2022.05.10
NAFARROAKO HIRIGUNE HISTORIKO POLITENETARAKO BISITA GIDATUAK
Liburuxka batekin edo app batekin aski dugula ematen du, baina ongi pentsatuz gero, bisitatzen dugun herriari buruzko lau zertzelada ezagutzea eta hanka-puntetan ibiltzea besterik ez dugu lortzen. Eta pentsa taldeko gidaria izatea egokitzen bazaizu: mapari bueltak ematen, aplikazioa ulertzen eta artaldea bideratzen denbora luzeagoa emanen duzu paseoaz gozatzen baino. Aholku bikain bat nahi baduzu, kontrata ezazu bisita gidatu bat; batez ere, bisitatuko duzun tokiak historia eta mamia baditu. Gidariak kontatutakoak ulertzen, ikasten, barre egiten, jakin-mina izaten eta benetan konektatzen lagunduko dizu. Gauza interesgarrienei buruzko informazioa jasoko duzu, ezertan pentsatu behar izan gabe. Lasai ibili… Baietz hurrengoan izena eman!
BlogIRUÑA
Hiriburutik hasiko gara. Iruñeko bisitetan, Pompaeloren jatorria erromatarra dela esanen dizute, Erdi Aroko hiru burguen historia kontatuko dizute, ezagutuko duzu Kultura Intereseko Ondasuna izendatutako harresien zati bat, alde zahar ederreko bitxikeriak, pintxorik onenak non jan, eta, nola ez, nazioartean ezagun diren San Fermin jaiei aipamen berezia eginen zaie. Eta gaikako bisitak interesatzen bazaizkizu, horiek ere topatuko dituzu: Donejakue Bideari buruzkoak, txikientzako bisitak, gastronomikoak…
ERRIBERRI
Erriberri bisitatzen baduzu, ziur aski zure lehen helmuga jauregi gotiko liraina izanen da, han-hemenka dorre ederrez zipriztindua, eta makina bat argazki aterako dituzu. Gazteluko bisita gidatuek –txikienentzat ere eskaintzen dira- batzuetan harrizko kalez eta etxetzar noblez osatutako herri honetan barnako ibilaldi bat ere barne hartzen dute, edo jarduera amaitzean ardo goxoa dastatzeko aukera; izan ere, ez dezagun ahaztu hau dela Nafarroako mahastizaintza eta ardogintzako gune nagusia.
LIZARRA
Donejakue bidearen erdian, Donejakueren kutsuko hiri interesgarri hau dago. Txikia da, 14.000 biztanle bakarrik ditu, baina alde zaharrean KIO izendatutako Erdi Aroko altxor batzuk ditu. Nafarroako errege-erreginen jauregi erromanikoa, Erdi Aroko Ruako San Pedro eliza eta bere zutabe kiribildu berezia, San Migelen portale ederra, kartzelako zubia… Zerrenda luzea aipa genezake, baina hobe kontatzen badizute.
ORREAGA
Eta historia aberatsa duen tokiren bat bada, Pirinioetako bazter mitiko hau da, apenas hogei bat biztanlekoa, Donejakue bidea penintsulan sartzen deneko herria. 778. urtean Karlomagnok Orreagako guduan izandako porrota gogoraraziko dizute, baita gotiko frantziar puruko eliza ederraren eraikuntza, Erdi Aroko eraikinen eta kolegiataren katramilak… ere. Zoaz beste garai batera, Nafarroako ezinbesteko leku hau hobekien ezagutzen duten pertsonek kontatuko dizuten guztia entzunez.
Orreagako bisita gidatuak
TUTERA
Nafarroako Erriberan, Nafarroako hiri garrantzitsuenetako bigarrena dugu zain, lur honetako barazki ospetsuen erresuma. Tuteran, kristauak, arabiarrak eta juduak elkarrekin bizi izan dira, eta mugimendu horien emaitza gisa, alde zaharrean historia zabala eta monumentu interesgarri ugari biltzen dira. Bertan, jauregi barrokoak, Erdi Aroko elizak eta katedral eder bat aurkituko ditugu; azken horrek erromanikoko bi harribitxi ditu, Judizioaren Atea eta klaustroa, baita galdu ezin duzun kapera barroko bat ere.