2026.01.27

Nafarroa, nortasun propioz taupa egiten duten ardoen lurraldea

Mendi, haran eta paisaia paregabeen artean, aniztasun enologikoa sortzen du gure erregioak, garnatxa esentzia duelarik. Aparteko ardoak dira emaitza, eta gorriak nabarmentzen dira bereziki. Nafarroako upategiek ateak zabalduko dizkizute ardoak dastatu, beren ondare baliotsua deskubritu eta egiteko prozesuaren sekretu guztiak ezagutu ditzazun, paisaia, historia eta kultura bizia uztartzen dituzten proposamenen bidez, zinez originalak.

Blog

Autentikoak, freskoak eta moldeak hausten dituen kalitatearekin! Horrelakoxeak dira Nafarroako ardoak; izan ere, mahastizaintzak eta ardogintzak paper nabarmena jokatzen dute lurraldean, non bi jatorri-deitura ditugun: Nafarroa eta Errioxa. 

Nafarroako iparraldeko erliebeetatik Ebroren lautada leunetaraino, paisaia eta klima berezi bezain zoragarriak ditu Nafarroak, eta hark eratzen du ardo paregabeen identitatea hain zuzen. Hala, 9.000 hektareatan zehar, Nafarroa J.D.-ko mahastiak terroiren erakusleiho dira, bost eremu ezberdinetan banatuta: Estellerria, Izarbeibar, Mendialde Beherea, Erriberagoiena eta Erriberabarrena

Eraldaketa baten ondorio dira horiek guztiak, eta Nafarroako ardoak lehen lerroan kokatu ditu estatu eta nazioarteko mailan. 

Laurogeiko hamarkadan atzerriko barietateak gurera heldu ziren, besteak beste, chardonnay, cabernet sauvignon eta merlot; haiek viura, tempranillo eta garnatxa tradizionalekin bat egin, eta iraultza hasi zen. Aurrerago, laurogeita hamarreko hamarkadan, profesional ameslari talde bat sortu zen: kalitatean, esperimentazioan eta jatorriarekiko errespetuan oinarritutako proposamen berriekin, behin betiko aberastu zuten Nafarroako profil enologikoa.

Gaur egun, biziki oparoa da gure lurraldea, sormenez eta harrotasunez jatorria ospatzen duten proiektuz betea, baita etengabeko bilakaeran dagoen lurraren esentzia islatzen duten ardoz ere.

viñedos con hojas amarillas

Garnatxa, Nafarroako ardoen arima

Garnatxa da Nafarroako mahastizaintzako eta ardogintzako izaera hobekien jasotzen duen mahatsa. XVII. mendetik dago Nafarroan, eta XIX. mendearen amaieran protagonismoa bereganatu zuen gaixotasunen aurrean zuen erresistentziari esker, tartean oidioa. Aldakorra eta zintzoa, Nafarroa J.D.-aren txoko guztiak konkistatu zituen, baita lur bakoitzaren mintzaira eta hazten den lurraldeetako izaera islatzen ikasi ere. 

Beharbada, horregatik da hain berezia barietate hori Nafarroan: freskoagoa, arinagoa, garraztasun bizikoa eta fruta-eztanda zoragarria. Hari esker sortzen dira Nafarroari ospea ematen dioten ardo gorriak, bertako beste barietate batzuekin konbinatzen diren ardo beltz biziak eta lore- zein zitriko-usaineko ardo zuriak, sustraiei sakon lotuak. Hemen lurrak agintzen baitu, baita pasioak ere, mendeetan zehar ardoa mimoz egin duten horienak, tradizioaren eta espiritu berritzailearen artean. 

Cortando un racimo de uva garnacha

Nafarroa gorriz

Ardo gorria da Nafarroako ikur handienetako bat: freskoa, delikatua, orekatua eta, hitz batez, gozagarria! Zalantzarik gabe, lurralde honetako ardorik ospetsuena. 

Bere esentzia? Garnatxa beltza. Bere sekretua? “Odoluste” izeneko metodo tradizionala, Nafarroa J.D.-k onartzen duen bakarra hain zuzen. Ia-ia erritu bat da prozesua: muztioa mahatsaren azalarekin egoten uzten da, bere kolorea eta lurrinak poliki-poliki xurgatzeko, harik eta deposituaren hondora jaisten den arte, patsek azalean flotatzen duten bitartean, oroigarri baten gisan. Odolustea une erabakigarria da, muztio garbia prentsatu gabe jariatu, eta bere hartzidurari ekiten baitio. 

Hala jaiotzen da ardo freskoagoa, leuna eta frutaz betea. Bere kalitatea handitzen duen bereizgarria da, hala ardo gazteetan nola kriantzetan. Ez geratu probatu gabe!

Sirviendo vino rosado de una botella a una copa

Lurralde-zaporeko uztartzea

Zintzoak eta moldakorrak, Nafarroako ardoak bertako plater tipikoak goraipatzeko gai dira, baina protagonismorik kendu gabe. Aperitibo bat hartzera bazoaz, aukeratu gorriak edo zuriak –chardonnayak eta viurak nagusi–, freskotasun eta bizitasun handikoak. Frutaren, garraztasunaren eta gozotasunaren arteko orekaren jabe, ezin hobeak dira biak ala biak arrainak, ketuak eta perretxikoak laguntzeko. 

Eta beltzak ere apartak dira. Tempranilloa, garnatxa eta nazioarteko barietateak buru, aukera leun-leunak zein egitura eta izaera handiagokoak daude aukeran. Gazteak aukeratuz gero, hestebeteak, pateak eta gazta suabeak laguntzeko ezin hobeak dira. Kriantzak nahiago badituzu, amonaren gisatuak, arkumea, ehizakia eta gazta onduak ohoratuko dituzu.

Bestetik, moskatelak bikainak dira foie, gazta urdin edo nafar gozoki tradizionalekin hartzeko. 

Eta, bukatzeko, Cava Jatorri Deitura! Mendabian eta Vianan egindako ardo apardun naturalak hartzen ditu; izan ere, horiek dira ekoizteko baimena duten
Nafarroako udalerri bakarrak. Horrela, are bereziago da Nafarroa, aperitibo, arrain, gazta eta Nafarroako potxa ezagunekin ere primeran uztartzen diren produktu berezituei esker.

Dos personas sentadas en una mesa brindando con copas de vino

Bisitatzen eta bizitzen diren upategiak

Hori guztia jakinda, ezin diozu uko egin esperientzia enoturistiko oso bat bizitzeari! Nafarroa J. D.-ko upategiek beren ateak, historia eta botilarik preziatuenak irekiko dizkigute, zaporez, usainez eta mahastizaintza eta ardogintzako tradizioz beteriko bidaian. 

Gainera, aparteko inguru natural eta kulturalean: milaka urteko Leireko monasterioa, Xabierko eta Erriberriko jauregi itzelak, Zangoza hiri monumentala, Irunberriko eta Arbaiungo arroilak, Lizarra, Tutera... ardoaren ibilbidean elkartuta. Ibilbide zinez bereziak ondare baliotsu horretara hurbilduko zaitu, tailer, erakusketa, dastatze, jolas, ibilaldi, eskapada eta ardoaren inguruko hamaika esperientziaren bidez. 

Bodegas Irache upategian ekingo diogu ibilbideari; Nafarroako zaharrenetako bat da, 1981ean sortua. Estellerrian, izena ematen dion monasterioaren oinetan, Ardoaren Museoa bisitatuko dugu, bertako sorkuntzetako batzuk dastatuko ditugu eta Ardoaren Iturri ospetsua ezagutuko dugu, Donejakue bidea lagun.

Ondoren, Bodegas Otazu upategira joango gara, Iruñetik oso gertu. Artea eta ardoa elkarrekin bizi dira, isilik eta arkitektura handientsu batek zainduta, historiaz betetako upeletan barrena gidatuko gaituena. 

una copa de vino sobre una barrica

Unsi Wines upategian jarraituko dugu, Erriberrin. Lur orotako ibilgailuan garnatxa-mahastietan barna ibiliko gara; ondoren, zirrarak upategian jarraituko du, zuzeneko musikarekin.

Erriberritik atera gabe, Bodegas Ochoa upategian geldituko gara: familiaren tradizio aberatsa ezagutu, eta dastatze batekin amaituko dugu, olioa, gazta eta txokolatea lagun. Gozamena!

Marco Real izango da hurrengo geltokia. Mahastien artean hasiko da bidaia eta, jarraian, aromen aretoan, 46 esentziak memoria esnatu eta usaimena finduko digute, ustekabeko jolas sentsorialean. 

viñedo con las hojas amarillas

Ablitasera joango gara gero. Pago de Cirsus upategian, benetako gourmet esperientzia dugu zain: ibilaldiak, dastatzeak, baita piknik bat ere, Moncayoren bista ederrekin! Horrez gain, beren hotelean lo egiten ahal duzu, mahastiari begira, eta ardoak Nafarroako gastronomiaren onenarekin lagundu. 

Malón de Echaide upategian ere gozatuko dugu, Cascanten, mende-erdi baino gehiagoko historia duen upategi mitikoan paseatzen. 

Eta, amaitzeko... esperientzia arkeo-enologikoa! Bodega Eslava upategia leku pribilegiatu batean dago: Eslabako Santa Criz aztarnategi erromatarra da hain zuzen, penintsulako iparraldean hobekien kontserbatutako bat.
Horrela, Nafarroako ardoaren bihotzera eramango zaitugu, kopa bakoitzak ondarea, natura eta kultura bizia biltzen dituelarik. Probatuz gero, ez du atzera-bueltarik: nahitaez harrapatuko zaitu!

Tag-en hodeia: