2024.10.24
Zer ikusi Nafarroan 3 egunean abenduko zubi honetan
Txundi zaitzatela, bapo jatea eta pilak kargatzen dituzten parajeak ezagutzea gustatzen bazaizu, post hau interesatzen zaizu.
BlogHona hemen ibilbide ezin hobea bisita ahalik eta gehien aprobetxa dezazun: baso ikusgarriak, arroila dotoreak, denbora izoztu dela diruditen herri xarmangarriak eta aho bete hortz utziko zaituzten begiratokiak.
Hori bai, goiz iluntzen duenez, goizean goiz jaiki beharko duzu, eguneko minutu bakoitza ahalik eta gehien goza dezazun. Merezi du, benetan!

1 eguna: Iratiko oihana, Aezkoa eta Orreaga
IRATIKO OIHANA: BASOETAKO ERREGINA
Hasi lehen eguna Iratiko oihan magikoan, Nafarroako udazkenaren ezinbesteko bat baita. Europako pagadi-izeidi handienetako bat da, hobekien kontserbatuenetako bat. Oraingo honetan, Aezkoatik sartzea proposatzen dizugu, Orbaizetatik, hain zuzen ere. Irabiako urtegiko presaren ondoko aparkalekura iritsiko zara handik. Hango edozein bidexka egin ahal izango duzu, zein baino zein politagoa:
- Paradisuak-Erlan
- Beuntza Plazako bidea
- Irabiako uharkari itzulia bidexkaren zati bat
Kontsultatu hemen Iratiko oihanari eta inguruari buruzko informazio gehiago.

AEZKOA: DENBORA ETEN DEN TOKIA
Mendi eta amildegien artean, 9 herri zinez xarmangarri ditu ibarrak, harrizko zubiak, garai bitxiak eta teilatu gorriko etxeak gorde dituztenak. Ezin galduzkoak:
- Orbaizetako arma-fabrika historikoaren aurriak
- aurrietatik oso hurbil, Azpegiko multzo megalitikoa edo Arpea kobazulo dotorea.
- egizu patxadan Garaien bidea, eta utzi landa-lasaitasunak harrapa zaitzan.
- bisitatu Hilarrien museo, lorategi eta labirintoa, ibarreko herririk garaienean (Abaurregaina)
- eta oraindik ez baduzu argazkirik egin gure Lehoi erregearen harri bitxian, Zamariaingo behatokia duzu kokaleku ezin hobea. Hori bai, ibil zaitez kontu handiz!
Ibarrean barnako proposamen gehiago ezagutu nahi baduzu, kontsultatu webgune ofiziala. Eta ez ahaztu bertako jatetxeak bisitatu eta gastronomia dastatzea.

ORREAGA: KULTURA ETA PAISAIA, UZTARTURIK
Buka ezazu eguna Orreagako kolegiata harmoniatsuan. Multzo arkitektonikoak eta inguruneak ezin hobe bat egiten dute. Bataila ospetsuen agertoki, Donejakue Bidearen leku garrantzitsua da. Kolegiata osatzen duten monumentuak bisita ditzakezu: eliza gotikoa, klaustroa eta kapitulu-gela, Antso Azkarraren mausoleoa hartzen duena, Santiago kapera, Karlomagnoren siloa eta museoa, balio historiko handiko urregintza-piezak gordetzen dituena.
Ostatura bueltan, baietz gelditu Auritzen. Ibil zaitez noraezean kale-herri polit horretan, bere kaleetan barrena dabiltzan ur-kanal txikien ondotik.
- Kontsultatu esteka hau Nafarroako Pirinioetako mugarri turistikoei buruzko informazio gehiago jaso nahi baduzu.

2 eguna: Plazaolako bide berdea, Aralarko San Migel santutegia eta Mendukiloko kobazuloa
PLAZAOLAKO BIDE BERDEA: KIROLA LARRE, UR-JAUZI ETA BASOEN ARTEAN
Natura eta abentura pixka bat izango dira bigarren egunaren osagaiak. Lekunberritik abiatuta, ekin Plazaolako Bide Berdea egiteari. Trenbide estuko tren bat zebilen handik antzina. 51 kilometro ditu guztira Nafarroako zatian. Bideak Leitza eta Iruña lotzen ditu, eta ezin hobea da oinez ibiltzeko edo mendiko edo gravel bizikletan egiteko. Bizikleta aukeratuz gero, Latasako geltoki ederreraino joan zaitezke (10 kilometrora). Taberna, jatetxea eta terraza atsegina dituzu gozagarri han.
Ibilbidean, ez galdu Ixkierreko ur-jauzi ikusgarria edo Beltzuntzeko harrizko zubia. Bide berdea oinez egin nahiago baduzu, azter ezazu Hiruzubideko bidexka. Bide berdea ardatz, larreak, pagadiak, hariztiak eta ehun urtetik gorako gaztainadiak zeharkatzen ditu. Natura-txutea, inoiz ahaztuko ez duzuna.

ARALARKO SAN MIGEL: ARALAR MENDIAN EZKUTUTAKO ALTXORRA
Ondoren, Aralarko San Migel santutegia izan dezakezu helmuga, 1.200 metrotik gora dagoen altxor erromanikoa. Pelegrinazio-leku ikusgarria da, ikuspegi zoragarriak eskaintzen dituena. Bisita kulturalaz gain, han bertan jan dezakezu. Taberna eta jatetxea dituzu eskura.
Baina ez da aukera bakarra inguruan primeran jateko: Baraibarren ostatua eta Galarza III erretegia dituzu aukeran, eta Lekunberrin, irteeran, Kotxera Amairu 13, bide berdearen hasieran. Eta ongi hauta dezazun, azter itzazu aukera hauek guztiak.

MENDUKILOKO KOBAZULOA: BIDAIA LURRAREN SAKONERA
Arratsaldean, Mendukiloko kobazuloa, Astitzen, plan ezin hobea izango da Aralarko lurrazpiko mundu liluragarria esploratzeko, gida baten eskutik. Espeleoabentura-programa bat ere egin daiteke, baina aldez aurretik erreserbatu beharko duzu. Jakin ezazu, dena den, jarduera gogor samarra dela fisikoki.
- Kontsultatu hemen inguruari buruzko informazio gehiago.

3 eguna: Irunberriko eta Arbaiungo arroilak, Leireko monasterioa eta Erronkaribar
IRUNBERRIKO ETA ARBAIUNGO ARROILAK: HARRAPARIEN BIZILEKUA
Hirugarren egunerako, presta zaitez Nafarroan gehien harritu ohi duten paisaietako batzuk ezagutzeko. Izan ere, turista askok ez dute inoiz haien berri izan. Irunberriko eta Arbaiungo arroilak dira, zinez ikusgarriak, sai arreen bizileku.
Irunberriko arroilatik hasiko gara. Irati ibaiak zizelkatu du zintzurra, eta Iratiko Bide Berdea zeharkatzen du. Oso ibilaldi erraza da. Gure wikiloceko ibilbidea Irunberritik Ledeara doa (6,4 kilometroko joaneko bidea), baina gure aholkua da arroilako aparkalekuan aparkatu eta Deabruaren zubiraino baino ez joatea. Izan ere, zatirik politena da, 3 kilometro guztira joan eta etorri. Horrela, eguna aprobetxatu, eta paraje ikusgarri gehiago ikusi ahal izango duzu.

Handik 20 bat minutura, autoz, Isuko begiratokira iritsiko zarete. Tokirik onena da Arbaiungo arroila ikusteko. Pareta bertikaletako arroila ikusgarria da, arnasarik gabe utziko zaituena hegazti harrapariak hegan egiten dutelarik gainetik.
- Kontsultatu hemen arroilei buruzko informazio gehiago

Handik, hona hemen 2 aukera:
1 AUKERA: BISITA LEIREKO MONASTERIORA KULTURAZALEENTZAT
Leku pribilegiatu batean kokatua, Leireko mendilerroaren magalean eta Esako urtegia ("Pirinioetako itsasoa" deitzen diote) begi-bistan duela, penintsulako ale erromaniko garrantzitsuenetako bat da monasterio-multzo hori bere ondarea eta garrantzi historikoa direla eta. Antso III.a Nagusia Nafarroako erregeak “nire Erresumaren erdigunea eta bihotza” deitu zion. Ez da gutxiagorako, historiaz eta espiritualitatez beteta baitago. Ikus itzazu abadia-eliza, Porta Speciosa eta kripta originala.
Han zaudela, baliteke zerbait jateko ordua izatea. Hango taberna-jatetxea, estreinatu berria, aukera bikaina da. Leihate handiak ditu, ezin hobeak jan bitartean ikuspegiez gozatzen jarraitzeko.
Eta, gogorik geratzen bazaizu, paseo labur bat (kilometro bat baino ez) egin dezakezu handik San Virilaren iturriraino.

2 AUKERA: ERRONKARIBAR: NATURAZ ETA HERRI POLITEZ ASEEZINENTZAT.
Natura bizi-bizia eta herrixka xarmangarriak bilatzen badituzu, liluratu egingo zaitu Pirinioetako bailara honek. Hasi abentura Juan Pito Benta ospetsutik, leku ezin hobea baita indarrak berritzeko eta bista ikusgarriez gozatzeko. Imajinatzen al duzu U formako ibar glaziar hori goitik ikustea? Ikusgarria!
Ondoren, murgildu zaitez Mata de Hayako basoan barna. Bazter magiko bat da, eta argazkitzarrak egin ahalko dituzu han.
Eta eguna amaitzeko, bisitatu Izaba eta Erronkari herri xarmangarriak. Paseatu hango kale harriztatuetan barrena, arnastu aire garbia eta, jakina, dastatu Erronkari gazta ospetsua! Oraindik egun-argia badago eta indarrik baduzu, ez galdu Burgi, almadien herria.
- Informazio zehatzagorako, kontsultatu hemen Erronkaribarko webgune ofiziala.

ETA IRUÑA?
Iruñan hartu baduzu ostatu eta gehiagorako gogoa baduzu oraindik, ibili bertako lorategietan eta harresietan barrena, edo bisita ezazu katedrala.
Eta ez ahaztu alde zaharra pintxoak maite dituztenentzako paradisua dela. Imajinatu noraezean zabiltzala koloretako etxeen artean, Gabonetako argiek dir-dir egiten dutelarik, miniaturazko mokadu gozo-gozoak dastatzen dituzun bitartean. Pintxo klasikoak (txistorra, ganba edo arrautza, adibidez) nahiago badituzu zein miniaturazko sukaldaritza aukeratzen baduzu ere, listua jariatzen hasiko zara barrari begiratze hutsarekin.

Konklusioa: Nafarroa, lurralde bat zu itzultzearen zain
Hiru eguneko ibilbide hau Nafarroak zuri eskaintzeko duenaren erakusgarri txiki bat baino ez da. Paisaien aniztasuna, historia oparoa eta gastronomia gozoa... beti geldituko zara gehiagoren gogoz gurera etortzen zaren bakoitzean.
Abenturak naturan, bidaia kulturala edo, besterik gabe, plan gastronomiko ona, edozer bilatzen duzula ere, Nafarroak badu zerbait zuretzat.
Ez izan zalantzarik eta kontsultatu gure ezinbestekoak biltzen dituen orria, enpresek antolatutako gure planak, agenda eta askoz informazio zehatzagoa biltzen duten 8 ibilbideak, Nafarroarako zure eskapada biribil-biribila izan dadin.
