2025.10.14

Zer ikusi Iratiko oihanean eta inguruetan: ezinbestekoak

Pirinioetako bihotz berdearen bila? Murgil zaitez Iratiko oihanean, eta ezagutu paradisu bat: pagadiak eta izeidiak, ur-jauziak, begiratokiak eta herri txundigarriak. Natura, historia eta ibilbide paregabeak, zure zain Nafarroako Pirinioetan.

Blog

Iratiko oihana ahazten ez diren leku horietakoa da. Baso itzela, ia magikoa, mendetako historia gordetzen duena bere baitan. Bere biodibertsitateari esker, gainera, benetako natura-santuarioa da. 

17.000 hektarea baino gehiago pagadi eta izeidi dituela, Europako bigarren baso handiena eta hobekien kontserbatuena da, Alemaniako Oihan Beltzaren atzetik. 2007tik, Europako pagadi primarioen zati da (UNESCOk Gizateriaren Ondarea aitortu zituen), eta, 2024an, Biosferako Erreserba aitortu zuten.

Pagoak protagonista nagusiak badira ere, haritzak, urkiak, sahatsak eta izeiak, erraldoiak, ere hazten dira. Eta, haien artean, hegazti harrapariak, azeriak, oreinak eta orkatzak bizi dira. Okilek ere, hegazti iheskorra eta ia desagertua Iberiar penintsularen gainerakoan, oihana hartu dute bizileku. Oparotasun natural hori lagun, ez da harritzekoa Hegaztien Babesgune Nagusia izatea.

Izan ere, Iratiko oihana basoa baino gehiago da. Naturaren taupadak ozen-ozenak baitira eta tradizioa kondairekin batera bizi baita. Bisitatzekotan bazaude, hau da zure gida osoena: ezinbesteko lekuak, herri xarmagarriak, begiratoki txundigarriak eta gustu guztiak asetzeko moduko ibilbideak.

Selva de Irati con la ermita de la Virgen de las Nieves

Ezinbesteko tokiak Iratiko oihanean

  • Irabiako urtegia, basoaren bihotz urdina 

Iratiren bihotz-bihotzean, ipuin batean sartzeko moduko laku bat ezkutatzen da: Irabiako urtegia. Milaka urteko baso itzel batean gorderik, argazki gehienen jomuga nagusietako bat da, eder-ederra baita. Basoaren isla ur bareetan aldatu egiten da urtaro bakoitzean, paisaia ere aldatzen delarik.

Urtegia inguratzen duen ibilbide zirkular bat egin daiteke han. 10 kilometro luze da, zailtasun errazekoa/ertainekoa da (egokia familian egiteko) eta 3 ordu inguru behar dira.

Autoz joanez gero, Orbaizetan dago sarrera hurbilena. Ordaindu egin behar da aparkatzeko, mantentze-lanetarako tasa gisa.

  • Kuboko ur-jauzia, konexio-toki magikoa 

Iratiko bazter txundigarrienetako bat Itsuosin da (Kuboaren ur-jauzia ere esaten zaio). Mailaz maila jauzten da, basoaren isiltasuna urratzen duelarik. 

Errekaidorrako interpretazio-bidezidorrak eramango zaitu haraino. Zirkularra da, Iratiko etxeetatik abiatzen da, ongi seinaleztatuta dago eta 10 kilometro ditu. Bideko panelek eremuko baso-aprobetxamendua azaldu eta antzinako ikazkinek eta kontrabandistek basoan utzitako aztarnaren berri ematen dute. Bikaina da natura, historia eta abentura-pixka bat konbinatzeko.

Cascada del cubo
  • Orbaizetako arma-fabrika, historia aurrien artean

Interes Kulturaleko Ondasuna aitortuta, 2008an, historia eta natura uztartzen ditu Orbaizetako arma-fabrikak. Zuria I.a Nafarroakoa erreginak sortu zuen, XV. mendean, burdinola gisa, eta, gero, XVIII. mendean, Karlos III.ak errege-manufaktura gisa berrerabili zuen. Espainiako zentro militar nagusietako bat izatera iritsi zen, itxi arte, 1884an.

Handik, Urkuluko dorreraino daraman bidea abiatzen da. Izen bereko mendiaren gailurrean altxatutako trofeo-dorre bat da, oinplano zirkularrekoa.

Fábrica de Armas de Orbaizeta

Iratiko oihanaren begiratokiak eta bista panoramikoak

  • Zamariaingo behatokia, Lehoi erregearen harria

Ikuspegi paregabe baten bila bazabiltza, Zamariaingo behatokia duzu jomuga, Garaioan. Balkoi natural horretatik, Beteluko hariztia eta Irati ibaia daude ikusgai. 

Barra-barra agertzen ari da begiratokia azken urteotan sare sozialetan, hala nola Instagramen, Lehoi erregea filmaren harri ospetsuaren antza handia baitu.
Bi aukera duzu iristeko:

  • Senderismoa atsegin baduzu, egizu 3 kilometroko ibilbide seinaleztatua Garaioatik. Ordubete inguru behar da, maldan gora.
  • Txikiekin bazoaz, hobe autoz. Hartu Garaioan dagoen pista, aparkaleku txiki bateraino eramango zaituena. 20 minutuko bidea, gutxi gorabehera, dago handik begiratokiraino. Garaioa eta Zamariaingo behatokia lotzen dituen SL-NA 58A toki-bidezidorraren azken zatia.
Piedra del mirador de Zamariain
  • Ariztokiko begiratokia, Garralda eta Ariberen artean

Bikain ikusten dira handik Beteluko hariztia eta Irati ibaia, mendien artean siga-saga dabilela. 

Erraza da iristea. Garralda eta Aribe lotzen dituen errepidean, begiratokia iragartzen duen kartel bat dago. Aparkaleku txiki bat dago han. Bidezidor batek begiratokiraino eramango zaitu (100 metro). 

  • ​​​​​​​Ikuspegia Taplako gainetik: Idorrokia eta Goñiburu

Otsagabia eta Larraine (Frantzia) lotzen dituen errepidean Taplako lepoa dago, beste balkoi natural bat Iratiko oihanaren gainean. Pagadi-izeidia zenbateraino den mugagabea ikus daiteke handik. Egun argitsuetan, gailur batzuk ikusten dira, hala nola Idorrokia eta Goñiburu. Eta, gailur horietara igotzen bazara, are ikusgarriagoak dira bistak.

Horrez gain, Abodiko lautadara joateko bidezidor batzuen abiapuntua da Tapla. Altuerako senderismoa eta BTT ibilbideak egiteko toki bikaina da lautada hori.

Campa de Abodi con un árbol en otoño y ovejas
  • Pirinioetako balkoiaren begiratokia, Abaurregaina

Herriko irteeran dago begiratokia, Zaraitzurantz. Nafarroako Pirinioen ikuspegi txundigarrienetako bat dago handik. Aragoiko Pirinioen zati bat ere ikus daiteke, hondoan. Hurbileko larreek are ederrago egiten dute irudia: berde-berdeak udaberrian, elur-geruzak estaliak neguan. Interpretazio-mahai batek handik ikusgai dauden tokiak identifikatzen lagunduko dizu.

Herri xarmagarriak Iratiko oihanean eta inguruetan

  • Otsagabia, Nafarroako herri politenetako bat

Otsagabia, Zaraitzun, Nafarroako herri xarmagarrienetako bat da. Bere kale harriztatuek, balkoi loreduneko harrizko etxeek eta Anduña ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubiak irudi liluragarria eskaintzen dute.

Otso eta habia hitzetatik omen dator izena. Otsagabiaren iragan basatiaren aztarna. Natura-santuario horretako fauna eta florari buruz gehiago ikasi nahi baduzu, jo Natura Interpretatzeko Zentrora

Kaleetan barna noraezean ibiliz gero, San Joan Ebanjelaria eliza topatuko duzu, eta jauregiak ere, hala nola Urrutia, Iriarte eta Donamariakoak.

Merezi du, bestetik, Muskildako Andre Maria santutegira igotzea, Andre Mariaren taila bat baitago, tokiko kondairei lotua. Eta, udaren amaieran bazoaz, iraganera, benetan iraganera, bidaiatu ahalko duzu. Izan ere, Orhipean jaiak orain dela 100 urteko bizitza tradizionala birsortzen du.

Puente de piedra y casas de Ochagavía
  • Orbaizeta, industriaren eta historia megalitikoaren artean

Arma-fabrika ez da Orbaizetako erakargarritasun bakarra. Azpegiko multzo megalitikoa ere du hurbil, historiaurreko harrespilak gordetzen dituena, jada duela milaka urte han jendea bizi zen erakusgarri.

Handik hurbil, Frantziako mugan, Organbideko harrespila dago, gainera, ezinbestekoa. Antzina-antzinako formazio horrek eta bere inskripzioek zur eta lur utziko zaituzte. 

Eta, leku sinestezinak ezagutzen jarraitu nahi baduzu, Arpea kobazuloa jomuga duen bidea har dezakezu handik. 

Bukatzeko, ibilaldi gidatuak e-bikez egin ditzakezu: Orbaizetako arma-fabrika, Orbaizeta, Aezkoa eta Iratiko oihana

  • Aribe eta bere zubi esekia Iratiren gainean

Huts ezinezko bi erakargarri eskaintzen ditu Aribek, Aezkoako herri txikiak: harrizko zubi erromatarra eta Iratiren gaineko zubi esekia, bikaina familia abenturazaleentzat.

Lehen, bainuetxea zegoen, Ernest Hemingway ostalari hartu ohi zuena, hara joaten baitzen sanferminetan gozatua hartu ondoren. Historiaz eta xarmaz betetako tokia.

  • Abaurregaina eta Hilarrien Museoa

Bista eder-ederrak ditu “Pirinioetako balkoia” esaten dioten Abaurregaina herriak, Nafarroako garaiena. Hilarrien Museoa du gozagarri, Erdi Aroko hilarriak, dozenaka, gordetzen dituena aire zabalean. Bisita gidatua egitea gomendatzen dugu. ​​​​​​

vista aérea del museo de las estelas

Aezkoako garaiak, tradizioaren zaindari

Aezkoak Nafarroako Pirinioetan iraun duten 22 garaietako 15 gordetzen ditu. Oin angeluzuzenekoak dira eta bi isuriko teilatuak dituzte. Aleak gordetzea zuten helburu, seguru gorde ere, eta harri zirkularren gainean altxatzen ziren horregatik, marraskariak sar ez zitezen.

Adibiderik onenak Hiriberrikoak dira, baina Aria, Orbara eta Garralda herrietan ere topa ditzakezu.

Hórreo de Aria

Txangoak eta ibilbideak Iratiko oihanean

  • Bidexka errazak familia osoarentzat

Iratiko etxeetatik, Otsagabiako sarreraren ondoan, mota guztietako bisitarientzako bideak abiatzen dira.

  • Zentzumenen paseoa: 2 kilometro, oso irisgarriak, bideko zuhaitzak identifikatzen dituzten kartelekin.
  • Zabaletako basoa 8 kilometro Irabiako urtegiraino

Ibilbide bikainak familientzat, eskola-umeentzat eta esfortzu fisiko handirik gabe naturarekin bat egin nahi dutenentzat.

  • Abenturak zikloturistentzat

Bizikletazaleentzat ere bada paradisua Iratiko oihana. Irati BTT Zentroak 400 kilometro baino gehiago ditu bizikletaz ibiltzeko, maila guztietakoentzat. Seinaleak daude bide guztietan. 

Erronka bat hartu nahi baduzu, Irati Xtrem duzu (hala errepidea nola BTT aukeran), basoa udazken oro inguratzen duen zikloturismo-ibilaldi bat, ez lehiakorra. Zerbait lasaiagoa nahiago baduzu, ordea, tokiko enpresek e-bikeak alokatu eta ibilaldi gidatuak egiten dituzte, bikainak urtegia inguratzeko edo Abodiko lautadan barneratzeko.​​​​​​​

  • Historia eta kondairazko ibilbideak

Iratiko oihana, historiaz eta istorioz betea ere Itzaltzutik, Gartxoten bidea abiatzen da. Bere 12 kilometroek, paisaia txundigarriz inguratuak, nafar bardoaren kondaira kontatzen dute.

Frantziako mugan, aldiz, Arpea kobazuloa dago. Toki ia magikoa da, arrokak V alderantzikatu bat dirudiela, irekitako liburu baten antzera. Aparkalekutik kilometro batera, gutxi gorabehera, dago. Kondaira asko daude kobazuloaren inguruan, hala nola laminak bizi zirela han. 

Senderistas por la ruta de Gartxot

Iratiko oihana bisitatzeko aholkuak

  • Nola iritsi Iratiko oihanera

Bi toki hauetatik irits daiteke, nagusiki:

  • Otsagabiatik (Zaraitzu): Iratiko etxeetaraino (23 kilometro).
  • Orbaizetatik (Aezkoa): Arrazolaraino (8 minutu autoz).

Iruñetik ordubetera baino gehixeagora daude biak. Iruñetik 70 kilometrora daude, zehazki, ordubete eta hamabost minutu autoz. Kontuan izan goi-denboraldian (udazkenean batez ere) eta asteburuetan litekeena dela ordaindu behar izatea autoz joanez gero (ikusi mantentze-lanetarako tasa ibilgailuko), nondik sartzen zaren. ​​​​​​​

  • Non jan inguruetan

Iratiko oihanaren natura-erakargarritasunak jende asko erakartzen du. Beraz, inguruko jatetxeak aukeratu badituzu jateko, erreserba egitea gomendatzen dizugu. 

  • Non lo egin Iratiko oihana bisitatzen baduzu

Gustu guztiak asetzeko aukerak daude:

  • Ekipamendua eta gomendioak

    • Arropa erosoa eta mendiko oinetakoak.
    • Ura eta janari arina (zerbitzu gutxi daude basoan)
    • Bi gurpil gainean bazoaz, kaskoa eta oinarrizko kita.
    • Udazkenean, joan goizean goiz: jende gehien doan sasoia da.

​​​​​​​Hori guztia bidaide, badakizu zer ikusi eta deskubritu Iratiko oihanean eta inguruetan. Denetarik du helmugak: natura, historia, kultura eta gustu guztiak asetzeko ibilbideak. Eta Nafarroako beste bazter batzuk ezagutu nahi badituzu bisitan, toki zoragarriak dituzu handik hurbil, hala nola Donejakue bidearen hasiera, Orreaga, eta hegazti harraparien bizileku garrantzitsuenak Nafarroan: Arbaiungo arroila eta Irunberriko arroila. 

fotógrafo sacando foto a la foz de Lumbier

Tag-en hodeia: