2024.03.18

Zatoz Itzulia ikustera, eta ezagutu Nafarroako iparraldea

Heldu den apirilaren 3an, txirrindulariek desafio epikoa izango dute: 190,9 kilometro eta 6 igoera, Nafarroako ibar ikusgarrietan barrena. Xareta, Baztan, Bidasoa, Malerreka, Leitzaran eta Sakana.

Blog

Presta zaitez Itzuliaren zirrara bizitzeko, Nafarroako iparraldeko 6 ibar, zinez liluragarriak, zeharkatuko baititu!
 

Apirilaren 3an, asteazkenarekin, 3. etapa jokatuko da. Ezpeletan hasi (Frantzia) eta Altsasun (Nafarroa) amaituko da. Txirrindulariek sekulako erronka bati egin beharko diote aurre. Nafarroako toki enblematikoenetako batzuetan barrena ibiliko dira, sei ibar zeharkatuta: Xareta, Baztan, Bidasoa, Malerreka, Leitzaran eta Sakana.

Apirilaren 4an, ostegunarekin, 4. etapa jokatuko da. Ibilbide goxoagoa izango du. Etxarri-Aranatzetik  atera, eta berehala alde egingo du Nafarroatik eta Araban sartu.

Bizikleta-lasterketen emozioa bertatik bestara bizitzea gustatzen bazaizu eta ingurua ezagutzeko aprobetxatu nahi baduzu, jarraitu irakurtzen, eta apirilaren 3an pelotoiak zeharkatuko dituen tokirik aipagarrienetako batzuen berri izango duzu. Gogoan izan, eta antolatu Nafarroarako bisita.

Zure zain gaude!

1. XARETA

Hilaren 3an, Ezpeletatik (Frantzia) abiatuko da etapa. Laster, Xareta lurraldera iritsiko da. Pirinio ikusgarrien bihotzean dago “zelai zuhaiztua” esan nahi duen paraje hori.. Mugaren bi aldeetan dauden lau udalerrik osatzen dute: Zugarramurdi eta Urdazubi, Nafarroan, eta Sara eta Ainhoa, Frantzian. Paisaia horretako mendi, zelai, erreka xarmagarri eta baso trinkoek mugak lausotzen dituzte.

Hona hemen ezinbesteko bisitak:

Eta mendi-ibiliak maite dituztenentzat, hemen duzue Xaretako lau herriak lotzen dituen ibilbide zoragarri bat:  Pottoka Urdinaren xenda. Zalantzarik gabe, atal ezagunena Sara , Urdazubi eta Zugarramurdiko haitzuloak lotzen dituena da.

2. BAZTAN

Tropelak Baztan ibarrean barna jarraituko du, muino leunak eta zelai beti berdeak inguruan dituela. Handik, Donejakue bideko adar bat igarotzen da. Jauregi dotorez eta etxetzarrez beteriko herri ederrak, xarmangarriak, ezagutuko dituzu. Harri arrosa dute bereizgarri nagusi, Almandozko harrobietatik erauzia. Baserriak ere ikusiko dituzu, larretan sakabanatuta, non azienda patxada ederrean bazkatzen baita.

Honatx Baztan ibarrak eskaintzen dituen ezinbesteko bisitak:

  • Xorroxingo ur-jauziaren bidexka, Erratzun hasten dena.
  • Arizkun herria hurbil dago. Bozate auzoa dago han, hots, agoteak bizi ziren auzoa. Bazterkeria jasan zuten mendetan. Santxotena Museoa ere topatuko duzu han. Museo-parke bat da, atari zabalean, euskal mitologiaren, haranaren edo agoteen gaineko zurezko eskultura handiak biltzen dituena.
  • Amaiur, erresumako historian garrantzi handia izaniko herri txikia; izan ere, hango gaztelua izan zen Nafarroako erresistentziaren azken gotorlekua Gaztelako erresumaren konkistaren aurka. Gaur aurriak baino ez dira geratzen, eta Gaztelako tropen aurka gotorlekua defendatu zuten ausarten omenezko monolitoa. Gazteluaren historia osoa eta induskatutako material arkeologikoak Amaiurko Museo Arkeologikoan daude ikusgai. Anima zaitez, halaber, herriko errota ikusi eta zeure taloa prestatzera. Txistorraz, gaztaz edo txokolatez bete ahalko duzu.
  • ​​​​​​​
  • Elizondo, bailarako hiriburua, ezin hobea da patxadan paseatzeko eta bere arkitektura miresteko, "Baztango Trilogia"ren eszenatokia den Txokotoko zubitik igarotzeko eta plazan zerbait hartu edo bere tabernetan goxo jateko. Ez alde egin txokolateak edo txantxigorriko opilak probatu gabe, beste planeta bateko gozokia baitira.
  • Herri hauek ere bisita merezi dute: Irurita eta Jauregizuria eta Ziga, Baztango begiratokia eta eliza ikusgarria dituena.

Kontsultatu hemen Baztani buruzko informazio guztia

3. BIDASOKO ARROA ETA MALERREKA

Etapa horretako ibilbideak Bidasoko arroa eta Malerreka zeharkatuko ditu. Web-orri honetan informazio guztia aurkituko duzu, baina laburpen txiki bat egingo dizugu:

  • Bertizko Jaurerriko Parke Naturala. Mendi-ibiliak egin ahal izango dituzu baso atlantiko ikusgarrietan barna, eta, gainera, historia handiko lorategi botaniko bat bisitatu; ukitu modernista du, eta espezie botaniko berezi-bereziak ere.
  • EuroVelo 1 ibilbidea eta Bidasoaren Bide Berdea, zikloturismoa maite dutenentzat.
  • Leurtzako urtegiak paraje zoragarria, bikaina paseatzeko eta deskonektatzeko, pagadien eta mendiko lakuen artean .
  • Elgorriagako bainuetxea, Europako iturburu gazienetako baten urak dituena. Inon ez bezala mimatuko zaituzte han eskaintza termal zabal-zabal baten eskutik. Itsaso Hilean baino gehiago flotatuko duzu!
  • Ituren eta Zubieta herri ederrak, baserri ikusgarriz osatuak. Beren landa-inauteriek ematen diete ospea, joaldunak eta haien joareak protagonista nagusi direla.

Eta abentura gustuko baduzu, aukera ugari eskaintzen dizu inguruak.

  • Baztan Abentura Park, agertoki ia basati batean kokatua: pendulu erraldoia, arroila-jaitsierako bideak, via ferratak...
  • Bertiz Abentura Park: zuhaitzen gaineko bideak eta paintballa.
  • Irrisarri Land Abentura Parkea, jarduera ugari dituen resort bat:  tirolina amaigabeak, bike park-a, via ferratak, ibilaldiak zubi esekiarekin, museoak, hipika... eta jateko eta lo egiteko hainbat aukera, hala nola basoko luxuzko txabolak zein taldeentzako aterpetxeak.

4. LEITZARAN

Ondoren, etapak Usategietako mendatetik jarraitu eta Leitzaraneraino iristen da. ona hemen aipagarrienak:​​​​​​​​​​​​​​

  • Leitza, euskal herri-kirolaren sorlekua. Iñaki Perurena  harri-jasotzaile ezagunaren Peru-Harri Museoa bisita dezakezu han. Museo zinez berezia da. Perurenaren  baserriaren ondoan dago, paraje paregabe batean, eta harrizko eskultura erraldoiak ditu.
  • Plazaolaren Bide Berdea, garai batean Donostia eta Iruña lotzen zituen trenbide estuko trena. Gaur egun, Andoaindik (Gipuzkoa) Saratsaraino (Nafarroa) egin daiteke, baina laster Iruñeraino iritsi ahal izango da.
  • Leitzalarreako basoa, paradisu berde-berde bat: errekastoak, larre zabal-zabalak, pagadi ikusgarriak eta Izaietako izeidia, natura-monumentu gisa babestua.

Kontsultatu hemen Aralar-Plazaola eremuan ikusi eta egin dezakezun guztia

5. ARALAR MENDIA ETA SAKANA

Hirugarren jardunaldiaren azken zatia Etxarri-Aranatz  eta Altsasuraino iritsiko da, Sakanaren bihotzean. Korridore zabala da Sakana, garrantzi natural, kultural eta etnografiko handiko bi paraje naturalen artean:

  • Alde batetik, Aralar mendia, mendigune karstikoa, haran itsuen, koben, belardien eta pagadi amaigabeen paisaia osatzen duena.
    • Zatoz Aralarko San Migel santutegi erromanikora. 1.200 metroko baino gehiagoko altueran dago, eta begiratoki aparta da: Sakana, Andiako  malkarrak eta Beriain mendi mitikoa.
    • Eta Aralarko erraiak ezagutu nahi badituzu, Mendukiloko leizea bisitatu behar duzu, 40 metroko sakoneran ezkutatutako altxorra.
  • Bestalde, Urbasa-Andia  Parke Naturala, 1.000 metroko altueran dagoen mendigune karstiko handia. Konbinazio bikaina egiten dute hango pagadi hostotsuek eta larre zabal-zabalek, non Idiazabal J-D.ko gazta ematen duten latxa-arrazako ardiak bazkatzen baitira patxada ederrean. Aukera hauek dituzu inguruan:
    • Mendiak igo ditzakezu, hango ermitak xede: Santa Marina, San Adrian edo San Donato.
    • Portupekolezeko arkua bisita dezakezu.
    • Mendizaleen ibilbidea egin dezakezu (Pagadi sorgindua ere esaten zaio).
    • Hegoalderago, Ubabako begiratokia (Pilatosen balkoia ere esaten zaio). Haren azpian, Urederra ibaiaren iturburua sortzen da, bizitzan behin bederen bisitatu beharrekoa.

Web-orri hau kontsulta dezakezu Aralar, Sakana eta Plazaola inguruko informazio turistiko gehiagorako.

Anima zaitez, eta zatoz lasterketa gure ibar ipartarrenetakoren batean barna igarotzen ikustera. Esplora itzazu historiaz, tradizioz eta edertasun paregabez beteriko paraje hauek.       

Tag-en hodeia: