2026.05.26
Pintxoz pintxo Tuteran barna: barra helmuga gastronomiko bilakatzen denean
Tutera bere pintxoen bidez ezagutzea gastronomia hurbil eta zintzoa deskubritzea da, lurraldeari estuki lotua. José Luis ostatuko frijitu saritua, Le Bistrotek erakusten duen sormena, La Catedralek produktua gurtzeko duen modua... hiriak esperientzia bete-betea eskaintzen du, patxadaz eta jakin-minez bizitzea merezi duena.
BlogTuterako gastronomia entzuna al duzu? Bai horixe! Bere baratze oparoak ematen dio ospea batez ere. Izan ere, hangoak dira Espainiako barazki onenetako batzuk. Baina pintxoak ere eskaintzen ditu, ongi eginak, barrak giroz betetzen dituztenak.
Tuterako miniaturazko mundu gastronomiko horretan, pintxo tradizionalak, hala nola gildak, piper beteak eta entsaladillak, konbinazio ausartagoekin bizi dira, hala nola gazta ganbarekin eta txerrikumea muskuiluarekin. Hartara, estilo propioa sortu da, lurra eta tokiko produktua agintari dituena.
Horregatik, sukaldaritza ona gustuko baduzu, esperimenta ezazu betiko errezetak egungo sentsibilitatearekin eginak eskaintzen dituen bide hau. Tour gastronomiko fin-fina, nortasunez betea, tradizioaren eta sormen-espirituaren artean. Geldialdi bakoitzak zer kontaturik duela ikusiko duzu, dena egituratzen duen filosofia partekatu bat duelarik: lehengaiarekiko erabateko errespetua, elaborazio arduratsua eta foodie sibaritena ere aho bete hortz uzteko gogoak.
Hona hemen, beraz, hiru ostatu, ezin galduzkoak, zergatik irabazi duen Tuterak bere tokia nafar pintxoaren mapan ezagutaraziko dizutenak ahosabaiaren bidez. Adi!
José Luis: ongi egindako frijitu baten sekretua
Bada Tuterako pintxoez hitz egin eta berehala burura datorren izen bat: Bar José Luis, hiriko erdi-erdian kokaturik duela 30 urte. Frijituak dira nagusi han. Bere barrak teknika, konstantzia eta oreka erakusten ditu alde guztietatik. Hemen ezer ez da zoriaren esku uzten, eta lehen mokadutik nabaritzen da.
Bere pintxo enblematikoena Fajico da, etxeko filosofiaren isla garbia. Tuterako imajinario gastronomikoaren zati da jada. Kurruskari kanpotik, krematsu barrutik, bere zapore-uztarketak aho bete hortz uzten du edonor. Landare-gozotasuna itsaso-ukituarekin: brie gazta hirugiharrean bildua, kalabazina eta ganba, dena arrautzaztatuta eta zehaztasun handi-handiz frijituta. Ba al dago gehiago eskatzerik?
Bada, ez da barran eskaintzen den bakarra. Bacon- eta ganba-bilkariak, bertsio askotako korketak edo tenpura-barazkiak, protagonismo handia hartzen duena sasoiko produktuak iristen direnean, beste ezinbesteko batzuk dira. Izan ere, hemen, betidanik, sasoikotasuna balio erantsia da.
Ez da kasualitatea, beraz, pintxo horietako asko aitorpena jaso izana, hala nola Nafarroako Pintxoaren Astean, hots, komunitateko lehiaketa gastronomiko ospetsuenetako batean.
Le Bistrot: sormen sustraiduna
Hurrengo geldialdia Le Bistrot ostatuan izango da. Familia batek kudeatua, mende-erdiko historia du, sormena nagusi, herri-izaera bazter utzi gabe. Bere barra dinamiko eta askotarikoak, beti desiragarri, hala mahaikide klasikoak nola ausartenak lilura ditzake.
Ezin dugu alde egin txerrikume-pintxoa probatu gabe. Proposamen garaikide eta ausarta da, txerrikia eta muskuilua uztartzen dituena maionesa berezi batekin. Azalak, kurruskaria, behar bezala, testura eta izaera ematen ditu. Irudikatzea ere! Ñabardura ausartez betetako mokadua, ausartak baina ongi orekatuak, berrikuntzaren mugekin jokatzen duena... eta espektatiba guztiak gainditzen dituena!
Gehiagorik ere badago: bexamelez betetako piperrak; ganba txanpiñoiekin baratxuri-maionesa gainean duela; eta entsaladilla errusiar mitikoa. Klasikoek ez dute huts egiten. Izan ere, xumetasuna, arduraz egiten denean, beti da erakargarri.
Le Bistrot ostatuak argi eta garbi erakusten du, beraz, sormena nafar gastronomiaren funtsezko zatia dela, batez ere herri-errezetekiko eta hurbiltasuneko produktuekiko errespetutik sortzen denean.
Bar La Catedral: produktuak agintzen duenean
Hurrengo mugarria Bar La Catedral izango da, non produktua protagonista nagusi-nagusia baita eta pintxoek premisa egoki honetatik hitz egiten baitute: gutxiago gehiago da.
Gilda nabarmentzen da, donostiar era peto-petoan egina: oliba, piparra eta kalitateko antxoa, doitasun handiz jarriak bata bestearen ondoan, gazia, garratza eta pixka bat mina oreka perfektuan. Inoiz huts egiten ez duen klasiko bat, genero onarekin eta senarekin egina.
Gehien estimatzen diren mokaduetako beste bat tomate “itsusia” eta antxoa da. Pintxo duina, tranparik eta artifiziorik gabea: Tuterako berezko tomatea, arduraz mazeratuta, eta antxoa bat, bizitasun perfektua ematen duena. Sormen biribila, esentziaduna, aise ahazten ez duten zapore horietako batekin.
Baratzeak sukaldaritzaren pultsua markatzen duen lurralde honetan, proposamen honek eta beste batzuek gogora ekartzen dute xumetasuna, behar bezala ulertuta, plazer gastronomikoaren modu finduenetako bat izan daitekeela.
Tuterako arrakastaren sekretuak
Izen propioetatik harago, Tuterak jakin izan du berezko nortasun bat sortzen pintxoaren munduan. Eta hiru zutabe finkotan lortu du: tokiko produktuaren balioa –nafar baratzea protagonista nagusi–, teknika arduratsua elaborazio xumeenetan ere eta sortzeko grina, limurtu baino gehiago egin nahi duena lehenengo mokadutik: konbentzitu.
Horrez gain, lehiaketa gastronomikoak. Haien bultzada motor eta estimulu izan dira elaborazioa doitzeko, xehetasunak fintzeko eta pintxoa beste maila batera eramateko, zehaztasun-ariketa gourmeta izatera. Emaitza artelan txikiak dira, tradizioa, asmamena eta lurraldea barne hartzen dituena, mokaduz mokadu gozatzen direlarik.
Baina esperientzia honek ez luke zentzurik izango barraren kultura gabe, ez horixe. Pintxoa partekatzeko, solas egiteko eta hiria ostatuz ostatuz ibiltzeko aitzakia gisa, beti “beste bat eskatzera” bultzatzen gaituen nahi hori ase nahian. Hiriak, beraz, gastronomia ulertzeko hain modu nafar hori irudikatzen du: hurbila, soziala eta lurrari estu-estu lotua.
Beraz, zein ausartuko da “ezetz” esaten pintxo-tour bat egiteari Tuteran barna. Zeren eta, hemen, jatea plateretik harago doa: gozatzea da, esperimentatzea da, geldialdi bakoitzean ñabardura berriak deskubritzea da. Labur esanda, lurralde honen izaera ezaugarritzen duen bizimodu bat da.



