Familia Iratiko oihanaz gozatzen

Iratiko oihana: sentitu ezazu natura

Bizi ezazu oihan honen oparotasuna, gure lurraldean ez baitu parekorik

Segur aski ez gabiltza oso oker esaten badugu Iratiko oihan maitea ia sanferminak bezain ospetsua dela.

Konparaketa horrek ez du esan nahi, noski, bataren eta bestearen artean hautatu behar denik. Biak ala biak arrazoi aski egokiak dira Nafarroa bisitatzeko, eta badakigu gauza guztietarako izaten dela une egoki bat.

Baina naturaz blaitzeko gogoa baduzu, isiltasunaz –oihaneko soinuek laztantzen duten isiltasun horretaz– gozatu eta giharrak mugitu nahi badituzu, bada orduan Iratiko oihana da behar duzuna, ez besterik. Egiozu kasu barruan duzun nahiari.

Iratiko oihana

PIRINIOETAKO ALTXORRA

Iratiko oihana

Asko idatzi da Iratiko oihanaz eta haren edertasun paregabeaz. Eta ulertzekoa da; izan ere, pagadi-izeidi hau Europako ederrenetako bat da, hagitz handia delako eta primeran mantendu delako.

Oihan zabala dugu eta –nahiz XV. mendetik aitzina ustiatu duten– ederki kontserbatu da, ibar hauetako jendeak begirune handia izan diolako.

Pago, haritz, izei, urki, sahats, iratze, goroldio eta gainerakoen multzoak orein, orkatz, basurde eta beste izaki askoren bizitokia dira, inguru ezinago aberatsa eratzen dutela.

A!, eta ez ditzagun bizilagun txikienak ahantzi, zeren Iratiko oihana hegaztiendako babes bereziko eremua baita. Badira han okilak –Iratiko oihana, gainera, azken bizilekuetako bat dute–, okil beltzak eta okil gibelnabarrak. Eta harrapari handiak, hala nola ugatza, belatz handia eta arrano beltza.

Familia handi bat bizitoki zabal batean.

Kontserbazio eta biodibertsitate bikain horiek Iratiko oihaneko hiru eremu babestuei ere zor zaizkie; izan ere, Mendilazko eta Ariztibarreneko natura-erreserbek eta Lizardoiko erreserba integralak lagundu dute oihanak osasuntsu iraun dezan.

Mendi-ibiliak Iratiko oihanean. Nola iritsi

Iratiko oihana Pirinioetan dago. Nafarroako Aezkoa eta Zaraitzu ibarrek hartzen dute zatirik handiena, eta Iparraldeko Garazik eta Zuberoak, zati txikiago bat.

Jarraian erakutsiko dizugu zer ibilbide egin ditzakezun, hautaturiko sarbidearen arabera

Mendi-ibiliak Iratiko oihanean. Nola iritsi

Aezkoako sarbideak

Zaraitzuko sarbideak

  • Otsagabitik

    Iratiko Etxeetako harrera-zentroa, “Elurretako Ama Birjina”

    Otsagabia herrian sartu baino pixka bat lehenago, saihesbide bat hartu behar da (NA-2012) eta 40 minututan –23 kilometro– Iratiko Etxeetako harrera-zentrora iristen da, non informazio gunea, zaintza zerbitzua, aparkalekua, askaldegia eta taberna-jatetxe bat dauden; baita bizikletak alokatzeko zerbitzua ere, konponketa-tailer txikiarekin batera.

    Bertako aparkalekutik honako bidexka hauek abiatzen dira:

    Argibide gehiago Iratiko etxeei buruz
  • Otsagabitik

    Irati-Abodi Mendi Gunea (Pikatua alderdia)

    Otsagabiko herritik 3,5 km inguru ibilita Itzaltzura iristen da, eta handik abiatzen da herri-kondaira batean oinarritutako bidexka bat:

    Errepide horri Larraine alderantz –Zuberoarantz– jarraikiz, Pikatua alderdira iristen da (1.300 metro inguruko garaiera), eta Irati-Abodi Mendi Gunera. Azken hori mendiko kiroletan aritzeko leku paregabea da urte-sasoi guztietan. 4 bidexka ditu, zeinetan eskiekin eta erraketekin ibil daitekeen neguan:

    ​​​​Btt bizikletarekin egiteko bideen informazioa ere badu, eta bizikleta, eski eta erraketak alokatzeko zerbitzua; halaber, kafetegi-taberna-jatetxea eta aparkalekua.

    Argibide gehiago Irati-Abodiri buruz
Iratiko oihaneko xehetasuna

Iratiko oihaneko mendi-ibilbideen aplikazioa

Aplikazio horrek ibiltzen hasteko behar duzun informazio guztia ematen dizu. Beraz, has zaitez leku natural zoragarri horretara joateko bidaia prestatzen

Muskilda eta mendi elurtuak

Kirol gehiago nahi?

  • Bikotea BTT egiten Iratin

    Iratiko BTT gunea

    Sentitu erabateko askatasuna ingurune miragarri honetan. Gune honek 16 BTT pista eskaintzen dizkizu, maila guztietakoak.

     BTT ekimen hau proiektu zabalago baten parte da, eta proiektu horrek lotzen ditu Iratiko oihanak hartzen dituen ibar guztiak: Zaraitzu eta Aezkoa Nafarroan, eta Zuberoa eta Garazi Iparraldean. Izan ere, zer dakite mendiko bizikletek mugei buruz? Helburua bizikletaz ibiltzea da, eta zenbat eta leku gehiagotan, orduan eta hobeki.
     Beraz, gozatu bizikletaz egin ditzakezun kilometroez (400 pasatxo) eta ongi ezagutu Irati eta haren ingurua.
     Eta ez ahaztu harrera-zentroetan konponketa txikiak egin ditzakezula zure bizikletan, bat alokatu ere egin dezakezula behar baduzu, eta inguruari buruzko informazio guztia eskura izanen duzula. Hauek dira:

    • Irati-Abodi Mendi Gunea eta Iratiko Etxeak, Zaraitzun
    • Arrazola, Aezkoan
    • Iratiko Etxolak, Zuberoan
    Infor. gehiago Iratiko BTT guneaz
  • Elurretako erraketak jantzita Irati-Abodin barna

    Elurretako kirolak

    Irati-Abodi Mendi Guneak, Zaraitzun baitago, ariketa fisikoa egiteko aukera ematen dizu Nafarroako Pirinio elurtuen edertasunaz lasai-lasai gozatu bitartean.
     

    • Iraupen-eskia: hiru pista erraz daude, Mendi Gunetik beretik ateratzen direnak, eta 22 kilometro egiten dituzte guztira. 16 kilometroko pista bat ere badago, eskarmentu handiagoa dutenendako.

    • Elurretako erraketak: oso kirol aproposa da, eskia kontrolatu ez eta paisaia elurtuetan ibili nahi dutenendako. Gainera, Mendi Gunean berean materiala alokatzen ahalko duzu.

    Abenturazalea bazara, mendiko eskia ere egin dezakezu, badaude-eta zenbait pista, hein batean Iparraldeko lurretatik doazenak.

    Argibide gehiago Irati-Abodiri buruz
  • Mendi elurtuak eta Muskildako Andre Mariaren baseliza

    Igoerak eta Ibilbide luzeak

    Ez ditugu, ez, ahantziko mendia grinaz bizi dutenak. Haiei ere emanen dizkiegu zenbait aukera. Eta gogoan izan Ibilbide luzeak etapaka egin ditzakezula, joan eta etorri egun berean. Ez da aukera txarra:

    • Orhira igotzea (2.017m): Pirinioek mendebaldeko muturrean duten lehen “bi milakoa”, Zaraitzuko mendi nagusia. Igoera erraza eta oso esker onekoa du, Nafarroako ikuspegi ederrenetako batzuk oparitzen baitizkizu.​​​​​​​

    • GR-11 Pirinioetako Bidea: Nafarroan 170 kilometro ditu, 8 etapatan banatuak. 6. eta 7. etapak dira Aezkoatik eta Zaraitzutik igarotzen direnak.                          

    •  ​​​​​​​GR-12 Euskal Herriko Ibilbidea: gaur egun Nafarroako zatia bakarrik gelditzen da. 7. etapa da Iratiko alderdia zeharkatzen duena.

Planes en la Selva de Irati

Emaitzarik gabe

Leku interesgarriak

Leku interesgarriak

Zaraitzu

Zaraitzun Iratiko oihanaz eta Otsagabia ederraz gain badira beste ikusgarri batzuk; hortaz, ibarra sakonki ezagutu nahi baduzu, honatx beste jakingarri batzuk.

Infor. turistiko gehiago
Otsagabiko etxe tipiko baten fatxadako xehetasuna
  • Otsagabia

    Nafarroako herri politenetako bat, eta landa inguruneko altxor preziatua.

     Zaraitzu ibarraren buruan, Zatoia eta Anduña errekek bat egiten duten lekuan, hantxe dago Otsagabia, 764 metroko garaieran, aspaldi-aspaldiko herria, XI. mendean sortu baitzen.

     Zatoia errekastoaren gaineko harrizko gurutze platereskoak ongietorria ematen dizu harrizko karrikak dituen herri honetara sartzean. Bertako etxeak Nafarroako Pirinioetako arkitekturaren adibide bikainak dira. Paseatzean, ziur gaude arretaz begiratuko diezula XVIII. eta XIX. mendeetako etxe armarridunei eta Anduña errekaren gaineko zubiari.
     

  • Muskildako Andre Mariaren baseliza

    Herriaren goialdetik harrizko bidezidor bat abiatzen da, eta XII. mendeko eraikin batera eramaten zaitu: Muskildako Andre Mariaren baselizara.

    Erreparatu haritzezko oholtxoz egindako teilatuei. Seguru ez dituzula horrelako asko ikusi.

  • Otsagabiko Naturaren Interpretazio Zentroa

    Herrigunearen erdian dago, Turismo Bulegoaren ondoan, eta Iratiko oihanari buruzko ezaupide guztiak eskaintzen ditu.

    Hiru solairuko eraikina da eta eskualdeko turismoari eta ingurumenari buruzko informazioa ematen du, geologia, animaliak eta landareak barne; Zaraitzuko ohiko lanabes eta tresnen erakusketa etnografikoa du, eta, gainera, Otsagabian eta ibarreko beste herrietan bisitaldi klase desberdinak egiteko posibilitatea erakusten dizu.

    Otsagabiari buruzko infor. gehiago
  • Zaraitzuko herriak

    Ederra da Ezkaroze ere, ibarreko hiriburua. Mendiko herrien ohiko xarma du, bere arkitektura herrikoiarekin (ederki mantendu baita), erdi-puntuko arkuko estalkiekin eta teila lauak dituzten bi isuriko teilatuekin. Bila ezazu etxeetako fatxadetan ibarreko armarria, ahoan bildotsa duen otso baten irudia.

    Ibarreko herririk altuena Jaurrieta da (913 metroko garaiera), eta ibarra osatzen du Orontze, Espartza, Igari eta beste udalerri batzuekin batera. Pirinioetako arkitektura, eraikin gotiko eta erromanikoak eta hilarri biribilak daude abeltzaintza kutsu nabarmena duten herrixka hauetan.

Leku interesgarriak

Leku interesgarriak

Aezkoa

Pirinioen babesean, han-hemenka amildegiak eta mendiak dituen sare batean dago Aezkoa kokatua. Bertako bederatzi udalerriak (Garaioa, Aribe, Garralda, Aria, Hiriberri, Orbara, Orbaizeta, Abaurregaina eta Abaurrepea) landa-eremuko arkitektura herrikoiaren erakusgarri garbiak dira. Teila gorriko etxeak, harrizko zubiak eta aleendako garai bereziak han eta hemen, Pirinioetako kolore edderrez margotutako paisaietan.

Ikus Aezkoari buruzko infor. gehiago
Paisaje del valle de Aezkoa
  • Orbaizetako arma-ola

    Eskualdeko industria-arkitekturaren adibiderik bikainena da eta Iratiko oihanaren erdian dago kokatua. XVII. mendean eraiki zuten, Karlos III.a erregearen armada munizioz eta armez hornitzeko, eta kokaleku hori hautatu zuten zur eta ur ugari dituelako eta burdin-meategiak daudelako.

    Interes kulturaleko ondasun izendatu zuten, eta haren hondakinek misterioz betetako paisaia eratzen dute.

    Kultur Ola Orbaizetako jauregia eraberritu berriak jarduerak eskaintzen ditu paraje honetan.

    Argibide gehiago arma fabrikari buruz
  • Garaien ibilbidea

    Aezkoan daude Nafarroan kontserbatu diren 22 garaietatik 15, eta interes kulturaleko ondasun izendatuta daude. Etxearen osagarri gisa egindako eraikinak dira, ondoko etxearen antzeko forma eta materialak dituztenak. Alea gordetzeko balio zuten, hezetasunetik eta karraskarietatik babesteko. Ibil zaitez lasai-lasai herrietan barrena eta saiatu garaiak aurkitzen.

    Aezkoako garaiak
  • Hilarrien lorategia eta labirintoa

    Ibar honetako eta Nafarroa osoko herririk garaienean, Abaurregainean, museo bihurtu dute hilerri zaharra. Aztarnategi arkeologiko garrantzitsu horretan, Erdi Aroko hainbat hilarri berreskuratu dituzte, hogeita hamarretik gora.  Lorategi liluragarria du, eta bertako labirintoak bizitzaren zikloa eta heriotzarako bide bihurria nahi dizkigu gogorarazi.

    Argibide gehiago hilarrien lorategiari buruz
  • Aezkoako bidezidorrak

    Ibarrean ibilbide seinaleztatu ugari daude. Haietako asko, bide didaktikoak eta errazak dira, familia osoak naturaz disfrutatzeko modukoak; beste bidezidor batzuk, berriz, bide historiko zaharrak dira, garai batean ehiztariek, ikazkinek eta artzain transhumanteek erabiltzen zituztenak; badira kirol ibilbideak ere, luzeak eta desnibel handikoak, zeinetan ikuspegi zoragarriak diren egindako ahaleginaren ordaina.

    Aezkoan barrena ibiltzeko bide gehiago
  • Begiratoki txundigarriak

    Ibar hau ezagutzeko modu aproposa duzu begiratokietara joatea, haietan ibar liluragarri honen paisaia, natura, historia eta etnografiaren gaineko begirada bat lortuko baituzu. Erraz iristeko modukoak dira eta ikuspegi ederrak dituzte. Baina zorabiatzen baza... pentsatu ondo begiratoki horietara joan aitzin.

    Ikus 12 begiratokiak
Iratiko oihaneko paisaia eta ibaia

Iratiko oihanetik hurbil, non jan eta lo egin

Hainbeste mugitu ondoren, eseri eta bertako gastronomia probatzeko gogoa izanen duzu. Gero, kotxeaz ahaztu, eta inguru hauetako ostatu batean lo egin dezakezu.

Eremu hau hain zabala denez eta bertan hainbeste gauza egin daitezkeenez, hoberena da bertan zenbait egun igarotzea landa-mundu jatorraz eta natura hunkigarriaz gozatzen.

  • Pirinioetako gastronomia

    Bertako jakirik ezagunenak dira artzain-apurrak, larrazkeneko onddoak, aratxea eta bildotsa, nafar erara prestaturiko amuarraina (urdaiazpikoarekin frijitua) edo ehiza-gisatuak (oreina, basurdea nahiz usoak), eta edozein txerriki.

    Menua osatzeko, esnez egindako etxeko postreak (horien artean, ardi-gazta ospetsua) eta patxarana, oso digestiboa baita otordu on bat egin ondoren.

  • Landa-ostatuak

    Ibilaldi on baten ondoren edo gustuko kirola egin ondoren loaldi ederra egiten baduzu, primeran osatuko duzu Nafarroako Pirinioetan izandako esperientzia. Inguru horretan, landa ostatu eta hotel xarmagarri ugari aurkituko dituzu, baita primerako apartamentu eta landetxeak ere. Eta abenturazaleendako, aterpetxeak eta kanpinak daude.

Oihanak indartsu erakartzen zaitu, ezta?

Eta badakigu zaila dela erakarpen horri kontra egitea. Baina, zorionez, ez duzu ezetz esan beharrik. Emaiozu zeure buruari nahi duena: ibil zaitez bidexka zoragarrietan, egin kirola aire zabalean, bisitatu herri xarmagarriak eta probatu plater berri goxoak.

Beraz, aukeratu eguna, prestatu maleta eta zoaz Iratiko oihanera. 

Oihaneko esperientziak aldatuko zaitu.

Interesekoartikuluak

Bidexka tematiko ederra Iratiko oihanean, Kuboko ur-jauzitik igarota

Bidexka tematiko ederra Iratiko oihanean, Kuboko ur-jauzitik igarota

Jakin nahi duzu zein diren Nafarroako ezinbesteko leku turistikoak?

Zaila aukeratzen, ezta?