2023.03.29

5 ibilbide Nafarroako Donejakue bidea egiten hasteko

Inoiz Donejakue bidea egitea pentsatu baduzu, haren Frantziako bidea zenuen ziur aski buruan. Baina… badakizu ez dela Nafarroan barna Santiagorantz eramango zaituen bide bakarra? Bost abiapuntu ditugu esperientzia bikain hau hasteko.

Blog

 

Espiritualtasuna, abentura, promesaren bat betetzea, deskonektatzea, zure burua ezagutzea, mundua aurkitzea, milaka urteko ibilbide honen artea eta paisaiak topatzea… Oinez, bizikletaz, autoz, zaldiz.... Bakoitzak bere motibazioa du, baita bere denbora, baliabideak eta konpainia ere. Konbinazioa edozein dela ere, esperientzia zoragarria izango da.

Hona hemen 5 ibilbide Nafarroan Donejakue bidea ezagutzen hasteko. Desberdinak dira guztiak, ezin hobeak kilometro horiek egitera bultzatzen zaituen hori betetzeko. Horregatik, ibilbideetako bakoitza ezagutzeko eta zure abentura bizitzeko gehien erakartzen zaituena aukeratzeko gonbita egiten dizugu.

  

Frantziako bidea, historia eta legenda

Nafarroako zatia egitea Donejakue bidea miniaturan egitea bezala da. Hasieran, Pirinio berdeetako mendiak ikusiko dituzu. Ondoren, hiriburutik, Iruñetik, igaroko zara. Eta, azkenik, Erdialdeko muino leunak zeharkatuko dituzu, eta Gares, Lizarra eta Viana, besteak beste, ezagutu. Artea, paisaiak, gastronomia, kultura eta askotarikoa jendea. Haiei esker, bide osoaren lagin bikaina izango da esperientzia hau. Esperientzia horren eskutik, Errioxarantz, Burgoserantz… eta, azkenik, Santiagoraino aurrera egiteko erabakia hartuko duzu geroko batean.

Ibilbide hau hautatzen baduzu, Luzaidetik abiatuko zara. Pirinioen ipar-isurialdeko herri txiki hori Orreagako batailarekin lotuta dago. Izan ere, 778. urtean, baskoiek Karlomagnoren armada menderatu zuten, segada batean . Garaipena Errolanen kantuan (Chanson de Roland) jaso zen eta, horrela, beste izen bat hartu zuen herriak: Valle de Carlos.

Gero, toki mitiko batera iritsiko zara: Orreaga. Hango monumentu-multzoak zur eta lur utziko zaitu. Kolegiatak, adibidez, hunkitu egingo zaitu. Han dago Nafarroako Antso VII.a Azkarra erregearen mausoleoa. Pertsona askorentzat, Santiagorako ibilbidearen lehen etapa da. Andre Maria eliza gotiko ederrean, “Erromesaren meza” egiten da urteko egun guztietan. Haren amaieran, erromesak bedeinkatzen dira. Paulo Coelhok, bere lanetako batean, erritu eder hori deskribatu zuen. XI. mendeko testu bat errezitatzen da, non han periploa hasten dutenak bedeinkatu eta “peregrino” deitzen baitira.

Handik, Zubirira, paisaia ikusgarrien artean. Kondairaz betetako basoetan barna ibiliko zara, hala nola Sorginaritzagakoan (zinez izen iradokitzailea), Auritzera iritsi aurretik. Hurrengo helmuga Iruña izango da. Harresia zeharkatu beharko duzu hiriaren bihotzean sartzeko, Frantziako portaletik. Andre Maria katedrala aurkituko duzu, galtzada-harrizko kale dotoreetatik ibiliko zara eta pintxoak jan ahalko dituzu. Eta, hemendik aurrera, paisaia urratsez urrats aldatzen hasten da. Azkenik, Gareseraino iritsiko zara, bideak Aragoiko adarrarekin bat egiten duen tokiraino. 

Aragoiko bidea, apropos-aproposa (des)konektatzeko

Arlesetik (Frantzia) abiatzen den Tolosako bidetik dator. Somportetik sartzen da Iberiar penintsulan. Ibilbideak laborantzako paisaiak eta mahastiak zeharkatzen ditu. Bidean, Nafarroako erromanikoko artearen benetako harribitxi batzuk topatuko dituzu, hala nola Zangozako Andre Maria elizaren portada harrigarria eta Eunateko Andre Maria ermita enigmatikoa, zeinak oinplano oktogonala eta inguruan galeria arkupeduna (33 arku guztira) baititu. Tenplu berezi horretatik kilometro gutxira, Garesera iristen da. Han elkartzen dira bi bideak. Arga ibaiaren ertzean atseden hartu ahal izango duzu, zubi erromaniko ederra ikusten duzun bitartean.

Handik, abenturak Ziraukirantz jarraituko du. Erdi Aroko herri txiki bat da, eta bideari esker hazi zen. Bisitariek atsegin handia hartzen dute hauek guztiak ikustean: Lokiz mendiaren bista ikusgarriak, herria inguratzen zuen harresi zaharraren hondakinak, zubi erromatarra, antzinako galtzada erromatarra eta gotorleku-eliza.

Gero, Lizarrarantz joko dugu. Donejakue bideko “Erdi Aroko izarra” da, donejakueko giroak bor-bor egiten baitu. Izan ere, Donejakue bideak bidean sortzen zuen giro komertzialaren eskutik hazi da hiria. Horregatik, San Pedro auzoa, hirira sartzean lehena, artisauz, ostatuz eta monumentu zibil eta erlijiosoz bete zen. Hara iristen zarenean, seguru mila aitzakia topatuko dituzula uste baino luzeago gelditzeko eta haren gastronomia, kultura eta historia patxadaz dastatzeko.

Bideak Vianaraino jarraitzen du, Frantziako bideak Nafarroan zehartzen duen azken herriraino. Antso VII.a Azkarra erregeak sortu zuen, erresumaren defentsarako, Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko mugan baitzegoen. Gaur egun, herria babesten zuen harresiaren hondakinak ikusten dira, eta merezi du Jasokundeko Andre Maria gotorleku-eliza ikusgarria bisitatzea. Haren portada Nafarroako errenazimentuko harrizko obra garrantzitsuentzat jotzen da.

Baztango bidea, milaka urteko bidea

Bidea berriro egin nahi baina ibilbidea errepikatu gabe? Edo zati bat bakarrik egin nahi duzu? Orduan, egin Baztango bidea. Nahiz eta donejakueko ibilbide hau ez den Frantziako bidea bezain ezaguna, Nafarroako bidexka antzinakoenetako bat da. Baztan ibarrean barna doa, hots, Nafarroako Pirinio Atlantikoetako bailaretako paisaia idilikoenetako batean barna. Bide honen hasieran, Urdazubiko koba zoragarriak daude. Zoragarriak eta magikoak, bertan bizi baitziren lamiak, erdi emakumeak erdi arrainak ziren izaki mitologiko ederrak.

Donejakueko bide hori Pirinioak zeharkatzen dituzten bide guztietako altitude txikieneko mendatetik igarotzen da: Belateko mendatetik. Antzinako galtzada erromatarraren aztarnak ikus daiteke han.

Erdi Aroan, erromesaldien ohiko igarobidea izan zen, baina armadak, merkatariak eta errege-erreginak ere handik ibiltzen ziren muga zeharkatu nahian.

Baztango bideak toki enblematiko ugari zeharkatzen ditu, hala nola Amaiur. Hango gaztelutik, Nafarroak konkistari aurre egin zion. Elizondo ere zeharkatzen du, Dolores Redondoren eleberrien eskutik ospetsu egin den herria. Txokotoko zubia, zehazki, Baztango Trilogia intrigazko lanaren eszenatokia da, eta Bidasoa ibaiaren bi aldeetan dauden fatxada loredunak ikusi ahalko dituzu handik. Hona hemen beste proposamen bat: txokolatea eta gazta erosi hango saltokietan, bikainak indarberritzeko.

Paisaia berdeak dira nagusi bidean. Eta baserriak nonahi agertzen dira. Eguzkilorea dute atean, babesgarri. Ultzama ibaiaren bideari jarraitu, eta Arreko Trinitateraino iristen da, non Frantziako bidearekin bat egite

Sakanako bidea, ahaztutako bidea

Irurtzun eta Ziordia lotzen ditu, eta ezin hobea da Santiagora iristeko beste bide batzuk egin dituztenentzat. I. mendeko antzinako galtzada erromatar bati jarraitzen zion. Pirinioak gainditu, Iruñera iritsi, Sakana zeharkatu eta Gasteizerantz zihoan galtzada.

Nafarroako Antso Nagusia erregeak Frantziako bidea Santiagorako bide ofizial gisa ezarri zuenean, Sakanako bidea (Galtzadako bidea ere esaten zitzaion) bigarren mailako bide bihurtu eta erabiltzeari utzi zioten.

Ibar eder horretatik igarotzen den tarteaz gozatu ahal dugu berriro gaur egun. Ondo seinaleztatuta dago, eta beharrezko zerbitzu guztiak ditu gaua pasatzeko, jateko eta haraino joateko.

Bidearen jatorrira jo eta bere 45 kilometroak bi edo hiru etapatan egin nahi dituzu? Ibilbidea zure neurrira antola dezakezu. Sakanako herriak zuri harrera egiteko prest daude.

Ebroko bidea, bizikletaz ibiltzeko aproposa

Bizikletarekin kilometroak egitea gustatzen bazaizu, hau aukera ezin hobea da. Bide horretatik zeharkatzen zuten Nafarroa Mediterraneotik zetozenek. Ibai handi horren bideari jarraituz Frantziako bidearekin bat egiten zuten Logroñon. Cortes du abiapuntua Nafarroan, eta, Tutera zeharkatuta, Castejón herrira jotzen du.

Ez galdu Cortesko gaztelua eta Tuterako kultura- eta gastronomia-oparotasuna, zerbaitengatik deitzen baitiote barazkien hiriburua. Erdigune historikoa ere bisita dezakezu. Erdi Aroko garaietara eramango zaitu, hiru erlijio monoteista handietakoak elkarrekin bizi baitziren han. Giro historiko hori gaur egungo hiri-artearekin nahasten da. Izan ere, muralismo garaikidearen nazioarteko erakustaldi bat antolatzen du Tuterako Udalak.

Osorik edo zatika, oinez edo bizikletaz… gozatu Bideaz. Zure erara bizitzeko aukera ematen dizute 5 proposamen hauek. Hautatu horietako bat. Edo egin guztiak, zergatik ez? Nolanahi ere, Bide on, buen Camino!

Tag-en hodeia: