2026.03.31
Plazaola bide berdea: tunelak eta natura, ibilbide aktibo baterako
Plazaola bide berdea Espainiako bide berderik ikusgarrienetako bat da. Zalantzarik gabe, ibilbideak bere xarma guztiari eusten dio, eta haurrek nahiz helduek gozatuko dute hartaz. Oinez edo bizikletaz egiteko ibilbide baten bila ari bazara, Plazaola bide berdeak nahi duzun guztia emanen dizu. Ezin hobea da ibilaldi laburra egin nahi dutenendako nahiz bizikletaz kilometro asko egin nahi dituztenendako. Arras egokia da guztiendako, maila eta egoera fisikoa zeinahi dela ere, desnibel leuna baitu. Ezagutu Plazaola bide berdearen magia, eta gehitu ezazu egin beharreko ibilbideen zerrendan. Zinez gozatuko duzu!
BlogZer da Plazaola bide berdea? Historia eta funtsezko tarteak
Plazaola bide berdea ibilbide natural bat da, Donostia eta Iruña lotzen zituen trenbide zaharraren trazaduraz baliatzen dena. Tren horrek meatzeetako mineralak garraiatzen zituen.
1904tik 1957ra bitartean egon zen martxan, eta Plazaola trena edo tren txikia esaten zitzaion. Bazenekien bidaiariak ere eraman zitzakeela? 1914an, bidaiariak garraiatzen hasi zen Iruña eta Donostia artean. Urte haietan, ohikoa zen eztei-bidaian Donostiara joatea, bide estuko tren hori zegoela aprobetxatuz. Ibilbide osoa egiteko, hiru ordu eta erdi behar izaten ziren, edo lau ordu, zenbaitetan. Gaur egun, ordubete pasatxo behar da bide hori autoz egiteko. Ez dago Donostiara zuzenean joaten den trenik.
Plazaola trenak XX. mendearen erdialdean egin zuen azken joan-etorria, eta Plazaola bide berdea da gaur egun utzi digun legatua.
Haren egungo trazadura 78 kilometrokoa da, Andoaindik Iruñera bitartekoa, eta Gipuzkoan eta Nafarroan barna igarotzen da. Zenbait tarte ditu, eta noranzko batean nahiz bestean egin daiteke.
Plazaola bide berdearen tarterik berezienak dira, besteak beste, Uitziko tunela, Europako bide berdeetako tunelik luzeena, eta Ixkier ur-jauzia. Aipatzekoak dira, halaber, Ameraungo zubia, 1904an eraikitako akueduktua baita; Mustarko zubia, 1755ekoa, eta Latasan ibaia zeharkatzen duen zubia. Baita Irurtzun ondoren dagoen zubibidea ere, Guliatik hurbil.
Ibilbide lineala da (ez da zirkularra), oinezkoendako, txirrindulariendako eta mugikortasun urriko pertsonendako pentsatua. Bideak dituen ia laurogei kilometroetan lur trinkoa dago, eta zatiren bat asfaltozkoa da; horri esker, zailtasunik gabe ibil daiteke ia ibilbide guztian. Tarte batean baino gehiagotan familiak topatuko dituzu, haurrak patinetan edo gurpil txikiak dituzten bizikletetan doazela; izan ere, familia-ibilbide zoragarria da naturaren ederraz gozatzeko. Plazaola bide berdean aitzakiarik ez naturaz gozatzeko!
Ibilbide aktiboa: nola egin Plazaola bidea bizikletaz edo oinez
Oso ohikoa da era bateko eta besteko txirrindulariak ikustea Plazaola bide berdean, zikloturistendako bide egokia dela irizten baita. Zakutoak aldean daramatzen txirrindulariak, tarte osoa edo ia osoa egitera ausartzen direnak; handbikeak, bizikleta elektrikoak edo bizikletaz kilometro gutxi batzuk egin nahi dituzten turistak, ibilbidea leuna baita. Bideak Europako EuroVelo1 ibilbidearekin lotzen da Latasan.
Trenbide zaharreko zatiek ia ez dute aldaparik, eta bihurguneak oso zabalak dira; beraz, ezin hobeak dira maila guztiendako irisgarriak diren ibilbideak egiteko. Tarte natural horretan bizikleta aunitz ibiltzen diren arren, ibiltariak ere ugariak dira. Tartea ezin hobea da egoera fisiko orotako jendearendako, eta, beraz, adingabeak eta adinekoak ere ikusten dira pasieran. Norberak erabaki behar ibilaldia zein abiaduratan egin.
Bide berdearen hainbat gunetan, bai Nafarroan eta bai Gipuzkoan, bizikletak alokatzeko aukera dago. Aldez aurretik informatzea komeni da, alokairu-gunera iristean ezustekorik egon ez dadin; bestela, ibilaldia oinez egin beharko duzu eta.
2024an, Iruñeraino doazen azken 9,56 kilometroak gehitu ziren, eta, hortaz, gaur egun ia guztiz lotuak daude Andoain eta Nafarroako hiriburua.
Uitziko tunel ikonikoa: argitutako tunelen erronka
Tunelak Plazaola bide berdearen osagai nabarmenetako bat dira. Guztira, 53 tunel daude. Tunelek xarma ematen diote ibilbideari, baita lilura berezi bat ere, eta etxeko txikiak txoratu egiten dira haiekin.
Ibilbideko tunel ospetsu eta luzeenak Uitziko tunela du izena. Zalantzarik gabe, bideko tunel enblematikoena da, batik bat 2.700 luze delako.
Tunel gehienak birgaitu egin dira, eta beste batzuk birgaitze bidean daude, baina komenigarria da webgune ofiziala begiratzea tarteren bat egin aurretik, tunelen bat itxita ote dagoen ikusteko.
Esan bezala, tunel gehienak egokituta daude eta badute argia, nahiz eta urria den puntu batzuetan. Horrenbestez, linternak edo kopeta-argiak hartzea komeni da (mugikorraren linterna ere nahikoa da). Argia duten tunel guztiek argiztapenari buruzko berariazko seinaleak dauzkate, eta etengailua tunelaren hasieran egoten da.
Tunel ilunak dira, inondik ere, txikiei gehien gustatzen zaizkienak, oso aproposak baitira saguzarrak ikustera jolasteko edo lasterketa jostariak egiteko, zerbait ere segika ari zaigula irudikatuz. Gune horiek ikaragarri dibertigarriak dira.
Natura eta paisaia: zer ikusi Ultzaman eta Leitzaranen
Plazaola bide berdearen zatirik xarmagarrienetako bat Leitzatik igarotzen den tartea da (Leitzako bide berdea), Leitzaran ederra zeharkatzen baitu. Tarte horretan natura paregabea da, eta, gainera, ia ez dago herrigunerik. Otietako landa-parkean (Andoaindik gertu) Leitzarango interpretazio-zentroa dago: informazio turistikoaz gain, bada aukera bisita gidatuak egiteko, bizikletak alokatzeko eta tokiko produktuak erosteko.
Ultzama Nafarroako ipar-ekialdean dago, eta Nafarroa heze eta atlantikoaren adibide hoberenetako bat da. Belardiz, basoz eta baserri txikiz beteriko ibar bat da, bere muin landatarrari osorik eutsi diona.
Merezi du denbora hartzea Plazaola bide berdetik oso hurbil dagoen inguru zoragarri horretaz gozatzeko.
Xarmaz beteriko herriak: Lekunberri, Leitza eta bertako landa-giroa
Latasa, Mugiro, Lekunberri eta Leitza Plazaola bidean berean daude. Egiaz merezi du herrigune horiek bisitatzea, Lekunberri eta Leitza, batez ere, handiagoak baitira eta zerbitzu gehiago baitituzte. Herri horiek esploratzeko denbora hartzen baduzu, Nafarroako landa-inguruneko kultura eta arkitekturaz gozatuko duzu, baita bestelako tradizioez ere. Ez ahantzi kultura-agenda kontsultatzea, baliteke-eta zu joaten zaren egunean azoka txikia edo beste jarduera interesgarriren bat egotea.
Leitza 3.000 biztanleko udalerria da, landa-girokoa, eta, hortaz, nahitaezko geldialdia da ibilbidea egiten dutenenendako. Ezinbestean ikusi beharreko tokien artean, San Migel eliza, Euskal Herria plaza edo Aienea garbitegia dira nabarmentzekoak. Herriko kaleetan barna paseatuz gero, modua izanen duzu inguruko arkitektura tipikoa ezagutzeko eta herriko eguneroko giroaz jabetzeko. Eta Leitzara irailean joatean bazara, begira ezazu zer egunetan ospatzen den Talo eguna. Ba al zenekien herri horretan Ocho apellidos Vascos filma grabatu zela? Herri polit hori bisitatuz gero, seguru gaude erraz identifikatuko dituzula filmean ageri diren leku enblematikoak.
Herritik oso gertu, Peru Harri parkea dago, Iñaki Perurena harri-jasotzaileak sorturikoa, herri-kirola, tradizioa, euskal kultura eta mitologia bateratzen dituen lekua. Aitzakia ona da, zalantzarik gabe, ibilbidetik aldendu eta museo-parke horretan geldialdi bat egiteko.
Leitzarango bereizgarrietako bat haren edertasuna da. Ibaiaren alde hori hagitz bitxia da, bihurgunetsua baita, eta, ondorioz, oso txoko ederrak sortzen baitira. Ibaian ohikoa da amuarraina arrantzatzea, uren kalitatea on-ona da eta.
Errekak eta ur-jauziak ugariak dira, eta landaredia oparoa, urteko sasoi guztietan gozatzeko modukoa.
Lekunberri Nafarroako ipar-mendebaldean dago, Larraun-Leitzaldea eskualdean. Gaur egun 1.600 biztanle inguru ditu. Gune estrategiko batean kokatua da, ingurune menditsu eta naturaletatik oso hurbil, eta, hortaz, toki bikaina da ibilbidea hasteko edo geldialdi bat egiteko. Plazaola bide berdeari dagokionez, ezaguna da gune estrategikoa delako: bertako kantinaz eta zerbitzu gastronomikoez gain, bizikletak alokatzeko aukera ere badu. Bazenekien kantinan berean badela tren-bagoi bat umeendako jolas-parketarako erabiltzen dena?
Eta herriaz gozatzeko gogoa baduzu, ez ahantzi alde zaharrean barna paseatzea, eta ikuztegi publiko zaharra eta herriko eliza ikustea, San Joan Bataiatzaileari eskainia.
Plazaola bide berdea turismo aktiboaren adibide bikaina da penintsularen iparraldean. Paisaien aniztasuna oso handia da: ibar oihantsuak, ibai-meandroak, urtegiak, bazter zabalagoak eta aberastasun historiko handikoak. Oraindik ez baduzu ingurua ezagutzen, azkar ibili, itzuli nahi izanen duzu eta.
Plazaola bide berdetik hurbil dauden baso eta hariztiak: Ultzamako eta haren inguruetako xarma
Ultzama hariztiz eta pagadiz beterik dago, eta biodibertsitate oso aberatseko ibarra da.
Hariztien artean, Orgiko basoa nabarmendu beharra dago, ia laurogei hektareako ordoki batean dagoen hariztia. Baso hori inguru ezin hobea da egoera fisiko orotako pertsonendako, ibilbide irisgarriak eta bidexka leunak dauzka eta. Aukera aparta da Nafarroako azken hariztietako batean dagoen fauna eta flora behatzeko.
Ultzamako beste xarmetako bat bertako herriak dira: landa-bizimodu tradizionalari eusten diote, eta artzaintza, baserriak edota artisautza dira horren erakusgarri bikainak. Gainera, bertako gastronomia oso bizirik dago ibarrean. Ez ahantzi hango produktuak dastatzea, hala nola gaztak, gaztanbera, ardi latxen esnea, etab. Eta udazkenean, onddoak eta perretxikoak, jakina.
Ibarra hamalau kontzejuk osatzen dute, eta haien artean Lizaso, Auza edo Larraintzar dira nabarmentzekoak. Zenotz, Eltzaburu eta Gerendiain, bestalde, etxe tradizional ederrak daude.