2026.06.09

Ernest Hemingway Iruñean: sanferminekiko bere maitasunaren historia eta ibilbide literarioa

“Papa” ezizena entzunda, ba al dakizu nori buruz ari garen? Eta esaten badizugu sanferminetan egon izanak festa horiek gero lortu zuten mundu-mailako ospean lagundu zuela hein handi batean? Ernest Hemingway da, bai horixe, kazetari eta idazle amerikarra.

Blog

Hemingwayren aztarna Iruñan eta idazlearen historia eta sanferminekiko pasioa ezaugarritu zuten bazter guztiak ezagutu nahi badituzu, segi ezazu irakurtzen. Ernest Hemingwayren Iruñeko ibilbidea eta bere toki kutunenak zain dituzu!

Ernest Hemingway Iruñean eta sanferminak: legendaren jatorria

Ernest Hemingway eta Iruña, horra hor bikote zatiezina, Hemingway eta sanferminak bezain zatiezina. Ba al dakizu nola sortu zen amerikarraren eta sanferminen arteko amodioa? Jar ezazu zapi gorria lepoan, murgildu festetan, eta ezagutu gurekin binomio horren jatorria.

gente levantando los pañuelos en la plaza del Ayuntamiento en el chupinazo

Noiz etorri zen estreinako aldiz? Amodio literario baten mendeurrena

Ernest Hemingwayk 1923an bisitatu zuen lehen aldiz Iruña. Garai hartan, The Toronto Star Weeklyren korrespontsal gisa lan egiten zuen, Parisen, eta tauromakian zuen interes pertsonalak bultzatuta etorri zen (izan ere, udaberri horretan bertan Espainiara etorria zen beste zezenketa batzuk ikustera). Hirira iritsi, eta liluratuta geratu zen hemengo bizimoduarekin: giroaren bizitasuna, zezenekiko grina eta bat-bateko elkartzeak, hiriaren nortasunaren ikur. Hadley emaztearekin etorri zen Hemingway lehen bidaia horretan.

Urte bereko urrian, Toronto Star egunkariak idazleak sinatutako artikulu bat argitaratu zuen. Iruñeko zezen-plazan izandako lehen esperientzia kontatzen zuen. 1925ean Iruñean izandako bizipenetatik Fiesta (The Sun Also Rises) eleberria jaio zen, 1926an argitaratua. Bere lehen eleberria izan zen, eta mugarria izan zen bere ibilbidean. Geroago, tauromakiari, Iruñeari eta festari buruz idatziko zuen berriro Muerte en la tarde (1936) lanean. Espainian eta Frantzian ikusten zituen zezenketetan jasotako ezagutza teknikoak sartu zituen liburuan, gero eta gehiago.

Foto de Hemingway en la plaza de toros

Nola eraldatu zuen Hemingwayk festen irudia

Ernest Hemingway 1923an etorri izanak dena aldatu zuen. Eta bat-batean maitemindu zen hiriarekin eta festekin, hainbeste ezen bederatzi aldiz ere etorri baitzen Iruñera, lagun, erreportari eta bere emazteetakoren batekin batera. Zalantzarik gabe, bere idatziak eta, bereziki, Fiesta liburuan mamitu zuen bizitako esperientzia guztia giltzarri izan ziren sanferminek gaur egun duten nazioarteko ospea lor zezaten, baita zezenketekiko zuen grinaren berri emateko ere.

Liburua argitaratu izanak, eta 1950eko hamarkadan turismoa zabaltzen hasi izanak ere, sanferminak aldatzea eragin zuen. Izan ere, mundu osoko bisitariak etortzen hasi ziren Iruñera “Hemingwayren sanferminak” bizi nahian, hiria mito literario bihurtzeraino.  Arropa zuria eta zapi gorria orokortu egin ziren, eta jai-giroa, alde paganoa, hasi zen nagusitzen ekitaldi erlijiosoen gainetik. 
Hemingwayk, sanferminak kontatu ez ezik, mundu guztiarentzat berrasmatu zituen. Idazlearen historia hiriarekin sakonago ezagutu nahi baduzu, Miguel Izu idazle iruindarrak Hemingway en los Sanfermines liburua idatzi zuen, 2020an, Ediciones Eunate-n. 

 2023ko ekainean, estatubatuarraren lehen bisitaren mendeurrena zela eta, Iruñeko Udalak jarduera kulturalen programa bat antolatu zuen idazlea eta haren lotura festekin omentzeko.

peña sanferminera saliendo de la plaza de toros

Ernest Hemingwayren ibilbidea Iruñean: bere arrastoa non ikusi

1954an Literaturako Nobel saridunak utzitako aztarna Iruña osoan dago. Izan ere, Hemingwayk gehien ibilitako lekuak ezagutzeko hamabi puntu enblematiko dituen ibilbide bat dago. Bikaina asteburu batez gozatzeko eta esperientzia birbizitzeko. Ba al dakizu zein diren Hemingway ibilbidea ezagutu nahi baduzu galdu ezin dituzun hamabi puntuak? Hona hemen: 
1.    Bar Txoko
2.    Hotel Quintana
3.    Café Bar Torino
4.    Hotel La Perla
5.    Café Iruña
6.    Café Kutz
7.    Café Suizo
8.    Antzinako Restaurante Las Pocholas
9.    Hotel Yoldi
10.    Antzinako Casa Marceliano
11.    Eslava kaleko antzinako ostatua
12.    Zezen-plaza 
Jarraian, Hemingway ibilbidea lerro hauen bidez bizi ahal izateko funtsezko lekuetako batzuk zehaztuko dizkizugu.

plano de Pamplona con la ruta de Hemingway

Zezen-zirkuitua: kalezuloa eta idazleari eskainitako estatua

Zerbait maite bazuen Ernest Hemingwayk, tauromakia zen. Entzierroa gozatzen zuen Estafeta kaleko balkoietatik, eta zezenketetara zein zekorketetara joaten zen.

Literaturako Nobel saridunarentzat, Iruña bere zezen-santuarioa zen. Juanito Quintanaren —Quintana hotelaren jabea— lagun mina zen, eta hark zezen-munduko ateak ireki zizkion. Hemingwayk beti defendatu izan zuen tauromakia; bere ustez, arte-forma bat zen, Espainiako kulturaren sinbolo bat.  

Idazleak Niño de la Palmaren semea, Antonio Ordóñez, miresten zuen. Oso harreman hurbilak izan zituzten. El verano peligroso lanean, Antonio Ordoñezen eta Luis Miguel Dominguínen arteko lehia kontatu zuen. Tauromakiarekiko grina erakutsi zuen, beste behin. 

Iruñean dagoen Hemingway pasealekua zezen-plazaren ondoan dago, ezin bestela.

Kalezulotik jaitsi baino lehentxeago aurkituko dugu Iruñeko Udalak Hemingwayren oroimenez post mortem, 1968an, jarri zuen estatua.

estatua de Hemingway en el callejón

1986ko uztailaren 6an, sanferminei hasiera ematen dien txupinazoa bota ondoren, inauguratu zen estatua, Hemingwayren alargun Mary Welsh bertan zela. Inaugurazioan, La Pamplonesak Estatu Batuetako eta Espainiako ereserki nazionalak jo zituen. Ondoren, udaleko txistulari-bandak Agur Jaunak jo zuen. Ekitaldi hunkigarria, jakin-min handia piztu zuena. Estatuaren plakan, honako hau irakur daiteke (gazteleraz zein euskaraz): 

Ernest Hemingway. Literatura Nobel saria eta herri honen adiskidea, gure festak miretsi eta Iruña hiria deskribatu eta ezagutzera eman zuena. 1968ko sanferminak”

Hemingwayren hotel ikonikoak Iruñean

Hemingwayk orduak eta orduak ematen zituen Iruñeko zenbait hoteletan. Giroaz blaitzen zen, oharrak hartzen zituen bere artikuluetarako, toreatzaileekin eta festetako pertsonaia nagusiekin hitz egiten zuen. Hona hemen Hemingway sanferminetara etortzen zen bakoitzean bisitatzen zituen hiru hotelak: 

1.    La Perla:  Iruñera egin zuen lehen bidaian, Hemingwayk La Perla hotelean erreserbatu zuen logela. Ez zuen azkenean han ostatu hartu, ordea, oso garestia zelako. Ignacia Errok, hotelaren jabeak, aukera merkeago bat aurkitu zion. Eslava kaleko ostatu bat zen, eta Hadley emaztearekin ostatu hartu zuen.

Dirudienez, 1953an lortu zuen hotel horretan ostatu hartzea, bere emazte Mary Welshekin oraingoan. Dena den, urte horretan Lekunberriko Ayestarán hotelean ostatu hartu zuela kontatzen dute batzuek. 

2.    Yoldi: Hemingwayk Antonio Ordoñez ezagutzeko bisitatu zuen beste ostatu bat. Quintana hotela itxi zutenean, 1936an, toreatzaileen ostatu nagusia bilakatu zen berrogeita hamarreko hamarkadan. 

3.    Quintana: 1925. eta 1931. urteen artean, Hemingwayk eta bere lagunek Iruñeko Quintana hotelean (jada desagertuta) hartu zuten ostatu. Ernest Hemingwayren lagun min Juanito Quintanarena zen. Zezenketen zale amorratuak ziren biak, baita errepublikazaleak ere. Hain lagun minak ziren, ezen inspirazio hartu baitzuen Fiesta liburuan (Montoya jauna eta Hotel Montoya berrizendatu zituen eleberrian).

plaza del Castillo con el hotel La Perla al fondo

Ernest Hemingwayren kafetegiak eta tertuliak Iruñean

Ernest Hemingwayren ustez, sanferminez gozatzeko modu on bat zen Iruñeko jendearekin, zezenez, entzierroez eta festaz gozatzen zuten mutilekin, pasatzea.
Hemingway ibilbideak iparramerikarrak gehien ibiltzen zituen kafetegi eta tabernak barne hartzen ditu (haietako batzuek irekita jarraitzen duten gaur egun). 

  • Gazteluko plazako Café Iruña. Hemingwayrentzat, Café Iruña balkoi ezin hobea zen festez gozatzeko. Lehengo helbide berean (Gazteluko plaza, 44) dago gaur egun ere, eta, handik, erraldoiak eta peñak ikusten zituen joan-etorrian, eta solasaldi interesgarriak izaten zituen kafetegira joaten zirenekin. Fiesta nobela ezagunean, “kafetegia” edo “plazako kafetegia” gisa aipatzen da Café Iruña behin baino gehiagotan.
  • 1950eko hamarkadan, egungo Bar Txoko Bar Choco zen, eta idazleak izen horrekin ezagutu zuen. Hori bai, toki berean zegoen, Gazteluko plazaren eta Espoz y Mina kalearen arteko txokoan, eta orduak eta orduak ematen zituen hango terrazan.
  • Amerikarrak maiz ibiltzen zuen beste ostatu bat Café Bar Torino zen, egungo Torino Berria, La Perla hotelaren ondoan. Hemingwayri grazia egin omen zion tabernak izen italiarra izateak, eta, horregatik, beste izen italiar batekin bataiatu zuen: Bar Milano.​​​​​​​
Estatua de Hemingway en el café Iruña
  • Casa Marceliano, Iruñeko garai bateko taberna klasikoa. 1993an itxi zituen ateak, baina hiriko taberna tipiko horietako bat izan zen ordura arte: argi gutxi, egurra nonahi eta nafar ardoa. El verano peligroso eleberrian, Hemingwayk hauxe idatzi zuen Casa Marcelianori buruz: “Casa Marcelianon, mahaietako eta eskailerako zura yate baten tekazko kubierta bezain leunduta zegoen, baina, ohore handiz, ardoz zikinduta. Ardoa norberak 21 urte dituenean bezain ona zen, eta janaria, bikaina, ohi bezala”.
  • Las Pocholas antzinako jatetxea, Sarasate pasealekuan. Bederatzi ahizpa (Guerendiáin abizenekoak) ziren jabe, 1934tik itxi zuten arte, 2000an.
  • Café Kutz ere —Café Iruñaren ondoan, Gazteluko plazako 43 zenbakian— idazlearen toki kutuna izan zen.
  • Baita Café Suizo ere, plaza bereko 37 zenbakian, itxi zuten arte, 1952an.

Gazteluko plaza Hemingwayren topaleku nagusia zen. Kafetegi, hotel eta tertulien kokaleku, idazlearen eta hiriaren arteko hartu-emanen muina izan zen. Gazteluko plaza hiriaz eta festez gozatzeko gune nagusia izan zen, eta izaten jarraitzen du.

Bistan denez, Hemingway ibilbidea Iruñean inoiz baino biziago dago. Historia honen zati sentitu nahi?

chupinazo en la plaza del Castillo

Tag-en hodeia: