2023.08.02

Bidexka tematiko ederra Iratiko oihanean, Kuboko ur-jauzitik igarota

Bai, ehunka urteko pago eta izeiez gain, urtegi bat eta erraz iristeko moduko ur-jauzi polit bat ditu Iratiko basoak. Errekaidorrako bidexkak haraino eramango zaitu. Eta, bide horri jarraituz gero, basoetako zura historian zehar zertarako erabili den, nola garraiatzen zuten, zertarako erabiltzen zituzten txondorrak, eta abar ezagutaraziko dizute hainbat panel didaktikok. Historia- eta etnografia-lezioa ingurune natural magiko batean, urteko edozein egunetan.

Blog

Iratiko balio naturala

Iratiko oihanak 20.000 hektarea hartzen ditu, eta gehienak Nafarroan daude, Aezkoan eta Zaraitzun. Frantzian, aldiz, Garazin eta Zuberoan barna hedatzen da basoa. Eta, natura-gune horren erdian, gutxi gorabehera, Irabiako urtegia dago.

Eta zer zuhaitz ditu? Batez ere, pagoak, itzelak, eta, batez ere urtegiaren ekialdean, izeiak ere bai. Bi espezie nagusi horiez gain, aipagarriak dira hariztiak, mendebaldean, eta astigar, hagin, ezpel, gorosti eta hurritzen ale solteak ere. Espezieak ezagutzen ez badituzu, erabili irudiak ezagutzeko aplikazioak, eta ezagutu basoko natura. Txikiak dibertitu eta ikasi egingo dute, eta zu ere bai!
​​​​​​​
 

Eta zer animalia aurki ditzakezu Iratin? Ba, fauna askotarikoa da, noski, baina espezie guztien artean oreinak nabarmentzen dira. Udazkenean joanez gero, haien orroa entzungo duzu araldian. Hunkigarria da! Orkatzak, basurdeak, azeriak, muxar grisak, lepahoriak eta basakatuak ere ugariak dira. Ibaietan, bestetik, batera bizi daitezke desman piriniotarrak, martin arrantzaleak, uhandreak eta igel piriniarrak, besteak beste.

​​​​​​​Hegaztiei dagokienez, bazenekien Iratiko oihan osoa HBBE bat dela (Hegaztien Babes Bereziko Eremua)? Haien artean, okil gibelnabarra, zinez urria, nabarmentzen da. Izan ere, pago zaharretan bizitzea maite du, eta nagusiki Nafarroako Pirinioetako basoetan bizitzea erabaki du.

Errekaidorrako interpretazio-bidexka

10 kilometro inguruko ibilbide zirkular bat da, eder-ederra. Erraz egin daiteke edo, gehienez ere, esfortzu moderatua eskatzen du aldapa piku bat edo beste dagoelako. Iratiko bihotzean murgildu ez ezik, beste erakargarritasun bat ere badu: baso ikoniko honen historia ezagutuko duzu.
​​​​​​​
Pista zabala da batzuetan, eta beste batzuetan, bidexka. “Errekaidorra” inskripzioa duten kolore horiko plakek ongi markatzen dute bidea. Hitzaurrean esan bezala, Kuboko ur-jauzitik igarotzen da, Frantziako lurretan sartzen da eta zenbait geldialdi interesgarri egiten ditu, non Iratiko baso-baliabideek denboran zehar izandako industria-erabilera garrantzitsuaren berri ematen baita.

Nola iritsi Kuboko ur-jauzira

Oso erraza da! Otsagabia herri piriniar ederretik abiatu eta Abodiko edo NA-2012 errepidea hartu behar da. Taplako lepoa gainditu eta, Otsagabitik 24 bat kilometrora, Iratiko Etxeen aparkalekura iristen da. Utzi han ibilgailua. Bisitariei harrera egiteko eta informazioa emateko zentroa dago han (948 050 700 telefonoa).

​​​​​​​Handik, Errekaidorrako bidexka abiatzen da. Panel batean seinalatuta ikusiko duzu. Pistari jarraituz gero, 20 minutu baino ez da behar ur-jauzirako sarrerara iristeko. Urbeltza ibaiarekiko paraleloa doa, eta haur-aulkiekin ere egin daiteke. Ibaira jaitsi eta irudiaz gozatu besterik ez duzu.

LUra mailaz maila jauzten da, eta Iratiko oihaneko txoko ederrenetako bat da. Udaberrian, emaria hazten denean, ederra dago, bizia dariolarik alde guztietatik. Beste urtaroetan, aldiz, indar gutxiago du urak, lasaiago dabil, baina merezi du hurbiltzea, ez bakarrik ur-jauziagatik, baizik eta inguruko paisaia idilikoagatik ere.
​​​​​​​
Handik aurrera, abiapuntura itzuli edo bidezidorrean jarraitu dezakezu, ibilaldiaz gozatzeko.

Geralekuak interpretazio-bidexkan

1.    Arraunak
Hasi bezain laster, lehen interesgunearen berri ematen duen plaka dago, bidetik metro batzuetara. Basoko argigune batean, izeiaren zura nola ateratzen zuten erakusten du. Duela 400 urteko galeretako arraunak egiteko erabiltzen zuten; arraunak 12 metro baino gehiago ere luze izan zitezkeen.

2.    Mastak
Kilometro eta erdi aurrerago, GRT9 bidezidorraren marka gorri eta zuriei jarraituz, beste interpretazio-eremu batera iristen da, non XVII. eta XVIII. mendeetako ontzioletarako izei-mastak nola egiten zituzten azaltzen baita.​​​​​​​

​​​​​​​3.    Esklusak
Bidexkara itzulita, antzinako esklusa bat ikusiko dugu. Enborrak ibaian behera jaisteko erabiltzen zen, antzina Burgi herrian egiten zen bezala. Lanbide hori urtero gogora ekartzen da apirileko azken asteburuan edo maiatzeko lehen asteburuan hrri horretan. Almadiaren Eguna da.

Ondoren, tarte bat jaitsi, eta maldan gora egin beharko dugu. Malda pikoa da. Pintura gorri eta zurizko markei eta hondo horiko geziei jarraitu behar diegu, Urbeltzako leporaino (950 m). Ibilbideko kotarik altuena da gune hori.
Ibilbide luzeko bidezidorra (GR) albo batera utzi eta pistan behera jarraituko dugu. Pista asfaltatu bat da, eta Orate izeneko zementuzko zubiraino doa. Gurutzatu ondoren, laster gara hurrengo interesgunean.

4.    Txondorra eta errautsak
Frantzian gaude orain, eta garaiko txondor bat ezagutuko dugu. Landare-ikatza lortzeko erabiltzen ziren txondorrak, eta haien errautsak, beira egiteko. Bideari jarraituz, minutu gutxiren buruan, aparkaleku txiki batera iritsiko gara. Adi, eskuinerantz jo behar dugulako han.​​​​​​​

5.    Kableak
Basoan behera joango gara, eta, 500 bat metrora, zura Frantziara (iparraldera) garraiatzeko erabiltzen zen egitura zaharra dago. Altzairuzko kableen bidez egiten zen. Gogoratu ibaian garraiatzen zela zura hegoaldera.

6.    Trenbideak
Bi kilometro inguru egin ondoren, pista albo batera utzi eta eskuinetara joko dugu. Bidexka bat da, zuhaitzen artean, burdinbide bateraino doana. Han, enborrak nola ateratzen ziren erakusten da. Mandoen trakzioaz baliatzen zen horretarako.
Egurrezko zubi bat gurutzatu ondoren, magal maldatsuan gora egingo dugu. Pista batera iritsiko gara, eta, maldan behera, ibaiaren ibilguaren paraleloan, hasierako punturaino eramango gaitu. Ibilbidearen amaieran, Iratiko Etxeak daude, zinez kutunak. Berrituta daude, eta jatetxe-zerbitzua eta BTT zentro bat daude han.​​​​​​​

IBILBIDEAREN FITXA

Sarrera: Otsagabitik, NA-2012 errepidea hartu behar da. Taplako lepoa zeharkatuta, Iratiko Etxeen aparkalekuraino iristen da (24 km dira).
Distantzia: 10,6 km
Denbora: 2 h 45 min (6 eremuetan geldialdi laburrak barne)
Desnibela: 390 m

Ikus hemen Wkiloc-eko Errekaidorra ibilaldia

Non jan eta non lo egin

Ibilbidea egiteko goiz jaiki bazara, jateko ordua da orain! Ez galdu aukera, beraz, tokiko gastronomia oparoa ezagutzeko. Hona hemen Otsagabia inguruko jatetxeak. Aztertu beren proposamenak, eta erabaki non egin gutizia zure buruari. Mahaia erreserbatzea gomendatzen dizugu.
​​​​​​​
Zure egonaldiaren helburua deskonektatzea bada, azter itzazu Iratitik gertuko ostatuak. Baduzu non aukeratu. Kanpinak, landa-etxeak, hotel modernoak edo establezimendu tradizionalak…

Ezin galduzkoak inguruan

​​​​​​​Otsagabia

Zaraitzu ibarreko ezagunena da, eta Nafarroako ederrenetako bat. Zinez xarmangarria.  Bere arkitektura pirenaikoa da erakargarritasun nagusietako bat: etxe zuriak, zaindu-zainduak, bi eta lau isurkiko teila-teilatuekin ikusiko ditugu, kale harritsu estuetan barna ibiliko gara eta Erdi Aroko zubia zeharkatuko dugu, Anduña ibaiaren gainean (herriko bi ibaietako bat da).
San Joan Ebanjelistari eskainitako elizak Erdi Aroko aztarnak ditu. Harrizkoa da eliza, eta dorre sendo eta dotore bat altxatzen da handik.

​​​​​​​

Muskildako Andre Maria santutegia
​​​​​​​

Otsagabitik hurbil, paisaia ikusgarria inguruan duela, 1.025 metroko altueran. XII. mendeko ermita erromanikoa da, XVII. mendearen erdialdean zaharberritua. Oinplano angeluzuzenekoa da, eta dorre bat du, teilatu koniko batez estalia. Urtero, irailaren 8an, erromeria egiten da, 1695. urtetik. Herritarrak Ama Birjina ohoratzera igotzen dira, jai-giroan. Dantza tradizional bat egiten dute, zinez ikusgarria, “Bobo” izeneko pertsonaiak eta beste zortzi dantzarik.

Orhipean jaia

​​​​​​​Abuztuaren amaieran hemen bazaude, ez galdu Otsagabiko kale harritsuetan ospatzen den lanbide eta tradizioen omenezko jai hori. Gure arbasoen bizimodua gogora ekartzen digu.

* Artikulua honen laguntzaz idatzi da: Txusma Pérez Azaceta

Tag-en hodeia: