirol-hitzordu bat hemen. Larra-Larrau da, ziklismo-ekitaldi ez-lehiakorra Europako paisaia karstiko ikusgarrienetako batean. 

Udan ibar eder hau ezagutzera etortzeko plan- eta ideia-mordoa duzun honetan, aitzakiarik gabe geratu zara ostatua erreserbatzeko eta Nafarroako txoko honetan egun batzuetan dibertitzeko. Eta, bide batez, hasi aztertzen inguruko jatetxeak, Pirinioetako gastronomia oparoa dasta dezazun zure jendearekin. Hori bai, erreserba egitea gomendatzen dizugu. 

Azkenik, gogoan izan Erronkariko Turismo Bulegoa eskura duzula zalantzak argitzeko, bidaia egin baino lehen edo bitartean. Eskualdeko profesional eta adituek lagunduko dizute ibarra modu pertsonalizatuan ezagutzen, xehetasun bat ere gal ez dezazun. Utzi haiek aholkuak ematen, eta gozatu zuk!

Tag-en hodeia: