Pirinioetako bailarak
Nafarroa Kantauri itsasotik kilometro gutxira dago, Pirinioen mendebaldeko muturrean, baina eremu kontinentala ere badu, hegoaldean. Horregatik, klima eta paisaia anitzak ditugu gozagarri oso kilometro gutxitan. Iparraldean, mendi leunak dira nagusi, leize eta arroila ederrek urratuak, eta landetxe abegikorrak aurkituko dituzu tokiko arkitektura eta ohiturak mimoz mantendu dituzten herri xarmangarrietan. Ehun urtetik gorako harizti eta pagadiak dituzte inguruetan, hala nola Iratikoa edo Bertizkoa, hamaika xendra eskainiko dizkizutenak oinez edo bizikletaz gozatzeko.Txingarretan erretako haragi samurrak, zizak, gaztak eta likoreak dastatu ahalko dituzu han, gainera.
Iruña eta Donejakue bidea
Donejakue bide frantziarra, tradizionala, Orreagatik sartzen da Espainiara. Zinez kondairazko tokia da hori. Gero, Erdialdeko lur gorabeheratsuak zeharkatzen ditu, monasterio, eliza eta zubi erromaniko eta gotiko ederrak atzean utzita. Hurbil, ipuinetakoak diruditen gazteluak daude, Erriberrikoa edo Xabierrekoa, adibidez. Bideak Iruña ere zeharkatzen du. Sanferminek ematen diote mundu-mailako ospea, baina urtearen gainerakoan ere hiri atsegin eta abegitsua da. Berdea, harresitua, unibertsitarioa, eskaintza kultural handikoa eta aparteko giroa duena alde zaharrean, non pintxo ospetsuak probatu beharko dituzun.
Verduras y desierto
Hegoalderantz jarraituz gero, olibadiak eta mahastiak topatuko dituzu. Nafarroa jatorri-deiturako ardoak ekoizten dira azken horietan. Baratze emankorrak ere ikusiko dituzu, Erriberako piper, orburu eta zainzuri ospetsuen sorburu direnak. Eta ezusteko ederra ere hartuko duzu: Bardeako desertua, natura-eremu babestu zabala, latitude horietan espero ezingo zenuena.
Lortu dugu zugan Nafarroa ezagutu eta dastatzeko gogoak piztea?
Zure zain gertatzen gara!