Frantziako Donejakue Bidea: Iruña-Gares
Pamplona
Bidea Iruñeko alde zaharreko kaleetatik abiatzen da. Andre Maria katedrala bisitatu eta Mercaderes eta Estafeta kaleek bat egiten duten tokira iritsi ondoren, Udaletxe plazara eramango zaitu bideak. Handik, San Saturnino kalera iritsiko zara. Sartu izen bereko eliza erromaniko ederrera. Kondestablearen jauregia Kale Nagusiaren hasiera da. Kale horretan, Ultreia-Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa dago. Handik, Taconera parkerantz, joan Pio XII.a etorbidetik eta Gaztelugibelera iritsiko zara. Benetako gerriko berdea da, Ziudadelaren inguruan.
Berdegunea alde batera utzi, eta Fuente del Hierro kalera eramango zaituzte seinaleek. Aldapan behera, Nafarroako Unibertsitateraino iritsiko zara. Bide zolatu batek Zizur Txikiraino eramango zaitu, aldapan gora oraingoan. Erdi Aroko hainbat altxor aurkituko dituzu han, hala nola San Migel eta San Emeterio eliza erroman. Herria atzean utzi, eta landazabalean murgilduko gara, zereal-soroak lagun. Zerumugan, goi-goian, Erreniegako parke eolikoaren
haize-errotek markatzen dizute bidea. 2 kilometro ibili beharko dituzu maldan gora Zarikiegira iritsi aurretik. Aldapa igo ahala, aerosorgailuen hegal itzelak bueltaka antzemango dituzu buruaren gainetik. Erreniegako gainera iritsita, kendu motxila bizkarretik, jan zerbait eta egin argazkiren bat Donejakue bidearen monumentuan (1996). Aro desberdinetako hainbat erromes irudikatzen ditu, haize-erroten lerroarekin bat egiten dutenak. Zur eta lur utziko zaitu Iruñerriaren eta Erdialdearen gaineko panoramikak.
Bide zabal eta harritsu-harritsu batek eramango zaitu beherantz. Hiru kilometro aurrerago, Uterga dago, Izarbeibarko lehen herria. Hurrengo herria Muruzabal da, txikia, zereal-soroek, almendrondoek eta mahastiek inguratua. Indarrik baduzu oraindik, egin ahalegina eta desbideratu Eunateko eliza erromanikora. Sei kilometro dira, baina merezi du. Aldapa bat igarota, Obanosera iritsiko zara.
Joan Obanosko atearen arku zorrotzaren azpitik, eta jarraitu maldan behera, Arrizabalaga-Gares errepideraino. Handik, Robo ibaiak bustitako baratzeen ertzetik eramango zaitu bideak. Ostalaritza-establezimenduek Garesen sartzen ari zarela adieraziko dute. Donejakue bidearen bi adar nagusiak batzen dira Erdi Aroko herri horretan, zeinaren multzo historikoa kultura-intereseko ondasun izendatu baitute. Erromesaren omenezko monumentua ere badu herriak.