IRULEGIKO MULTZOA

IRULEGIKO MULTZOA

Denboran barnako bidaia zoragarria natura-ingurune paregabe batean.

Irulegi mendia (893 m) Aranguren ibarrean dago, Pirinioen eta Ebro ibaiaren artean, Iruñerria eta Lizoainibar azpian dituela, Nafarroako hiriburutik 15 kilometrora baino ez. Asteburuetan eta udako hilabeteetan mendizaleen ohiko helmuga da, hango bista pribilegiatuek erakarrita. Gailurretik, egunik argienetan, Pirinioak ere ikus daitezke, baita Aralar eta Gaztelu mendiak ere, Nafarroako beste gailur ospetsu batzuk ahaztu gabe, hala nola Saioa, Txurregi eta Adi.
 
Han, Irulegi mendiaren gailurrean, kokapen estrategiko batean, XII. mendeko Erdi Aroko gaztelu baten aurriak daude. Dirudienez, Noain defendatzeko balio izan zuen. Eta gaztelutik hurbil dagoen muino batean, Burdin Aroko herrixkaren aztarnak daude. Haren ikerketa arkeologikoari esker, Nafarroako historiako aurkikuntza garrantzitsuenetako bat egin da: Irulegiko Eskua. Horregatik, eremu arkeologikoa IKO (Interes Kulturaleko Ondasuna) izendatu dute, "Irulegiko Multzoa" izenarekin.

Nafarroako historiari eta haren arbasoei buruz informazio gehien ematen digun lekuetako bat ezagutu nahi duzu? Zatoz Irulegira. Ibilaldi ederra da, kultur interesa eta kirola uztartzen dituena, inguru natural pribilegiatu batean.

 

3 arrazoi Irulegi bisitatzeko

  • Irulegiko Eskua aurkitu zuten aztarnategia bisitatu

    Irulegiko Eskua aurkitu zuten aztarnategia bisitatu

  • Erdi Aroko gaztelu baten aurriak aurkitu

    Erdi Aroko gaztelu baten aurriak aurkitu

  • Naturaz gozatu, mendian zabiltzala

    Naturaz gozatu, mendian zabiltzala

Irulegiko Eskua

Irulegi mendian hainbat arkeologia-lan egin dira 2007az geroztik. Harrezkero, gailurrean dagoen gazteluaren aurriak aztertu ziren, eta, 2018an, Burdin Aroko herrixka baten indusketa-lanak hasi ziren. Gazteluaren ondoko zelaigunean dago herrixka. Lan horien ondorioz, 70 m2 inguruko bi etxebizitza azaleratu ziren.

Eta, 2021eko ekainean, aztarnategiko etxebizitza baten sarreraren ondoan, Irulegiko Eskua aurkitu zuten. Esku zabaldu bat da, brontzezkoa. Atzealdean, sistema grafiko baskoniko deituriko sistema grafiko paleohispaniko batean (euskararen aitzinekoa) egindako idazki bat du, eta inskribatuta dituen 4 hitzetatik lehena deszifratu da: “Sorioneku” (zorionekoa).

Bazenekien Irulegiko Eskua dela orain arte ezagutzen den hizkuntza baskonikoz idatzitako dokumentu zahar eta luzeena? Haren aurkikuntzari esker, orain badakigu hizkuntza horretan idatziz komunikatzen zirela… duela 2.000 urte baino gehiago!

Irulegiko Eskua
Herrixka

Herrixka

Jakin-mina baduzu, zerbait gehiago kontatuko dizugu. Brontze Arotik K.a. I. mendearen hasiera arte habitatutako kokaleku hori tropa erromatarrek su eman zioten Sertorioren gerretan, eta, haren ondorioz, hustu egin zen. Sutean, etxeetako hormak behera etorri ziren, eta obra-hondakinen azpian aztarnak geratu ziren, orain azaleratzen ari direnak. Hartara, garai hartako argazki izoztu bat dugu orain. Zeramikak eta eguneroko objektuak aurkitu dira, kontserbazio egoera ezin hobean aurkitu ere, eta horrek baskoiak nola bizi ziren ezagutarazi digu.

Gaur egun, Irulegiko Eskua lehengoratzen ari dira. Asmoa da Nafarroako Museoan ikusgai jartzea, 2023aren amaieran hor nonbait.

Aurkikuntza horri eta arkeologia-ikerketako gainerako lanei buruz gehiago jakin nahi baduzu, eta aztarnategira bisita gidatua egin, bisita ezazu Aranzadi Zientzia Elkartearen webgunea.

Nola iritsi?

Aranguren ibarrean sartzeko biderik ohikoena PA 30 saihesbidea da, Taxoare parean. Handik, Arangurengo errepidera iristen da. Ondoren, Ilundain herrira joango gara. Bisitarientzat propio egokitutako aparkalekuan aparkatu beharko dugu.

Aparkalekura sartzeko, erreserba aldez aurretik egin behar da redexploranavarra.es webgunean.

Txangoa egin ondoren, Sarrigurenerantz joango gara, hau da, errepidetik jarraituko dugu toki beretik itzuli beharrean. Bidea estua da, eta ibilgailuak gurutzatzeak sor ditzakeen arazoak saihestu nahi dira horrela.

 

 

 

Irulegira igotzeko aholkuak

Irulegira igotzeko aholkuak

Irulegiko Multzorako bisitaldia ahalik eta gehien aprobetxatzeko, oinetako erosoak, eguraldirako arropa egokia eta argazki-kamera eramatea gomendatzen dizugu. Une ahaztezinak harrapatuko dituzu.

Igoerak 300 metro inguruko desnibel metatua du ibilbide luzeenean, baina ez da hain aldapatsua. Egoera fisikoa nolakoa, bata ala bestea aukeratzea gomendatzen dugu. Ez bata, ez bestea ez dira gogorrak, baina haurrekin, adinekoekin edo mugitzeko zailtasunak dituztenekin goazen kontuan hartu behar dugu.

  • Mesedez, gogoratu ingurumena errespetatzea. Aranguren Ibarreko Udalak ahalegin handia egiten du ibarreko ingurune naturala babesteko eta hari balioa emateko.
  • Irulegi inguratzen duten herriak oso txikiak dira eta oso biztanle gutxi dituzte. Aparkatu propio jarritako aparkalekuetan eta errespetatu haien lasaitasuna.
  • Gidatu poliki eta kontuz, errepideak oso estuak baitira zati batzuetan.
  • Ibilbidean ez dago ez iturririk, ez komunik, ez paperontzirik. Eraman ura eta ez utzi hondakinik.

Ibilbideak

Irulegiko aparkalekutik (Ilundain eta Lakidain artean), bi aukera ditugu Irulegi mendira igotzeko, hau da, gaztelua eta Burdin Aroko herrixkaren aztarnategia dauden tokira joateko. Luzera eta zailtasun-maila desberdinekoak dira:

  1. Ibilbide laburra (mapan urdinez markatua), ia 2 kilometrokoa. Milagro-Aezkoa Errege Abelbideari jarraitzen dio. Nafarroako Basafauna Berreskuratzeko Zentrotik doa, zehazki, Idoateko pasabidetik.
     
  2. ​​​​​Ibilbide luzea (mapan berdez markatua), 3,9 kilometro ingurukoa. Hori ere Basafauna Berreskuratzeko Zentrotik igarotzen da, baina, gero, Baso Biziduna zeharkatzen du. Baso hori Ilundain Fundazioak egindako animalia-irudiekin tailatutako eta pintatutako motzondoek osatzen dute, txikienen gozamenerako.​​​​​
    ​​​​​​​ 
    Ibilbide luzeak, gainera, paisaia zoragarriaz, basoez, loreez eta bertako faunaz gozatzeko aukera ematen digu. Oso gertu dugu, halaber, Graellsia isabellae tximeletaren erreserba. Europako faunaren tximeleta ikusgarrienetako bat jotzen da, eta 10 zentimetrorainoko tamaina ere izan dezake.
     
  3. Bide horiez gain, eremu arkeologikoa bisitatu ondoren, Ilundainera jaisteko beste modu bat da: 2,5 kilometro baino gehixeagoko itzulerako hirugarren ibilbide bat, Lakidaindik (horiz markatuta).
Ibilbideak
Ibilbideak

Hauek ere interesgarriak izan daitezke

Agian historiak, kulturak, naturak edo senderismoak erakarrita etorri zara Irulegira. Hona hemen antzeko plan batzuk, asko gustatuko zaizkizunak. Gogoan hartu!

  • Hurbileko 5 ibilbide familian

    Aranguren Ibarreko Udalak txikientzako plan bikain bat  du: ARAN Ipuinak. 5 bide ibarrean barna,  Ventura Ruizen 5 bideo-ipuinen inspirazio-iturri izan direnak. Haien eskutik, toponimoak, historia, fauna, flora eta abar ikas daitezke. Baita Nafarroako ahozko tradizioaren hainbat abesti, asmakizun eta esaera ere.

  • Beste museo eta aztarnategi batzuk

    Historia maite baduzu, Nafarroako Museoa izan dezakezu abiapuntu. Eta, zehazki, Antzinaroa eta aztarnategiak gustatzen bazaizkizu, erromatarren garaiko eta Burdin Aroko adibide batzuk ditugu eskualdean.
    Bisita ezazu Nafarroako museoak azaltzen dituen webgunea, eta murgil zaitez gure iraganean, gure etnografian, gure gastronomian... Ez zaizu sekreturik ezkutatuko.

  • Senderismoa eta natura

    Irulegiko pizgarrietako bat senderismoa da. Beraz, ibilbideak egiten jarraitu nahi baduzu, paisaia ederrak ikusiz eta aire garbia arnastuz, erraza izango duzu, non aukeratu dago eta. Nafarroako naturak zinez dibertsitate harrigarria du. Izan ere, iparretik hegora. Pirinioetako ibar berdeetatik Errege Bardeako basamortuaren idortasunera igaro zaitezke. Azter itzazu aukera guztiak, eta erabaki zein aukeratu.

  • Planak eta jarduerak Nafarroan

    Planak inguruetan Irulegirako txangoa osatzeko: gastronomia, turismo aktiboa, hegaztiei behatzea, bidexkak gida batek interpretatuta, bisita gidatuak eta bisita pasta ekologikoko tailer batera ere. Egin begiratu bat, seguru baten batekin geratuko zarela eta!