2022.08.09

150 bizikleta-ibilbide baino gehiago Nafarroako kanpinetatik abiatuta

Zikloturismoa aukera ezin hobea da eskualde bat esploratzeko. Kirola egiteko eta bidaiatzeko grina konbinatzen du, txoko guztietara iristeko aukera ematen du, eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua da. Nafarroak milaka kilometro ditu bizikletaz ibiltzeko

Blog

Nafarroak milaka kilometro ditu bizikletaz ibiltzeko. Bide berdeak, EuroVelo1 eta EuroVelo3 ibilbideak, BTT guneak... eta orain, gainera, Nafarroako kanpinetatik abiatzen diren 150 ibilbide baino gehiago.

Legarreko, mendiko edo errepideko bizikleta gustatzen bazaizu, hogei kanpin inguruk prestatu dituzte ibilbide ederrak zuretzat! Horietatik abiatuta, 3 modalitateetako ibilbideak egin ahalko dituzu, kanpin eta mota bakoitzeko 3! Eta zer da hoberena? Hauxe: guztiek dituzte bizikleta norberak konpontzeko estazioak, eta batzuek, gainera, tailerra eta norberak garbitzeko gunea, zure bizikleta prest jartzeko.

Zer iruditzen zaizu bi gurpilekiko pasioa naturaren erdian ostatu hartzearekin konbinatzea? Hona hemen oporretan gustukoen duzun kirolaz (eta naturako beste jarduera batzuez) gozatzeko eremuak.

​​​​​​​

Nafarroako Pirinioak eta mendialdea gurpil gainean

Nafarroako Pirinioak ingurumen-balio handia du. Pirinioetan aukera ezin hobea izanen duzue bat egiteko naturarekin eta bere erroei eusten jakin duen kultura batekin. Nafarroan, Pirinio osoko mendirik txikienak daude, eta, horregatik, bizikletaz ibiltzeko ezin hobeak dira. Izan ere, mendi horiek, irisgarriak eta idealak izateaz gain, oso erakargarriak dira zikloturistentzat.

Erronkak gustatzen bazaizkizu, eremu horretan 4 kanpin aurkituko dituzu, baita horiei dagozkien ibilbideak ere, mendiko aire freskoa arnas dezazun pedalei eragin bitartean. Hauek dira: Ariztigain (Sunbilla), Baztan (Erratzu), Osate (Otsagabia) eta Urrobi (Aurizberri).

Bideak aprobetxatu ibar idilikoak ezagutzeko, hala nola Baztan, baita Iratiko oihanetik hurbil dauden herri politak ere, eta Aurizberritik abiatuta zoaz Orreagara, Donejakue bidea Iberiar Penintsulan sartzeko atea baita.​​​​​​​​​​​​

Iruñerria, bizikletaz ere bai

Hegoalderago, Iruñera iritsiko gara, eta, agian kontrakoa uste arren, kanpina ere aukera ona da ostatu hartzeko, Nafarroako hiriburua bisitatzen baduzu. Bertan aukera asko dituzu: kultura-plan ugari, gourmet paradisu bat, eta bizikletaz ibiltzeko berdeguneak, lorategiak eta Arga ibaiaren parkea. Presarik gabe ibili gizateriaren ondare izendatutako harresien inguruko pasealekuetatik. Alde Zaharrean, gozatu harrizko kaleez eta fatxada koloretsuez. Erosketak egiteko, hango dendatxo politak dituzu, horietako batzuk ehun urtetik gorakoak. Eta, nola ez, usaimenak gida dezala bidea ostatuetako barretara, hor pintxo ederrak dastatzeko.

Iruñetik hurbil dagoen Ezcaba kanpinean ostatu hartzen baduzu, plan itzela duzu zikloturismoa eta hiriko turismoa konbinatzeko.

Sakana, Plazaola eta Basaburua, ausartenentzako ibilbideak

Lur horietan natura oparoa da, eta horregatik mendizaleak eta bizikletazaleak erakartzen dituzte. Bertan, Plazaola Bide Berdea ez ezik, EuroVelo1 ibilbidea ere aurkituko duzu. Ibilbide horrek Europa osoa zeharkatzen du eta Nafarroan sartzen da Bidasoko Bide Berdetik.  

Sakana eta Plazaola leku aproposak dira Nafarroa udako beroaldi batean bisitatuz gero. Izan ere, baso hostotsuak eta tenperatura leunak dituzte, Kantauri itsasoaren eraginagatik. Haritzen, pagadien eta iturburuen artean paseatu, kanpin hauetatik abiatuta: Aralar (Lekunberri), Etxarri (Etxarri Aranatz) eta Arbizu (Arbizu).

Eremu horretan bisitatu beharrekoak dira Mendukiloko leizea eta Aralarko San Migel santutegia, 1200 metrotik gorako altueran, begiratoki natural batean dagoen altxor erromanikoa, eta dastatu Idiazabal jatorri-deitura duen gazta tradizionala, ardi latxaren esnearekin egina.

Estellerria, zikloturistaren paradisua

Estellerriak kanpin eta bizikleta-ibilbide zoragarriak eskaintzen ditu. Zalantzarik gabe, zikloturista zorrotzenek ere badute non aukeratu: kalitatezko naturaguneak, ondare historikoz jositako paisaiak, eta ardoz eta gastronomiaz betetako lurrak. Eremuko kanpinak honako hauek dira:

•    Kodes mendilerrotik gertu, Acedo kanpinak zenbait ibilbide eskaintzen ditu.
•    Lokiz mendilerroaren oinean, Artaza kanpina dago.
•    Ega ibaiko hiriburuan, Lizarran, Lizarra kanpina dago.
•    Aritzaleku kanpina Allozko urtegian dago.
•    Iratxe kanpinak Montejurraren inguruko ibilbideak eskaintzen dizkizu.
•    Urbasa kanpinak Urbasa mendilerroaren inguruko ibilbideak eskaintzen ditu.

Bide horietan zehar, Nafarroako eremu horretan dauden altxorrak aurkituko dituzu: Urederraren iturburua (ur turkesako ibai ikusgarria), Lizarrako alde zaharra (Erdi Arokoa), antzinako monasterioak (Irantzu eta Iratxe, besteak beste), eta Allozko urtegia (kolore urdin biziko urtegia, non uretako hainbat jarduera egiten ahal diren).

Nafarroako Erdialdea eta Erribera; gozatu ondare naturalaz eta historikoaz pedalei eragin bitartean

Nafarroako eremu horretako ibilbideak ezin hobeak dira errepidetik harago begiratzeko eta historiaz beteriko inguruneetan barneratzeko. Ibili lasai, etengabe bizikletatik jaitsi nahi izanen duzulako. Mendien eta Erriberako lautaden artean, Erriberrin, ametsetako jauregi bat dago; haren dorreetara igoz gero, bista ikusgarriak izanen dituzu. Herria Nafarroako ardoaren hiriburua ere bada; beraz, aukera aprobetxatu bertako upategiak bisitatzeko eta nafar ardo onenetako bat dastatzeko.

Erdi Aroko hiribildu eder bat bisitatu nahi duzu? Orduan, Uxuera joan behar duzu. Aukera izanen duzu artzain-apur tradizionalak, garrapiñatuak eta mantekado bikainak dastatzeko.

Plan hauek erakargarriak badira zuretzat eta horietan sakondu nahi baduzu, hemen dituzu Erriberriko kanpinak eskaintzen dituen ibilbideak.
Hegoaldean, Errege Bardeara iritsiko zara, Europa hegoaldeko lurralde idorrenetako batera. Ingurune natural hau oso erakargarria da: ilargiko paisaiaren itxura du, geografikoki bitxia da, erdi-basamortua da eta ingurune ederra du. UNESCOk biosfera-erreserba izendatutako eta babestutako parke natural hau ezin hobea da pedalei eragiteko, izan eskarmentuduna zein hasiberria.

Alesbesko Bardeako kanpinetik hasten dira Nafarroako basamortuan sartzen diren bideak. Eta, Erriberan zaudenez, berrindartzeko gomendatzen dizkizugu barazki ospetsuak: pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak urdaiazpikoarekin... ez al duzu etortzeko gogorik?

>> Ikusi hemen Nafarroako kanpinetako ibilbide guztiak​​​​​​​

Tag-en hodeia: