2022.05.30

5 BIDEXKA URAREN ERTZEAN

Beroa eta eguzkia iristean, ez dago gauza hoberik ibai, urtegi eta iturburuen ertzean mendi-ibiliak egitea baino.

Blog

Izan ere, Nafarroan ura protagonista duten askotariko bideak daude. Oinez ibiltzea uraren soinu erlaxagarria entzuten duzun bitartean, ur-lasterren mugimendu apetatsua behatzea, ibaian sartu-irten bat egitea bat-batean, haurtzaroa gogoratuta eta beroa desagertzen dela eta zure energia hedatzen dela sentituta... Horiek dira uraren ertzean dauden 5 bidexka horiek eskaintzen dizkizuten aukeretako batzuk.

URAREN BIDEA

Doneztebetik gora, zuhaitz mardulen eta herrixka dotoreen artean, Ezkurra ibaiaren ertzeko bide honek itzala eta freskura baino askoz gehiago eskaintzen ditu.  Harrizko bideak, baserriak, larreak eta baita errota ekomuseoa ere. Eta amaiera bikaina: ibilbide idilikoa hurbileko Baztanen barna.

LARRAUN IBAIAREN ITURBURUA

Iruñetik ordu erdira, ipar-mendebalderantz, landare artean ezkutatzen da bidexka zirkular hori Iribasko iturburuetara abiatzen dena. Horietan sortzen dira Ertzilla errekastoaren eta Larraun ibaiaren urak, Aralarko kare-haitzetatik, hain zuzen ere. Bi ur-jauziek paisaia zizelkatzen dute, eta haien bideak ezin aproposagoak dira familiarekin ibiltzeko.

NAGOREKO URTEGIKO IBILBIDEA

Ura ikusi bezain laster, pulunpatzeko gogoa pizten zaizu beti? Orduan, hauxe da zure bidexka. Nagoreko urtegia Pirinioen behealdean eraiki zen aisialdiari begira, eta bi bainu-eremu egokitu ditu. Beraz, ezin hobea da familiarekin gozatzeko edo taldeko jarduerak egiteko. Bidexka zirkular hori egiteko, ordubete baino pixka bat gutxiago behar da, eta horretan barna Nafarroako landa erromanikoko aparteko monumentu bat ikusteko aukera izanen duzu: Artziko Andre Maria eliza.

ARAGOI IBAIAREN IBILBIDEA

Aragoi ibaiaren ertzetan, Zarrakaztelu, Murillo el Fruto, Santakara eta Melidan barna, ibaiko ibilbide freskagarri bat egin dezakezu, urari jarraituz Ebro ibairako bidean. Eremu horretako biodibertsitateaz gozatzeaz gain, pasealeku atsegin horrek aukera ematen dizu bidetik aldentzeko eta Nafarroako Erdialdeko ondare historikoaren zati bat ezagutzeko, hala nola Olivako Monasterioa eta Santakarako dorrea.

UBAGUAREN ARROILA

Nolabaiteko zailtasunaren eta abenturaren bila bazabiltza, hemen dituzu!: 12 kilometro pasatxoko ibilbidea, Ubagua ibaiaren soinuak lagun dituena.  Ibilbide horretan, Urbasa-Andia parke naturaleko paisaia ederra da protagonista, eta hamaika landare-espezie daude, hala nola arteak, pinuak eta pagoak. Ibilbide horren eragingarrietako bat da Ubaguaren urak zeharkatzea zubi tibetar batetik. Nor ausartuko da?

Ikusten duzunez, Nafarroa ezin hobea da naturan murgiltze freskagarri bat egiteko. “Bestelako turismoa” deritzon horretaz gozatzeko behar duzun informazio guztia eskuratu dezakezu “Nafarroako mendi-ibiliak” aplikazioan. Han izanen duzu kokapenari, denborei, zailtasun-mailari edo baliabideei buruzko guztia, konexiorik ez izan arren. Deskargatu IOS eta Android sistemetarako.

Tag-en hodeia: