2025.12.12

Olentzero: historia, tradizioa eta Eguberriak familian bizitzeko esperientziak

Olentzero ikazkin on-puska da. Abenduaren 24ko gauean menditik dator, astoa lagun eta alportxak bete opari, Eguberria heldu dela iragartzeko. Eguberriak Nafarroan Olentzeroren eskutik bizitzea jatorrira itzultzea da, belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren abestietara; zirrara ere bada, ilusioz beterik ikazkinaren zain dauden haurrena, hain zuzen. Hain maitatua den pertsonaia hori nor den azalduko dizugu, eta garrantzitsuena, non bizi dezakezun familian bere magia, hainbat aukera baituzu: esperientzia paregabeak, tradizio horretan dena ematen duten herriak eta txikienek aho bete hortz Olentzero ikus dezaketen tokiak.

Blog

Nor da Olentzero? Nafarroako Eguberrietako kondaira bizia

Nafarroako neguko pertsonaia maitatuenetako bat da Olentzero. Lurrarekin, suarekin eta basoekin lotuta dago bere irudia. Izan ere, solstizioa, argiaren berpiztea eta garai berri baten iritsiera irudikatzen ditu.

Olentzeroren jatorria: mitologia, basoak eta kondaira zaharrak

Kondaira mitologiko ezagunenaren arabera, behin, Aralar mendian, jentilek, gizakion aurretik lurrean bizi ziren erraldoi jakintsu horiek, argi-izpi handi bat ikusi zuten zeruan, ekialdean. Orduan, hala esan zuen zaharrenak: “Ene seme-alabok, Kixmi jaio da. Gure garaia amaitu egin da. Bota nazazue labar honetatik behera!”. Kixmi Jesus zen. Jentilek obeditu egin zioten. Gerora, denak desagertu ziren, bat izan ezik; herrietara jotzea erabaki zuen hark, nekazariei etorrera horren berri emateko. Olentzero, hain zuzen. Horregatik, kontakizun askok azken jentila izan zela diote. 

Kontakizun haietako baten arabera, alde egin aurretik ume txiki bat utzi zuten jentilek, herria zaindu zezan. Eta ume hori Olentzero zen.

Umea hazi, eta mendian bizi zen ikazkin bilakatu zen. Egur-ikatza egin eta izarrak behatzen zituen. Abenduaren 24an, ibarrera jaitsi eta solstizioaren iritsiera eta argiaren itzulera iragartzen zituen. Teoria batek dio “onaren aro” esan nahi duela haren izenak –izan ere, Onentzero edo Onenzaro esaten zaio toki batzuetan–.  

figura del olentzero

Olentzeroren metamorfosia: menditik Nafarroako kaleetara

Mendeetan zehar, Olentzero pertsonaia zakarra eta misteriotsu samarra izan zen, zaindari eta mezulari arteko zerbait. Denborarekin, bere irudia aldatu eta eztitu egin da, egun ezagutzen dugun pertsonaia maitekorra bihurtzeraino: gizon handia, on-puska eta eskuzabala, abenduaren 24ko ilunabarraren ostean herri eta hiriak zeharkatzen dituena bere astoak lagunduta, alportxak opariz gainezka daramatzala.

Izan ere, milaka familia zain ditu urtero kalejira, desfile eta ospakizunak lagun, musikaz, gabon-kantaz, dantzaz, argiz zein irribarrez josita. Gozokiez gain, ardoa, txokolate beroa eta gaztaina erreak ere banatzen dituzte herri batzuetan. Merienda ezin hobea Nafarroako negu hotzari aurre egiteko!

Mari Domingi: nor da? Eta zer eginkizun du Nafarroako Eguberrietan?

Azken urteotan, Olentzerok Mari Domingi du aldean, Eguberriko tradizioak orekatzeko, berritzeko eta aberasteko sortu zen figura.

Baserritarrez jantzita eta buruko tradizionala soinean, landa-munduaren, baserriko lanaren eta herri-kulturaren irudia da Mari Domingi. Olentzero bezala, neguko solstizioarekin eta bizitzaren birsortzearekin lotuta dago Mari Domingi, baina ikuspuntu etxetiarrago eta familiarrago batetik. Bikoteak hurbiltasunean, berdintasunean eta tradizioan oinarritutako balioak transmititzen ditu, eta familiek asko maite dituzte.

Olentzero, Mari Domingi y Joaldunak

Olentzero non ikusi Nafarroan: galdu ezin dituzun tradizioak

Nafarroan, herri bakoitzak bere modura bizi du Olentzeroren etorrera, eta horregatik da esperientzia hain berezia.
Abenduaren 24ko arratsaldean, kalejirek kaleak betetzen dituzte txistu eta dultzainen musikarekin, dantzekin, ipuin-kontalariekin eta gabon-kantekin. Herri bakoitzean ezberdina da, baina, normalean, honela heltzen dira Olentzero eta Mari Domingi: 

  • gurdi gainean, asto edo traktore batek tiratuta
  • umeak kantatzen ari direla
  • baita menditik etorrita ere

Tradizioz, Olentzeroren kalejiretan panpina zakar bat zen pertsonaia nagusia, arropa zaharrak jantzita eta kedarrez belztuta, honako hau irudikatzeko:

  • urtearen zaharra,
  • purifikatu beharreko txarra
  • edo “bere misioa amaituta” mendira itzultzen den figura mitologikoa

Honako herri hauetan, besteak beste, panpina batek Olentzero ordezkatzeko tradizioari eutsi diote:

figura del Olentzero junto a un árbol de navidad

Lesaka

Lesaka da, hain zuzen, Olentzeroren iritsiera ikusteko herri kutunetako bat, oso errotuta baitago han pertsonaiaren tradizioa. Izan ere, inguru horretakoa zela esaten dute. 

Olentzeroren jatorria Lesakan jartzearen arrazoia kristautasunaren aurreko urte bukaerako errituekin lotzen da, landa-komunitateek honako hauek ospatzeko baliatzen zituztenak:

  • solstizioaren ondoren argia berritzea,
  • etxearen babesa,
  • nekazaritza-ziklo berrirako oparotasuna.

Erritu horietan pertsonaia baldar bat agertzen zen, mendiari eta suari lotua –hortik datorkio ikazkin gisa irudikatzea–, urte ilunaren itxieraren eta garai berri baten etorreraren sinbolo.

Garai batean, panpina herrian zehar eramaten zuten eta, batzuetan, erre ere egiten zuten amaieran, berritzearen ikur. Ez zuten beti hala egiten, baina urteroko zikloa itxi eta birsortzearen ideia oso presente dago Lesakako tradizioan.

figura del Olentzero llevada a hombros

Iruña 

Hiriburuan, Olentzeroren kalejira abenduaren 24ko arratsaldean egiten dute, 18:00etan, Arte eta Lanbide Eskolatik. Musikariek, koruek, ehunka animaliak eta joaldunek hartzen dute parte. 19:30ean, Udaletxe plazara heltzen da, eta udalbatzak eta La Pamplonesa musika-bandak harrera egiten diote. 

Joaldunak en el Olentzero de Pamplona

Tafalla

Kalejira 18:00etan abiatzen da Nafarroako plazatik (tokia alda daiteke), eta herriguneko kale nagusienetatik jarraitzen du. Txistulariek, fanfarreek, dantzari txikiek eta ikasleek sortutako Olentzeroek osatzen dute segizioa. Ibilbidean, gozokiak eta ardo beroa banatzen dituzte, jai-giro polita sortuta, familien gozamenerako. Amaieran, dantzari txikienek dantza-erakustaldia egiten dute. Gero, aurrera jarraitzen du festak herriko kale eta tabernetan.

Olentzeroren abestiak: abenduko soinu-banda

Eguberrietan, “Olentzero buru handia...”, umeen abesbatzak eta pertsonaiaren jatorria kontatzen duten letrak dira Nafarroako soinu-banda.

Olentzeroren etimologiak beste arrasto interesgarri bat ematen digu: izenaren forma zaharretako bat Olentzaro zen, hau da, “olesen aroa”.

Haran bakoitzak bere doinuak ditu, batzuk alaiagoak, beste batzuk solemneagoak. Horiek kalejira batean zuzenean entzutea da egun hauetako unerik berezienetako bat.

ocas en el desfile del Olentzero

Olentzero Nafarroan bizitzeko Eguberriko esperientziak

Desfileez eta kalejirez gain, Nafarroak plan perfektuak eskaintzen ditu familiek

Olentzero ikusteko, gutuna emateko edo tradizioa barrutik ezagutzeko.
Hona hemen bene-benetan bizitzeko lekuak:

1. Basabere (Lezaun): Bisitatu Olentzero eta Mari Domingi

Txikiak dituzten familientzako plan ezin hobea. Baserri-eskola horretan, Olentzerok eta Mari Domingik bisitariei harrera egin, gutunak jaso, eta mendian nola bizi diren kontatzen diete. Animaliek, tailerrek eta inguru zoragarriak bisita borobiltzen dute. Badago han bazkaltzerik, baina komeni da erreserba egitea. 

2. Ultzama baserri-eskola: Eguberriak natura betean

Ultzamako bihotzean, baserri-eskolak gai ezberdinetako jarduerak, ipuin-kontalariak eta Olentzerorekin egoteko tartea eskaintzen ditu. Ikasteko, gozatzeko eta egun ahaztezina pasatzeko plan bikaina. Bazkaltzerik ere badago. 

3. Xuberoa baserri-eskola: Esploratzaile txikientzako tradizioak

Plan aparta da gure desioen gutuna Olentzerori emateko, istorio tradizionalak ezagutzeko eta landa-jarduerez gozatzeko, giro nafar betean. 

4. Haritz Berri baserri-eskola (Ilundain) Eguberrietako tailerrak eta bisita

Ingurune natural pribilegiatu batean, Olentzero eta Mari Domingirekin egotea, familientzako tailerrak eta landa-mundua ezagutzeko hezkuntza-jarduerak eskaintzen dituzte.

5. Gure Sustraiak baserri-eskola (Ollo) Natura, ipuinak eta Eguberrien magia

Baserri-eskola horrek familientzako planak eskaintzen ditu, besteak beste, tailerrak, jarduerak eta, urteko garaia zein den, bisita tematikoak Olentzero eta Mari Domingirekin.

6. Naturalia baserri-eskola (Eskirotz) Esperientzia magikoa familian

Olentzero baserrira dator txikienen gutunak biltzeko. Instalazioan zehar bisita gidatu bat egingo duzue eta, amaieran, Olentzerorekin elkartu txikiek beraien gutunak emateko, gertuko giro berezian.

peluches de Olentzero y Mari Domingi

Nola prestatu zure bisita Olentzero Nafarroan bizitzeko

Olentzeroren etorrera familian bizitzekotan bazaude, gogoan hartu honako aholku hauek:

  • Aldez aurretik aztertu ordutegiak eta datak. Kalejirak eta jarduerak urtero aldatzen dira.
  • Baserrietako esperientzietarako erreserbak denboraz egin. Azkar betetzen dira.
  • Arropa beroa jantzi. Nafarroan abendua hotza izaten da, eta haran batzuetan are hotzagoa.
  • Jo ezazu Nafarroako Turismoko webgune ofizialera jarduerak eta ekitaldiak konfirmatzeko.
  • Jantzi arropa erosoa eta oinetako egokiak, batez ere landa-inguruneak bisitatzeko bazara.
  • Gozatu presarik gabe. Olentzeroren magia une bakoitza patxadaz bizitzean datza.

Gogoratu: Olentzero pertsonaia bat baino gehiago da, magia, tradizio, identitate, solstizio eta itxaropen onaren sinboloa ere baita, "gauza onen aroa" iritsi dela iragartzen duelako. Horrenbestez, buruan baldin baduzu abenduan eskapada bat egitea, Nafarroa leku ezin hobea da Eguberrien eta tradizioaren magia bizitzeko. 

Tag-en hodeia: