2025.10.31

San Migel in Excelsis santutegia: historia, artea eta Nafarroaren gaineko bistak

Aralarko San Migel santutegia, Iruñera 30 kilometrora baino ez, Nafarroako toki magikoenetako bat da, kondairaz blai. Doakoa da tenplura sartzea. Espazio natural eder-ederrean kokatuta, Aralar mendian, euskal kulturari estu-estu lotuta dago. 1.234ko altueran baitago, Nafarroako begiratoki onenetako bat da. Sakana osoa ikus daiteke oinetan, eta Urbasa mendia, aurrean.

Blog

Milaka urteko parajea: Aralar mendia eta bere jatorri sakratuak

Mila urte baino gehiagoren lekuko izan dira San Migeli eskainitako santutegi horretako hormak, Aralar mendiaren gailurrean. Tokiaren sakratutasuna, ordea, askoz ere lehenagotik dator. Izan ere, 40 trikuharri baino gehiago daude Nafarroako paisaia natural horretan. Artzain-kultura adierazten dute, mendetakoa, pagadi eta larreen artean. 

Aralarko San Migel santutegia Nafarroako turismo erlijiosoaren toki garrantzitsuenetako bat da, Donejakue bideak Nafarroan dituen pelegrinazio-bideetako batean. Bestetik, Aralar mendia kontserbazio-bereziko eremua izendatuta dago. Askotariko paisaiak eskaintzen ditu bere 14.000 hektarea baino gehiagoetan: gune karstikoak, harkaitzak, txilardiak, mendiko larreak eta pagadiak.

Erdi Aroko erretaula bat, benetako harribitxia 


XI. eta XII. mendeetako erromanikoaren harribitxi hori San Migel arkanjeluari eskainita dago. Erlikia-ontzi bat da berez, Jesu Kristoren gurutzearen ezpal bat (lignum crucis) duena. Santutegiak Nafarroako ondare kulturalaren erakusgarri nagusietako bat hartzen du: erretaula esmalteduna, bere generoko onenetariko bat Europan. Iruñeko apezpikuak eman zuen, 1175ean. Ia bi metro zabal da, eta 122 zentimetro, luze. Ama Birjina Haurrarekin du buru multzoak. 1979ko urriaren 25etik 26rako gauean, Erik belgikarra lapur ospetsuak plaka guztiak lapurtu zituen. Dena den, ia esmalte guztiak berreskuratu zituzten 1981. urtetik aurrera. 

Santutegiak museo bat du tenpluaren atzealdean (ukipen-pantailak, panelak eta bideoak ditu). Halaber, ostatu-jatetxea du: ez dago ibilaldi bat amaitzeko modu hoberik egarria ase eta mokadu gozo bat dastatzea baino.

Dos mujeres de espalda contemplando el retablo de San Miguel de Aralar

Teodosio Goñikoaren kondaira: zalduna, herensugea eta Jainkoaren barkamena

 

Aralarko San Migel santutegiaren jatorriari buruzko kondairak dio Teodosio Goñikoa nobleak bere gurasoak hil zituela lo egiten ari zirela, bere emaztea eta haren amorantea zirelakoan gurutzadetatik bueltan. Aita santuak penitentzia hau jarri zion bekatua garbitzeko: munduan barna ibiltzea kateak arrastaka zeramatzalarik. Santutegia dagoen tokian hain zuzen, herensuge bat atera zen osin batetik. Arrisku larriko egoera horretan, Teodosiok San Migeli gomendatu zion bere burua. Arkanjelua eskuan gurutze bat zuela zerutik jaitsi, herensugea hil eta kateetatik askatu zuen Teodosio. Miraria eskertzeko, kapera eraiki zuen. Sarreraren ondoan, Teodosiok zeramatzan kateak daude.

Tenplu erromaniko bat zeru-goian: eraikuntza-faseak eta berezitasunak


Santutegiaren multzo erromanikoak XII. mendean zuen itxura bera du. Dena den, dokumentutan jasota dago eliza bat zegoela lehenago, aro karolingioan (IX. mendea). Litekeena da Abd ar Rahman III.aren razzia batean guztiz suntsitu izana. 

Ondoren, tenplu prerromaniko horretako erdiko absidearen harlandu batzuk eta ferra-itxurako hiru leiho aprobetxatu, eta berreraiki egin zuten. Tenplu berria 1074an sagaratu zuten. Bere lehen faseak egungo tenpluaren absideak baino ez zituen hartu, ziur aski. XII. mendearen lehen erdialdean, handitu eta kapera oso bat eraiki zuten barruan. Lau horma eta teilatua zituen. Santutegiaren arkitektura erlijiosoa gaur dagoenaren oso antzekoa zen. 

Vista exterior del santuario de San Miguel de Aralar

Barneko kapera enigmatikoa: misterio hutsa

Barneko kapera horretan, hain zuzen, zulo bat dago horman, eskuinean. Diotenez, San Migel arkanjeluak eraildako herensugea bizi zen osinarekin komunikatzen da. Kredo bat errezatu eta burua zuloan sartuz gero buruko minak kentzen direla dio kondairak. 

Kapera horretan, Teodosio Goñikoa zaldunak arrastaka zeramatzan kateak ere daude, aldaretik aurreko horman. Tradizioak dio haien inguruan hiru bira emanez gero buruko minak saihesten direla. 

Bidezidorrak eta planak naturaz gozatzeko

Aralar mendiko paisaia toki ezin hobea da ibiltzeko. Mendigune karstiko handia da, larreak eta pagadiak inguruan dituela, lasaitasuna eta aire garbia lagun. GR20 handik igarotzen da. Aralar mendi osoa inguratzen du, zazpi etapatan. Beste bidezidor klasiko batzuk ere dituzu gozagarri, hala nola Borden ibilbidea, Trikuharriena eta Milurteko haritzak deiturikoa. Nafarroako kobazulo zoragarrienetako bat, Mendukilokoa, ere espazio natural horretan dago. Esploratzaile-sena baduzu, egizu Espeleo abentura bat.

interior de la cueva de Mendukilo con estalactitas y cuatro personas

Murgil zaitez Aralarren barrena, zure kasa edo bisita gidatuen eskutik. Historia, herensugeak, kobazuloak, osinak, basoak eta dolinak erakargarri egiten al zaizkizu? Bada, etor zaitez herensugearen urratsen atzetik Las Montañas de Abril enpresaren eskutik. Bazter ezkutu eta ezezagunetan barrena ibili, eta bertako biztanleen erabilerak, ohiturak eta kondairak ezagutuko dituzu, iturburuak, trikuharriak eta osinak barne.

Turismo birsortzailea interesatzen bazaizu, aldiz, Aralarko antzinako bidezidorrak berreskuratzen lagun dezakezu. Biziberritu bideak, ezagutu tradizioak eta partekatu bertako komunitatearekin, naturaren edertasunean murgiltzen zaren bitartean. Basoa beste era batera ezagutu nahi al duzu? Bada, hemen duzu plan bat erromanikoa Plazaolan, Sakanan eta Ultzaman ezagutzeko.

Gainera, jarduera horietan, paraje harrigarri horietako biztanleen erabilerak, ohiturak eta kondairak ezagutuko dituzu. Ezagut ezazu erritmo patxadatsuko ibilbideetan. Izan ere, bidean geldialdiak egingo dituzu natura bost zentzumenekin ikusi, entzun eta gozatzeko, Aralar mendiaren ezkutuko sekretuak ezagutzen dituzun bitartean.

ermita de Itxasperri

Tag-en hodeia: