2022.05.30
5 BIDEXKA URAREN ERTZEAN
Beroa eta eguzkia iristean, ez dago gauza hoberik ibai, urtegi eta iturburuen ertzean mendi-ibiliak egitea baino.
Irakurri gehiago
2022.09.27
Udazkena etorri da, eta indarberritzeko toki bila hasteko gogoa ere bai.
BlogHala, hiru ideia proposatzen dizkizugu azaroko zubian ihesaldi ezin hobeaz goza dezazun Nafarroara etorriz hemengo urtarorik ederrenetako batean eta gastronomia, kultura eta natura uztartuz zure egonaldian.
Zatoz Iruñera eta ibil zaitez harat-honat alde zaharreko karriketan zehar. Ibili hiriko harresi eta txokorik berezienetan barna, hala nola Zaldi Zurian edo harresien ondoko ingurabidean barna; egin argazki bat Udaletxe plaza ospetsuan, txupinazoarekin batera sanferminak hasten diren tokian berean; erosi artisau-produktuak Estafeta kale ospetsuan eta ingurukoetan dauden gourmet denda txikietan, eta dasta itzazu ahal bezainbat pintxo bertako taberna famatuenetako edozeinetan. Denbora askorik izanen ez duzunez, agian onena duzu bisita gidatu bat kontratatzea hiri polit honetako sekretu guztiak ezagutzeko.
Bazkari eta afarietarako, gure aholkua da mahaia erreserbatzea beren platerak bertako jakiekin prestatzen dituzten jatetxeetako batean, esaterako, VerduArte-n, Baluarte Biltzar Jauregiko lehen solairuan: hango bista paregabeak osagarri ezin hobeak izanen dira zure otorduan eta, Nafarroako barazkien muinaz disfrutatzeaz gain, bertako sukaldaritza txit pertsonalaz gozatuko duzu, bai eta jakiak aurkezteko duten molde abangoardistaz ere.
Hamabi jatetxea ere arras aukera ona da, San Domingoko merkatuan.
Jatetxe sofistikatu horrek sasoiko plater bikainak eskaintzen ditu chic landatar estiloko aletegi eraberritu batean. Iruña zaharreko antzinako ostatuetan prestatzen ziren errezeta tradizionalak berrasmatu ditu jatetxeak, eta hagitz egungoa den ukitu bat eman die. Horrez gai, jakiak prestatzeko sasoiko produktuak erabiltzen dituzte, merkatuan berean erosiak.
Modu informalagoan eta giro onean jatea gustatzen bazaizu, Gaztelu Plazako jatetxeetako terrazaren bat aukeratzea duzu onena, edo pintxotara joatea kale hauetako edozeinetara: San Gregorio, San Nikolas, Estafeta, Mercaderes, Navarrería edo Orreaga.
Hemen duzu informazio gehiago Iruñari buruz eta Nafarroako gastronomiari buruz.
Nafarroara etortzen zaren lehen aldia bada Erriberriko Errege-erreginen Jauregia ezagutu beharra duzu. Erakargarri turistiko nagusietako bat da: ikusi orduko jakinen duzu zergatik. Ibil zaitez hango ganberetan barna: altzari eta edergarririk ez gaur egun, baina oparo apainduak egon ziren antzina. Igo zaitez dorreetara bertako eskailera kiribil dibertigarrietan gora. Begira egiezu han goitik mahastiek mendez mende harturiko lurrei. Joan zaitez Leonor erreginaren lorategi eseki ederrera, ongizatez betea sentituko baitzara Arkuen Aretoak eutsitako eraikuntza bitxi horretara iristean. Eta jakin ezazu zertarako erabiltzen zen harresiaren behealdean dagoen harrizko arrautza erraldoia.
A! Eta ezin zara inolaz ere Erriberritik joan upeltegiren bat bisitatu gabe, zerbaitengatik deitzen diogu-eta “ardoaren hiriburua”, ezta Nafarroako beste plan enoturistikoren batean parte hartu gabe ere. Bisitak, dastatzeak, piknikak, mahasti arteko pasealdiak, tourrak scooterrean, ziur gaude tentaldian eroriko zarela!
Eta Nafarroako turismo-leku gailenez ari garenez, Errriberriz gain baditugu beste toki bikain batzuk ere zure ihesaldian bisitatzen ahalko dituzunak. Begiratu gure ezinbestekoen zerrenda.
Nafarroa udazkenean bisitatzea pribilegio bat da. Luxuzkoa baita elezaharretakoak diruditen basoetan murgiltzea eta egur hezearen lurrina nabaritzea, pagadi eta harizti eder horiek kolore beroz janzten ikustea, ur-jauzi erromantikoak begiztatzea, orbelezko tapiz lodien gainean ibiltzea... Abagune ezin aproposagoa da gure zuhaitz handientsuen abaroan ibiltzeko, naturaren soinuez gozatzeko eta indarberrituko gaituzten baso-bainu ederrak hartzeko. Hartu arnasa sakon, bat egin udazkenaren kolore gorri-horiekin, larrazkenaren soinuekin, ehundurekin, giroarekin... Utzi ama naturari zu liluratzen eta bere magalean bil zaitzan.
Ezagutu Nafarroako mendi-ibilien plan guztiak.
Eta natura-bainu bat hartzeko irrikaz bazaude eta egiaz harrituko zaituzten bazterrak ezagutu nahi badituzu, imajinatu ere ezin duzun toki bat daukazu zain Nafarroan. UNESCOk biosfera-erreserba izendaturiko natura-parkeaz ari gara; hegoaldean dago eta 40.000 hektarea baino gehiago ditu: Errege Bardeako basamortua. Oinez edo bizikletaz zeharkatu dezakezu, edo ibilbide zirkular bat egin autoz, eta hango bazterrik harrigarrienera iritsi: Bardea Zuria. Gainera, udazkena une aproposa da tenperatura atseginak dituelako. Eta, hegoaldeaz ari garenez, biribildu zure eguna Tuterara joanez, hirian barna paseatuz eta barazki gozoz eginiko plater on bat dastatuz, barazkiak baitira hango gastronomiaren izarrak.
Nafarroako beste paisaia eder batzuk ezagutzeko, begiratu hemen.
ikusienak
2022.05.30
Beroa eta eguzkia iristean, ez dago gauza hoberik ibai, urtegi eta iturburuen ertzean mendi-ibiliak egitea baino.
Irakurri gehiago
2023.02.21
Ba al zenekien Nafarroan basamortu bat dagoela telesail, film eta publizitate-iragarkietarako agertoki famatua dena? Errege Bardea da, forma magikoz beteriko tokia, beste planeta batean zaudela sentiaraziko dizuna. Isiltasuna baino ez dagoen txokoak...
Irakurri gehiago
2022.03.22
Sagardotegira joatea da gastronomia eta adiskidetasuna hobekien bateratzen dituen jardueretako bat. Txotx! entzutearekin, mahaitik edalontzia hartu eta sagardotegiko nagusiak irekitako kupelera hurbildu, tradizioari jarraituz. Sagardo bikainak...
Irakurri gehiago