
Kargatu zure auto elektrikoa edo alokatu bizikleta bat
Nafarroara auto elektrikoarekin etortzen bazara edo bidaia jasangarri hori “modu kontzientean” egiteko auto elektriko bat alokatu nahi baduzu, kargatzeko honako gune publiko hauek dituzu eskura.
Bizikleta tradizional edo elektriko bat ere aloka dezakezu, eta gure bide berdeetan, BTT guneetan edo Donejakue bideko zati batean barrena ibili. Informazio gehiago lortzeko, egin klik hemen.


Ostatu jasangarriak
Ingurune natural pribilegiatuetan ostatu-kopuru handienetakoa duen autonomia-erkidegoetako bat da Nafarroa.
Aukera ezazu landetxe, kanpin, aterpetxe eta ostatu berezi ugariren artean. Kokatuta dauden agertoki naturalak balio erantsi handia ematen die, gainera. Bertaratzen zarenean nabarituko duzu lo egite hutsaren eta naturak transmititzen digun lasaitasun paregabe horrekin atseden hartzearen arteko desberdintasun handia.
Halaber, beren kudeaketan eta zerbitzuetan gero eta praktika jasangarri gehiago sartzen dituzten hotelak, ostatuak eta apartamentuak aurkituko dituzu.
-
Nafarroako landa-turismoko ostatuak
Nafarroa aitzindaria izan zen bertako kulturarekin uztartutako turismo-mota bat proposatzen, bertakoen etxeetatik transmitituko zena.
Bizi ezazu tradizioak, benetakotasuna eta ingurumenarekiko errespetua bizirik irauten duten herri eta herrixka txikietan kokatutako baserri zoragarrietan ostatu hartzeko esperientzia.
Landa-turismoko ostatuen eskaintza aldatu egin da eta, gaur egun, landa-turismoko proposamenak, jatetxeak edo ingurunean egiteko jarduerak eskaintzen dira.
Ostatu hartu nahi al duzu Nafarroako landetxe onenetan? Ezagut itzazu hemen.
-
Ostatu paregabeak
Ama naturarekin harreman handiagoa izateko, ez dago aukera hoberik harekin bat egiten duen ostatu bat aukeratzea baino!
Inoiz ez bezala egingo duzu lo: haitzulo baten barruan, lurraren erraietan murgilduta, ehun urtetik gorako haritz baten gainean eraikitako zurezko etxetxo batean, basora begira dagoen iglu baten barruan, edo haranaren erdian dagoen luxuzko txabola batean.
Gustatuko al litzaizuke naturarekin bat eginda sentitzea? Hala bada, kontsultatu Nafarroako ostatu berezien zerrenda. Hemen duzu.
-
Kanpinak eta bungalowak
Beste aukera bat kanpin batean ostatu hartu eta denda tradizional batean izarren azpian lo egitea edo bungalow eroso bat edo egurrezko txabola erakargarriak erabiltzea da.
Egin erreserba Nafarroako kanpin batean, hemendik.
-
Ostatu jasangarriak
Eta jarduera jasangarriekin lan egiten duen establezimendu batean lo egin nahi baduzu, esteka interesgarri hau gehitzen dizugu:
Booking-en “Bidaia jasangarrien programako ostatuak”: 60 hotel, etxebizitza, apartamentu eta landetxe inguruko zerrenda, xarmaz eta luxuz hornituak, eraikin historikoetan kokatuak eta jasangarritasunaren alde lan egiten dutela egiaztatzen duten balorazio oso onak dituztenak. + Info
.jpg)
Jakin ezazu nola egin daitekeen bidaia jasangarri bat Nafarroan barrena
Igerileku naturalak
Pirinioek eta hango baso, haran eta ibaiek, Errege Bardeako basamortuak, zintzurrek, ur-jauziek, iturburuek... eskaintzen dizkiguten inguru naturalek Nafarroako Erresuma honen biodibertsitate izugarria islatzen dute, hemen elkartzen diren hiru klimek sortzen dutena: alpinoa, atlantikoa eta mediterraneoa. Natura hori zegoen bezala mantendu da, bertako biztanleen kontzientziagatik nahiz herriak eta ingurumena zaintzeko hartu diren neurriengatik.

-
Parke eta erreserba naturalak
Nafarroak 9 eskualde ekologiko, 44 ekosistema-mota, 53 habitat interesgarri, 3 parke natural eta erkidegoaren intereseko 42 leku ditu.
Iberiar penintsulako animalia-espezieen %15 hemen dago. Nafarroan, letra larriz idazten da Natura, eta ia nonahi senti dezakezu.
Hori dela eta, gune horietako batzuk gure webgunean ikustera animatzen zaitugu eta, konkistatzen bazaitugu, zatoz bertatik bertara ezagutzera eta haietaz zuzenean gozatzera.
Bertizko, Errege Bardeako eta Urbasa-Andiako parke naturalez ari gara, edo Iratiko basoaz, Baztan bailaraz, Urederraren iturburuaz eta Irunberri eta Arbaiungo arroilez.
-
Igerileku naturalak
Freskatu egin nahi duzu bero handia egiten duenean eta lasaitasunez eta naturaz inguratuta freskatu nahiko zenuke? Hala bada, igerileku natural batek emango dizu behar duzun guztia.
Murgilaldi freskagarria egin dezakezu putzu, urtegi edo ibai freskoetako putzuetan edo ur gaziko iturburuetan. Horrelako dozena bat eremu baino gehiago daude Nafarroan. Eremu horietako uraren kalitatea eta bainurako baldintzak Ingurumen Departamentuak gainbegiratzen ditu, beraz, segurtasuna eta dibertsioa bermatuta daude.
-
Mendi-ibiliak eta BTT, aire garbiz betetzeko
Inguruan ditugun soinuak bakarrik entzunez oinez ibiltzea edo pedalei eragitea, elkarrizketa onaz edo isiltasunaz gozatzea, gure ingurunea behatzea eta ingurune hori gure erretinan betikotzea, Nafarroak eskaintzen digun ibilbide-sare ikaragarrian mendi-ibiliak edo zikloturismoa egiten ditugun bitartean eskura ditugun plazer txikiak dira. Ezagutu gure GR-ak eta tokiko bidexkak, ermitetatik igarotzen direnak, ibaien aldamenean doazenak, urtegiak eta herriak inguratzen dituztenak, edo basoaren sakonean murgiltzen gaituztenak.
Animatzen al zara kapritxo horiek betetzera? Hala bada, gehitu Nafarroako bidexkei eta zikloturismoari buruzko informazioa.
Jarduera interesgarriak, jostagarriak eta oso ekologikoak!
Kultura, natura eta turismo aktiboa konbinatu nahi badituzu, baina ingurumena eta tokiko kultura errespetatuz, ideia batzuk emango dizkizugu
-
Joan orrialdera
Kultura-bisita gidatuak
Nafarroako hirigune historiko eta monumenturik garrantzitsuenak ezagutu nahi badituzu, baina beste norbaitek kontatuta ezagutu nahi badituzu, hartu parte bisita gidatuetan, antzeztuetan, haurrentzakoetan... Ibili, entzun eta harrituta geratu.
-
Joan orrialdera
Nafarroako baserri-eskolak
Natur ingurunearekiko errespetuan txikitatik hezteko, ez dago animaliekiko harreman zuzena aprobetxatzea baino gauza hoberik. Dibertitu egingo dira balioak barneratzen dituzten bitartean.
-
Joan orrialdera
Praktikatuko al dugu turismo aktibo naturala?
Entzun ura ibaian barrena isurtzen edo hegaztien soinua, usaindu belarra, sentitu haizea, goizeko freskotasuna eta naturaren bakea, pultsua bizkortzen den bitartean.
-
Joan orrialdera
Abentura-parkeak
Hori bai dela naturan murgiltzea. Mendi batetik bestera eramango zaituen tirolinatik zintzilikatu, via ferrata bati jarraitu, arroila-jaitsiera egin eta dena parke beraren barruan! Natura eta emozioa erdizka.

Baratzetik mahaira
Bertako produktu freskoa dastatu nahi baduzu, gure jatetxeetara joan eta menua dasta dezakezu!
Erriberako baratzeko produktuekin hasiko gara: zainzuri-krema epela, pikillo-piper zaporetsuak, barazki-menestra gozoa, itsaskiz betetako zerba-orrimamiak eta orburu-bihotz samurrak.
Ondoren, Iruñerriko arkume-saiheskiekin, Estellerriko txerrikume errearekin eta Pirinioetako txekorrarekin jarraituko dugu, eta Erdialdeko mahastietatik ateratako Nafarroa JDko ardo bikainarekin uztartuko ditugu. Sagardoa egiteko bere sagarrak erabiltzen dituen sagardotegi batean idi-txuleta bat jan nahi baduzu, erreparatu proposamen honi eta ez geratu irrikaz.
Eta azkenburukoa? Gure larreetan bazkatzen diren ardi eta behien esnea erabiliko dugu Erronkari edo Idiazabal JDko gazta irasagarrarekin, mamia edo kremadun tututxoa eskaintzeko. Amaiera emateko, digestioa egiten laguntzen duen gure likore nagusia eskainiko dugu, hain zuzen ere Nafarroako JDko patxarana.
Eta hori ez da dena! Boilurrak, onddoak, Zangozako potxak, txistorra, kardua eta olioa ere baditugu, horietako asko JD edo Reyno Gourmet zigilua dutenak.

Slow food jatetxeak
0 km-ko jatetxeetan, bertako sukaldariek eta ekoizleek talderik onena osatzen dute, eta lurralde bereko eta sasoiko produktu bat proposatzen digute ahora eramateko, mimoz eta sormenez egina. Aldi berean, plateren estandarizaziotik ihes egin eta kultura tradizionala errespetatzen dute. Bikote perfektua, ez al zaizu iruditzen?
Slow food filosofia horrek karbono-aztarna murrizteko konpromisoa du, eskualdeko eta urtaroko produktuen kontsumoa bultzatzen du eta elikagai transgenikoak saihesten ditu.
Esperientzia gastronomikoak
Nondik datoz ahosabaia gozatzen diguten produktu hauek guztiak?
Boilur- edo mikologia-arloko esperientzia batean parte hartu, pasta ekologikoen tailer bat bisitatu, lupulu-eremu batean sartu eta zeure garagardoa egin, eztigintzako lantegi bat bisitatu, mahasti batean ibili eta upategian ardoa dastatu, edo eihera batean gauza bera egin olioarekin, artaldeari lagundu, gaztandegia ezagutu eta gazta dastatu nahi baduzu, baduzu aukera. Eta zer deritzozu gatzaga bat bisitatu eta gatz ekologikoak dastatzeari?
Proposamen gastronomiko hauek eta beste batzuk interesatzen bazaizkizu, planen atalaren bidez informazio gehiago lor dezakezu.


Arkakuso Azoka, Ekomerkatuak eta Ekoplanak
Iruñeko Ekomerkatua
Nafarroako ekoizpen ekologikoa hileko lehen larunbateko goizetan aurkezten da xarma handiko leku batean, hain zuzen ere hiriburuko autobus-geltoki ohian. Sentsibilizazio-eremu horretan, garaian garaiko jaki freskoak nahiz janari prestatuak eros ditzakezu, ekoizleengandik zuzenean, dastaketez, tailerrez, erakustaldiez edo musikaz gozatzen duzun bitartean... Ordutegia: 09:30etik 14:00etara, informazio +
Iruñeko Arkakuso Azoka
Ekomerkatuaren data berean, azoka txiki bat egiten da San Jose plaza politean, katedralaren ondoan. Azoka horretan, produktu guztiak birziklatu egiten dira eta bizitza berria hartzen dute. Dakizun bezala, era guztietako objektuak erakusten dira; beraz, hurbildu eta miatu, ziur harrituko zaituen zerbait aurkituko duzula. Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara. (Uztailean izan ezik)
Ekoplanak Nafarroan barrena
Nafarroako ekoizle ekologikoek beren instalazioak bisitatzea proposatzen digute, bertatik bertara ezagutzeko nola ekoizten diren, besteak beste, ardoak, olioak, pastak, almendrak eta arrautza ekologikoak. Gainera, eguna biribiltzeko, inguruan ibilaldi polit bat egitea eta eskaintza gastronomikoak ere proposatzen dizkigute. + info