2025.11.26
Pintxoz pintxo Iruñean
Batzuetan, plater txikiek baino ez dituzte zapore handienak hartzen Nafarroara etorri eta pintxoak probatu ez? Bai zera! Etorri gurera, eta goza ezazu plater txikian gure sormenaz eta zapore bikainez. Klasikoenetatik berritzaileenetara, lurrarekiko atxikimenduaz eta gourmet kalitateaz mintzo dira guztiak. Eta, bidean, antzemango duzu hemen, lurrak agintzen duen honetan, pintxotara joatea jatea baino gehiago dela: tradizioa da, baina txundidura eta abangoardismoa ere. Taberna orok bere sekretua du, pintxo bakoitzak bere historia du eta geldialdi bakoitza topa egiteko, barre egiteko eta jarraitzeko aitzakia da.
BlogArratsalderen batean Iruñako alde zeharreko kaleetan barrena ibilia bazara, jakingo duzu ezinezkoa dela ostatuei darien usain gozoaren tentaldian ez erortzea. Eta are gutxiago beren barrek erakusten duten sormenaren tentaldian, tamaina txikiko fintasunez beteta baitaude. Hemen, pintxoak ez dira aukeratzen, barratik limurtzen zaituzte. Gure barrek oraina eta historia nahasten dituzte, teknika modernoa eta beti-betiko produktua.
Goazen pintxotara! Izan ere, koadrilen erritu ohikoena da, plan onena. Abiapuntua “Zeozer hartuko dugu?” da. Eta, handik aurrera, partekatzea, deskubritzea eta protokolorik gabe disfrutatzea.
Iruñeko alde zaharrean murgilduko gara. Jai-giroa nabari da. Protagonistak? Nafarroako produktu tipikoak. Gure sustraiak ohoratzen dituzte, baina etengabe berrasmatzen dira. Orduan konturatzen gara Nafarroako pintxo bat ez dela beste edozein tokitako tapa bat: sormen-lan artistikoa da, keinua iraganari, gurea zaintzeko modu bat. Egin berriko tenpura kurruskari bat, ardura handiz urtutako gazta baten usain gozoa, saltsa baten ukitu ausarta, erabat txunditu zaituena... mokadu bakoitza benetako zaporeen eztanda bat da.
Fitero tabernara joango gara. Izen bereko ganba dastatuko dugu han. Hurbil-hurbil, Estafeta kalean, Txirrintxa, Zanpa eta Bodegón Sarría ditugu. Azken horrek ‘Capricho de Escombro’ eskaintzen du, hesteki iberikoen txirbilekin egina. Ogi-xerra bat jaki zoragarri-zoragarrien oinarria izan daitekeela ere deskubrituko dugu: Nafarroako txistor tipikoa, ajoarriero onena edo Tuterako orburua, besteak beste. Artifiziorik gabeko produktuak, zehaztasun handi-handiz landuak.
Gilda ospetsuak, tortilla beteak (urdaiazpikoa eta gazta, espinaka, aliolia, kalabazina...) edo kazolatxo famatuak (arkumea txilindron erara, basurde-azpizuna zizahori, chip eta basaran-kimuekin, edo barazki salteatuak urdaiazpiko eta arrautzarekin) ibilbide honetako pintxo klasikoetako batzuk dira. Omenaldi betea gure gastronomiari, ardo nafar onenekin uztartuta, noski.
Handik, Gazteluko plaza zeharkatu eta San Nikolas kalera joko dugu. La Mandarra de la Ramos aukeratuko dugu (olagarroa galiziar erara patata gainean edo bieira barazkiekin eta gazta gainerrearekin).
Tradizioko mokadu bat: Nafarroako frijituen magia
Frijituak ezinbesteko aukera dira pintxotara joaten garenean. Haragienak, barazkienak, onddoenak, arrainenak... Arrautza gogortuarekin edo gabe. Irinetik pasa eta kurruskari-kurruskari geratzen diren horietakoak edo leun-leun gertatzen direnak. Inoiz aldatzen ez dena bexamel gozo-gozoa da. Urdaiazpiko eta gaztaren frijitu ohikoak edo beti beren lekua duten kroketak (urdaiazpikoa, haragi egosia, bakailaoa...) ez ezik, beste hamaika proposamen eskaintzen ditu nafar gastronomiak, zinez originalak guztiak.
Frijitu fetitxeetako bat onddoarena da, gure basoetatik zuzenean iritsia, aho bete hortz utziko zaituena. Edota Idiazabal gaztarena. Guztiz artisau-moduan egiten da jatorri-deitura propioa duen produktu hori.
Mota guztietako kroketak maite badituzu, idatzi hitzordu hau: Kroketaren Astea, ia ehun bat proposamen hartzen dituena.
Comedias kalean, Café Roch izango dugu jomuga. 1898an sortua, frijituen erreferentziako gunea da. Atetik sartu, eta denbora gelditu egin dela dirudi. Egur zaharra, kroketa egin berrien usain gozoa... babesleku epela, belaunaldiak eta belaunaldiak igarotzen ikusita ere bere esentzia galdu ez duena, bazter orok istorio bat kontatzen duelarik. Piperra, roqueforta, muskuilua, antxoa, boletus..., betidaniko urdaiazpiko eta gaztarena bazter utzi gabe, ezinbestean probatu beharreko frijituak dira.
Baina frijitu bat famatua bada Iruñean, arrautzarena da, hamaika modutan prestatua. Lehenengoa Río tabernan hartuko dugu, San Nikolas kalean. Erritu berezi baten zati izango gara: beste ale bat bere markagailu ospetsurako. 2015etik aurrera saldutako arrautza-frijitu guztiak zenbatzen ditu, 2 milioi ere jadanik! Errezeta? Arrautza gogortua (zati bat) bexamelean bildu, arrautzaztatu eta frijitu. Plazer hutsa. Temple tabernako arrautza gogortuak, ordea, Curia kalean, emmental eta urdaiazpiko serranoa ditu osagarri. ‘Moscovita’ esaten zaio frijitu mitiko horri. Handik, Bavieraren proposamenaz gozatuko dugu, Gazteluko plazan, non ur irakitan egiten baitute arrautza, eta boilur ukitua duen bexamel batean bildu. Gero, Museo tabernara joan gaitezke, San Gregorio kalean, Río tabernarenaren antzekoa, fantasia hutsa.
Zapore handiko nafar gastronomia miniaturan
Pintxoaren kultura hori, baita nafar ostatu eta jatetxeen lan ona ere, ohoratzeko, Pintxoaren Astea ospatzen dugu, lehiaketa gastronomiko batetik harago doana. Nafarroako sormenaren, zaporearen eta produktu tipikoen goraipamena da.
Egun horietan zehar, miniaturako goi-sukaldaritzako laborategi bihurtzen dira ostatuak. Mokadu bakoitzak istorio bat du atzean, talentua sukaldeetan finkatzen delarik. Oda bat ongi jateari... eta ongi bizitzeari ere!
Hona hemen gastronomia-lehiaketa hori noiz edo noiz irabazi duten proposamen batzuk: Iruñean barna ibili bitartean, Gaucho mitikora joko dugu. Ostatu enblematiko eta bisitatuenetako bat da, toki estrategikoan kokatua: Gazteluko plazaren eta Estafeta kalearen artean. Bere sekretua? Tradizioaren eta originaltasunaren arteko konbinazio bikaina: foie-brotxetak, muskuiluak, txistor-kroketak eta arrautza boilurduna, ospetsu-ospetsua.
San Nikolas kalean, ezin galduko bi taberna daude: Baserriberri, berritzaileenen artean berritzaileena, beti leial nafar zaporeei. 2025eko pintxo irabazlea probatuko dugu: ‘Eguzkilore Lu’um’, omenaldia nafar lore horri (ahate-haragi xehe-xehea, mole mexikarra eta foiea). ‘BOOmVeja’ ere aipatzekoa da, ardi-esnezko ogia, laktonesa boilurduna eta arkumea thai erara. Desafio hutsa zentzumenetarako eta oparia ahosabairako.
Baserriberritik hurbil, La Vieja Iruña dugu. Hango pintxo famatuenetako batek ere ‘Eguzkilorea’ goretsi nahi du, beste modu batean goretsi ere:. ogi anisatuaren teila txokolate zurizko aparrarekin, txikoria frijituzko hostoak, orburu-lorea, laranja sanginaren gela eta galeper-arrautza boilurduna eta foiea.
Iruñazarra ostatuak, aldiz, Mercaderes kalean, ‘Irunanguilazarra’ du erakargarri nagusi: arrautza, aingira ketua eta bexamela, kurruskari-kurruskari geratu arte frijituta. Nafarroako ohiko jakiak, modu ausart eta handinahian konbinatuak.
Amatxo ere jomuga izango dugu, zinez bazter polita katedralaren ondoan: foie- eta ahateki-briochea, etxeko steak tartara edo arkume-gofreen briochea.
Alde Zaharretik kanpo, Akari dugu, besteak beste. Lezkairun dago, eta ‘Txerri Bitxia’ bere pintxoa finalista izan zen 2024an. Baozi ogia, burualdez, koko-saltsaz eta espeziaz betea, gainean lima-maionesa, ozpinez ondutako tipula eta kabiarra dituela. Gutizia hutsa!
Sofistikazioa, lan zintzoa, tokiko produktuen kalitatea eta talentua erruz, lauak batera, xede argia delarik: altxor gastronomiko paregabeak lortzea, Nafarroako janari tipikoa inoiz irudikatu ez bezala erakutsiko dizutenak.
Sekretu ugari dago oraindik deskubritzeko. Bazatoz?



