Artzainen lurraldea, natura lasaia eta paseoak bide berdean.

Nafarroako ipar-mendebaldeko eremu hau oso gomendagarria da mendeetako historia duten natura-inguruneetatik paseatzeko gogoz baldin bazatoz. Plazaolako bide berdean ez ezik, Aralar mendilerroan ere hamaika aukera izanen dituzu. BTT ibilbideak eta maila guztietarako mendi-ibilaldiak, eskaintza erakargarria espeleologia gustuko dutenentzat, eta Mendukiloko leizeak; Mendukilo ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula!

Horretaz gain, kultura-intereseko guneak ere badira, hala nola Aralarko San Migel Santutegi erromanikoa. Bertara autoz joaten ahal zara paisaia ederra zeharkatuz, eta merezi du, bai santutegiagatik, bai inguruan duen paisaiagatik. Begiratokia, jatetxea eta bertako produktuak saltzen dituzten postu ibiltariak ere aurkitzen ahal dituzu.

Eta Aralarren, ez dezagun ahantzi artzaintzaren kulturak sustrai sakonak dituela eta, horren ondorioz, zoratzeko moduko gaztak eta postreak egiten dituzte. Ezaguna egiten al zaizu Idiazabalgo gazta? Bada hemen aurkituko duzu.

  • Txirrindularia Plazaolaren bide berdean barna

    Plazaolako bide berdea

    Plazaolako Natur Bidea / Bide Berdea oso bide erraza da, eta oinez nahiz bizikletaz egiten ahal duzu aise aski.

    Trenbide estuko trenaren egitura egokituta sortu da; 85 kilometroko trenbide horrek Iruñea Donostiarekin lotzen zuen 1914. urtetik 1953. urtera bitarte. Gaur egun, ia 70 kilometro ditu bide berdeak, eta horietatik bi heren, gutxi goiti-beheiti, Nafarroan daude.

    Paisaiak, soinuak eta ibilbidean sentituko duzun bakea gozamen hutsa dira; hortaz, jantzi kirol-oinetakoak eta zatoz pentsatu gabe!

    Nafarroako bide berdeei buruzko informazio gehiago
  • Lagun taldea saski eta guzti, Ultzaman onddoak hartzeko prest

    Eta zer esaten ahal dugu Ultzamari buruz?

    Bada, hasteko, ikusteko arrunt atseginak diren ibar horietako bat dela, muino leun eta herri txiki xarmagarriekin. Iruñearen eta Baztanen artean dago, eta denetarik eskaintzen dizu: edonork egiteko moduko mendi-ibiliak nonahi, Nafarroa osoko tradizio handieneko golf-kluba, eta jarduerak ausarki.

    Eta haurrekin baldin bazatoz, Ultzama baserri-eskola bisitatzera joaten ahal zarete, eta zein baino zein maitagarriagoak diren asto, behi, poni eta txerritxoak ikusiko dituzue; gainera, slow-food menu bat dastatzeko aukera ere izanen duzue. Edo ehunka urte dituen Orgiko hariztian barna ibiltzen ahal zarete, edo zergatik ez? Familia osoak golf-bataioa egiten ahal duzue Pitch&Putt klubean. Egun zoragarria izanen da! 

    Beste aukera bat: onddo garaia baldin bada, parke mikologikoa ezagutzea, onddozaleen paradisua; edo tradizioa eta gozotasuna uztartzen dituen Ezti Museoa Eltso-Gerendiainen.

    Ultzamari buruzko informazio gehiago

Aralarko eta Ultzamako gastronomia

Aralarren, dastatu sagardotegiko menuatxorizoak  sagardo erara, bakailao-tortilla eta bakailao-takoa, txuletoia, gazta irasagar eta intxaurrekin, eta sagardoa nahi adina. Gainera, babarrun beltzak, txingarretan erretako haragia eta, noski, Idiazabal JD gazta ere dastatzen ahal dituzu. Izan ere, lurralde honetan esnekiak ezinbestekoak dira. Ultzaman ere nabarmentzen dira kremazko kanutiloak, gazta-tartak eta plater ospetsuena, mamia.

Aralarren, dastatu sagardotegiko menuatxorizoak  sagardo erara, bakailao-tortilla eta bakailao-takoa, txuletoia, gazta irasagar eta intxaurrekin, eta sagardoa nahi adina. Gainera, babarrun beltzak, txingarretan erretako haragia eta, noski, Idiazabal JD gazta ere dastatzen ahal dituzu. Izan ere, lurralde honetan esnekiak ezinbestekoak dira. Ultzaman ere nabarmentzen dira kremazko kanutiloak, gazta-tartak eta plater ospetsuena, mamia.