.jpg)
Ibilbidea Nafarroako Pirinioetan: Orreaga - Iratiko ohiana - Erronkari

Ibilbidea Nafarroako Pirinioetan
- Ezinbestekoak: Orreaga eta Iratiko ohiana
- Mapa
- Bidearen atea
- Iratiko ohiana, Aezkoa eta Zaraitzu
- Erronkaribar
- Artzibar
- Turismo aktiboa
- Gastronomia
- Agenda eta enpresak antolatzen dituzten jarduerak
Eskualdeko ezinbestekoak
-
Orreaga
Orreaga
-
Iratiko ohiana
Iratiko ohiana
Nafarraoako Pirinioa eskualdeko mapa turistikoa
Kokatu Nafarroako Pirinioko mugarriak mapan

Bidearen atea, Pirinio beea eta pagadi ikusgarriak
-
Luzaide
Bidea Donibane Garazin (Frantzia) hastea erabakitzen baduzu, Luzaidetik edo Napoleonen Ibilbide ezagunari jarraituz iritsi zaitezke Orreagara. Bigarren ibilbide hori askoz gogorragoa da eta azaroaren 1etik martxoaren 31ra itxita dago. Hori bai, paisaia ederrak eta ikuspegi panoramiko zirraragarriak izango dituzu bietan.
Luzaide herri txikia da eta Donejakue bidearen aztarnek eta bere kondairazko iragan epikoak bat egiten dute bertan; inguruko amildegietan, baskoiek Karlomagnoren tropak garaitu zituzten 778. urtean. Ez alde egin Orreagako Batailaren erakusketa-zentroa ikusi gabe, Erdi Aroko gudu garrantzitsu horri buruzko guztia azalduko baitizute.
Paisaia hostotsua da, malkarra, eta egun bereziren batean bertatik pasatzen bazara, adibidez Pazko Igandean, bolanten dantzez gozatu ahal izango duzu; herriko nortasunaren ezaugarririk ezagunenetako bat dira.
Orreagako Batailaren erakusketa-zentroa bisitatu nahi dut -
Orreaga
Bideak zeharkatzen duen Nafarroako lehen herria Luzaide den arren, beti hartu izan da Orreaga Donejakue bidearen penintsulako ataritzat: erromesentzako lehen ospitalea izan zen XII. mendean eta harrera-zentro erlijioso izan da geroztik. Horregatik, handik abiatzen dute bidaia hamaika erromesek urtero.
Leku txiki bezain polita da, eta oso gomendagarria da bisitatzea, arkitekturaren aldetik duen garrantziagatik —gotiko frantses ederra, zinez—, inguruaren edertasunagatik eta garrantzi historikoagatik.
Orreaga buruzko informazio gehiago -
Auritz eta Aurizberri, kale-herrien adibideak
Eta, inguruko herriak bisitatu nahi badituzu, Auritzera edo Aurizberrira joatea gomendatzen dizugu —kale-herrien adibide politak dira—.
Hilerri hilarridunak eta paisaia berdeak topatuko dituzu, baita Pirinioetako arkitektura ere, made in Nafarroa zigiluduna.
-
Esteribar
Eta aurreraxeago, Esteribar dugu, gertukoa bezain ezezaguna. Ezagutu bertako edertasuna, izaera propioa ematen dioten bere altxorren bidez:
- “Argako zubiak, Esteribarko hariak”: horra hor hamar leku enblematiko bisitatzeko proposamena, Eugiko urtegia eta Kintoko basoa horien artean.
- Kintoko basoa. Galdu zaitez paraje natural horretan barna, eta besarkatu ehunka urteko pagoak. Lasaitasuna eta aire purua izango dituzu sari. GR edo Eremua ibilbideak balia ditzakezu horretarako.
- GRen arteko mendi-ibilaldiak
- BTT espazioa eta Trail Eremua
- Eugiko arma-fabrikaren aurriak
- Donejakue bideko etapa: Zubiri-Iruña (wikiloc)

Iratiko oihana, Aezkoa eta Zaraitzu
Iratiko oihana bizi egin behar da. Gure Pirinioetako altxorra da: pagoz eta izeiz osatutako baso ikusgarria da, urtaro bakoitzean kolorez aldatzen dena. Nafarroan, Aezkoa eta Zaraitzu ibarrak hartzen ditu, eta, Nafarroa Beherean (Frantzia), Garazin eta Zuberoan barna hedatzen da.
Hona hemen ibarretako alderdi erakargarrienen zertzelada batzuk, ideia bat egin dezazun:
-
Aezkoa
Mendi eta amildegien artean, 9 herri ditu ibarrak, landa-eremuko herri-arkitekturaren irudi bizia: teilatu gorriko etxeek, harrizko zubiek eta garai bitxiek paisaia ederrak irudikatzen dituzte. Nonahi aurkituko dituzu ibarrean txoko xarmagarriak
- Orbaizetako arma-fabrika
- Azpegiko megalitoak eta Harpea kobazuloa
- Garaien ibilbidea
- Hilarrien lorategia eta labirintoa
- Bidexkak eta BTT ibilbideak
- Arrantza, marrualdia, onddoak eta hegaztien behaketa
- Begiratoki txundigarriak
-
Zaraitzu
Ibarrak hamaika aukera eskaini eta ipuin batetik ateratakoak diruditen herriak ditu. Pirinioetako arkitektura, eraikin gotiko eta erromanikoak eta disko-formako hilarriak gorde dituzte herriek, abeltzaintza-izaera handikoek. Hona hemen eskaintzen dizun guztia:
- Herri xarmagarriak, tartean Otsagabia, Ezkaroze eta Jaurrieta.
- Otsagabiako Naturaren Interpretazio Zentroa
- Muskildako Andre Maria santutegia
- Bidexkak eta bizikleta-bideak
- Iratiko Etxeak harrera-zentroa
- Irati-Abodi mendi gunea
- Besta tradizionalak

Erronkaribar, Pirinioetako ibar nagusia
-
Erronkaribar
Erronkaribar bertako iragan historikoan eta tradizioetan murgiltzeko da. Zaporez betetako 7 herri eder ditu: kale harriztatuetan barrena paseatzeko ezin hobeak dira, etxetzar izugarriak, bi isurikoak, arbelezko teilatuak dituztenak, elurra botatzen duenerako, lagun dituzula. Hona hemen ibarra ezagutzeko ideia batzuk:
- Burgi: lanbideen pasealekua duzu gozagarri, antzinako bizimoduak eta ogibideak irudikatzen dituena. Bidea behatoki bateraino iristen da, eta Burgiko arroilaren ikuspegi ederrak daude handik. Ibarrean, ofizio guztien artean almadiazainarena zen nagusi, eta horregatik ospatzen da udaberrian Almadiaren Eguna. Eta, tradizio horri buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Almadiaren Museoa ere bisita dezakezu..
- Erronkari: ez galdu aukera eta bisitatu Julián Gayarre tenorearen Museo-Etxea eta hilerrian dagoen bere Mausoleoa.
- Izaba: mendizaletasuna dario herri turistiko horri, Nafarroako Pirinioetako gailur altuenetara iritsi aurreko azkena baita. Ez galdu Memoriaren Etxea, ibarreko ohituren inguruko museoa. Belabartzeko ur-jauzia jomuga duen bidexka ere handik abiatzen da.
- Belagua eta Larra-Aztaparretako Erreserba Naturala
-
Larra-Belagua
Paisaia malkartsua bilatzen baduzu, Belagua eta Larrako mendigunea dira bilatzen dituzun tokiak.
Jatorri glaziarreko ibarra da Belagua, Nafarroa osoan bakarra. Bazter liluragarria da bere ezaugarri geologikoak direla eta. Han dago Larrako Erreserba Naturala, Europako mendigune karstiko handienetako bat. Paraje zoragarria da, edertasuna berezikoa, non mendi-pinuek ahal bezala aurrera egiten baitute kareharrizko harkaitzen artean.
Eta, barrenean, lur azpiko mundu bizi-bizia. 3.000 leize baino gehiago eta ehunka kilometro galeria espeleologiaren zaleen gozamenerako, baita lurpeko ibaiak ere. Leizerik garrantzitsuena eta ezagunena San Martingo harria da: 1.410 metroko sakonera du. Paraje horretan, gainera, Hiru Behien Zerga egiten da. Frantziako bizilagunekiko senidetasuna ospatzen da aspaldi-aspaldiko jai horretan, zehazki.
Mendia atsegin baduzu, eskia, erraketak eta mendi-ibilaldiak egin ahalko dituzu. Hamaika ibilbide dituzu horretarako. Sasoi onean bazatoz, anima zaitez Hiru Erregeen Mahaia igotzera: 2.442 metrorekin, Nafarroako tontorrik altuena da, ausartentzat baino ez. Ingurua beharrezko azpiegiturez hornituta dago:
- Larra-Belaguako Eski Nordikoko Zentroa
- Belaguako aterpea: mendizaletasunaren ikurra, Nafarroako Pirinioetako goi-mendiko aterpe bakarra.

Artzibar ezezaguna: iraganbidea
Pirinioaurretik Pirinioetara iragango zara. Urrobi eta Irati ibaien artean, pago eta arteen artean, ardi eta behien artean... Ibar duala, ezezagun-ezezaguna, zur eta lur utziko zaituena. Honako hauek ezin dituzu galdu:
- Nagoreko urtegia: udan, bainurako gune bilakatzen da. Urtegiko bidexkan zehar, urtegiaren itzulia egin daiteke.
- Artziko eliza, landa-erromanikoko harribitxia.
- Galtzada erromatarra: minerala erauzteko, merkantziak garraiatzeko eta legioak lekualdatzeko milaka urteko bidexka. Bideak Pirinioetako igarobide menditsua (Orreaga) eta Nafarroako erdialdea elkartzen ditu. Kontsultatu ibilbidea wikiloc-en
- Landa-turismoaren adibideak
- Agroturismo Maricruz: txabolak zuhaitzetan, baratzea eta abeltegia... landa-munduan murgildu nahi duten familientzako paradisua.
- Bestalde, Torre de Uriz landa-hotela dugu, dotorea: Erdi Aroko dorre baten gainean berreraiki zuten, eta luxuz inguratuta har dezakezu ostatu.
Turismo aktiboa kirola maite dutenentzat
Turismo bulegoak Pirinioetan
-
Orreaga
-
Otsagabia
-
Erronkari
Gastronomia
Hemen, gastronomia herrien tradizio eta ohiturekin lotuta dago. Horregatik, honako plater hauek ez dute hutsik egiten:
- Txahal-edo moxal-txuleta gozo-gozoak
- Arkume-saiheskiak pikillo-piperrekin
- Ehizaki-gisatuak udazkenean eta neguan (basurdea, oreina, usoa...)
- Sasoiko perretxikoak (onddo beltza, adibidez)
- Txistorra, etxe guztietan
- Esteribarko betekia (arrozez egindako hestebete zuria)
- Ogi-apurrak zaraitzuar edo erronkariar erara.
- Amuarraina nafar erara (frijitua urdaiazpikoarekin)
- Agoizko kostrada, bekatu oso-oso gozoa.
- Ardi latxen esneaz egindako Erronkaribar J.D-ko gazta ondua, irasagarrarekin eta intxaurrekin; ezin hobea da postrerako edo, ardo on batek lagunduta, otorduen artean jateko.
- Patxarana, bazkariak ongi bukatzeko digestibo ezin hobea.
Dena gozo-gozoa, ikusiko duzu!

Pirinioko agenda
Ikusi inguruko enpresek antolatzen dituzten jarduera guztiak
Azken gomendioak, gastronomiarekin loturik. Hemen ezin hobeki prestatzen dituzte, besteak beste, txuleta ederrak, arkume-saiheskiak eta ehizako gisatuak —larrazkenean, usoak fin-fin—, baita onddo eta amuarrainak ere. Eta Agoitzera joaten bazara, kostrada, bekatu gozo-gozoa.