
Erromanikoa Nafarroako Eridaldean: Erriberra eta eskualdea
Monumentuak mapan
Monumentu erromanikoak
-
San Pedro eliza
San Pedro eliza
Erriberrin. Herriko elizarik zaharrena da. XII. mendekoa da, eta hiru nabeko oinplanoa du; klaustroa XIII. mendearen erdialdekoa da, eta erdi-puntuko arkuak ditu kapital bikoitzen gainean bermaturik. Erdi-puntuko portada, dotorea eta soila, txaranbeldua, erromanikoaren eta gotikoaren arteko nahastea da. Beste garai batzuetan hura estali zuen polikromiaren hondarrak ikus daitezke oraindik ere.
-
Zubi erromanikoa
Zubi erromanikoa
Garesen. XI. mendean eraiki zen Arga ibaiaren gainean, eta Europako zubi garrantzitsuenetako bat izan zen Erdi Aroan. Erdi-puntuko sei arku ditu, pilare prismatikoen gainean bermatzen direnak; ekialdekoa lurperatuta dago gaur egun. Jatorrian hiru defentsa-dorre izan zituen; haietako batean Puyko Ama Birjinaren irudi errenazentista zegoen, hain zuzen, Txoriaren legendako protagonista.
-
Gurutzearen eliza
Gurutzearen eliza
Garesen. Jatorri tenplarioa duen eraikina, Kale Nagusiaren hasieran. Bi nabe ditu, bata erromanikoa eta bestea gotikoa. Portada erromanikoa aberats apainduta dago, erromesen maskorrak apaingarri nagusi izanik.
-
Santiago Nagusiaren eliza
Santiago Nagusiaren eliza
Garesen. XVI. mendean eraiki zen berriz, eta deus gutxi gelditzen da antzinako tenplu erromanikotik: kanpoaldeko horma batzuk eta bi portada eder. Haietako bat eragin moriskoagatik nabarmentzen da.
-
Eunateko Santa Maria eliza
Eunateko Santa Maria eliza
Muruzabalen. Donejakue bideko eliza erromaniko eder eta iradokitzaileenetako bat. Bakartia, xumea, originala eta misterioz betea. Oinplano oktogonalari eta 33 arkuk inguratutako klaustro exentuari esker, guztiz berezia da beste edozein tenplu erromanikoren aldean. Kapitelen apaingarrien artean, animaliak, buruak eta landare-irudiak ikusten ahal dira, nabarmen higatuta badaude ere.
-
Artaxoako zerkoa
Artaxoako zerkoa
Artaxoan. Azpian duen muinoak marraztutako soslaiari ezin hobeki egokitua dago Erdi Aroko gotorleku ezagun hori, eta Nafarroako Erdialdeko garrantzitsuena da. XI. mendeko harresi-barruti horrek garai batean izandako 14 almenetatik 9 erakusten dizkigu gaur egun, erronda-bide batek lotuta.
-
Etxanoko San Pedro ad Víncula eliza
Etxanoko San Pedro ad Víncula eliza
Oloritzen. XII. mendearen bukaeran eraikia, hiru tarteko nabe bat du, kanoi-erdiko ganga zorrotza duena. Ohi ez bezala, portada iparraldera begira dago, eta ez hegoaldera edo ekialdera begira. Bertan erakusten den ikonografia profanoa da, eta horrek oso berezia egiten du.
-
Iratxetako garaia
Iratxetako garaia
Iratxetan. XII. mendean zehar edo XIII. mendearen hasieran eraiki zen. Harlanduzkoa da eta bi gorputzeko oinplano laukizuzena du; beheko gorputzean erdi-puntuko 10 arku ditu, pilastra sendoen gainean bermatuta. Bi isurkiko estalkia du, eta teilatua harlauzazkoa da. Hamarrena –elizaren zerga– biltzeko eta kobratzeko erabili zen.
-
Katalaingo Santo Kristo eliza
Katalaingo Santo Kristo eliza
Garinoainen. XIII. mendearen hasieran eraiki zen. Donejakue bideko erromesen ospitalea izan zen, eta Jakaren eragin handia islatu zen bertan. Hiru baoko kanpai-horma lerdena Etxanokoaren berdin-berdina da. Kanpoaldean tenpluko burualdea eta absidea nabarmentzen dira; azken horretan erdi-puntuko hiru leiho zabal daude, kapitel apainduak dituztenak. Barnealdea jatorrizko fabrika erromanikoari dagokio, eta estilo horretan sartzen da bataiarria ere.
-
San Martin eliza eta kripta
San Martin eliza eta kripta
Orisoainen. XII. mendearen erdian eraikia, 1965ean aurkitu zen berriz; Nafarroan kripta duten lau elizetako bat da. Zirkuluerdi-formakoa da, eta oso apainduta dauden 6 kapitel latz dituzten 6 zutabe ditu; kanoi erdiko labe-ganga batek estalita dago. Elizako portada maisutasunez landuta dago; erdi-puntuko hiru arku ditu, landarez eta jakako xake-itxuraz apaindutako arkibolten gainean bermatzen direnak.
-
Jasokundearen eliza
Jasokundearen eliza
Olletan. Landako erromanikoaren adibide ederra da, XII. mendearen bigarren erdikoa, eta Jerusalemgo San Joan ordenarena izan zen. Nabe bakarra du, eta hiru leiho txaranbeldu absidean; portadako tinpanoaren krismoi ederragatik nabarmentzen da, baita arku beheratuen linterna txiki batean bukatzen den zinborioagatik ere.
-
Toursko San Martin eliza
Toursko San Martin eliza
San Martin Unxen. Landa erromanikoaren adibide liluragarria da, eta behatoki aparta inguruko pasaia ikusteko. Deigarriak dira bertako bataiarria, kapitelen apaindura eta kripta erromanikoa.