.jpg)
Erromanikoa Nafarroako Erriberan
Monumentuak mapan
Monumentu erromanikoak
-
Andre Maria katedrala
Andre Maria katedrala
Tuteran. XII. mendean eraiki zen hiriko meskita nagusiaren gainean. Oinplano erromanikokoa, hiru nabetan banatuta dago eta hiru ate ditu. Hegoaldeko portada –edo Ama Birjinaren portada– da zaharrena; erromanikoa da, iparraldeko portada bezalaxe –Andre Mariaren portada esaten zaio–. Hirugarrena –eta ikusgarriena– Azken Judizioaren portada da, apaindura ikusgarria agertzen duena. Klaustro erromaniko interesgarria dago katedralean, tamaina handikoa, XII. mendearen bukaeran altxatutakoa.
-
Santa Maria Magdalena eliza
Santa Maria Magdalena eliza
Tuteran. Hiru gorputzeko dorre lerden bat atxikitzen zaio bere ate nagusiari, eta Tuteran ikus daitekeen estilo erromaniko garbiena da. Nonbait, eliza mozarabiar baten gainean altxatzen da eraikuntza, eta horregatik ageri da burualdea pixka bat lekuz aldatuta.
-
La Olivako monasterioa
La Olivako monasterioa
Zarrakaztelun. Bere eliza erromaniko zabala arte zistertarraren adibide garbienetako bat da Espainian; kapitulu-gela nabarmentzen da, Espainiako erromanikoko harmoniatsuenetako bat, baita klaustro gotikoa ere. Lehenagotik zegoen eliza erromanikoaren zenbait elementu erabili ziren XIV. mendeko fatxadan, besteak beste, tinpanoko krismoia eta gainaldeko erlaitzeko harburuak.
-
Fiteroko monasterioa
Fiteroko monasterioa
Fiteron. Ordena zistertarreko lehen monasterioa da Iberiar penintsulan, eta herri batean integratuta dagoen urrietako bat. Harrigarria da bere handitasuna. Arte zistertarraren adibide paregabea da Espainian bere abadia-elizagatik –girolako burualdea du, bost kaperarekin–; barnealdean, bilduma garrantzitsu bat dauka, arketa arabiarrez, Erdi Aroko kutxez eta Limousineko esmaltez egindako erlikia-ontzi eder batez osatua.
-
Tulebrasko monasterioa
Tulebrasko monasterioa
Tulebrasen. Zistertarrek emakumeentzat Espainian fundatu zuten lehen zenobioa izan zen. Arkitekturari dagokionez, estilo erromanikoa du elizak, nagusiki portadetan, nabean eta burualdean ikusten den bezala. Gainera, arte sakroaren bilduma garrantzitsu bat dago bere museoan.
-
Arradako harresi-barrutia
Arradako harresi-barrutia
Murillo el Cuenden. Leku estrategiko batean dago, Erdi Aroan defentsarako garrantzi handia izan zuen kasko baten gainean. XII. mendeko gaztelu baten arrasto batzuk daude: horma-atal bat, hori ere XII. mendekoa eta 100 metroko luzerakoa; dorre zahar zirkular bat, erromaniko goiztiarrekoa; eta San Nikolas eliza, XII. mendearen bukaerakoa.
-
Jerusalemgo San Joan eliza
Jerusalemgo San Joan eliza
Cabanillasen. Tenplu xumea da, nabe bakar batekoa eta portada txaranbeldu ederra duena; erabat zaharberritu eta gero, jatorrizko lekuan jarri zen berriz ere. Ospitale-fraideek erromesei emandako laguntzaren lekuko izan zen tenplu hori.