Irunberriko eta Arbaiungo arroilak

Irunberriko eta Arbaiungo arroilak

Hegazti harraparien Nafarroako babeslekurik handienak, Pirinioen magalean

Nafarroa ekialdean, Pirinio aurreko ibarretan, bada toki bat, Iruñetik 40 bat kilometrora, gorde samarra egon arren oso bisitatua dena.

Eta Nafarroan gertatu ohi denez, paisaia da horretarako arrazoia. Toki horretan, ordea, ez duzu aurkituko basamorturik, edo pagadi ederrik.

Jendea Nafarroa ekialdera, Pirinioen magalean dagoen ingurune honetara erakartzen dutenak bi arroila dira, Irati eta Zaraitzu ibaiek milioika urtetan zizelkatuak. Hemen zain daukazuna, beraz, hormatzar malkartsuz osatutako eremu bat da, non, beste animalia batzuen artean, hegazti harrapari handiak bizi diren. 

Espero zenuen halakorik?

Ba hortxe duzu, naturaren beste mirari bat Nafarroan.

Arroilen xarma

  • Iratiko bide berdean barna oinez Familia osoarendako bide berdea

    Familia osoarendako bide berdea

  • Sai arrea arroilaren gainetik hegan Sai arreak zure buruaren gainetik hegan

    Sai arreak zure buruaren gainetik hegan

  • Arroilaren panoramika Ikuspegi zoragarriak, begira eta begira egoteko

    Ikuspegi zoragarriak, begira eta begira egoteko

Gizon bat argazkiak egiten Irunberriko arroilan

Irunberriko arroila

Aurretik aipatu bezala, Irati ibaiaren urek egin dute hain deigarria den naturgune hori. Deigarria, eta aisialdirako aukeraz betea, bidenabar.

Eta aukera horietako lehenbizikoa da horra iristeko bidea bera. Izan ere, gogoko baduzu errepide bihurrietan eta mendateetan barna ibiltzea, izugarri gustatuko zaizu Irunberriko arroilarainoko bidea. Batez ere, motoz etorriz gero. Beraz, ez harritu bidean motozaleak topatzen badituzu, paisaia bikainetan barna adrenalina deskargatzera etorriak.

Irunberriko arroilara iristean, ikusiko duzu amildegiz osatutako ingurunea, berdea eta malkartsua, zeina natura-erreserba baita 1987tik. Baina ez kezkatu, oso erraza baita hor barna ibiltzea; berehala esanen dizugu nola.

Xehetasunetan sartu aurretik, agian interesatuko zaizu jakitea badela aparkaleku bat arroilaren sarreratik hurbil, ibilgailua han utzi nahi izanez gero. Goi-denboraldian ordaindu egin behar da —ez asko—. Aparkalekuaren inguruan badituzu informazio gune bat, askaldegia eta komun publikoak.

Hori argiturik, goazen korapilora.

  • Baltsa pneumatikoan Irati ibaian, Irunberriko arroilan

    Irati bide berdea

    Irunberriko arroila bisitatzea oso erraza dela badiogu, da ibil zaitezkeelako oinez, bizikletaz, haur-kotxearekin nahiz gurpil-aulkian.

    Ez duzu aitzakiarik. Familia osoa etortzen ahal da txangora.

    Irati bide berdea zelaia da; igarotzen da Iruña eta Zangoza lotzen zituen tren elektrikoaren lehengo bideetatik.

    6 kilometro pasatxo ditu, ibai bazterrean, eta harkaitzean zulatutako bi tunel zeharkatzen ditu.

    Ibilbide hori Deabruaren zubiaren ondoan bukatzen da. Zubia eroria dago —frantsesek Independentzia Gerran suntsitua—; elezaharraren arabera, deabruaren laguntzarekin eraiki zen.

    Informazio gehiago Wikiloc-en
  • Baltsa pneumatikoan Irati ibaian, Irunberriko arroilan

    Irunberriko arroilako bide luzea

    Bada arroila zeharkatzeko beste aukera bat ere, ibilbide luzeagoa eginda. Horretarako, hartu behar duzu seinaleztatua dagoen herriko bide bat; arroilaren bueltan dauden mendi-mazelak inguratu eta aparkalekura itzultzen da haitzartea zeharkatuta.

    6 kilometro inguruko ibilbide zirkularra da, 175 metroko desnibela duena, eta arroilaren inguruko ikuspegi zabalagoa ematen dizu.

    Baina aukeratzen duzun bidea aukeratzen duzula, laburra edo luzea izan, ez dituzu inola ere galduko paisaia zoragarria, uraren hotsa eta hegaztien hegaldiak. Zaude ziur.

    Informazio gehiago Wikiloc-en

Eta ibilbideko paisaia sakonago ikusteko txangoa egin nahi baduzu, zatoz ingurumena ezagutzeko zentrora, inguruko enpresek eskaintzen dizkizuten jarduerak ezagutzera:

Ur-jarduerak Irunberrin

Irunberriko arroila ezagutzeko beste aukera bat, kasu honetan «barnetik». Uretatik, jakina.

Uda partean etorri eta uretan sartu-atera bat egiteko gogoa sortzen bazaizu, arroila zeharkatzen duen bideko zenbait puntutan baduzu horretarako aukera. Hori bai, ibai hau Pirinioetatik dator eta ura frexko-frexko dago, beraz ez egin jauzi ero-eroan.

Edo, behar bada, nahiago duzu Iratiko urak zeharkatzearen zirrara sentitu eta ingurunea beste ikuspuntu batetik ezagutu. Ba hori ere egiten ahal duzu. Baltsa pneumatiko batean, adibidez. Familientzako nahiz kuadrillentzako jarduera ezin hobea.

Ea nolakoa den baltsa bidezko jaitsiera hori
Baltsa pneumatikoan Irati ibaian, Irunberriko arroilan
Gizon bat argazkiak egiten Irunberriko arroilan

Hegaztiak behatzea

Bota dugu han eta hemen, eta bai, hala da: Irunberriko arroila paradisua da harrapari handientzat, bai eta horiek beren habitat naturalean ikusteaz gozatzen dutenentzat ere.

Izan ere, harkaitz malkartsuak babesleku ezin hobeak dira haientzat, eta horrexegatik lasai ibiltzen dira hemen.

Malkar-sorbeltzak, belatz handiak, ugatzak, arrano beltzak, hontz handiak eta, jakina, sai arreak. Azken horiek dira arroilako animaliarik adierazgarrienak, 200 bikote baino gehiago baitaude.

Eta onena zera da, ikuskizunaz gozatzeko ez duzula deus ere egin beharrik, arroilan zehar zoazela begirada altxatu eta haien hegaldia behatu besterik ez.

Arbaiungo arroila – Isuko begiratokia

Hara hantxe, arroila bat!

Bai, badira arroila ikusgarriak, Irunberrikoaz gain. Oso ikusgarriak; izatez, Arbaiungoa da Nafarroako arroilarik zabalena eta izugarriena.

Irunberritik abiatuz gero, 20 minutu beharko dituzu kotxez hara iristeko. Otsagabirantz doan NA-178 errepidea hartu besterik ez duzu, eta zerorrek egiaztatu batere ez dugula esajeratzen.

Haitzarte hori, Zaraitzu ibaiaren urek urtetan zizelkatua, Irunberrikoa baino malkartsuagoa eta zailagoa da. Horregatik, gomendatzen dizugu Isuko begiratokitik gozatzea ikuspegiaz, bertatik arroilaren benetako tamaina ikus baitezakezu. Hormigoizko plataforma bat da, amildegia goitik ikusteko, eta informazio panelak eta doako aparkalekua ditu.

Bistak: sekulakoak.

Ia 6 kilometro luze dena malkarrez, 400 metrora arteko altuera hartzen dutenak; horiei esker ditu Arbaiungo arroilak natura-erreserba eta hegaztientzako babes bereziko eremu tituluak.

A, eta beste gauza bat: ez ezazu kamera etxean utzi. Ez da erraza horrelako landaredia aurkitzea, ezta halako sai arren kolonia bat ere, eta ziur instagrameatu nahiko dituzula. Ez ahaztu #visitnavarra hashtag-a jartzea gure sare sozialetan berposteatu zaitzagun! Eta larrazkenean etorriz gero, orduan bai dela benetan zoragarria.

Zaraitzu ibaia Arbaiungo arroilatik igarotzen denean
Txoria

Irunberriko natura ezagutzeko zentroa

Eta Irunberriko eta Arbaiungo arroilez ari garela, ezin dugu aipatu gabe utzi horiek ezagutzeko zentroa, Irunberrin.

Bertan, aurkituko duzu Irunberriko arroko bizitzari buruzko era guztietako informazioa —jendeari, lanbideei eta tradizioei buruzkoa— panelen, ikus-entzunezko proiekzioen eta material bibliografikoaren bidez. Eskualdeari buruzko informazio turistikoa ere kontsulta dezakezu, bisita nahi adina luzatzeko.

Kontsultatu zentroko jarduerak
Irunberriko arroila

Bisita itzazu Irunberriko arroilaren inguruak

Eta zure bisita luzatzeaz ari garenez, hementxe dituzu gure proposamenak. Hona hemen ideia batzuk, Irunberriko arroilatik nahiko hurbil, zure ateraldiari amaiera bikaina emateko.

  • Mintxateko arroila

    Beste arroila batzuk

    Arroila gehiago ikusteko gogoz geldituz gero —ederrak baitira oso— iparralderantz jo besterik ez duzu gozatzen jarraitzeko.

    Hurbilen duzuna —Arbaiungo arroilatik 10 minutura— Benasako arroila da; hori ere natura-erreserba, eta dibertsitate biologiko handikoa. Sakanaren ondotik doan bidezidorrak hango baso ederraren ikuspegi ezin hobea emanen dizu.

    Eta handik 20 minutura —ekialderantz— duzu Burgiko arroila. 3,5 kilometroko bidezidorra dago Ezka ibaiaren bazterrean, eta arroila horretako malkar ikusgarrietara eramanen zaitu.

    Azkenik, Burgitik ordu erdira, Erronkaribarren, Mintxateko arroila aurkituko duzu. Sakanetik doan bidexka erraz egiten da, eta ibaia ur askorekin datorrenean, ur-jauzi eta zurrusta ederrak ikusten dira.

  • Zangozako Andre Maria Erregina eliza

    Zangoza

    Hiri hau ezagutzera animatzen zaitugu; txikia tamainan baina handia ondarean.

    Donejakue bidea erditik igarotzeak eta Erdi Aroan izan zuen indar ekonomikoak ekarri zuten eraikin apartak egitea, hala nola Andre Mariaren errege eliza (ez ezazu galdu haren portada erromaniko harrigarria). Baditu jauregi eta komentu ederrak ere; merezi du alde zaharretik paseatzea, horiek ikusteko.

    Bidenabar, Zangozako gastronomia bikaina denez, Nafarroako potxak dastatu nahi badituzu, hauxe dute sorlekua, eta hauxe duzu horiek probatzeko tokia.

    Jakin nahi dut ze plan egin daitezkeen Zangozan
  • Oibar

    Oibar

    Zangozatik oso hurbil aurkituko duzu Erdi Aroko herrixka hau, bere garaian gotorleku gisa eraikia.

    Harrizko kale meharretan barna, jauretxeak ikusiz eta Andre Mariaren plaza arkupetua zeharkatuz, iritsiko zara gailurrera, Done Petri eliza erromanikora. Kalez kale ibiltzeagatik baino ez bada ere merezi du muinora igotzea, eta zer esanik ez tenplu horren arkitektura miresteagatik.

  • Jendea behaketa astronomikoa egiten Xabierko gazteluan

    Xabierko gaztelua

    Zangozatik hurbil hori ere, oso gaztelu berezia da hemen bizi garenontzat. Izan ere, bertan jaio zen 1506an eta hor bizi izan zen San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroako patroia.

    Urtero Xabierraldiak antolatzen dira haren omenez: Xabierrera bi erromesaldi egiten dira martxoan, eta milaka nafar biltzen dira santua gurtzera.

    Gazteluan barna ibilbidea eginez gero, Erdi Aroko gotorleku horren elementu nagusiak ezagutuko dituzu: dorreak, ziegak, matakanak eta zubi altxagarri bat. Istant batean, iraganera eramanen zaituzte.

    Zer egiten ahal dut Xabierren?
  • Leireko San Salbatore monasterioa

    Leireko monasterioa

    Arroilatik 25 minutura, Nafarroako txoko hau bisitatzeko aukera duzu, non natura eta bake monakala bat diren.

    Apaindura gutxiko multzo arkitektonikoa, barnean ditu Nafarroako erregeen hilobia, kripta erromaniko bitxia, Erdi Aroko Porta Speciosa ederra eta, nola ez, monje beneditarren kantu gregoriar hunkigarriak.

    Espiritua suspertuko dizu bisita horrek, zure sinesmenak edozein direla ere. Ez dugu zalantzarik.

    Leireko monasterioan egin daitezkeen planak

Planak Irunberriko eta Arbaiungo arroilen

Hori egina dago… Baina beste zerbait egin nahi badut, zer?

Ba egonaldia luzatu nahi baduzu, zaude lasai, aukera asko dituzu eta.

  • Irabiako urtegia Iratiko oihanean Iratiko oihana

    Iratiko oihana

    Kutsu magikoa duen pagadi-izeidia, non nagusi baitira natura, kirola eta edertasuna.

  • Pottokak Baztanen Baztan

    Baztan

    Natura, baserriak eta herri politak, joan-etorri baterako plan ederra.

  • Orreaga, elurtua Orreagako kolegiata

    Orreagako kolegiata

    Donejakue bidearen sarrerarik ederrena zuretzat ere zabalik da.

Jakin nahi duzu zein diren Nafarroako ezinbesteko leku turistikoak?

Zaila aukeratzen, ezta?