2022.06.22
Familian bidaiatu eta dibertitu Nafarron barna
Badakizu Nafarroa aproposa dela familia-planak egiteko? Oraindik ere zalantzati bazaude etortzeko jasangarritasunaren aldeko konpromisoa duen jendez osaturiko lur anitz honetara, erakutsiko dizugu Nafarroako Erdialdean eta Erriberan uda honetan etxeko txikiekin zer egin dezakezun eta zeinen ongi pasa dezakezun.
BlogESPERIENTZIAK ZEHARO FRESKAGARRIAK
Uretan ibili eta aldi berean gozatu nahi baduzue, proposatzen dizuegu Irunberriko arroila-n barna baltsan paseatzea, Natturaren eskutik. Talde-lana indartzeaz gain, Natura Erreserbaren edertasuna beste modu batera ikusiko duzue. Gero, Benasako arroila bisitatu dezakezue eta bainu bat eman ibaiko igerilekuan.

NATURA BETEKO ABENTURAK
Emozio sendoak bizi nahi badituzue, Artamendia Abentura Parkea bisitatu dezakezue, Oibarren. Parke hori harizti bat da. Bertan, Tarzan zaretela sentitzeko aukera izanen duzue. Zuhaitzen adarretatik ibiltzen ahalko zarete, zabuetan, sareetan, tirolinetan eta zubi esekietan duzuen trebetasuna erakutsiz. Esperientzia zeharo zirraragarria!

BIDAIA BAT MARTERA
"! Ama! Aita!! Marten gaude!", esanen dizuete seme-alabek. Errege Bardeako Parke Naturala, biosfera-erreserba izendatua, txikiak zein adinekoak harrituko duten naturguneetako bat da.
Zuen kontura bisitatu dezakezuen arren, gomendatzen dizuegu inguruko enpresek antolatzen dituzten esperientziei begiratzea, zuen denbora ahalik eta gehien aprobetxa dezazuen eta inolako zehaztasunik gal ez dezazuen.

ALTXORREN BILA
Ezagutzen duzue geocaching? "Altxorrak" ezkutatu eta aurkitzeko jarduera da. Indiana Jones izatea proposatzen dizuegu, eta Irantzuko bidezidorretan barneratzea, Urbasa-Andia Parke Naturaletik oso hurbil. Bertan, zain duzue abentura: etxeko kide guztientzat egokia den 9 km-tik beherako eta 300 metroko gehieneko desnibeleko ibilbide batean ezkutatutako altxorrak bilatu ditzakezue.

ZALDUN ETA PRINTZESETARA JOLASTEKO GAZTELUAK
Neska-mutilek gehien estimatzen duten kultura-jardueretako bat Erriberriko Errege Jauregira joatea da. Zuen airera bisita dezakezuen arren, gomendatzen dizuegu sarrera haurrentzako bisita gidatuaren aukerarekin erostea; Nafarroako Zuria erreginak berak erakutsiko dizue jauregia eta nola bizi ziren duela 600 urte.
Txikienek izugarri gustuko duten beste leku bat Xabierko gaztelua da. Zubi altxagarri batetik sartuko zarete bertara, eta Nafarroako patroi eta misiolari unibertsalenetako bat den San Frantzisko Xabierkoa jaio zen lekuan sartuko zarete. Haren bizitza eta bidaia zoragarriak ezagutuko dituzue, eta, aldi berean, gazteluko dorreak, ziegak, matakanak, kanoi-zuloak eta gezi-leihoak zeharkatuko dituzue.

IBILBIDE OSASUNGARRIA ETA KULTURALA BIZIKLETAN
Kirola egiten duzuen bitartean ikastea posible da Alhama ibaiaren ibilbide osasungarri eta kulturalean. Noranzko biko ibilbide zirkular honek Corella, Fitero eta Cintruenigo lotzen ditu. Herri horiek begiratokia edo hegaztien behatokia dute, inguru horretako aberastasun naturala ikusteko.
Ibilbideak desnibel gutxi ditu, eta paisaia ugari ditu: ibaiertzeko baratzea, ibar-basoak, aintzirak, labore soroak, olibadiak, arbendoladiak eta Moncayo mendiaren ikuspegi zoragarriak.
Ibilbidea igarotzen den herrietan indarrak berreskuratu, Fiteroko bainuetxeaz gozatu eta bisita kulturalak egiten ahalko dituzue, esaterako, Fiteroko monasterioan.

GAUEZ MONASTERIO BAT EZAGUTZEA
Gazteluko planak gustatu bazaizkizue eta kulturaz eta Erdi Aroaz gozatzen duen familia bazarete, Fiteroko Monasterio Zistertarra (XII. mendea) ikustera animatzen zaituztegu. Bertan, familian bisita gidatuak egiteaz gain, gauez ikusteko aukera ere badago, bisita antzeztuekin. Fitero zistertarrean murgildu eta iraganera bidaia eginen duzue. Oso modu originalean ezagutuko duzue Zisterreko Erdi Aroko multzoko bitxi hau.

TUTERA HAURREKIN
Foruen Plaza koloretsuak harrituko zaituzte terrazetan duen giro onagatik. Bertan, turismo-bulegora joan zaitezkete, eta mapa bat emanen dizuete Avant-Garderen ibilbide desberdinak egiteko: Tuterako hirigune historikoaren hormetan kokatutako artelan handiak.
Kultura gustuko duzuenentzat, katedrala ezinbesteko bisita da. Eta hiri osoko ikuspegi panoramikoez eta Ebroko baratzeez gozatzeko, Santa Barbara muinoko begiratokira igo behar duzue.
Espero dugu plan horiek interesgarriak irudituko zaizkizula, pozik izanen gara familiarekin heldu bazara beso zabalik hartuko zaituen lur honetara.
