2024.07.03
San Fermin festaren inguruko gidaliburua: Guztia Iruñeko sanferminei buruz
BlogSan Fermin festa: jakin behar duzun guztia
Sanferminak munduko ospakizun ezagunenetako bat dira. Urte oro, uztailaren 6tik 14ra, Iruñeak tradizioa, kultura eta dibertsioa uztartzen ditu ospakizun paregabe batean. Milaka lagun etortzen dira planetako bazter guztietatik sanferminak ezagutzera. Entzierro ospetsuak ez ezik, festa-giroa, gastronomia eta kultura-oparotasun handia ere dituzte gozagarri.
Nazioarteko Interes Turistikoko Jaia izendatu dute, eta Espainiako unibertsalenetako bat jotzen da. Zezenen aurrean lasterka egiteko aukeraz gain, festa kaleetan, alaitasun partekatua eta komunitate-sentimendua dituzte ezaugarri sanferminek.
Gida honek erakutsiko dizu zer diren sanferminak, beren ekitaldi nagusiak eta zer bilakaera izan duten historian zehar, baita Iruñeak festetan zehar jasangarritasun, bizikidetza eta segurtasunaren alde egin duen hautua erakutsi ere.
Zer da San Fermin festa?
Sanferminak San Ferminen omenez ospatzen dira, hots, Iruñeko lehen apezpiku eta Nafarroako bi zaindarietako baten omenez. Bederatzi egunez, hiria zuri-gorriz janzten da, garbitasun eta pasioaren ikur, eta munduko festa kitzikagarrienetakoak diren hauek bertatik bertara bizitzera datozen milaka bisitari hartzen ditu.
Ekitaldi ospetsuena entzierroa da, non lasterkariek eta zezenek 875 metroko tarte bat egiten baitute elkarren ondoan, Iruñeko San Domingoko aldapatik zezen-plazaraino. Baina askoz gehiago da San Fermin festa: santuaren omenezko prozesio tradizionala, erraldoi eta buruhandien konpartsa, kontzertuak eta ekitaldiak adin guztietakoentzat, gastronomia tipikoa eta, gau oro, su artifizial ikusgarriak.
Agertoki paregabea bilakatzen da Iruña egun horietan, festa bazter guztietan bizi delarik atsedenik hartu gabe.
Sanferminetako ekitaldi nagusiak
Programazioa oparoa bada ere, badira huts ezinezko ekitaldiak sanferminak ezaugarritzen dituztenak.
- Txupinazoa (uztailak 6, 12:00etan): Iruñeko udaletxetik jaurtitzen den suziri horrek festen hasiera ofiziala iragartzen du. Udaletxe-plazan bizi daiteke bertatik bertara, baina balkoi batetik ere ikus daiteke, edota hiriko toki estrategikoetan jarritako pantaila erraldoietan.
- Entzierroak (uztailak 7-14, 08:00etan): goiz oro, ehunka lasterkarik zezenei aurre egiten diete 875 metroko tarte batean zezen-plazaraino, beste milioika batzuek zuzenean ikusten dutelarik.
- San Ferminen omenezko prozesioa (uztailak 7): santuaren irudiak Iruñeko Alde Zaharreko kaleak ibiltzen ditu, agintariek eta fededunek lagunduta. Ibilbidean, erraldoi eta buruhandien konpartsa du bidaide prozesioak, tokiko musika-bandek eta balkoi batzuetatik bat-batean kantatzen diren jotek girotuta.
- Erraldoiak eta buruhandiak: erraldoien eta buruhandien konpartsa festetako ikuskizun kutunetako bat da. Zortzi irudi dira, launa errege-erregina ordezkatzen dituztenak, lau etniatakoak. Hiriko kaleetan barna ibiltzen dira nafar gaitek eta txistuek jotako kalejiren erritmoan, nafar kulturaren ikur bilakatuta. Ezinbesteko hitzordua da familia eta haurrentzat.
- Su artifizialak: Iluntzean, Iruñeko Gaztelugibelek hartzen du lekukoa, su artifizialen nazioarteko lehiaketa zoragarriaren agertokia baita. Festetan, argi eta kolorez betetako koreografia originalek zerua argiztatzen dute egun oro, txiki zein helduen gozamenerako. Festa-egitarauaren ekitaldi kutunetako bat da, zalantzarik gabe.
- Gaixoa ni: Uztailaren 14ko gauerdiak festen amaiera dakar, Gaixoa ni ekitaldi tradizionalaren eskutik. Milaka lagunek, kandelak eskuan eta zapi gorria oraindik lepoan dutela, Udaletxe-plazan bat egiten dute sanferminei datorren urtera arte agur esaten dien abesti ospetsua kantatzeko. Une hunkigarria da, sinbolismoz betea, hiriaren batasuna eta sen kolektiboa erakusten dituena.
San San Fermin festaren historia eta bilakaera
Fermin festaren jatorria Erdi Aroa da. Bat egiten zuten orduan santuaren omenezko ekitaldi erlijiosoek, merkataritza-azokek, inguruko jendea erakartzen zuten merkatuak eta jarduera ekonomikoak antolatzen zituztenak, eta zezen-jaiek, zezenketak eta entzierroak hartzen zituztenak. Tokikoak ziren hasieran, baina, denborarekin, bat egin, eta gaur egun sanferminak diren hauek ekarri zituzten.
Nazioarteko ospea, ordea, XX. mendean iritsi zen, Ernest Hemingway idazle estatubatuarraren eskutik. Iruñean bizi zuen egiazkotasunak liluratu egin zuen, hainbeste ezen liburu batean jaso baitzuen: Fiesta (1926). Geroztik, mundu osoko bisitariak datoz, idazleak helarazi zuen hiriaren irudi kartsuak erakarrita.
Gaur egun, festek tradizioa eta modernitatea uztartzen dute: erlijio- eta zezen-ekitaldiek beren esentzia historikoari eusten diote, eta eskaintza kultural, musikal eta familiarra urtez urte hazten da.
Giroa sanferminetan Iruñean
Baina sanferminek bereizgarriren bat badute, Iruñeko kale, plaza eta bazter orori darion giro kitzikagarri eta kutsakorra da. Agertoki paregabea bilakatzen da Iruña, tradizioa, kultura, gastronomia eta dibertsioa uztartzen dituena, esperientzia ahaztezina eskaintzen dielarik hala bisitariei nola bertakoei.
- Sanferminetako peñek musikaz eta alaitasunez blaitzen dituzte plazak eta kaleak goizean goizetik ilundu arte, betiereko bidaide direlarik festetako ekitaldi guztietan.
- Alde Zaharreko ostatu eta jatetxeek ez dute atsedenik hartzen, eta jaki gozo-gozoak jartzen dituzte bisitarien gozamenerako: tortilla-pintxo klasikoak, frijituak eta plater tradizionalak, besteak beste, hala nola ajoarriero bakailaoa, zezenki egosia eta urdaiazpikoa tomatearekin.
- Benetako nazioarteko topalekua bilakatzen da hiria: kontinente guztietako jendea dator Iruñera esperientzia bizitzera. Hizkuntza eta kultura askotarikoak kalean, giro kosmopolita paregabea sorturik.
- Abegikortasuna tokikoen ezaugarri baita. Iruindarrek, beren tradizioez harro, beso-zabalik hartzen dituzte bisitari guztiak, sanferminak mundu-mailan ospetsuenetakoak izatera eraman dituen energia berezi hori kutsatzen dietelarik.
Gastronomia sanferminetan
Funtsezko elementuetako bat da gastronomia sanferminetan, eta hari esker ere badira paregabeak gure festak. Entzierroak eta musika ez ezik, jatea eta mahaia partekatzea ere festa-esperientziaren osagai nagusiak dira. Ospakizunak dirauen bitartean, makina bat plater eskaintzen ditu Iruñeak, toki-produktuak eta tradizio kulinarioak oinarri, Nafarroako sukaldaritzaren oparotasunaren isla bikaina direnak.
Honatx zapore erakargarrienetako batzuk:
- Txistorra eta zezenki egosia, oso lotua zezen-tradizioari, mahai gehienetan eskaintzen dira festetan.
- Potxak, Nafarroako plater tipikoenetako bat, babarrun bigunak dira, eta etxeko sukaldaritzaren bila doazenak zein tokiko errezetak probatuz gozatzen dutenak liluratuko dituzte.
- Alde Zaharreko ostatuetako pintxo eta frijituak, klasiko-klasikoak edo berritzaile-berritzaileak izan daitezkeenak, hala tradizioa nola abangoardia gastronomikoa konbinatzen dituztelarik biek ala biek.
- Jatorri-deiturako ardo nafarrak, bikainak edozein jakitarako, eta kalimotxoa, festetan zehar hiriko kaleetan huts egiten ez duen edari ospetsua.
- Tokikoen eta bisitarien erritu kutunetako bat bazter utzi gabe: Mañuetako txurroak. Urteko egun bakar batzuetan irekitzen dute ehun urtetik gorako txurro-denda hori, sanferminetan esate baterako. Ezinbesteko bat da, eguna gosari jator-jator batekin hasi nahi baduzu.
Sanferminetan Iruñeko gastronomiaz gozatzea, beraz, festak bizitzeko beste modu bat: terraza batean eseri, pintxotara joatea ostatuz ostatu, zapore tradizionalak probatzea eta lagunekin topa egitea festak maila goreneko gertakizun kultural eta sozial bihurtzen dituen esperientzia partekatu horren zati dira.
Sanfermin jasangarriak Iruñean: bizikidetza eta segurtasuna
Ospetik harago, sanferminek munta handiko erronkei aurre egin behar diete: jasangarritasuna, kaleen garbiketa, herritarren arteko bizikidetza eta parte-hartzaileen segurtasuna. Hartara, urte oro, erakundeek neurri-sorta bat mahaigaineratzen dute festak arduratsuak, inklusiboak eta errespetuzkoak izan daitezen ingurunearentzat eta pertsonentzat.
Bizikidetzarekiko konpromiso horren frogagarri, eraso sexisten aurkako sentsibilizazio-kanpainak ere egiten dira. Pertsona guztientzako festa-giro seguru, berdinzale eta errespetuzkoa dute helburu.
Birziklapen-edukiontziak eta gaikako bilketako guneak erabiltzea ere bultzatzen da sanferminetan. Ildo horretatik, ekimen nabarmenetako bat edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea da. Euro bat balio dute, eta, haiei esker, plastiko gutxiago kontsumitu eta ingurumen-aztarna minimizatzen da. Iruñeak ingurumenarekin duen konpromisoaren beste ikur bat da, beraz.
Ekintza horiez gain, udaleko garbiketa-zerbitzua indartzen da. Txandak eta baliabideak sendotzen dira kaleak, plazak eta entzierroaren ibilbidea gauez, goizez eta arratsaldez garbi egon daitezen. Ahalegin partekatu horri esker, baita herritarren laguntzari esker ere, garbiagoak, seguruagoak eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoak dira sanferminak. Horrenbestez, Iruña hiri-jasangarritasunarekin konprometitutako hiria dela esan daiteke.
Konklusioa
Sanferminak entzierroak baino askoz gehiago dira: tradizioa, kultura, gastronomia eta bizikidetza dira. Iruñeko udaletxean jaurtitzen den txupinazotik hasi eta Gaixoa ni hunkigarrian bukatu bitartean, San Fermin omenezko prozesioa, erraldoi eta buruhandien konpartsa, su artifizialak... ekitaldi bakoitzak Iruñearen eta iruindarren esentzia erakusten du.
Sanferminak bizitzea emozioak eraman zaitzan uztea da, une paregabeak partekatzea eta inoiz baino biziagoa dagoen tradizio baten indarra deskubritzea da.