2026.02.10

Historia darien ardoak Iruñetik gertu

Palacio de los Mencos, Otazu, Caudalía, Lezaun eta Emilio Valerio upategiak Nafarroako mahastizaintza eta ardogintza arte, natura eta berrikuntza enogastronomikoarekin uztartzen dituen bide paregabe baten geralekuak dira.

Blog

Ba al dakizu zergatik diren hain bereziak ardo nafarrak? Beren zapore eta kalitatetik harago doan berezko izaera bat dutelako. Lurralde baten nortasuna eta ardoa ogibide izandako belaunaldien egiten jakitea aurkituko ditugu zurrutada bakoitzean. 

Iruñatik ordu-erdi batera inguru berezko nortasuneko upategiak aurkituko ditugu, ardo nafarren jatorria ezagutzera gonbidatzen gaituztenak, olibondoen, mendilerroen eta mahastiz betetako mendi-magalen artean. 

Bisita itzazu, beraz, eta ardo on-onak baino gehiago deskubrituko duzu: familiako historiak, paisaian txertatutako artea eta hamaika belaunalditan mahatsondo-enbor oro zaintzen daramatzatenen pasioa. Ardoa barrutik ezagutzeko modu bat, kupel-aretoetan barrena, ardoa elaborazio-prozesuaren une desberdinetan probatuz, mahastizaintza eta ardogintzari estuki lotutako lurralde baten izaera hurbiletik ezagututa. 

campo de vides

Palacio de los Mencos: denbora garaitu duen upategia

Erdialdean hasiko gara, Mencoen jauregia abiapuntu. Duela 600 urte baino gehiago altxatu zuten Ezkabako jaunek etxetzar hori, Tafallako ondare nagusietako bat dena egun. Handik kilometro gutxira daude Erriberriko jauregia eta Erdi Aroko herri batzuk, hala nola Uxue. Jatorrizko upategiaren zati batek zutik irauten du: zorua eta kareztatutako hormak eta ganga, garaiko haritz-kupel historikoak hartzen dituztenak. 

Upategia deskubritzera eta, harekin batera, nafar historiaren mende batzuk ezagutzera gonbidatzen zaitugu. Bukatzeko, etxeko hiru ardo dastatuko dituzu, bere tradizio historikoaren jarraipen gisa sortuak.

Tres botellas de vino

Otazu, ardoak arte eta historiarekin hitz egiten duenekoa 

Hurrengoa Bodegas Otazu da, Erreniega eta Sarbil mendien artean, Arga ibaiaren ertzean. Iruñetik minutu bakar batzuetara, XII. mendetik darama enklabe paregabe horrek mahastizaintzan eta ardogintzan jarduten. Jauretxea, XIX. mendeko châteaux frantsesetan inspirazioa hartutako upategia eta Nafarroako errege-erregina batzuei (Karlos III.a kasu) lotutako historia bere nortasunaren zati dira. 

Eta ondare horren isla mikroklima pribilegiatu batean eta arduraz zein errespetuz landutako lursail batean jaiotako ardo hauek dira. Zerbaitengatik da Otazu, bada, Pago Jatorri Deiturak hartzen dituen upategi espainiarren multzo murritzaren parte (beren lurzoru eta barietateen berezitasuna abalatzen du deiturak). 

Horregatik esaten da Otazu upategi bat baino gehiago dela: erlikia bat da bere hartan. Eta huraxe egiaztatuko dugu arte garaikideko 150 pieza baino gehiagoak, lehengoratutako lan-tresnen bilduma eta kupel-aretoaren arkitektura itzela ikusten ditugunean. 

Horrez gain, biodibertsitatearekiko eta jokabide jasangarriekiko konpromiso irmoa dago, ingurune natural hori eta bere mahastien osasuna zaintzeko lagungarri. Ez da harritzekoa, beraz, Otazu Turismoari Irekitako Upategi Onena aitortu izana, hunkitzeko, harritzeko eta bisitariarekin konektatzeko duen gaitasunari esker.   

sala de barricas de bodegas Otazu

Mendixka, garnatxa eta olibondoen artean, huraxe Caudalíaz gozatzeko modua 

Iruñetik gertuko upategien bide original honetan, Caudalía da hurrengo geralekua, Zangozerrian, non mahastiak mendixketan barrena hedatzen baitira. Bisitek, upategia bera ezagutu ez ezik, bere historia eta ardoa ezagutzeko modua ere ezagutarazten dituzte. Ekoizpen txikikoak dira hangoak, artisau-moduan eginak.

Garnatxa da protagonista nagusia. Caudalíak esperientzia monografiko bat eskaintzen du barietate hori bertsio guztietan ezagutzeko: beltz eta zuriez gain, ardo gorri bizi-bizia eta beste bat kupel frantziarrean ondua, zinez bakana Nafarroan. Hartara, mahasti eta olibondoen artean zabiltzala, garnatxa nola aldatzen den lurzoru, elaborazio eta ontzearen arabera ikusiko duzu. Proiektu intimoa, mikrosailetan garatua, Mendialde Beherearen esentzia erakusten duena. 

Bisitaren osagarri, noski, premium ardoak, nafar gastronomiaren produktuz osatutako aperitiboa eta Vidrial barietateko oliba-olio birjina estra, berezkoa eskualdean. dastatuko ditugu.  

Eta ingurune paregabe hori esploratzen jarraitu nahi baduzu… beste bide bat egin dezakezu, kultura-ondare oparoa erakutsiko dizuna: Leireko monasterioa, Xabierko gaztelua eta Zangoza.

fachada de bodega Caudalia

Mahastiak eta txingarren zaporeak, Bodegas Lezaun upategian 

Hurrengo helmuga Urbasa-Andia mendien magalak dira. Paraje horren erdian, Bodegas Lezaun sortu da: familia baten proiektua da, urteak daramatzana ardo ekologikoak egiten, ingurunearekiko konpromiso garbiaren isla.

Bisitak paisaiak eta ardoaren kultura uztartzen ditu. Bere proposamen bereziena, dena den, zaldi-gurdi gainean mahastien artean egiten den paseo idilikoa da. Ardoa eta muztioak dastatzeko geratuko da bidean gurdia, mahastizainek lurra lantzeko duten modua erakusten digutelarik. Emaitza ingurunea den bezalaxe erakusten duten ardoak dira: zuri eta beltz freskoetatik hasi eta kriantza eta erreserba sendoetan buka, sulfitorik gabeko ardoak zein ardura handiz egindako muztioak bazter utzi gabe. 

Eta, amaitzeko, Nafarroako plater tipikoak goraipatzen dituen proposamen batez gozatuko dugu jatetxe-erretegian, upelak inguruan ditugula. Hasteko, hasierako tradizionalak, hala nola kardua muskuiluekin edo garbantzu-zopa. Gero, haragiak eta arrainak txingarretan. Eta, bukatzeko, etxeko postreak, gozo-gozoak, tokiko produktu ekologikoekin eginak. Esperientziak patxadaz gozatzera gonbidatzen du, txingarrek, etxeko ardoak eta naturak bat egiten dutelarik beren historia kontatzeko. 

Paseo en carreta entre viñedos

Emilio Valerio: garagardoa, mahastiak eta olio-errota batzen dituen bidea 

Ez baduzu ardoaren eta garagardoaren artean aukeratzerik, zure plan perfektua Emilio Valerio upategian dago! Upategi ekologikoa eta biodinamikoa, mendetako tradizioa duena ardogintzan eta oliogintzan. Garagardoa ere ekoizten du, artisau-moduan ekoiztu ere. Jakinduria oparo horrekin, esperientzia konbinatua —ardoa, olioa eta garagardoa— eskain dezake, Deikaztelun. Ezin uko egin.

Hasteko, La Vasconia artisau-garagardoaren fabrika bisitatuko dugu. Espazio atsegina da. Han, modu naturalean egiten da garagardoa, iragazi eta pasteurizatu gabe, bere aroma, zapore eta ñabardura guztiak antzematea helburu. 

Gero, mahastietan barrena ibiliko gara. Paseoak familiaren upategiarekin eta olio-errotarekin lotzen du garagardo-fabrika modu ia magikoan. 

Emilio Valeriok eskaintzen dituen esperientzietan are gehiago sakondu nahi duenak baditu bestelako proposamen bereziak, hala nola ardoa eta olioa uztartzen dituen brindisa edo uzta berriaren dastatzea mahastizaintza eta ardogintzako egutegiaren funtsezko une batean.

Ibilbidea dastatze bikoitz batekin bukatuko dugu: bi garagardo eta bi ardo, kalitate gorenekoak, ogi biribilak eta Arroitz barietatearen olio ekologikoak (Nafarroako berezkoena da) lagunduta. Esperientzia ezin hobea zalantzatientzat... edo denarekin gozatzen dutenentzat. 

Honezkero, amaitu dugu Iruñetik hurbileko ardogintza eta mahastizaintzako ibilbide hau, upategi bakoitzak bere ahotsa eta kopa bakoitzak jaio den lekuaren mintzairaz egiten duela erakutsi diguna. Ardoa kultura, paisaia eta emozio bilakatzen den ibilbide bat. 

Contenedor de aluminio de cerveza

Tag-en hodeia: